Argentinako irakasleak urtebetez barau greban

1998-06-01
In-fan-cia aldizkariak Hego Ameriketako Haur Eskolak ikusteko bidaia prestatu zuen maiatzaren hasieran. Argentina, Uruguay eta Brasil bisitatu dituzte. Hik Hasiko partaide eta Oiartzungo Haur Eskolako irakaslea den Izaskun Madariagak bertara joateko aukera izan du Oiartzungo Udalaren laguntzaz. Bidaiaren itzulerarekin batera ezagutu dituen lekuak, eskolak, giroa, arazoak eta esperientziak kontatzera dator orain.
 
 
Buenos Aires hirian, Mayo plazarekin batera, Kongresuko plazan ezarri den Irakasleen Karparekin borrokagune berria sortu da. Iazko apirilaren 12az geroztik Argentina osoko irakasleak etengabeko baraualdi txandakatuan daude.

Zer gertatu da? Zer eskatzen dute? Nork koordinatzen ditu? Beraiekin egon berriak gara eta hara hemen, CTERAko1 partaide den Roberto Diazek kontatu diguna.

Istiluaren hasiera 1990. urtean kokatu behar da. Gobernuaren aldaketarekin batera politika osoa aldatzen hasten da, maila guztietan neurriak hartuz.

Hezkuntza arloan birmoldaketa garrantzitsua ematen da, hau da, nazioko eskola guztiak, Haur Hezkuntzatik hasi eta Bigarren Hezkuntzara arte, probintzietara transferitzen dituzte, baina dirulaguntzarik gabe. Hezkuntza legea hustutzen hasten da eta gero eta haustura eta neurri zorrotzagoak jasaten dituzte. Probintzia batetik besterako aldeak gero eta handiagoak dira bai eskolatze mailan eta baita soldata eta lan baldintzen mailan ere. Adibidez, probintzien arabera irakasle batek 200, 300 edota 500$ irabazi dezake.

1993. urtean ateratzen den Lege Federalak arazoa konpondu ez ezik areagotu egin du eta hezkuntza alorreko lehen borroka zorrotzak piztu dira. Borroka arrazoiak funtsean berdinak dira eta borroka horiek indartu eta batera eramateko beharra ikusten da. Honela sortzen da, bada, Karpa Txuriko Barau Ekimena.

Ekimena CTERAko Idazkari Nagusien osoko bilkura batean sortzen da 1997ko martxoan. Helburu nagusia hezkuntzako finantzaketa legea eskatzea da, kalitatezko hezkuntza, doakoa eta librea bermatuko duen legea. Baina honekin batera, Hezkuntzako Lege Federalaren kritika sakona egitea.

1997ko apirilaren 12an bada, karpa eraikitzen da. Baraualdiari hasiera ematen zaio CTERAko erakunde gehienetako irakasleen ordezkariekin. Ekintzaren muga, luze jota 30 egunetarako planteatzen bada ere, gaur egun baraualdiarekin jarraitzen dute. Urte sasoiaren arabera, txandak 20 edo 10 egunekoak izaten dira.

Zer gertatu da urtebeteko borroka honetan? Hasteko, Argentina osoko hezkuntza egoera ezagutzera iritsi dira eta honekin batera lurralde osora eraman dute hezkuntzaren inguruko eztabaida sakona. Gaur egun finantzaketa legearen diseinu adostua aldarrikatzeko gai dira, bere horretan irmoki mantentzen direlarik gobernutik egin asmo dituzten mugimendu ezkutatzaileei mozorroa kenduz. Ez dira alferrik galdu elkarren arteko eztabaida iraunkorrak, hainbeste aktore bizien ekarpenak eta etengabeko elkarjartzeak taldearekiko partaidetza eta kidetasuna lortzeko.

Bestalde, "Karpa", "Karpa Zuria" edota "Irakasleen Karpa" izenez ezaguna dena, "Duintasunaren Karpa" izena hartzera iritsi da. Ez da kasualitatez edo besterik gabe aldatu, gainera. Izan ere, irakasle alorreko borroka izaten hasi zena, gaur egun Argentina osoko borroka asko biltzen dituen ekimena bilakatu da. Edozein gatazka sindikalen, inpunitatea beraren, hilketen, Maiatza plazako ama-amonen, jubilatuen, gatilo erraza deritzanaren eta abar luze baten durundi edo oihartzuna izatera iritsi da. 1997ko urriaren 26ko hauteskundeetan Menemek jasandako porrotarekin zerikusia dutela diote borrokalariek. Bistan da ez dela borroka isildua. Komunikabideen babesa badute herritar asko eta askoren laguntzarekin batera. Horren lekuko dira gai ezberdinen aurrean lortzen dituzten mobilizazio handiak.

Finantzaketa legearen eskakizunak aldarrikapen sektoriala baino gehiago dela erakutsi du. Planteamendu osoak, hau da, diru fondoak lortzeko proposamenak eta berauen banaketa eta kontrol moduak, muinean ukitzen du gaur egun dagoen eredu neoliberala. Karpa Zurian, "beste Argentina" dago Parlamentu berriari eskaerak egiten. Horretan daude maisu-maistra borrokalariak eta horretan jarraituko dute lege berria lortu arte.



Beraiekin harremanetan jarri nahi baduzue, hona hemen helbidea:



CTERA

Avda. Rivadavia 3619/23 C.P. (1204) Capital Federal - Buenos Aires - ARGENTINA

Tel.: 865-0347/0351/0360

Fax.: 865-3588

e-mail: mmaffei ª ctera.cci.org.ar



1 Confederación de Trabajadores de la Educación de la República Argentina