Eskola eskoauditoriak. Ingugiroarenganako kezka baino gehiago
Zer da eskola ekoauditoria? Galdera honetan eskola, ekologia eta auditoria kontzeptuekin egiten dugu topo. Gure ikastetxearen eguneroko jardunean present dauden kontzeptuak, hain zuzen ere. Izan ere, eskola ekosistema bat da, materiala eta energia kontsumitzen ditugu eta hondakinak sortu ere bai. Horretaz kontziente bagara eta ekologiaz kezkatuta bagaude, gure kontsumoa, jokaerak eta ohiturak zaindu behar ditugu. Horixe da, hain zuzen ere, ekoauditoria.
Ingurugiroaren alde hezitzea ekonomia eta ekologiari buruzko ezagutza izateaz gain, konpromezua hartzea da. Konpromezu hori eguneroko portaeran eta kontsumo indibidualean isladatu behar da.
Horregatik, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak gure mugak zabaltzeko bitartekoa izan behar du, hausnarketa bultzatu behar du bai maila indibidualean eta baita eskola mailan ere. Horixe da ekoauditoriaren zeregina.
Ekoauditoriaren helburuak
Eskola ekoauditoriaren helburu nagusiak lau direla esan daiteke:
- Irakasleriaren sentsibilizazioa eta inplikazioa lortzea ingurugiro heziketako ekintzetan.
- Heziketa arlo desberdinak lantzea: ezagutzak hartzea, ingurugiroarekiko sentsibilizazioa lortzea eta ingurugiroa babesteko eta hobetzeko ekintzetan zuzenean parte hartzea.
- Eskolako ingurugiro praktika hobetzea errekurtsoen kontsumoa eta hondakinen produkzioa gutxituz.
- Eskolako heziketa egoera hobetzea.
Helburuok lortzeko ikastetxeko kide guztiek hartu behar dute parte. Hobekuntzak lortzeko landu eta ikuskatu behar diren elementuen artean hauek aipa daitezke:
- Kanpoko esparrua: baratzak eta gune berdeak sortu, hesiak kendu, zuhaitzak landatu, hegaztientzako habiak prestatu...
- Barneko esparrua: gelen aniztasuna, geletako dekorazioa, altzarien eta materialen banaketa eta eskuragarritasuna...
- Garraioa: bizikletak erabili eta hauek aparkatzeko leku egokiak jarri, motordun ibilgailuen errebisioa eta zein gasolina mota duten ikusi, autoak banatu hainbeste auto ez erabiltzeko...
- Ur kontsumoa: zisternentzako erreduktoreak erabili, zisterna eta komuneko egoera etengabe kontrolatu, itoginak errebisatu, lorategiak neurriz ureztatu...
- Energia kontsumoa: argiak modu egokian erabili, aireztapena eta isolamendua, beroa kontserbatu, termostatoak erregulatu, ur beroa, tenperatura eta itoginak errebisatu...
- Material suntsigarrien kontsumoa: paper birziklatua erabili, toxikoak ez diren garbitasuneko produktuak erabili, gehiegizko enbalajeari muzin egin, aerosolak errefusatu, toxikoak ez diren kola, zuzentzaile, pinturak eta abar erabili...
- Hondakin-murrizketa eta birziklapena: paper gutxiago erabili, papera aprobetxatu, erabilitako paper eta kartoiak bildu, papera birziklatu, kristala, plastikoa, pilak, latak eta abar bildu, erabili eta botatzeko plastikozko edalontziak ez erabili...
- Toki amakomunen erabilera: liburutegiko ordutegia zabaldu mailegu zerbitzua bultzatzeko, ludoteka, musika gelak eta jolasteko beste aretoak elkarren artean banatu, komunitate mailan antolatzen diren ingurugiro kanpainetan parte hartu (zuhaitzaren eguna, uraren eguna...), korridoreak erakusketak egiteko erabili, areto eta gelak herriko beste taldeei utzi...
Arlo bakoitza ikuskatu ondoren arazoak zein diren ikusten da, eta aipatzen diren ekintza horiek eraman litezke aurrera. Horretarako, arazoak konpontzeko helburuak jarri behar ditugu eta hobekuntza lortzeko ekintza-plan bat eratu behar da. Plan honen jarraipena eta ebaluaketa burutuko dira jarraian eta azkenean horren berri eman (1. taula)
Auditoriak erabilgarria, zehatza eta berrikusteko eta hobetzeko modukoa izan behar du. Horregatik, hasieran ez da derrigorrezkoa arlo guztiak lantzea. Hobe da aurrera eraman daitezkeen gauzekin hastea, eta horiek curriculumaren barnean sartuz joatea.
Klabea: guztion parte hartzea
Eskola ekoauditoriak bere eguneroko ekintza txikiekin eskolako partaide guztiak inplikatzea lor dezake. Eskolan burutzen diren ekintzek (paper bilketa, eskolako baratza...) atezaina, gurasoak, udaletxeko teknikariak eta abar inplikatuko dituzte. Gero, energia aurrezteko ohiturak etxean zabalduko dira. Eta ondoren, ingurugiro kalitateari buruzko kezka auzoan eta herrian zabalduko da.
Azken finean, eskolan burutzen diren ekintzak inguruko errealitate kultural, sozial eta naturalarekin lotu behar dira. Honek irakasleriari esfortzua eta aldaketa eskatzen dizkio. Hots, irakasleriak hausnarketa kontzientea egin behar du. Zehar-lerroen inguruko hausnarketa egitean, esaterako, hauei ematen diegun garrantziak eta tratamenduak ematen diegun balorea isladatuko dute. Horregatik, garrantzitsua da irakasle bakoitzak bere kontsumo ohituren eta bizimoduaren inguruko hausnarketa egitea (ura, energia, materialak... nola erabiltzen dituen, alegia). Horrela, gure erabakiek zein ondorio ekologiko dituzten ohartuko gara eta baita ingurugiro arazoetan zenbat parte hartzen dugun ere. Hausnarketa hau geronek egin behar dugu lehenengo, eta gero egin arazi ikasleei.
Ikasleek ingurunea errespetatzen ikasi behar dute eta hori lortzeko zuzenean inplikatu behar dute ekoauditorian. Bere ingurunearen hobekuntzan parte hartu dutela ikustean, askoz ere inplikatuagoak sentituko dira eta egingo duten balorazioa ere hobea izango da.
Barneko esparruan (erakusketak, landareak...) eta kanpoko esparruan (lorategiak, baratza...) egin izan diren esperientzien ostean ondorio hauek ikusi dira:
- ikasleriaren portaera hobea.
- hondakin kopuruaren gutxitzea.
- ikasteko eta lan egiteko giro hobea.
- irakasle eta ikasleen arteko harreman hobea.
- ikastetxearen irudi hobea.
- curriculumeko helburuak lortzeko aukera gehiago.
Ekoauditoriak abantaila asko ematen ditu, beraz, baina horretarako ez da nahikoa batzuen gogoa soilik. Ikasleria osoa inplikatu behar da. Guztiek konprometitu behar dute eguneko ordu askotan bizi diren lekua hobetzeko eta errekurtsoak hobeto ustiatzeko.
Konpromezu hori benetakoa izan dadin, irakasleria eta ikasleriaren artean banatu behar dira eskolako zereginak, gelako gestioa eta gelako eta zentroko antolaketa eta funtzionamendua.
Garrantzitsua da, era berean, ikasleak komunitateko partaide sentiaraztea jarrera positiboak bultzatzeko eta ingurugiroaz kezkatzeko. Horretarako, inguruko jendearekin eta zentroekin harremanak bultzatu behar dira, zentroa garbi mantentzeko bitartekoak eman eta ingurugiro arazoei buruzko informazio zabala eskaini.
CEIDAren zerbitzua
Eskola Ekologikoa eta ekoauditoria praktikan jartzeko eta gauzatzeko lehen pausoak nola eman? Nori eskatu laguntza? Horretarako daude CEIDAren zerbitzuak. Ingurugiro Sailordetza eta Hezkuntza Sailaren artean 1989. urtean sortutako Ingurugiro Heziketarako zentroak dira. Helburu nagusia ingurugiroari dagokion heziketa Hezkuntza Sisteman zabaltzea da. Izan ere, ingurugiroaren arazoak gizartearen jokamoldu eta eredu sozioekonomikoan sustraituta daude, eta horretan datza hezkuntzaren erantzukizuna, garapen eredu sustengarri baterako hezitzea.
Heziketa horretan laguntzeko zereginean CEIDAk "Ihitza" buletina bidaltzen du ikastetxe guztietara. Bertan han-hemenka egindako esperientziak jasotzen dira eta zentroetan eskuragarri dauden material didaktikoen eta hainbat proiekturen berri eman ere bai.
Halaber, "Garatu plana" liburua ere ikastetxe guztietara bidaltzen du eta irakasleen prestakuntzarako ikastaroak ere antolatzen ditu. Era berean, CEIDAko egoitzetako dokumentazio zentroetan material desberdina dago eskuragai: liburuak, unitate didaktikoak, bideoak eta abar. Guztiak ere ingurugiro heziketa aurrera eramateko prestaturik daude.
Gaur egun CEIDAk lau egoitza ditu eta hauxek dira helbide eta telefonoak:
* BILBO 48004
Txurdinaga auzoa
Ondarroa kalea, 2
Tlf. (94) 411 49 99
* GASTEIZ 01013
Vicente Manterola z/g
Tlf. (945) 27 51 00
* DONOSTIA 20015
Intxaurrondo auzoa
Baso-txiki kalea, 5
Tlf. (943) 32 18 59
* LEGAZPI 20 220
Brinkola auzoa
Tlf. (943) 73 16 97
Eskola ekologikoa
Ekoauditoria ez da ingurugiroa lantzeko, aztertzeko eta hobetzeko egiten den lan bakarra eskolaren barnean. Ekoauditoria Eskola Ekologikoaren barnean kokatzen da, bigarren taulan ikusten den bezala.
Ingurugiro heziketa lantzeko hiru zutabeak ekoauditoria, diziplinarteko tratamendua eta ingurugiro tailerrak dira. Hirurak Ingurugiro Gutuneko oinarriak betetzeko burutzen dira eta Ingurugiro Batzordea arduratzen da guztia koordinatu eta kontrolatzeaz. Ingurugiro Gutuna batzorde honek egiten du arazoak identifikatzeko eta eman behar diren pausoak zehazteko.
Azken finean, Eskola Ekologikoa ingurugiro heziketa bultzatu nahi duen proiektua da. Bere helburua zentroko partaide guztiak (irakasleak, ikasleak, zuzendaritza, mantenimenduko langileak eta gurasoak) eta udalerriko agintariak inplikatzea da. Guztien artean eskolan sortutako ideiak barruan zein kanpoan aurrera eramatea da gakoa.
Eskola Ekologikoak bultzatzeko "Eco-schools" izeneko Europa mailako proiektua dago. Bertan parte hartzen duten ikastetxe guztiek oinarrizko zazpi puntu jarraitzen dituzte:
1- Ingurugiro batzordea: batzorde hau ikastetxe bakoitzean autonomoki hautatzen da, beti ere eskola partaide guztiak daudelarik: ikasleak, irakasleak, mantenimenduko langileak, gurasoak eta zuzendaritza. Batzorde honek planifikatu, antolatu eta ebaluatuko du Eskola Ekologikoa.
2- Ingurugiro auditoria: lana hasierako egoera baloratuz hasten da. Hau da, eskolako eta herriko ingurugiroaren egoera aztertzen da dauden beharrak ikusteko.
3- Ekintza-plana: auditorian lortutako informazioarekin batzordeak ekintza-plana burutuko du. Helburuak eta datak zehaztuko dira bertan ekintza berriak martxan jartzeko eta burutzen diren ekintzak hobetzeko. Ekintza-plana ikastetxe osoan eramango da aurrera eta Jarrera Kodea ezarriko da ikasleentzat, irakasleentzat, gurasoentzat eta guztientzat.
4- Kontrola eta ebaluazioa: programaren kontrola eta ebaluzioa ekintza-planarekin batera burutu behar dira. Ikasleek kontrol honetan parte hartu beharko dute. Garrantzitsua da ingurugiro heziketa lan teorikoa soilik ez izatea.
5- Oinarrizko gaiak: proiektu honetan hiru dira azpimarratzen diren gaiak: ura, energia eta hondakin solidoak. Lehenengo gai hauek lantzen dira eta ondoren ikastetxe bakoitzak proposatzen dituenak.
6- Informazioa eta inplikazio maila: publizitate on batek eskolan landutako gaiak komunitate osoan ezagutzea eragingo du.
7- Jarrera Kodea: guraso, ikasle eta irakasleen artean negoziatuko da kode hau eta ekintza-planarekin eta zentroak hautatuko gaiarekin erlazionaturik egongo da. Kode honetako puntu bakoitzak ekintza zehatz bat eta helburuak betetzeko erraza dena deskribatuko du. Ezin baita erabaki papera bilduko dela erreziklatzeko hori egiteko inor prest ez baldin badago. Gai bakoitza landu ondoren kodea aldatu ahal izango da.
Hau da proiektu honek proposatzen duen antolaketa Eskola Ekologikoa aurrera eramateko.
"Ez da ekoauditoriaz soilik hitz egin behar, eguneroko aldaketak dira benetako pisua hartzen dutenak"
Laudioko Lateorro herri ikastetxea azken urte hauetan eskola ekologikoa bihurtu da. Ingurugiro heziketari behar zaion garrantzia eman diote eta irakasle zein ikasleek serio hartu dute. Egiten ari diren lana emaitzak ematen ari dira eta eskola osoa dugu horren testigu.
Noiz hasi zineten Lateorro herri ikastetxean ekoauditoria lantzen?
Proiektu honekin duela lau urte hasi ginen.
Eta zein helburu edo asmorekin ekin zenioten?
Gure asmoa ingurugiro heziketa eskaintzea zen eta batez ere ikasleak ingurugiroa zaintzeak duen garrantziaz ohartzea. Horregatik hartu genuen bide hau eta ekoauditoria martxan jarri.
Zein adinetako ikasleekin lantzen duzue?
Eskola osoak parte hartzen du, Haur Hezkuntzatik hasten garelarik ingurugiroa lantzen. Hori bai, bakoitzak bere mailan eta ahal duen neurrian lantzen ditu gaiak.
Zein da zuen proiektuaren muina, zer lantzen duzue?
Gure ekoauditoria kontsumoan zentratzen da. Honen barnean lau elementu lantzen ditugu: elektrizitatea, uraren kontsumoa, gasoila eta papera. Gure inguruan eragin gehien dutenak dira eta lantzeko interesgarrienak direnak.
Zein pauso ematen dituzue, bada?
Lehenengo, ikasturte hasieran aurreko ikasturteko memoria begiratzen dugu zein egoeratan gauden jakiteko. Horrekin batera datu bilketa bat egiten dugu. Honekin, gure kontsumoa nolakoa eta zenbatekoa den ikustea lortzen dugu. Ondoren, landuko ditugun proiektuak zehazten ditugu, eta bakoitzean burutuko ditugun ekintzak: grafikak, komentarioak, hilabeteroko ebaluazioa edo kontrola, egonaldiak...
Horrez gain, irakasleentzat ingurugiroari buruzko foro bat egin izan da Gasteizen eta bertan parte hartzen dugu.
Ekintzok nola txertatzen dira eskolako eguneroko jardunean?
Egia esan, guk ingurugiroa zeharlerro gisa lantzen dugu. Printzipioz EAEn ez da derrigorrezko zeharlerroa, baina guk eskola bezala garrantzitsua dela uste dugu eta sartuta daukagu. Ohitura onak arlo guztietara zabaltzen saiatzen gara.
Aipatu iezazkiguzu lortu dituzuen ohitura aldaketa batzuk.
Adibidez, gela guztietan paperak botatzeko soilik den zakarrontzia dago. Txikitatik dakite zakarrontzi hori paperarentzat soilik dela. Eskulanak egiteko, aurretik erabilitako materiala berrerabiltzen dugu. Pasabideetan ere landareak eta kartelak ipintzen ditugu.
Urari dagokionez, txorrot automatikoak jarri ziren eta horrela ura aurrezten dugu. Fotokopiak ere orriaren bi aldetatik egiten saiatzen gara beti. Mendira joaten bagara, berriz, inori ez zaio bururatzen papera lurrera botatzea. Eta botatzen badu, berehala begiratzen dio norbaitek aurpegi txarrez.
Bestalde, eskolaz eskolako muntatzen diren tailer mugikorretan ere parte hartzen dugu. Hauetan kontsumoarekin lotutako gai konkretu bat latzen da.
Ikastetxetik kanpo, herri mailan ere zenbait ekintza burutzen dituzue.
Bai, egoera guztiak aprobetxatzen ditugu ingurugiroa lantzeko: zuhaitza eguna, ingurugiro eguna, uraren eguna...
Orain dela gutxi herri mailako kanpaina bat egin zen ikastetxe guztientzat. Talde batzuk zaborraren prozesuari buruzko bideo zuten. Herriko "Garbigune"ra ere bisita egin genuen. Iaz inauguratu zuten gunea da eta bertan produktu desberdinak biltzen diren ontziak daude: papera, olioa, plastikoa, kristala... Kanpaina bukatzeko jokoak eta rally bat egin ziren herrian.
Zenbateraino inplikatu dira ikasleak?
Asko eta oso kontzientziatuta daude gainera. Alde horretatik ezin gara kexatu.
Eta irakasleria? Zeren zuen papera ere garrantzitsua da, noski.
Bai, dudarik gabe. Haurrak inplikatzea nahi badugu, gu guztiok ere inplikatu behar dugu. Horretarako, irakasleok elkartu egiten gara eta adostasun minimo bat lortzen dugu: zein helburu lortu behar diren eta horretarako zer egin behar dugun (papera birziklatu, grafikoak jarri, produktu autoktonoak nola lantzen diren ikasi...).
Aldaketa hauek ikasturte hasieran finkatzen dira eta irakasle guztiok inplikatuta gaude. Denok aldatu behar ditugu ohiturak.
Gurasoei dagokienez, kontuan hartu al dituzue euren etxeko ohiturak?
Alde horretatik, gurasoei batez ere informazioa zabaltzen diegu. Ikasturte hasieran bilera egin ohi dugu eta zer lantzen dugun azaltzen diegu, zein diren gure ohiturak eta zer lortu nahi dugun. Gure nahia etxean gauza bera egitea edo behintzat saiatzea da.
Lau urteotako lanaren inguruan nolako balorazioa egiten duzue?
Balorazioa oso positiboa da, baina gu oso inkorformistak gara eta gehiago nahi dugu. Baina, bestela, oso gustura gaude. Haurrak asko inplikatu dira eta lehen aipatu bezala, oso kontzientziatuta daude.
Ohitura batzuk aldatzea lortu dugu eta adinaren arabera ere gauza desberdinak lortu ditugu. Esaterako, txikiekin urtebetetzeetan goxokiak ez ditugu jaten eta botatzeko ontziak ez ekartzea lortu dugu. Haur bakoitzak bere ontzia du eskolan eta hori erabiltzen dute botatzeko ontzien ordez.
Egia esan, horrelako bitxikeri ugari aipa daitezke. Ez da ekoauditoriaz soilik hitz egin behar, eguneroko aldaketa horiek dira benetako pisua hartzen dutenak. Gurea epe luzerako proiektua da eta pauso hauek ematean datza.
Lan hau guztia aurrera eramateko nolako laguntza jaso duzue CEIDAtik?
Etengabeko harremana daukagu eta proiektua martxan jartzeko unean beraiengana jo genuen. Informazioa, aholkuak eta materiala eskaintzen digute. Europako Eko-eskolen proiektuaren berri ere bertatik luzatu ziguten eta parte hartzekoak gara.