Eredu euskaldunaren, D ereduaren, alde. D eredua, euskalduntzeko berma bakarra

1998-03-01
Aurrematrikulazio garaia aprobetxatuz EHEk A ereduaren aurkako kanpaina jarri du martxan. "Geroa orain erein" lelopean eskolara ezezik, gizarte osora zabaldu nahi du euskalduntzearen aldeko deia.
 
 
Horretarako hiru ildo jorratzeko asmoa agertu dute EHEko kideek. Lehenengo Euskal Herri osoan euskara ofiziala izan dadin egingo dute lan. Gogoan izan behar da Iparraldean euskarak ez duela ofizialtasunik, eta Nafarroako zonalde ez euskaldunetan ere ez.

Bigarren lana Euskal Herri osoan irakaskuntza euskalduna denontzat lortzea da. EHEn iritziz, "berreuskalduntzea gure herriaren eskubidea izanik, eskola lehen mailako tresna da horretan, eta beraz, eskolaren helburua pertsona guztien euskalduntzea izan behar du. Euskaraz ikasteko eskubidea Euskal Herri osoan errekonozitua izan behar du". Baina, errealitatean daukagun egoera ez da horraino iristen. Jagoba Zulueta EHEko kideak dioen bezala, "ereduen sistemak ez du balio ikasle guztien euskalduntasuna bermatzeko. Hezkuntza ez unibertsitarioan EAEn ikasleen %54 A ereduan dago. 5.000 irakasle erdaldun baino gehiago daude. Nafarroan gaurko legediaren arabera erdiak ez du zertan ikasi beharrik".

Unibertsitate mailan egoera okerragoa da. Euskal adarren eskaintza oso urria da eta ondorioz EAEn euskaraz ikasi duten %25ak eta Nafarroako %10ak erdaraz burutu behar ditu ikasketa unibertsitarioak. Irakasleen %20a soilik da euskalduna.

Irakasle eskoletan ere euskarazko plangintza seriorik ez da egin eta ondorioz ikasle gehienek erdaraz burutzen dituzte ikasketak. Horrela, beheko mailetan D eredua goruntz doan heinean, irakasle erdaldunak ateratzen dira unibertsitatetik.

Egoera hau ikusirik, EHEk dio euskalduntzen duen hezkuntza bultzatu behar dela eta euskalduntzen ez duena desagertarazi. "Urteotako esperientzia ikusirik, argi gelditu da A ereduak ez duela ikasleria euskalduntzen, eta beraz, ez duela legeak dioena betetzen. Horregatik luzatu dugu eredu horretan ez matrikulatzeko deia".

Dei hori gurasoei baldin badagokie ere, EHEk gizarte osora zabaldu nahi du kezka. Horregatik, lan esparrua euskara hedabideetara zabaltzea izanen da. "Ez eskoletara soilik, komunikazio esparru propio eta zabala behar du euskarak, eta zabalpen hori aurrera eramaten saiatuko gara" dio Jagobak. Komunikazio gizartean bizi garenez Euskal Herriaren berreuskalduntzea ezinezkoa da komunikabideen euskalduntzerik gabe.



Ez da guztien begiko

EHEek daraman kanpaina hau, ordea, ez da guztien begiko. A ereduaren aurkako kartelak direla eta, PPk berehala erreakzionatu du eta Inaxio Oliveri Hezkuntza sailburuaren azaltzea eskatu du Gasteizko Kamaran. Oliverik berak ere bere iritzia eman du, esanez "kanpaina kaltegarria dela euskararentzat". Era berean, A eredua B eta D bezain legala dela dio, baina Jagoba Zuluetak legeak dioena ez duela betetzen gogorarazi digu, alegia, A ereduan ikasten duten ikasleak ez direla euskalduntzen.



EKB ere D eredua bultzatuz

"Etorkizuna euskaraz dator. Matrikula ezazu euskaraz, D ereduan" lelopean ekin dio EKBk euskarazko irakaskuntzaren aldeko 10. kanpainari. EAEn bukatu bada ere, Nafarroan apirilaren hasieran burutuko da. Kanpainaren xedea lehenbiziko aldiz matrikulatuko diren haurren gurasoak kontzientziatzea da D eredua hauta dezaten.

EKBko kideek adierazi duten bezala, hainbat ikerketa eta adituren iritziz, haurren euskalduntzea bermatu eta gerora haurrak bi hizkuntzetan pareko gaitasuna lortzea ziurtatzen duen bakarra D eredua da. Egia esan, D ereduko matrikulazio kopurua goruntz doa. 1995-96 ikasturtean EAEko haurren %50 D ereduan matrikulatu zen eta 1997-98 ikasturtean %55era igo zen kopurua. Dena dela, oraindik ere gehiago bultzatu behar da eta horregatik ekin dio EKBk aurten ere kanpainari.