RIZZI, Rinaldo:

1997-03-01
Celestin Freinet, eskola kooperatiboaren sortzailearen tekniken inguruan jorratu genuen 14. aleko gaia. Esperientzia, kooperatibismoa, lantzen aritu zen haur kritikoak, eraikitzaileak, aktiboak hezitzeko helburuz. Bere ideien ondotik sortutako Hezkuntza Kooperatiboaren Mugimendua mundu osoan zabalduz joan da. Mugimenduko kide bat gure artean izan dugu zenbait egunetan: RINALDO RIZZI italiarra. Italiar hau irakasle da 1964az geroztik, publizista, eta 1966/67an Hezkuntza Kooperatiboaren Mugimenduan sartu zen, bertako Idazkari Nazionala izan delarik. Liburu asko argitaratu ditu eta baita artikulu didaktiko eta pedagogikoak ere hezkuntza arloko bilduma eta aldizkari italiarretan. Arabako Magisteritza Eskolaren sorreraren 150. urteurrenaren ospakizun ekitaldietan hiru aldiz parte hartu du eta Hernaniko Langile ikastolan ere pare bat hitzaldi eskaini ditu egun hauetan. Freineten mugimenduko kide honekin solasaldi bat edukitzeko aukera izan dugu.
 
 
Nola dago gaur egun Freineten mugimendua? Zein egoeratan aurkitzen da?

Freinet hil zeneko 30. urteurrena betetzen den honetan, mugimendua ez da hiltzen ari, alderantziz baizik. Nazioarte mailan zabalduz eta gorputza hartuz doa pixkanaka-pixkanaka. 1957an Hezkuntza Modernoaren Mugimenduaren Federazio Internazionala sortu zen. Mugimendua Europa osora zabaldu zen: Frantzia, Austria, Italia, Espainia, eskandinabiar lurraldeak... Ekialdera ere zabaltzen ari da: Polonia, Hungaria, Errumania, Txekiar Errepublika, Eslovakia, Lituania... Latinoamerika ere antzeko joera nabaritzen da.

Bestalde, Afrikan frantses kolonizazioaren garaian zabaldu zen batik bat, Tunisia eta Aljeria inguruan. Beste lurraldetan, islamismo integrista zela medio, ez zen zabaldu.

Beste datu esanguratsu bat Japonian duen garrantzia da. Hurrengo kongresu internazionala Tokion egingo da.



Gaur egun ere baliagarria izaten jarraitzen dute Freineten teknikek, baina gizartea aldatuz doan heinean mugimenduak ere horietara moldatu beharko du.

Bai, hori guztia kontuan izan behar du. 80. eta 90. hamarkadetan, liberalismoa goraipatu da ekintza ekonomiko eta sozial guztietan eta ekialdeko sistema tradizionalek krisia jasan dute. Mendebaldean, kultura laiko, demokratiko eta sozialista nagusitu den heinean, proposamen kooperatiboa hezkuntza ideologiaren eta gizartearen alternatiba bilakatu da.

Baina mugimendu kooperatiboa ez da metodologia eta hezkuntza instituzio soil bezala errekuperatu behar. Teknika bezala edukia eman behar zaio. Bere oinarrian erlazio fisikoek sinbolikoek baino garrantzi gehiago izan behar dute, eta besteekiko harremanetan tresna materialak erabili behar dira ikastetxean.

Bere sorreran, gizarte mekaniko-industrialean kontrapedagogia izan zen. Baina gaur egun, "askatasunaren pedagogiak" ezin du zentzu horretara mugatuta gelditu.



Zeintzuk dira, beraz, mugimenduaren konpromezu eta proposamenak gaur egun?

"Elkartasuneko hezkuntza praktika" izan behar du, baina ez herri garatuetako pertsona guztiak eskolan barneratzeko soilik. Edo Hirugarren Munduko masa ustiratuak eta zapalduak alfabetatzeko eta soziokulturalki burujabetzeko. Era berean, herri oparoko "ez ezberdin"entzat ere teknika aurreratu eta produktiboena izan behar du.

Hori posible da bi arrazoiengatik. Alde batetik, Freineten pedagogia metodo naturalean oinarritzen da eta haur libreagoak eta kreatiboagoak egiteko gai da. Eta bestetik, balore kooperatiboak ardatz dituen eskola herritar eta pluralista batengandik soilik espero daiteke etorkizun seguru eta paketsua.



Eskola tradizionalaren aurrean nola ikusten duzu eskola modernoa edo kooperatiboa?

Freineten pedagogia popularraren ardatza kooperazioa izan da, bere forma guztietan: didaktikoak, kulturalak eta sozialak. Horren ondorioz sortu den eskolak bere historia propioa osatu du. Hau da, gure eskolak guri dagokigun historia bat du, eraiki eta konkistatu dugun historia, eta aberastasun handia da oso. Ezin dugu galdu, hau baita hezkuntza. Eredu honetan oinarrituta eraikitzen da etorkizuna.

Haurrek "zergatik?, zergatik?" galdetzen dute behin eta berriro topatzen dituzten egoeren aurrean. Eskola tradizionalak blokeatu egiten du galdera hori, transmititu soilik egiten du. Gure eskolak, ordea, elikatu egiten du "zergatik'" hori, erantzun egiten dio. Haurraren kuriositate hori asetzen du elkarrizketa, motibazioa eta abarren bitartez. Eskolan hezi, hazi egiten da, ez da produktuak ekoizten dituen enpresa bat.



Freineten pedagogiaren muinean esperientzia dago, zuzeneko ezagutza. Gaur egun, telebista, ordenagailua... nagusi diren gizartean, nola egin aurre erakarpen horiei?

Egia da haurra informazio askorekin etortzen dela eta bitartekoak erakargarriak direla ere. Baina eskola modernoaren zeregina informazio hori antolatzea da. Erabat nahastua edukitzen dute informazio jario hori, eta esperientziaren bitartez hori antolatzea da eskolaren egitekoa. Azken finean, bizitzari aurre egiteko prestatzea.

Ondoren, eskolak esperientzia hori jakintzan bihurtu behar du. Eta horretarako zentzu guztiak garatu behar dira: entzumena, dastamena, ikusmena, ukimena, usaimena...



Zuzeneko ezagutza eta esperientzia elkarren artean garatzea proposatzen zuen Freinetek, kooperatibismoa, alegia. Baina, gaur egungo gizarte kontsumista eta indibidualista honetan nola eraman dezakegu filosofia hori aurrera?

Eskola komunitate bat da eta eskola kooperatiboak komunitate bat sortu behar du, autojestionatuko duen espazio bat. Lana denen artean egin behar da. Gatazka, konpetentzia eta aukeraketaren aurrean kooperatibismoa bultzatu behar da. Gelako materialak guztiena izan behar du, erabilera kooperatiboa eman behar zaio.

Jabetza kolektiboak berehala jartzen du haur bat beste batekin harremanetan eta zailagoa egiten du materialaren erabilpen kontsumista, erabilpen okerra. Jabetza kolektiboak material, tresna eta errekurtsoen erabilpena beste era batera ikustera eramaten gaitu. Erabilpen diskriminatzailearekin amaitzea suposatzen du. Balore komunitario konkretu bat sortzen da, elkarrekikotasuna, elkarrekin hazteko bizitza modu bat. Materialekiko harremana ere desberdina da eta pertsonen artekoa ere bai. Materialak beste arreta batekin erabiltzen dira, eta besteen beharrak kontuan hartuz.

Tresna materialen erabilpen komunak, errekurtsoen kontsumo kolektiboak, elkarrenganako kontrolean parte hartzea esan nahi du. Elkarren arteko erlazioak onartu, gehitu eta ikuspegi kritiko batetik ikusten dira.



Baina, materiala komuna eta guztiona izan arren, badirudi ez dela inorena eta ez da bakoitzarena bezain ongi zaintzen. Hori aldatzeko sermoirik ez botatzea proposatzen duzu, baina zer egin behar da, orduan?

Eskola kooperatiboak zailtasunak ditu gizarte eta familia ereduak eta haurrak berekoiak direlako. Gizarteak indibidualismoa, konpetitibitatea bultzatzen du. Honen aurrean, eskola modernoak baldintza natural hauek aldatu behar ditu esperientzia eta ekintzen bitartez. Horien bitartez erakutsi behar zaie haurrei kooperatibismoaren balioa.



Zein da materialek duten funtzioa elkarren arteko harremanetan, kooperatibismo horretan?

Materialen erabilpenak haurren arteko erlazioa arintzen du. Eta bide batez, irakaslea eskolako antolatzaile bihurtzen da, ez egiaren igorle. Materialen erabilpenaren ondorioz irakaslearen rolari garrantzia kentzen zaio. Horrela, haurra material horien erabilpenaren ondorioz bere garapen propioaren kudeatzaile bihurtzen da. Oso garrantzitsua da haurrak bere erabakiak hartzen ikastea, bestela, besteek esaten diotena egiten ohitu bada, pertsona heldua bihurtzen denean norbaiten menpe egongo da beti.

Gainera, materialen erabilpenak interakzioa sortzen du maila sinbolikoan estimulo natural eta sozial berriekin. Honek egitura psikologiko, kultural eta gorputz egitura garatuagoa zehazten du, eta baloreen, erlazio interpertsonalen eta rol sozialaren garapenen aitzindari izango da. Kultura maila sinbolikoan eta materialean garatzen da, eta bigarren honetan materialen erabilpenak presentzia handia du.



Garrantzi hau ikusirik, haurrek material horren aukeraketan parte hartu behar al dute ala irakasleok mugatu behar al dugu?

Materialaren aukeraketa azterketa kolektibo baten ondoren egiten da. Azterketa honen bidez burututako kontsumoa eta landutako programen araberako beharrak aztertzen dira.

Beti ere, materialen aukeraketa eskolako lanaren eta beharraren arabera egin behar da, eta publizitatearen eragina albo batera utzita. Ezabatzeko goma bat behar badugu, goma arrunt bat nahikoa dugu, eta ez dugu usaina, kolore bereziak eta marrazkiak dituena behar.

Gure eskolan administrazioak ematen ez duenez, 1000 pezetako kuota jartzen da hauetan, eta horrekin erosten da materiala.



Kontrolik gabeko kontsumoa mugatzea suposatzen du honek.

Materialen kontsumoa bere erabilpen eta helburu naturalen arabera burutzea esan nahi du. Kontsumo itsu-itsuan ez erortzea.



Kooperatibismoan oinarritutako eskolan haurrek euren arauak onartu, finkatu, aldatu egiten dituzte. Denbora asko eskatzen du horrek eta beste gaiak ikasteko, berriz, gutxiago. Denbora banaketa hori justifikatua gelditzen al da DBH mailan? Pertsona demokratiko eta solidarioagoak lortuko al ditugu matematika, geografia edo literatura gutxiago jakin arren?

Unibertsitate mailan jakintza horiek beharrezkoak izango dira, baina maila bajuagoetan zeregina pertsona hezitzea da. Horretarako, haurrak komunikatzeko espazio bat eduki behar du. Hitzek, ideiek, euren lekua izan behar dute. Antolatzeko eta eraikitzeko beharrak eskatzen du hori.

Orduan, lehenengo gauza guraso eta irakasleon jarrera definitzea da. Eskolan haurrei interesatuko zaizkien esperientziak exijitu, bilatu eta landu behar ditugu. Irakasle eta guraso bezala eskolak idazten eta kontuak egiten irakas dezan exijitu behar al dugu? Frantzia, Italia edota Espainiako historia irakatsi behar al zaie? Edo gizartean ematen diren aldaketak al dira landu behar direnak? Hezkuntzaren Zientzian ematen diren aurkikuntzak behar bada?

Planifikazio curricular bat egin behar da. Eskolako errealitate globala sakon ezagutu behar da eta pixkanaka lortu nahi diren helburuak garbi eduki behar dira. Irakaskuntza-ikaskuntzarako eduki eta tresnak aurrez sailkatu behar dira. Material didaktikoak beharren arabera egiteko konpromezua hartu behar da eta ez erabiltzeagatik soilik erabili. Ebaluaketa dinamiko bat egin behar da alor tekniko-didaktikoak eta soziokulturalak ulertzeko. Neurri hauek guztiak irakasle, ikasle eta baldintza material, kultural eta instituzionalen arteko erlazioa garatzeko hartu behar dira kontuan.



Horren guztiaren gauzapena aurrera eramateko zer landu behar dugu?

Elementu hauek haurrarekin lantzeko gorputz osoarekin egin behar dugu lana. Eskola tradizionalak gorputza ahaztu egiten du eta burua bakarrik lantzen du. Baina pertsonok hazi egiten gara, ikasi egiten dugu eta gorputz osoarekin bizitako esperientzien ondorioz hazten zaigu adimena. Adimen osoak garatzeko eskolak zentzu guztiekin egin behar du lana.



Adimenaren garapena aipatu duzularik, Freinetek adimen eta pertsonen aniztasuna kontuan hartzen zuen. Gaur egun horrek nolako garrantzia du?

Materialak, tailerrak, laborategiak... antolatzerakoan eta erabiltzerakoan haur bakoitza desberdina dela kontuan hartu behar da. Adimen desberdinak garatzeko aukera ematen duen eskola da gurea. Haur batek gaitasun logikoa badu, gaitasun hori baloratzen da. Beste batek pinturarako gaitasuna badu, hori da baloratzen dena. Horrela, bakoitza bere adimen eta gaitasunaren arabera baloratzen da, eta haur hori zoriontsua izango da. Zoriontsua baldin bazara, ikasten duzu. Baina sufritzen baldin bazaude, gorputza gaizki sentitzen da eta adimena ere bai.

Eskolak desberdintasun hauek baloratu egin behar ditu, bai demokratikoa delako eta baita etorkizunera begiratu behar duelako ere.

Aniztasuna aberastasun handia da eta eskolak hori baloratu behar du. Aniztasun hori errespetatzean dago askatasuna.

Gizarte mailan ere, aniztasun hori gehituz doa, nazioarteko harremanak garatuz doazen heinean. Hemendik urte batzutara gizarte interkulturala sortuko da, eta aniztasunaren errespetua funtsezkoa izango da.



Etorkizunera begira jarririk, zein da eskola kooperatibistak etorkizunean duen zeregina?

Etorkizunera begira dagoen eskolak sormenarekin eraiki behar ditu esperientziak, teknika didaktiko egokiekin. Ez ditu denentzat maila eta eskakizun berak planteatu behar. Etengabe arazoen ikasketa eraiki behar du, emaitza onenetara iristeko batzuek eta besteek egin behar duten erreflexioa. Ez da Madrilgo ministroaren edota Gasteizko arduradunaren erabakien arabera eraiki behar eskola, erlazio kooperatiboaren arabera baizik, esperientziak aztertuz, akatsei aurre eginez eta arazo eta hankasartzeak eztabaidatuz.

Hezkuntzak denon artean arazoen irtenbideak bilatzeko bidea izan behar du aldatzen ari den gizarte honetan.



Helburu horrekin doa aurrera mugimendu kooperatibista. Freineten teknikak dira ardatz oraindik ere, baina garapen baten beharra ere edukiko dute.

Bai, noski. Freineten esperientziatik abiatzen da, baina eboluzionatzen jarraitzen du. Freinetek zera esaten zuen: garrantzitsuena ez dela jakitea, ezta aurkikuntza ere, ikerketa baizik. Izpiritu hori mantendu behar da, baina gaur egungo gizartera egokituz ikerketa arloa. Maila honetako saltorik ematen ez bada, mugimendua desagertuz joango da.

Gurea bezalako mugimenduak historiako aniztasunari begiratu behar dio eta orainaldira egokitu behar du. Bere gaitasuna eta izpiritu kritikoa handitu behar ditu. Kontsumoaren masifikazioari alternatibak bilatu behar dizkio. Adibidez, gaur egun teknikak ordenagailuarekin uztartu dira.

Horrez gain, haurren hezkuntza eredu bat soilik ez dela esan behar da. Helduen formakuntza eredu bezala ere funtzionatzen du.



Gauza bat da mugimenduak berritzea eta eguneratzea, eta beste bat mugimendu berriak sortzea. Gaur egun ba al dago mugimendu berririk?

Ez, mugimendu orokorrik ez dago. Herri mailan gai konkretu batzuen inguruan ikerketak egiten ari diren taldeak badaude, baina orokorrik ez. Ondorioz, dimentsio nazionaleko merkatu handi baten aurrean gaude, mugimendu handi baten ordez, txiki asko dauzkagu.

Mugimendu berrien gabezia egoera ekonomikoak, historikoak, sozialak... ere baldintzatzen du.