ALVAREZ, Manuel:

1998-06-01
Manuel Alvarez Madrileko Autonomi Elkarteko Irakasleriaren Formazio Sailaren burua da. Iruñean, Ikastolen Elkarteak Ebaluazioari buruz antolatutako Jardunaldi Pedagogikoetan Ebaluazioa "Europako Hezkuntza Sistemetan" izeneko ponentzia aurkeztu zuen. Egun, Curriculum zabala duen aditu honen lana eskola zuzendarien profilaren definizioan eskola antolakuntza eta zuzendaritzaren azterketan datza, eta batik bat bi ildoetan: irakasleriaren gainbegiratze eta ebaluazioan eta aintzindaritzan.
 
 
Bere ustez, interesgarria da ebaluazioaren arloan gure kultur inguruko herriek zer egiten duten jakitea. Gaur egun erreforma bidean dauden hezkuntza sistema guztiek elkarri eragin diezaiokete; hori horrela, Europar Batasuneko mutur batean interesgarritzat jo ohi den praktika beste muturrean moda nagusi bihur liteke eta jaso ondoren baita egokitu ere.



Guregan eragina handiena duten herrialdeetan zein dira nagusitzen diren modak?

Menpeko antolaketa eta administrazio zuzendaritza buroprofesionala duten herriak, Frantziaren eraginpeko herriak dira eta hauen artean daude Italia, Grezia, Portugal, Espainia eta beste maila batean Alemania eta Austriako Hezkuntza Sistemak. Herri hauetako Hezkuntza Sistemak oso zentralizatuak daude eta eskolak ez du ia autonomiarik. Curriculumari, testuliburuei, irakaslearen hautaketari eta finantza zioari buruzko erabaki garrantzitsuenak lurraldeedo zentral erakundeetan hartzen dira. Eskolaren jardunbidea arautzen duten legeek eta Eskubide eta Betebeharren inguruko arautegia ere ikastetxetik kanpo hartzen dira. Espainiako kasuan eskola kontseiluek badute azken arautegi honen zati bat euren gisara moldatzeko aukera .

Bigarren talde batean, antolaketa deszentralizatua eta zuzendaritza eta jardunbide beregaina duten herriak, eremu eskandinaviarrekoak ditugu, Holanda, Suedia, Danimarka, Norvegia eta Finlandia. Kultura anglosaxoia jaso badute ere parte hartze handiko kudeaketa eredu sozialetarantz garatu direnak. Hezkuntza arloko eragile guztiek, guraso, ikasle eta irakasleak egitasmo bateratu baten inguruan biltzen dira, Administrazio zentralak, lurraldekoak edo tokikoak ikastetxearen eskura uzten dituelarik helburu instituzionalak eta horiek garatzeko aurrekontua. Autonomia dute metodoak eta estrategiak diseinatzeko, irakasleak hautatzeko, baliabideak banatzeko eta curriculuma haien beharretara egokitzeko.

Eta hirugarrenik antolaketa deszentralizatua eta "manager" motako zuzendaritza duten herriak leudeke, betidanik deszentralizazioaren eredu izan den Ingalaterra. Erresuma Batua urte askotan curriculumaren gaineko legeria zentralik izan ez duen herri bakarra izan da.



Baina azken urte hauetan aldaketak eman dira...

Bai hala da. Ikastetxeak administratiboki toki erakundeen menpe zeuden Local Educational Autority (LEA) eta ikasleen ezaugarri eta ikastetxearen ingurunearen arabera euren curriculuma antolatu eta garatzeko autonomia eta gaitasun osoa zuten. Estatu zentralak noizbehinka hartzen zuen parte ordezko lanak eginez. Thatcher Erreformaren ondoren, 1988an, eredu zentralista baten aldera jo da zerbait eta horrekin batera LEAn eskumenak murrizteaz gain ikastetxeetan nagusiki gurasoek eta jaun-andere gorenek osatu eskola kontseiluei autonomia zabalagoa eman diete. Nolabaiteko curriculum nazionala prestatu da, ingeles ikasle guztien azterketa nazinalaren iturri izango dena eta "Self-government" finantzazio-formula berria sortu da, orain arteko diru abantailak eskaintzeaz gain, materialaren eta langileen arloetako kudeaketan ikastetxeari autonomia zabalagoa ematen diona.



Antolaketa desberdin hauen arabera zuzendarien izaera eta egitekoak desberdinak al dira?

Lehen taldeko ereduetan eskolako zuzendaritza taldearen profila administratiboa da eta ikastetxeko administrazioaren ordezkaria da, Frantzian adibidez zuzendaria ministroaren ordezkaria da. Bere eginkizun garrantzitsuenak: Parlamentuak eta Gobernuak ematen dituzten lege eta arauak bete eta betearaztean daude. Ikastetxe mota honek ez du autokontrolaren edo autoebaluazioaren kulturarik, ondorioz ezin dugu egitasmo edo egitasmoen jarraipen eta gainbegiraketaz edo barne-egituretan hartzen diren erabakiez hitz egin. Barne kontrola aipatzen dugunean zuzendaritzatik bakarrik egiten den kontrol hierarkiko eta bertikalaz hitz egiten ari garela diogu.

Antolaketa deszentralizatuetan zuzendaria ikastetxez kanpoko hautagaien artean aukeratzen da, ikastetxeko ordezkari sozial eta profesionalen laguntzaz. Hautagai horrek hezkuntza proiektu bat lankidetza mailan garatzeko eta ikastetxeak berak egiten dituen aldian aldiko ebaluazioetan diagnostikatutako arazoak konpontzeko gaitasun eta trebetasun onenak izan beharko ditu.



Zein paper jokatzen du Barne ebaluazioan?

Curriculuma kudeatzen duten egituraketako arduradun zuzenekin batera ikastetxea barrutik kontrolatzen dute. Kontrol horren erreferenteak beti eskola erkidegoak toki administrazioarekin negoziatu dituen ikastetxeko egitasmoa eta aurrerapenaren eta kontrolaren eragileak dira.

Ikastetxeak bere elkarbizitza eta jarduna arautuko dituen barne-araudia izan lezake. Zuzendaria litzateke barne ebaluazio eta gainbegiraketaren azken erantzulea.

Antolaketa deszentralizatuetan berriz, eta Thatcherren erreformaren ondorioz, zuzendariak "Manager" baten arabera lan egiten du eta arrakastaren eta porrotaren araberako aurrekontua kudeatzen du, hau da, emaitza akademiko, ikasle kopuru eta kanpoanduen irudiaren araberakoa izango da jasoko duen aurrekontua. Zuzendariak barne kontrolaren ardura hartzen du eta helburuak zehazten eta aurrekontu sailak finkatuko dituen eskola kontseiluaren ordez arituko da. Kontseiluak irakasle bakoitzarekin hitzartutako adierazleen arabera ebaluatuko ditu irakasleak aldian aldian. Irakasleei jarraipen lana egingo die eta horretarako diru-pizgarri edo sariak eman. Urtero ikasketa buruarekin bilduko da irakaslea eta heldu den ikasturteko helburuak ezarri eta negoziatuko dituzte eta helburu hauen lorpen mailaren arrakasta edo porrotak irakaslearen soldata eta lanaren iraupena baldintzatuko ditu.



Eta kanpo ebluazioak ere desberdinak izango dira antolaketaren arabera ...

Lehenengo hezkuntza sistemaren ardura duen estatuak eskola ikuskatzailetza zerbitzuen bidez egiten dute. Hauek goragoko instantziei txostenak bidaltzen dizkie arautegia betetzen ote den adieraziz. Ikastetxeek ez dute kanpo ebaluazioaren bidez beren emaitzen berri ematen. Administrazio jardunbideek emaitzek baino garrantzi handiagoa dute. Azken urte hauetan ikuskatzailetzaren zereginak aldatuz eta bereiziz joan dira. Mailaz mailako ikuskapenaz gain curriculumaren arautegia eta programazioaren garapena begiztatzen da ere.

Bigarren taldeko kanpo ebaluazioa Hezkuntza eta kudeaketa arloak aztertzen dituen kanpoko auditoretza baten bidez egiten da noizean behin eta lortutako helburuak ebaluatzen ditu. Lan honetan ikastetxearen testuinguruaren arabera hitzartutako kalitate adierazle eta estandarrak hartzen ditu kontuan. Emaitzak ezezkoak badira edo ikastetxea helburu nazionaletik gehiegi urrundu bada, ikuskatzailetzak tokikoak edo nazionalak, txosten bat egiten du egoera sakonago aztertzeko.

Eredu ingelesari dagokionean, bere alderdi deigarriena izango da. Thatcher Erreformaren Act-88tik aurrera, Accountability Kudeaketaren eredua bere gordintasunean ezarri zen. Bi metodo erabiltzen dira: urtero 7,9 12 eta 15 urteko ikasleek azterketa nazionaletan lortu dituzten emaitzen berri eman behar dute. Bestalde, ikastetxe bakoitzak lau urtetik behin hezkuntza eta kudeaketa arloetako auditoretza-etxe bat kontratatu behar du, ikastetxearen jardunbidea eta haren emaitza osoak aztertzeko. Auditoretza-etxe honek prestatutako txostena tokiko hedabideetan argitaratzen da. Ebaluazio hauen emaitzek baldintzatuko dute ikastetxearen jarduna, ospea, ikasle eta aurrekontu kopurua eta emaitzak ez hobetzearren ikastetxe beraren iraupena.



Beraz eskola erkidegoaren partaideen papera eta kalitatearen kontzeptua desberdinak izango dira...

Ball-ek (1997) dioenez, estatuek monopolioa duten sistemetan heziketa-sistemaren protagonistak, hurrenez hurren: Administrazioa, erantzukizun gehienak beregain hartzen dituena gainontzeko erabiltzaile guztiak adin txikikoak bailiran eta irakasle funtzionarioak interes eta balore gorporazio-talde bezala diharduelarik. Honela, kontrola administrazio eta sindikatuen artean banatzen da, erabiltzaileak galtzaile ateratzen dira, kontrolerako sistema burokratiko batean guraso eta ikasleak ez baitaude behar bezala antolaturik erakunde profesional eta sindikal boteretsuek defendatzen dituzten profesionalen aurrean. Kalitateaz hartzen da arautegia eta legeria betetzea zehatz- mehatz. Ondorioz, eskola porrota hezkuntza legeria gaizki ezartzearen ondorioa da. Eskola barnetik zuzendariak eta kanpotik ikuskatzailetzak kontrol zorrotza egiten badute, Estatuak eta komunitateak nahi duten kalitate maila erdietsiko da.



LODE, LOGSE eta LOPEGCE legeek eragina izango zuten Espainian...

Autonomia txikia erakarri dute lege hauek. Legegileen ustez, kalitateak berarekin baitakar nola edo halako autonomia, batez ere zuzendaritza taldea aukeratzerakoan eta eskolako curriculuma eskariei eta ikastetxeko testuinguruari egokitzerakoan. Burokraziaren ohitura eta funtzionarioen kulturak duen pisuak hor darrai: hezkuntza sistema espainola batez ere kanpo mailan ikuskatzailetzak egiten duen kontrol zurrunean mugitzen da. Barneko mailan zuzendaritza profesional egonkorra ez egoteak eta dagoenaren aginte-jarduna gorporazio-ereduek erlatibizatzen dutenez, ez da behar bezalako kontrolik egiten. Ondorioz irakaskuntzaren kalitatearen zama soilik irakasleen erantzukizun profesionalaren baitan uzten da.

Bigarren motako antolaketaren erabiltzaile dira ikasle eta gurasoak. Azken hauek interes berezia agertzen dute euren seme-alaben hezkuntzan eragina duen guztian, ikastetxeko erabaki garrantzitsu guztietan parte hartzen dute normalean. Holandan eta Danimarkan gehiengoa dute eskola kontseiluetan.

Sistema honetako kalitatea zuzenki erlazionaturik dago emaitzekin, hau da, zuzendaritza eta hezkuntza proiektuan aurrez hitzartutako aurrerapen eta kalitatezko adierazleen bidez helburuak bete diren edo ez jakitearen arabera.

Ingalaterran gurasoak hezkuntza eskaintzaren erabiltzaileak dira. Eskubide osoa dute libreki inolako oztoporik gabe ikastetxea aukeratzeko dituzten interesen eta eskaintzen zaizkien ikaspostuen arabera. Gehiengoa dira eskola kontseiluetan eta hauek hautatzen dute zuzendaria. Gurasoak dira hezkuntzaren benetako parte hartzaileak.

Kalitatearen kontzeptua aurrekontuen etekinei eta emaitza akademikoei loturik dago, estandar nazionalei, ikastetxe bakoitzaren testuingurua kontuan izan gabe.



Nork ipintzen ditu ebaluazio irizpideak sistema bakoitzean eta nolakoak dira kalifikazioak edo familiei eman beharreko argibideak?

Frantsez iraultzaren ondorengo hezkuntza sistemetan estatu zentralak edo herrialdetako gobernuek ezartzen dituzte irakaskuntzaren helburuak eta edukiak eta gutxieneko helburuak ebaluatzeko irizpideak. Maila teorikoan Espainia da irakasleei ta ikastetxeari arlo honetan askatasun zabalena uzten dien bakarra. Aldiz, Frantzia eta Alemania dira zentralistenak, Batzar Nazionalak emandako legeetan ezartzen dira eta ez dute testuliburuak aukeratzeko askatasunik ere.

Kalifikazioei dagokionez, Italia salbu, ez dira egiten iraileko azterketa ezta errekuperaziorik ere Espainian ulertzen den moduan. Beti eta automatikoki ziklo batetik bestera igarotzen dira. Frantzian berriz, zenbait kasutan ikasleek Lehen Hezkuntzan behin eta Bigarren Hezkuntzan beste behin errepika dezakete kurtsoa.

Denek bat egiten dute azterketak beharrezkoak direla eta hiruhileko bakoitzaren amaieran egiten dira, kalifikazioaren oinarri direlarik. Espainia eta Portugalen izan ezik, azterketak idatziak eta ahozkoak izaten dira. Frantzian LHn ez da azterketarik egiten baina lan guztiei balioa ematen zaie. Gurasoei, Espainiako LHn gertatzen den antzera, estatuak helburu antzera zehazturik dituen ikaskuntza gaitasunen balorazio osoa ematen zaie. Gainontzeko herrietan kalifikazioak ematen dira ikasturtean hiru aldiz.

Unibertsitatean sartzeko Espainian bakarrik egiten dira selektibitate frogak. Portugalen oso jende gutxik egiten ditu ikasketa hauek eta Frantzia, Alemania eta Italian fakultate bakoitzak ipintzen ditu numerus-clausus eta hautaketa DOBHko bataz-besteko emaitzaren arabera egiten da,



Hezkuntza sistema ingelesak alde handia azalduko du...

XVIII eta XIX. mendeko Industri Iraultzatik ateratakoa da eta herri bakoitzeko Kultura eta garapen historikoa desberdina izan denez, desberdintasun garrantzitsuak erakarri ditu.

Ikasleek 6 urtetik 16 urte arte derrigorrez egon behar dute eskolan. Bi ebaluazio mota izaten dituzte: batetik ikastetxeko irakasleek ipintzen dizkieten ahozko eta idatzizko azterketak Hizkuntza, Matematika eta Zientzi arloetan. Estandar nazionalaren arabera zuzentzen dira.

Bestetik Administrazio zentraleko langileek ipintzen dizkietenak, 7,11,14 eta 16 urtekin. Irakasgai instrumentalak aztertzen dira idatziz eta atzerriko hizkuntza ahoz. Ikasketak ebaluatzeko kontuan hartzen da emaitza hau.

16 urtetako azterketa errebalida da eta General Certificate of Secundary titulua eskuratzen du. Azterketa ahozkoa eta idatzizkoa da eta goi mailetako ikasketak egiteko aukera ematen du.

Orokorrean ikaslea ziklo batetik bestera igarotzen da automatikoki ordurarte lortu duen emaitza kontuan izan gabe. Ohikoak ez diren kasuetan ikasleek kurtsoa errepika lezakete edo jauzia egin guraso, psikologo eta ikastetxearekin elkarrizketa izan ondoren.

Unibertsitatera sartzeko General Certificate of Education titulua eta Batxilergo titulua behar du. Ondoren sei karrera aukera ditzake eta Unibertsitateak aukeratzen ditu ikasleak eskaera eta ikaslearen curriculum akademikoaren arabera.

Ingalaterran ez dago testuliburu ofizialik, irakaslearen esku dago liburuak erabiltzea eta kasu horretan zeintzu erabiltzea.



Ondorioz herri eskandinaviarreko ebaluazio sistema ere desberdina izango da...

Hala da, baina Thatcherren erreformaren aurreko hezkuntza-eredu ingeles indartsu eta deszentralizatuaren eragin handia du. Sistemaren maila eta ziklo guztien amaieran ahozko zein idatzizko azterketak egiten dira. Ez dute memoria soilik kontuan hartzen eta lanei balio handia ematen zaie.

Ikastetxeek eta irakasleek autonomia zabala dute edukiak, ikasgai bakoitzeko ezarriko diren orduak eta ebaluazio irizpideak finkatzeko. Hau azterketa nazionalik ez izatearen ondorioa da, testuliburuak eta curriculum gaineko gaiak dohakoak dira eta estatuak finantzatuak.



Sistema bakoitzak dituen berezitasunak ezagutu ondoren, zein ondorio azpimarratuko zenituzke?

1.- Kanpotik egindako ebaluazio instituzionala ikastetxeko irakasle eta ikasleentzat bermea da.

2.- Ikastetxeko prozesuen ebaluazioa kalitatearen ardatza da.

3.- Diagnostiko gisa egindako barruko ebaluazioa, kalitatezko erabakiak hartzea ahalbideartuko duen datuak eskuratzeko oinarrizko abiapuntua da.

4.- Herri bakoitzak duen ebaluatzeko modua hezkuntza bere osotasunean hartzearen ondorioa da.

5.- Ikastetxearen autonomia hezkuntza eta proiektu curricularra elkarren artean prestatzea eta testuinguruko adierazleen arabera aldian aldian ebaluatzearen baitan dago.

6.- Gizarte eragileek (Kanpokoek, Udalekoek edo barnekoek, gurasoek) laguntzeaz gain, sistemaren eta ikastetxearen kontrola beregain hartzen dute.

7.- Ia herrialde guztietako irakasleak, gatazkak gatazka, accountability edo kanpoan kontuak ematearen metodoa onartzen joan dira. Prozesu hau errazagoa da sistema deszentralizatu eta administratiboki Udalaren menpe dauden ikastetxe beregainetan.

8.- Sailkatzeko dauden ohiko ereduei beste bide batzuk bilatzen saiatu arren, aztertu diren herri gehienetan, eta BHn batik bat, zenbakizko kalifikazioak erabili ohi dira. Lehiarako grina bultzatzen da eta arrakasta eta porrotaren arteko desberdintasunak areagotzen dira.

9.- Etorkin asko dauden herrialdeetan etorkinen artean ematen den eskola porrota eta baztertutako pertsona taldeak sortzeko arriskua da kezkarik nagusienetakoa, honek berarekin dakarren indarkeriarekin.