029: Inkestak, jipoiak, egurra, itomen ekonomikoa... edozein bide da baliagarria euskararen aurka

1998-06-01
Euskal irakaskuntzaren ausardia eta tinkotasuna eredu
 
 
Pena eta amorruz jaso dugu berria. Xirrixta eta Ko-meta aldizkariek ez dute gehiago argirik ikusiko. Iparraldeko la-gunen ahaleginak ez du segidarik izango.

Ez, gure haur eta gazteak ez dira aldizkariez aspertu. Iparraldeko lagunei ez zaizkie ideiak agortu ezta lanerako gogo eta indarrak xahutu. Merkatua haur eta gazteei zuzenduriko euskal aldizkariz gainezka ote dago? Ezta hori ere, ez. Hor, denok ahulen dugun puntuan eman diete bete-betean. Laguntzarik gabe utzi dituzte eta noski, ezin denbora gehiagoz eutsi.

Ez da erraza Xirrixta eta Kometa bezalako proposamen interesgarri eta txukunak plazaratzea: kalitatezko lanari ekin, haur eta gazteen interesei erantzun eta berez honelako lan batek inguruan sortzen dituen zailtasun guztiei aurre egiteaz gain, itomen ekonomikoa nozitzea. Eta honetaz guztiaz askotxo dakigu hik hasin ere. Pena eta amorruz jaso dugu berria. Nafarroako Sortzen-en D ereduaren aldeko eskaerari gogor eta bortizki erantzun dio poliziak. Nafarroako lagunak egurtuak izan dira Iruñean euskaraz ikasteko duten eskubidea gauzatzea nahi dutelako.

Eta hala ere abentura gora-beheratsu bilakatu den euskara eta euskal kulturaren aldeko honetan jarduteko kemena eta ausardia badagoela berresten dute hainbat eta hainbat ekimenek. Egitasmoak berez atxikirik dakarren lan nekezari imajinatu ere ezin zitezkeen oztopoei aurre eman behar arren.

Ikastolen Elkarteak Iruñeko Planetariumean lau egunez aurkezturiko ebaluazioari buruzko lan mardul eta sakona da hauetako adibide bat eta Donostian hik hasik baloreei buruz burutu zituen topaketak beste bat. Eta hauekin batera, nola ez, Euskal Hezkuntza Erkidegoan egunero batean eta bestean egin eta gauzatzen diren ahaleginak.

Herri batek belaunaldiz belaunaldi jasotako ondarerik preziatuenak iraunarazteko grinak eta bere nortasun eta izaera milurteko berriak eskatuko duen prestakuntzarekin uztartuko dituen eskola egitasmoa burutzea ez da txantxa. Gizartean sustraitua egongo den eskola nahi bada, gizartearen berezitasun eta beharrizanei erantzungo diena, aldarrikatzen den ereduei entzun eta jaramon egin beharra dago.

Inkesta zaleei proposatuko genieke ilunean arakatu eta ondorio zaharkitu eta hankamotzak aurkitzen tematu beharrean zabal diezaizkiotela begiak eta belarriak errealitateari. Txundituta geratuko dira aurkituko dutenarekin. Eta gure iritzi apalean ez dugu uste herri honi darion irauteko ilusioa eta duen potentziala gizaki elebidunaren beste gaitz bat denik.

Gure elkartasuna adierazi nahi diegu Xirrixta, Kometa, Sortzen eta eguneroko lanean modu batera zein bestera ito nahi zaituzten guztiei. Berriro ere bidelagun izan zaitzategun lanean jarraituko dugu beste besteok.