Haur eskola txikietako irakasleen

1998-06-01
Badira urte batzuk Haur Eskola Txikietako (0-3) profesionalak gure Donostiako Irakasle Eskolako panoraman agertu zirela. Erreformaren ondorioz profesional hauen formazioan ardura berriak hartzeko erronkari aurre egin behar izan genion. Kolektiboa, bere 'kultura profesionala', ez genuen batere ezagutzen gure Eskolan. Hortik etorri zen bere eguneroko lanaren azterketa deskribatzaile sakon baten premia.
 
 
Beasaingo eta Donostiako Haur Eskoletako bi irakas-taldeekin batera bere ezaguera praktikoari buruz ikasitako hartatik guztitik kontu bat kontari nator: haur taldearen aurrean presente daudela adierazteko irakasle hauek erakusten duten trebezia profesionala kontari hain zuzen ere.



Presente daudela erakutsi

Presente daudela erakusteko hezitzaileek egiten duten ahalegin etengabea da, nire ustez, Haur Hezkuntzako Lehen Zikloko irakasleen 'patroi akademikoa' gehien eta ondoen definitzen duen ezaugarria.

Beren kokatzeko modua, beren ahalmen espresiboa, gorputzaren posibilitate guztiak -tonua, jarrera, mugimenduak-, ahotsa, begiratuak... erabiltzen dituzte, iharduerako talde eta norbanako bakoitzaren aurrean beren presentzia eraginkorraren sentsazioa modu jarraituan atxikitzen ahalegintzeko. Nire ustez oinarrizko bi arrazoi direla kausa egiten dute hori:

-Batetik, bezeroen profila dugu; adin horretako haurtxoek seguru daudela nabari behar dute gauzak aztertzeko, harremanak izateko, aurrea hartzeko, ikasteko, oreka batean hazteko... eta, eskolan, sentimendu horren gakoa hezitzailearen 'presentzia' da: bere jarrera abegitsua, harrera onekoa, irekia, aldi oro 'entzute aktibo' egoeran egotea, haur bakoitzak azaltzen dituen beharrak eta eskaerak egokiro erantzuteko nahikoa lasaitasun izatea da, besteak beste eta gure ikuspuntuaren arabera, lanpostu honetarako gaitasun profesional garrantzitsuenetakoa.

-Bestetik, iharduera-guneen ugaritasun handia batera gertatzen da, eta horrek, aldi berean, erantzun-eskaera handia sortzen du hezitzaileen aldetik. Beren artea erabili beharrean aurkitzen dira hainbat planotan batera egoteko, aldi berean distantzia desberdinetara komunikatzeko, iharduera-guneetan eta -periferietan arretari eusteko moduan kokatzeko eta mugitzeko, eta abar.



Egiten dakitena eta egoteko duten modua

Irakasleek norbanakoen eta taldeen iharduera behatzen dutenean, eta interesa erakusten dutenean bere presentzia adierazten dute. Haurtxoen ekimena eta protagonismoa errespetatuz, segurtasuna eta elkarrizketa... eskaintzeko. Hezitzaileak taldeari eta norbanako bakoitzari helarazten dien sentsazioa da berak haurren segurtasuneko oinarrizko beharrei erantzuten diela, beren 'eskura dagoela', beraientzako prest, arretatsu... dagoela. Baina ihardueraren ekimena haurren eskuetan utziz; eta hezitzaileak zentzuzko bigarren maila batean kokatzen dira, haurren ekintzaren laguntza eta euskarri gisa.

"Hezitzaileak zoruan eserita jarraitzen du, lehentxeago lo hartzeko zailtasun handienak izan dituzten bi haurrak laztandu eta masajeak eman dizkien jarreran, eta orain, halako 'garbiketa edo gainbegiratua egiten du begiekin', gela osoan barrena"; "hezitzailea mahai inguruan puzzleekin lanean ari den haur-multzoaren ondoan kokatu da, ondoan eseri eta arretatsu dago. Tarteka lana ikusi eta baloratu egiten du..."; "handiek harraskan eskuak garbitzen dituzten bitartean, bera atzealdean kokatzen da 'plisti-plasta' abesten duen bitartean, eta argazki batzuk ateratzen dizkie"; "haur bat taldetik irten eta alde batetik bestera dabil gela nagusian barrena. Hezitzaileak eserita jarraitzen du, eta begiratuaren bidez segitzen dio".

Hezkuntza-elkarrekintzan haurrek azaltzen dituzten emozio, sentimendu, nahiak, beharrak... aipatzen ahalegintzen dira; horrela, interesa erakutsi eta behaketaz gain, eta sistematikoki erakusten ari diren agerpenaren ondorio logiko gisa, hezitzaileak erantzun beharrean aurkitzen dira, eskaerak kontuan hartuz, haurren emaitzak baloratuz... Haurtxoen sentimenduen eta beharren oihartzun-kaxaren antzeko zerbait bilakatzen direla iruditzen zait.

"Hezitzailea banku handian esertzen da eta leihotik kalera begiratzen du, beso bakoitzarekin bi haur gerritik (goxo) heltzen dituelarik. Haurren sudurrak eta esku-azpiak zabal zabalik kristalaren kontra. Lanera doan ama bat agurtzen ari dira"; "txikien hezitzailea gela handiaren erdian duela denbora bat alde batetik bestera dabilen handi batekin gurutzatzen da (haurra eskolan duela egun gutxi sartu da), eta, gurutzatzean, oso eztiki esaten du honen izena";

Batzuetan, hezitzaileak 'pixka bat urrutira dagoen elkartrukea' ezartzen du. Beste zenbaitetan, mugimenduan agertzen da, lekuz aldatzerakoan lortzen duen ikus-eremu edota gerturatzearengatik. Maiz haurrekin zuzeneko harreman-posizioetan (aurrez-aurre eta gorputzez-gorputz). Arreta indibidualizatutako egoeratan. Argi eta garbi erakutsiz gorputzarekiko bere prestutasuna eta abegitasuna, 'behar banauzu... hemen naukazu', esango balu bezala...

"...begiratu eta irribarre atseginez jarraitzen dionean beste gune batzuetara arakatzera mugitzen den haurrari..."; "urrutitik, jolastokira ematen duen atetik, hezitzaileak mantala jantzi du eta kalean jolasean dabiltzan haurrei banan-banan deitzen die, garbitzera eta jatera sar daitezen..."; "urrutitik, (arriskutan) leihotik oso gertu aulkira igo den haurrari deitzen zaio...". "Zentzuzko distantzia batera geratzen da erorketa bat nabaritu duen hezitzailea, eta segundo para batez itxaroten du, erori den pertsonarentzako bere presentzia beharrezkoa izango den ala ez ikusteko...".

"Irten baino lehentxeago, hezitzailea gelan barrena dabil botila handi bat urarekin eta plastikozko bi basorekin, eta, horrela, irten aurretik ura edateko aukera eskaintzen du..."; "alfonbra ondoan eserita dagoela, hesiaren beste aldean haur bat lagunarengana hurbiltzen ari dela ikusten du, hozka egiteko asmoz. Hezitzailea, altxatu eta gerturatu egiten da. Erasotzailea izan daitekeenaren izena esaten du, eta honek amore ematen du"; "sukaldetik biberoiarekin bueltatzean, txikietako batek ahoan ez duela ezer sartu frogatzen du".

"Lurrean eserita dago, zortzi haurrez inguraturik, metro karratu eskas okupatzen dute ipuin bat irakurtzen duenean..."; "haurrari sukarra neurtzeko kopeta masailarekin ukitzen dio..."; "edo, lurrean eserita dagoela, lo ezin eginik dabiltzan haurren bizkarrean edo garondoan masajeak egitean edo laztantzean..."; "lurrean etzaten denean bezala, non bi haur berehala txandakatzen diren bere gainean jartzeko...".



Begiratua eta ahotsa luzapen gisa

'Begiratu' eta 'esan' jokabide ugariak eta sarriak dira, eta, era berean, funtzio asko betetzen dituztela dirudi. Uste izan dut bai bata bai bestea, begiratzea eta esatea, 'klasean egoteko' moduak ere badirela; kokapen -eta lekualdatze-moduak, haurtxoen ikasketa-eszenatokietan barrena.

a) Badirudi hezitzailea 'kokatu' egiten dela, ikasgelan espazio bat mugatu eta okupatzen duela haurrek garatzen duten iharduerari dagokionez, abestu eta gauzak kontatzen dituenean. Hezitzailea, abestean eta kontatzean, eszenatokiko elementu garrantzitsu bilakatzen da; segurtasuna ematen duen elementua da, interesgarri diren informazioen iturri dena, haurra iharduerara, gauzak aztertzera edo lasaitzera bultzatzen duena...; halaber, 'talde-sentsazioa' ematen duen elementua da, ahots horrek bere baitan mugatzen eta elkartzen duen espazio sozialaren partaide izatearen sentsazioa ematen duena.

"Gauzak kontatzen dizkie, eguneroko bizitza gertuenekoari buruz iruzkinak egiten dituenean"; "ipuinak eta bestelako fantasiazko historiak kontatzen dizkienean"; "besterik gabe haurrekin hitz egiten duenean, jaten ari diren bitartean..."; "denek ezagutzen duten doinu bat kantatzen duenean plastilina egiten edota margotzen ari diren bitartean..."; "gose direla abesten duenean... edo, besterik gabe, pozik dagoelako...".

b) Hitz egiterakoan, azterketa honetan ezagutu ahal izan ditudan hezitzaileek sarri askotan esaten dute haurtxoen izena; hainbat modutan esaten dute izena, helburu oso desberdinetarako.

"Taldearen aurrean falta direnak banan-banan aipatuz"; "eta txiki bati haur-oihala aldatzen dion bitartean, bere atzealdean min hartu duen baten izena esanez..."; " edo haur bati arreta deitzeko, bere izena ere esanez -besteak beste, bihurrikeria bat egiteko prest dagoenean, edo arriskuan dagoenean, edo molestatzen ari denean...".

d) Badira, bestalde, elkarrizketaren bila dabiltzan hotsak eta begiratuak, horri hasiera emanez edo erantzunez; haurrek ere parte har dezaten lortu nahi dute, bere ekintzari esanahia emanez.

"Atsekabeturik negar egiten ari den haurrari erantzuten dio"; "erasotua izan den haurraren bozeramaile-lana betetzen du, ´utzi ni bakean, bale, bale, utzi ni bakean...´ esaten duen bitartean".

e) Badirudi, halaber, hezitzailea 'lekuz aldatzen' dela ikasgelan barrena, nolabaiteko distantziara dagoen haurrarengana edo taldearengana begiratuaren edo ahotsaren bitartez zuzentzen denean; horrela, bada, 'ahotsarekin zuzendu' eta han egotea, edo 'begiratuarekin zuzendu' -edo keinu txiki batekin- eta han egotea klasean duen kokapenari dagokion ohiko praktika da. Horrenbestez, hotsa eta begiratua eszenatokietan barrena mugitzeko lanabes bilakatzen dira, mezuak jaso eta bidali, eta komunikazio-moduak sortuz.

"Arrain-ontzitik arraina hartzekotan den haur kuxkuxeroari arreta deitzeko keinu batez edota ahotsa dela medio egiten ditu gela handiko zortzi metroak"; "urruntxeago beste haur bat egiten ari den ihardueragatik interes nabarmena erakusten du haurraren begirada bilatuz".

f) Badira beste adibide batzuk ere, non badirudien hezitzaileak ia aldi berean artatzen dituela plano eta distantzia ezberdinak... Horretarako gorputzaren posizioa keinuekin, ahotsekin konbinatzen du, aldi berean hainbat iharduera-gunetatik datozen eskaerei kasu egitea ahalbidetzen dion kokapena lortzen duen arte.

"Gorputz-tonu egokia izan dezake besoetan eztiki eta abegitasunez haur bati eusteko biberoia ematen dion bitartean, eta, aldi berean, beste bati 'begiratu zorrotza', bizia eta aginduzkoa egin diezaioke, zortzi metro baino gehiagora, kuxinak dauden tokian gertatzekotan zen erasoa sahiesten duena...".

'Itxarotea eta berandutzea', hots, haurren beharren asebetetzea sarritan denboran ordezkatua izan daitekeela onartzeko gaitasuna ez dago oraindik adin honetako haurren eskura; horrela, bada, hezitzaileek beren ahalmen espresibo eta komunikatzaile guztia erabiltzen dute ekintzaren eszenatokiaren plano desberdinetan gertatzen dena artatuz.

"Goizetan lehenengo orduan gela nagusian txikienak artatzen dituen hezitzailea, zeinak haurren ikus-eremutik mugitu behar izaten duen sukaldean biberoiak prestatzeko. Ahotsaren bitartez ere presente jarraitzen du, bi minutuz aldendu den eszenatokian".

Vicens Arnaizek aipatzen duen 'begiratu periferikoa' gaitasun honen modalitate bat izan daiteke; haren bidez, hezitzailea kokatu egiten da iharduera-gune bat espezifikoki artatzeko; baina halako moldez egiten du, non begiak jaso eta gainerako iharduera-gune ia guztiak goitik behera ikusi baititzake. Gainerako iharduera-guneez arduratu daiteke bere kokapena aldatu beharrik gabe, eta, berak une horretan zehazki artatzen duen norbanako edo taldearentzako duen prestutasunerako jarrera galtzeko premiarik gabe; eta gainera, beste norbanako eta taldeei 'presente dagoela' erakusten die.



Koordinazioa ekintzan: irakasle-bikotearen kokapenak

Tarteka, adin-talde bereko irakas-bikotea ikus daiteke BATERA, aldi berean eta modu partekatuan eskuhartze bakarra egiteko. Beste batzuetan, sarriago, BEREIZTU egiten dira, espazioan barreiatu eta zereginak banatu egiten dituzte. Zereginak elkarbanatzen dituztenean oso maiz elkarren artean OSAGARRIAK diren eginkizun eta zereginak banatu dituztela dirudi.

"Bi hezitzaileek batera abesten dute"; "biak plastikozko bi kaxetan eserita daude eta haurtxo bati eskua eskaintzen diote, bi urrats ematen dituelarik bataren eskutik bestearenera".

"Batek handiekin banku handian abestu eta salto egiten duen bitartean, beste hezitzaileak banan-banan eramaten ditu garbitzera eta haur-oihalak nola dauden ikustera"; "bata jolastokira irteten da talde erdiarekin, eta bestea geroxeago esnatzen den erdiarekin gelditzen da".

"Batak ipuina kontatzen du, eta bestea taldera joaten da (kontalariaren parez pare), sukarra duen haurra besoetan duela"; "hezitzaileetako batek haurrak gauzak jasotzera bultzatzen dituen bitartean, bestea jasotzen hasten da astiro eta isilik"; "batak korroa edo biribila antolatu eta dantza egiten duen bitartean, besteak abestu eta txaloak egiten ditu".

Hezitzaile-bikoteek beren mugimenduak, kokapenak eta ekintzak koordinatzen dituztela ikusi dugu, eguneroko zereginean bateratu, banatu eta osagarriak izan daitezen ikasle-taldearen aurrean. Horrela irakasleen presentzia indartuz.



Patroi akademiko honen azpiko "ezaguera praktikoa"

Aurreko azpiatalean Haur Eskoletako irakasleek bere presentzia erakusteko 'egiten dakitena' eta 'egoteko duten modua' jasotzen saiatu naiz. Profesional hauek bere presentzia behatzen dutenean, interesa erakustean eta ondoren erantzuten dutenean... lortzen dute. Batzutan pixka bat urrutitik, beste batzuetan lekuz aldatzerakoan, maiz aurrez aurre. Abestu eta gauzak kontatzean ere bai. Haurtxoen izenak esatean. Hotsa eta begiratua eszenatokietan barrena mugitzeko erabiltzen dutenean. Irakas- bikoteak bere posizioa espazioan eta bere zereginak behar den bezala antolatzen dituenean...

Azken azpiatal honetan deskribatu berri diren iharduera-ildoek beren ikuspegi profesionaletik izan dezaketen zentzua aurkitzera arriskatu naiz. Behaketak zuzenki jasotzen ez duen eremuan sartzen ausartu naiz. Egiteko eta egoteko moduaren azpitik egon daitezken usteak, ezaguerak, printzipioak esplizitu bihurtzen saiatuko naiz.

Zer oinarri edo erregela egin daitezke beren praktikak ikusirik edo beren praktikarekin koherente izanik? Galdera hori erantzutean ez dut azterketa osatua, bukatua, koherentea, behin-betikoa... egin dela uste. Profesional horien irakaskuntza, eguneroko zeregin eta profesionaltasunaren ulerkuntzan sakontzeko ahalegin gehigarri bat besterik ez du izan nahi.

Hauek izango lirateke oinarrietako batzuk hezitzaileen asmoa beharbada jasoko luketenak, segurtasuna ematen eta pizgarria den beren presentzia erakusteagatik:

1. Neurri handi batean, gure ikasleak ikasteko egoeran izango dira, guk proposatutako iharduera-eszenatokiek eskaintzen dizkieten aukerak aprobetxatuz; betiere, aldez aurretik edota aldi berean gaitasunik badugu seguru eta onartuak senti daitezen beren oinarrizko beharra ederki asebetetzeko. Eta horretara lagunduko du, bereziki, presente gaudela erakusteko gure gaitasunak. Beren oinarrizko beharrak erregularki, sistematikoki eta egokiro asebetetzen badira bakarrik aterako diote probetxua eskolako eszenatokietan dauden aukerei.

2. Hein handi batean, gure ikasleek hobeto aprobetxatuko dituzte proposatutako eszenatokiek eskainitako aukerak, baldin eta gai izaten bagara modu egokian eta garaiz helarazteko haurrei gure ahotsa, keinuak, begiratuak... denak ere animozkoak, proposamenezkoak, kontrol eta erregulaziozkoak, baloraziozkoak, kontsignen azalpenezkoak eta abar.

Erregela batzuk formulatu behar balira beren praktikan egiten ikusi diegunarekin koherente direnak, beharbada segidan datozen hauek labur-labur jasoko lukete duten gaitasun profesionala "haurrek behar zaituzten lekuan eta garaian ere egon zaitezen":

Zure gorputzak garrantzi handia du: utzi hitz egiten eta ikasi erabiltzen. Ikasi, halaber, haurtxoen gorputza oso adierazkorra, espresiboa dela ulertzen. Zaindu ezazu kokapena; hala eginez gero, 'begiratu periferikoak' eskaintzen duen bistaz gozatu ahal izango duzu; era berean, ia ezkutuan dauden hotsak entzun ahal izango dituzu 'entzute periferiko'aren bitartez.

Nahitaezkoa den desplazamendua egin ezazu, haurrek nonbait kokatua egon zaitezen nahi dute. Desplazatu zaitez presarik gabe, eta mugimenduan zaudenean ere izan zaitez abegitsu.

Neurtu itzazu hitzak, garrantzitsuegiak dira eta; horien bidez, haurren izenak esaten dituzu, talde horretako kide zarelako sentsazioa sortzen duzu, eta horien (modulazioaren) bidez, beraiekin zaudela jakingo dute, bai eta zu nola zauden ere. Kontrola itzazu hitzak, gehiegi edo altuegi hitz egiten baduzu, eszenako benetako protagonistak 'estali' ditzakezu, eta gainera, gutxiago eta okerrago ikusi eta entzungo duzu...

Zaindu zure erantzunaren intentsitatea eta azkartasuna; lasaitasun eta autokontrol pixka bat ongi etorriko zaizu behar baino gehiago ez esku hartzeko. Ez zaitez ezgaraiko izan: esku hartu behar da, ez, ordea, oztopatu; itxaron ezazu. Zure erantzunaren sortan badago bat 'ez esku hartzean' datzana; emaiezu aukera molda daitezen, susta ezazu beren ekimena eta autonomia: saia zaitez zure beharrik hainbeste izan ez dezaten...

Halaber, saia zaitez gela partekatzen duzuneko lankideari arreta jartzen; bateratu itzazu zure mugimenduak, kokapenak, eskuhartzeak... harenekin, zuen eskuhartze-multzoa koherentea izateko moduan, eta horrenbestez, haren eskuhartzeak zure eskuhartzeekin (eta alderantziz) indartuak geratzeko moduan et abar.

Trebezia profesional konplexuegia da, printzipio eta erregelen bidez egokiro ez jasotzeko moduko ñabardura eta zorroztasunez betea dagoena. Horra hor erakusgai gisa eman direnak, bai eta eskuhartzeen erabilera konplexuaren adibide gisa ere.