Eskola txikien koordinazioa: Gernika inguruko eskola txikien esperientzia
Gure lana sei ataletan banatu genuen:
1.- Egonaldi eta irteera bateratuak.
2.- Korrespondentzia.
3.- Gairen bat landu amankomunean.
4.- Eskolen arteko aldizkaria.
5.- Irratsaioak.
6.- Baratza.
Goiko atalak malguak dira eta interesen arabera irakasleriaren inplikazio desberdina bermatzen dute elkarguneak izan litezkeelarik irakasle askorentzat.
1.- Egonaldi eta irteera bateratuak
"Kontzeptuak eta bizierak norbereganatzeko bide normala ez da eskolako azalpen eta froga hutsa, baizik eta esperientzien bidezko tanteoa, bide naturala eta unibertsala baita".
Gure haurrek ez zuten elkar ezagutzen, beraz edozein ekintzarekin hasi orduko, jarduera motibagarri eta esanguratsuagoa izateko, elkarren arteko ezagutza nahitaezkoa zen guretzat. Esaterako, korrespondentziak zentzu handiagoa izango zuen igorleak eta hartzaileak elkar ezagutuz gero.
Egonaldiak eratzeko Euskal Komunitate Erkidegoko Foru Aldundiek duten aterpetxeen sarea aprobetxatu ohi genuen, egonaldiak bost egunekoak zirelarik.
Aldez aurretik ez genuen programa itxirik, bagenituen ordea gure helburuak: kontzeptualak alde batetik, baina batez ere, jarrerazkoak eta elkartasunezkoak.
Egonaldiak elkarren arteko hartu-emanak ahalbideratzen zituen. Talde itxiak sor ez zitezen jolasak erabiltzen genituen: joku kooperatiboak, jausgailuaren jolasak, umorezko rallya, altxorraren bila, gaueko sua eta abar.
Egonaldia une egokia zen aztura ezberdinak lantzeko ere, ikastetxean baino erraztasun handiago eta aukera oparoagoak eskaintzen baitzituen, hala nola: norberaren garbitasuna, higienea, mahaian jateko ohiturak, ordena eta adiskideei laguntza ematea.
Bistan denez, egonaldiak aukera ederrak ematen zizkigun: gure inguruaren ezagutza maila handitzeko, bai geografian bai gizakiei dagokienean; abiapuntua hurrengo lan ezberdinak burutzeko; euren aurrezagupenak ezagutzen ari ziren errealitatearekin erlazionatzeko ikasteko teknika franko.
Talde jardueraren barruan ingurune oso ezberdinak ezagutzeko parada eduki genuen: euskal lurretan eta kanpoan; itsasaldekoak zein barnealdekoak. Bizimodu eta paraje anitz, alegia.
Ingurunea hobeto ezagutzeko espreski egonaldi-jarduera batzuk prestatu ohi ziren. Horietako bat "orienting"a zen. Lehendabizi herriko planoa eskuratzen genuen eta lortu behar ziren pistak herritik zehar jartzen genituen. Beste jarduera bat "umorezko rallya" zen. Joku hori burutzeko froga batzuk gainditu behar ziren eta haietako batzuetan bertako herritarren laguntza nahitaezkoa zen. Baita altxorraren jokoan aritzen ginenean ere, haurrek alboko elementuetan errreparatu beharra izaten zuten.
Egonaldia amaitu ondoren txostena egiten genuen, non burututako jarduerak azaltzen baikenituen. Liburuxka etxez etxe banatzen zen, familia guztiak egindako egonaldiaren programaz jakitun izan zitezen.
Ikasturtearen barruan irteera bateratuak eratzen genituen. Hauetan, egonaldietan bezalaxe, mota ezberdinetako lanak behar ziren aurrera eramateko: irteera egin baino lehen, egin orduko eta jarduera amaitu ondorengo lanak.
Lehenengo helburua beste lagunen herria ezagutzea izaten zen. Adibide gisa, irteera bateko gidoia duzue honako hau:
- Ongi etorria eta agurra.
- Elkar ezagutza frontoian.
- Herritik zehar paseoa.
- Bazkaria eskolan.
- Bertako harrobira bisitaldia.
- Bi antzerkiren emanaldia.
- Dantzak eta jolasak frontoian.
- Batu eta agurra eman.
Lehenengo atal honi "turbina" deitzen genion: lehendabizi, martxan jartzeko hainbat ahalegin bideratu eta gauzatu behar genuelako eta, beste alde batetik, atal honek ematen zizkigun indar, aberastasun eta energiagatik.
2.- Korrespondentziak
"Inori ez zaio helbururik gabe lan egitea gustatzen, inork ez du robotaren modura jardun nahi, hau da, inork ez du gogoko besteen errutinetako pentsamenduetara makurtzea".
Bi korrespondentzia mota gauzatzen genituen:
- Gelako lanen trukaketa.
- Bakarkako korrespondentzia.
Gelako lanen trukaketa
Korrespondentzia mota honetan Busturialdeko eskola txikiak eta beste geografia eta hizkuntz eremuko eskolak parte hartzen genuen, hala nola: Leon, Kantabria, Asturias edota Granadako eskolak.
Korrespondentzia mota honek beste errealitate batzuk ezagutzea, ikerketa berriak hasteko motibazioak eta gaztelera arloa lantzea (beti ere, zentzu komukatibo eta esanguratsu batean) ahalbidetzen zigun.
Bakarkako korrespondentzia
Hasieratik planteatu genuen ekintza hau haurren arteko komunikazioa bultzatzeko baliagarria izan zedin; ez genuen derrigorrezko ekintza edo artifizial hutsa gura. Hori zela eta, korrespondentzia honek adiskidetasun eta sentiberatasun kutsua behar zuen. Honela izateko, aurretik ezaguna zen pertsona bati igorri beharko zizkioten beren eskutitzak. Planteamendu honek ikasturte hasierako egonaldia prestatzera eraman gintuen. Egonaldiaren bidez haurrek elkar ezagutuko zuten eta aukeraketa libreak erakargarriagoa bihurtuko zuen gelako ekintza hau. Beraz, korrespondentzia mota honi haurrak elkar ezagutu ondoren heldu ohi genion.
Aipatzekoa da aukeraketa unean haurrek ez zutela erreparatzen kurtsoko mailetan.
Kurtsoaren barruan, planteamendu berriak sortzen ziren batzarraren bitartez bideratuak, hala nola korrespondentzia pertsonala mantentzea, hots, pribatua eta kontsekuenteki irakaslearen kontroletik at izatea. Honek zera zekarren: eskolatik ez zuzentzea idaztokerrak, hutsune sintaktikoak, aurkezpenak... Hots, nolabait uko egitea eskolaren betebeharrari. Lortu genuen akordioa hauxe izan zen: eskolan egiten ziren eskutitzek zuzenduak izan beharko zuten; norbaitek eskutitz pribatuak gura izanez gero, bere kontura egin beharko zituen.
Korrespondentzia hiru eskolaren artean egiten zen. Modu honetan, astero, eskola batean korrespondentzia hartzen genuen eta beste bati idatzi.
3.- Amankomunean gairen bat landu
"Haurra ez da nekatzen bere bizimoduarekin bat egiten duen lanarekin baldin eta berarentzat erabilgarria eta esanguratsua bada".
Lehendabiziko eginbeharra, guretzat, elkar ezagutzea zen, eta ondorioz aurreneko lana xede hori bideratzea zen; horretarako sortu zen lehenengo proiektua "Istorio pertsonala" izan zen. Jardun honek adar asko eduki ditzake: senitartekoek parte hartzea, tenporalitatea lantzea, ikerketa lanak egitea... Une berezi honetan guri gehien interesatzen zitzaiguna, norberaren informazioa jasotzea zen korrespontsaleei aurkezteko.
Gure gelako batzarretan eztabaidatu genuen zein izan zitekeen hurrengo urratsa eta, sekuentzia logiko batean, norberaren herriaz gehiago jakitea izan zen. Ondorioz "Gure herria, ikuspegi orokorra" lanari ekin genion. Modu honetan, lantzen genuena ez zen izan irakaslearen jakin-nahia asetzeko, baizik eta beste eskolako hartzaileei aurkezteko. Geroztik beste lan batzuk burutu genituen, informazioa trukatzeko ikuspuntutik eta beti elkarlaneko zentzuaz. Batzuetan korrespontsalek zuzenean galdetzen ziguten zerbaiti buruz: "Gure herriko ohiturak", "Euskararen jatorria". Beste batzuetan, euren lanak abiapuntu izan ziren guk zerbait aztertzeko.
4.- Eskolen arteko aldizkaria
"Lanak motibazioa behar du beti".
"Barlentate-otzu" izan zen gure aldizkariaren izena. Aho korapiloa bada ere koktel batean nahasturik herri guztien silabak ditu doinu atsegina lortuz. Herri bakoitzak atal baten ardura eramaten zuen, eta denak batuz unitate bat. Indarrak elkartu genituen helburu amankomunarekin.
Aldizkaria atal ezberdinekin osaturik zegoen: albisteak, testu libreak, ipuinak, olerkiak, denborapasak... Eskola bakoitzak orri konkretu batzuk egiteko ardura hartzen zuen, gutxi gora-behera sei orrialde. Esan beharrik ez dago malgutasunarekin jokatzen genuela.
Gure etengabeko ebaluazioa egiterakoan erakargarritasuna faltan botatzen genuen; monokromatikoa zenez, aldizkariaren atalak ez ziren erraz atzematen. Hobekuntza batzuk sartu genituen aipatutako hutsuneak ekiditeko. Aldizkaria koloredun paperean argitaratzea erabaki genuen eta kolore bakoitza atal ezberdinari egokituko zitzaion. Azkenean, ondorengo atalak izan ziren:
- Ipuinak, testu libreak.
- Albisteak.
- Olerkiak, bertsoak.
- Denborapasak, txisteak.
Hasiera-hasieratik aldizkaria komunikazio eta lan tresna izateko xedearekin sortua izan zen, ziklo luzeko aldizkaria izan behar zuen. Ez zen grapatu ondoren bukatutzat jotzen genuen eskolako lana. Aldizkari aktibo eta ekintzen sortzailea gura genuen. Nahi honekin bi jarduera zeuden bereziki:
A) Aldizkarian bertan jarduteko proposamenak agertzen ziren, hala nola, asmakizunak, ahokorapiloak, txisteak, letrazopak, gurutzegramak, hieroglifikoak, amaitu gabeko marrazkiak...
B) Irakasleok ale bakoitzari fitxa bilduma gehitzen genion, zuzenduta, batez ere une bakoitzean lantzeko ziren arlo ezberdinei begira, jarduera osagarriak eginez. Era honetan aldizkaria ez zen beste lan ezberdin bati gehitzeko gehigarri bat, baizik eta espreski curriculumean sartzen zen, beste material curricular baten modura.
5.- Irratsaioak
"Edozeini gustatzen zaio bere lana aukeratzea, nahiz eta aukeraketa onena ez izan".
Baliabide tekniko batzuk zeuden eta hutsune asko; dena dela, konpondu ginen irratsaioak emititzeko. Irratsaioak zuzenekoak ziren eta emititzeko Gernikara joaten ginen, bertan PATek zeukan emisorara. Eskolako kide guztiak joan ohi ginen eta ama batzuen laguntza nahitaezkoa zen. Kasu batzuetan eskolan entzuteko era ez zen oso egokia izaten eta beste leku batzuetara jo behar izaten genuen: andere-oaren kotxeko irratia aprobetxatu, edo maisuaren etxera joan. Hemen ez ziren arazoak amaitzen, guk entzunaldi aktibo eta partizipatiboak nahi genituen eta horretarako, entzuleen parte hartzea nahitaezkoa zen. Telefonoa derrigorrezko tresna bihurtu zen, baina ez zegoen horrelakorik eskola batean ere.
Gure inguruneak ematen zituen errekurtsoak miatu eta tokian tokiko irtenbideak aurkitu beharra izan genuen: alboko taberna, denda edo berriro maisu-maistren etxea.
Antzeman daitekeenez, ekintza honek buruhauste bat baino gehiago ematen zigun, baina gaur urruntasunez begiratuta faltan hartzen dugu horrelako mugimenduren bat.
Irratsaioak eskolaka antolatzen ziren: eskola bateko kideak igorleak ziren eta entzuleak, berriz, beste eskola batekoak, ikasleak eta gurasoak barne; ez zen eskolako lau horma arteko ekintza soilik izaten, jarduera irekia eta zabala zen.
Irratsaio guztiak zuzenekoak ziren eta irratsaio bakoitzaren ondoren, ebaluazioa eta gogoeten bidez aldaketak sartzen joan ginen. Entzuleen arreta mantentzea neketsua zen, batez ere Haur Hezkuntzako haurrena. Hori saihesteko eskaintzak sartzen genituen, galderak, telefonoaren bitartez parte hartzeko aukera eta irratsaioaren iraupena mugatu genuen: gehienez ere hogei minutu.
Ikusten denez, jarduera honekin, hizkuntza arloko curriculum barnean dauden beste edukiak ere lantzen ziren: kontzeptualak, jardunbidezkoak eta jarrerazkoak.
6.- Baratza
"Denok garaile irten nahi dugu. Porrota eragozle da eta gainera, kemena eta grina zapuzten ditu".
Pedagogiako zenbait abiapuntu aldaezin. Cèlestin Freinet. "Las invariantes pedagògicas. Guìa prà ctica de la Escuela Moderna. Barcelona, Laia, 1972. (Lehendabizikoak1964. urtean argitaratuak Frantzian).
Oso nabarmena izan ohi da eskola gehienetan lana banatzeko era: eskulan edo lan intelektuala. Lehentasuna azkenengoari ematen zaio, eskulanen kaltetan: gure gizartean dagoen lan banaketa isladatzen da.
Gure eskolak nekazaritza giroan daude eta gaur oraindik, baserriko lanak bizirik darrai. Baratza helburu bikoitza jorratu nahirik sartu genuen eskoletan: alde batetik, gu murgildurik gauden ingurura hurbilpen bat egiteko, gu ere neurri txiki batean baserritarrak izateko. Aipatutako arrazoiez gain, bada oso begi bistakoa den beste bat ere; baratzaren bidez era naturalean beste hainbat arlo jorratzen direla: matematika, hizkuntza eta inguruaren ezagutza, grafikoak, estatistika, portzentaiak, Kalkulu bizia, sailkapenak, behapenak...
Senitartekoengana jotzen genuen aholku bila, noiz zer erein, noiz batu, nolako lanak egin behar ziren eta abar jakiteko. Era honetan, senitartekoek eskolako eginkizunetan parte hartzeko aukera zegoen. Beste zubi bat eraikitzeko aukera eskola eta familiaren artean.
Uztak oso oparoak ez baziren ere, aitzakia ederrak bihurtu genituen eskolan bazkariak prestatzeko gurasoekin batera. Guk erein eta landutako patatak non amaitu gure mahaietan baino hobeto?
Seigarren atal honekin bukatutzat jo genezake gure dinamikarako diseinatu genuen eskeletoa nola hezur-mamitu genuen azaltzeko egin dugun ahalegina.
Aurrera eraman genuen lana gorpuztu bazen, elkarlanaren ondorioz izan zen, bakarka ez zen posible izango. Lan era honetan somatu genuen aberastasunik handiena, lanen zentzuan, lan esanguratsuak egitean zetzan. Lanen atzetik benetako zertarako bat zegoen: komunikazioa. Ez ziren lan eskolastiko hutsak, non euren sormena eta bukaera gelako lau hormetan geratzen diren.
Gure lan dinamika berria, ekimen-gogoeta-ekimen, oso motibagarria zen.
Ikasleentzat oso aberatsa izan zen zentzu askotan, baina bereziki bizipen arloan: lagun, ingurune eta esperientzia berriak ezagutzeko eta bizitzeko aukera ematen zuen. Gogoan izan nekazaritza giroko haurren aukera batzuk murritzagoak direla beste girokoenak baino.
Sei urtetan zehar jardun genuen mintegi honetan eta desagerpena azpiegitura arrazoiengatik izan zen, inolaz ere ez egiteko gehiagorik ez zegoelako.