MARTINEZ HUERTA, Jose Felix: Noruntz doa ingurugiro heziketa Euskal Herrian?

1997-03-01
Urte batzuetatik hona, Ingurugiro Heziketaren esperientziak asko ugaritu dira Euskal Herrian. Izaera desberdineko erakunde asko alor honetara hurbildu dira eta hainbat programa eta esperientzia burutu dituzte.
 
 
Nolanahi ere, une hauetan bizi dugun "loraldi" honetan, nolabaiteko nahasmena sortu da eta sarritan pentsa liteke Ingurugiro Heziketa zaku handi bat dela non Naturarekin edo ingurugiroarekin zerikusia duen guztia sar daitekeen.

Beharrezkoa da beraz, jarduteko bide batzuk iradoki eta lehentasunak proposatzeko eta gure artean Ingurugiro Heziketaren bilakaera koherentea bilatzera bideratutako estrategiak diseinatzeko egoera hau ebaluatzea.

Hau izan zen, hain zuzen, "Ingurugiro Heziketa Euskadin. Egoera eta etorkizuna" izeneko doktore-tesia (ik. Mart'nez Huerta, 1996)1 burutzeko gidatu gintuen helburua.

Izaera etnografikoa duen ikerketa dela esan genezake bertan, egileak urte batzuz geroztik bere lan profesionala Ingurugiro Heziketa arloan garatzen duelarik. Beraz, ikertzaileak partaide duen fenomeno bat aztertzen du, eta ekintzetan duen partaidetzaren bidez egoera naturalean behatzen ditu (Goetz eta LeCompte, 1988).

Gai honetan lanean ari diren erakundeek burutzen duten lana aztertzea izan zen Euskal Herriko Ingurugiro Heziketaren egoera ezagutzeko aukeratutako estrategia. Prozesu honetan bi aldi nagusi adieraz daitezke:

1- Azterketa arakatzailea: honek iraun zuen hiru urtetan, Euskal Autonomia Erkidegoan Ingurugiro Heziketa ezagutzeari ekin genion (467 erakunde aurkitu ziren eta lau multzotan sailkatu genituen: Administrazioa, Elkarteak, Hezkuntza sistema arautua eta bestelakoak). Ulertzekoa denez, erregistraturiko erakunde guztiak ez ziren indar eta bizitasun berberarekin aritzen. Gure nahia "modu esanguratsuan" aritzen ziren erakundeengana hurbiltzea zen. Horrela, 78 eragile aukeratu genituen, eta horiengana zuzendu genuen elkarrizketa.

2- Elkarrizketa: honetan bi zati bereizten dira: bata egituratua eta bestea egituratu gabea. Lehenengoan aurrez eraturiko galde-sorta bat erantzun behar zen eta bigarrenean, berriz, solasaldi lasai bat burutzen zen elkarrizketatuarekin, galde-sorta batean inolaz bildu ezin den eta Elkarrizketaren Txostenean jaso daitekeen zenbait informazio eskuratu ahal izateko.



Ingurugiro Heziketaren errealitatea Euskal Herrian

Jaso eta aztertutako informazioaren arabera, gai honen inguruan erakunde kopuru handi bat ari dela jakin ahal izan dugu. Hartutako ikuspegitik, Sistema Eragile bat dagoela esan genezake, honako ezaugarri nagusiekin:

- Sistema gaztea da hedapen prozesu baten barruan, jarduera eta erakunde kopurua gehitzen doalarik. Esaterako, erakunde horietako gehiengo handi bat 1987tik aurrera abiatutakoa da.

- Aniztasun handia erakusten du: 467 erakunde erregistratu ziren, 17 sektore sailkatuz lau multzo nagusitan banaturik: Administrazioa, Elkarteak, Hezkuntza sistema arautua eta bestelakoak.

- Gutxi egituratu eta antolatutako sistema da neurri handi batean bere gaztetasunagatik, hain zuzen. Nahiz eta aztertutako erakunde gehienak euren jarduerak garatzeko beste erakunderen batekin elkartzen diren, benetako koordinazioa hastapeneko mailan dago erabat.

Sistema osatzen duten partaideen jarduerari dagokionez, zera nabarmendu genezake:

- Jarduera kopurua goraka badoa ere, kantitatearen eta kalitateraren artean oraindik ez dago behar litzatekeen loturarik. Nagusiki intuizioz egiten da lana eta, gehienetan, planteamenduak azalekoak izan ohi dira.

- Sentsibilizazioa lortzeko arazoen azterketa eta azalpenean lan gehiago egiten dute arazoei irtenbidea ematen baino. Egia da, gehienetan, heziketa jarduerarekin zerikusia duten ekintzak ere burutzen direla, baina arazoarekiko sentsibilizazioarekin eta adierazpenarekin lotura handiagoa eduki ohi dute, haren konponbidean eskuhartzeko prestakuntzarekin baino.

- Oraindik ideia "xalo" samar batzuk irauten dute, informazioak eta sentsibilizazioak jokaera aldaketa eta ekintza arduratsua ekarriko dutela sinesten den heinean.

- Garbi ikusten da programa iraunkorretan lan egiteko ohitura gutxi dutela. Horrek funtsezko garrantzia du, jardueren jarraikortasuna eta kalitatea ziurtatu nahi baldin baditugu, ezinbestekoa baita programa sekuentziatu eta koherenteak burutzea, aldian aldiko jardueren pilatze hutsa gaindituz.

- Ebaluazioa da, oraindik ere, Ingurugiro Heziketako eragileek duten arazorik korapilotsuenetako bat. Onartzen da jarduerak eta programak ebaluatu egin behar direla, baina, halaber, horren zailasuna ikusten da eta gehienetan, ez da asmatzen era egoki batez gauzatzen.

- Sistemako hainbat partaidek azken urteetan egindako ahaleginak handiak izanik ere, Ingurugiro Heziketari buruz gizartean zabaldurik dagoen irudipena haren ikuspegi zaharrenei loturik aurkitzen da, hau da, natura-nezkazal giroko jarduerei loturiko zerbait balitz bezala, eta bereziki haurrei zuuzendua. Zalantzarik gabe, badira benetako arrazoiak irudipen honen oinarrian. Esaterako, eskoletako haurrak dira, alde handiz, Ingurugiro Heziketako eragileen xede diren hartzaile nagusiak, eta naturako elementuak dira gehien erabiltzen diren baliabideak. Nolanahi ere, onartu beharra dago ahalegin handiak egiten ari direla antzinako irudipen hori baino haratago iristeko. Joera honen adierazgarri izan daitezke, adibidez, hiriguneetako elementuen erabilera garrantzitsua eta mundu honi loturik dauden hondakinen eta birziklapenaren gaiak hainbeste lantzea.

- Orokorrean, oso lotura gutxi dago Ingurugiro Heziketaraen eta haren kudeaketaren artean. Gehiegitan (batez ere Administrazioaren eta enpresa handien aldetik) ekintza erakargarriak burutzearen tentaldian erori ohi da, eszenaratze apain eta ikusgarriak burutuz eta jendetza handiak mugituz, benetan egiten den kudeaketa gehiegi konprometitu edo zalantzan jarri gabe.

- Laburbilduz, "euskal ingurugiro heziketa sistema" deitu genezakeenak gizartearen sentsibilizazio maila on bat lortu du, baina oraindik urrun dago bere eguneroko ohituretan nahiz ingurugiro plangintza eta kudeaketan maila esanguratsu batean eragiteko helburua lortzetik.



Noruntz jo etorkizunean?

Dagoen errealitatea aztertu ondoren, eta errealitate hori aukeratutako erreferentzia ereduarekin alderatuz, Euskal Herrian Ingurugiro Heziketarako Estrategiaren beharra agerian dago. Honelako estrategia batek sistema hobeto egituratu eta antolatzen lagunduko luke, eragile ezberdinen partaidetza biziagotuz. Eginkizun komun bat burutzen aritzearen sentipenak orokortasunezko zentzu bat emango lieke bakoitzaren ekarpen partikularrei. Horrek eragin sinergikoa izango du, eta onuragarri gertatuko da sistemaren jarduera orokorrean.

Aipatutako ikerketaren emaitza bezala honelako estrategiaren oinarriak izan zitezkeenak proposatzen dira. Gure ustez estrategia honen Irizpide orientatzaileak hauek izango lirateke:

- Izaera sistemikoa. Osagai ezberdinek bata bestearekin loturik egon behar dute. Ikuspegi honetatik, aztertu dugun sistema eragileko partaideak garrantzitsuak diren bezalaxe, sistemak hartzen duen antolamendua eta osagai ezberdinen artean sortzen diren elkarreraginak ere oso garrantzitsuak dira. Horregatik, Ingurugiro Heziketarako Estrategia baten ezarpenak eta erabilerak horien guztien adostasunezko jardueren ondorio eta emaitza izan behar dute. Era berean, jarduera ildoak bata bestearekin erlazionaturik egongo dira (Novo, 1993).

- Partaidetzaren sustapena. Ingurugiro Heziketarako adierazitako helbururen artean (arazoaz jabetzea, ezaguera, jarrera, prestakuntza eta partaidetza) ingurugiro arazoei irtenbidea ematen saiatzeko garaian funtsezkoena partaidetzarena da. (Jacobson, Ar. 1985). Horregatik, ingurugiroan plangintza eta kudeaketan, estrategiaren taxuketa eta ezarpena bideratuko duen irizpide nagusia partaidetza bultzatzea izan beharko du.

- Garapen jasangarri baterantz bideraturik. Heziketa garapen jasangarrirantz berbideratu beharrak zera esanahi du, heziketa horrek ingurunearen dinamikotasuna (ingurune fisikoa, biologikoa eta sozioekonomikoarena) eta giza garapena landu behar dituela (Nazio Batuak , 1993). Zentzu honetan, Ingurugiro Heziketa haren jasangarritasuna ziurtatzeko ezarritako garapen ereduan eragina izango duen estrategia faktore bat izan daiteke eta hala izan behar du, gainera.

Beste aldetik, honako hauek izango lirateke estrategiaren jarduera ildo nagusiak:

- Informaziorako bidea. Ingurugiro arazoei aurre egiteko modurik egokiena biztanleriaren partaidetza da. Beraz, arazoa ez da behar diren ezagupideak edukitzea soilik, informazioak biztanleen eskura egon behar du, ere.

- Ikerketa eta esperimentazioa. Ikerketa eta esperimentazioa eguneroko jarduera etengabean hobetzeko, oinarrizko bi zutabe dira.

- Heziketarako programak eta ikas-materiala. Heziketarako programek alderdi curricular hutsetatik haratago iritsi beharra daukate "heziketa giroa" lortu ahal izateko, eskola ingurunean nahiz eskolaz kanpokoan. Heziketarako inguruneak eredu izan beharko luke, hau da, ingurune orokorra izan litekeenaren eredua eta berau nola babestu eta hobetzeko adibidea.

- Hezitzaileen prestakuntza. Hezitzaileen prestakuntza Ingurugiro Heziketaren garapenerako osagai nagusienetakoa dela aho batez onartutako zerbait dugu. Zentzuzkoa da, zeren programen ezarpena eta ikas-materialen erabilera egokia lortu ahal izateko ezinbestekoa baita hezitzaileek prestaketa egokia izatea.

- Irakaskuntza teknikoa eta profesionala. Teknikoen eta profesionalen jarduerek eragin handia dute baliabide eta sistema naturaletan eta sozialetan. Horregatik, ezinbestekoa da prestakuntza teknikoan eta profesionalean Ingurugiro Heziketa sartzea.

- Gizarte osoaren heziketa. Ingurugiro Heziketarako programek gizarte osoa bere ingurugiroaz eta ingurugiroaren arazoei irtenbideak eskaintzeko ahaleginean eraginkorki eskuhartzeko premiaz kontzientziatu beharra daukate. Ildo horretatik, gizarte erakunde eta mugimenduak indartu egin beharko lirateke, bizitza kalitatea hobetzeko eta gizarte jasangarri baten eraikuntzan laguntzeko gune ezin egokiagoak baitira.

- Unibertsitateko irakaskuntza orokorra. Unibertsitatearen esparruan Ingurugiro Heziketa lagungarri gertatzen da ikasleek, ikasten duten gaia edozein delarik ere, hobeto uler dezaten ingurugiroaren, teknikaren eta gizartearen arteko loturak komunitatearen garapena erabakitzen duela. Beraz, unibertsitateak ikuspegi orokorra eta ingurugiroko arazoen ezaguera zabal bat eskaini behar du.

- Espezialisten prestakuntza. Ingurugiroarekin zerikusia duten jakintzagai zientifiko eta teknologiko ezberdinetan espezialistak prestatzea ezinbesteko lana da, gizarte sistemen eta bere ingurunearen artean elkarreragin orekatuagoak ziurtatzeko. Espezilista hauek, batetik, jakintzagai ezberdinetako oinarri bat izan behar dute, beren gaitasun bereziak izateaz gain jakintzagai ugari biltzen duten taldeetan lan egin ahal izateko prestaturik egon daitezen eta bestetik, horien prestakuntzak garapenaren eta ingurugiroaren arteko elkarreraginari eman behar dio lehentasuna, horrela, espezialista ezberdinak garapen jasangarri baten alde elkarrekin lan egiteko gai izan daitezen.

- Nazioarte, eskualde eta herri mailako elkarlana. Heziketa, ingurugiro eta garapen arloetako jardueretarako lehentasunak ezar daitezen, ahalegin handiagoa egin beharra dago erakunde ez gubernamentalek, gizarte mugimenduek eta erakundeek, herri, eskualde eta nazioarte mailan, elkarrekin lan egiteko behar diren harremanak sustatzeari begira.

Esandakoa proposamen baten zatia da, Euskal Herriko Ingurugiro Heziketaren egoera eta aurrikuspenei buruzko ikerketa luze baten ondorioz sortzen dena, baina proposamena bederen. Ingurugiro Heziketarekin zerikusia duten pertsonen irakurketa kritikoaren menpe jartzeko asmoz egindako proposamena jakinaren gainean gaudelarik, eragin nahi duen eztabaidari esker aberasturik aterako dela. Beraz, estrategia ezarri baino lehen beharrezkoa izango litzateke prozesu "eratzailea" non estrategia zehazteko sektore ezberdinen arteko adostasun nahikoa lortuko bailuke. Urrats honen amaieran Ingurugiro Heziketaren Euskal Kongresua egin liteke estrategiaren idazketa publikoki onartzeko.