Hego Euskal Herriko Erreformako lehen promozioak burutuko ditu bere ikasketak aurki.

1999-05-01
 
 
Espaniako LOGSE erreforma legeak aurten amaituko du bere ezarpena. Hez-kuntza ez unibertsi-tarioaren ibilbide-tik irtengo da erreformaren lehen promozioa. Gazte hauek bi bide jarraitu ahal izango dituzte: Unibertsitatea eta Goi Mailako Heziketa Zikloak.

Orain arte bazen gizartean nahikoa hedatua zen jarrera, ikasketetarako balio zutenek "karrera" egin behar zuten. Besteek, "balio ez zutenek", gutxienez Lanbide Heziketa zuten ea zerbait zuzen zezaketen edo probetxuzko zerbait ikasten zuten. Honela, ikasketa aukera batek gizartearen ezagutza zuen eta gizartean, eta bizitzan bide batez, arrakasta izan ahal izateko ezinbestekoa zen Unibertsitatetik pasatzea. Bitartean Lanbide Heziketa ikasle arazodun eta motibazio galduez betez joan da, bere sorreran zituen funtzioak lausotu direlarik eta aldatuz joan behar izan dituelarik kanpotik ezartzen zihoazkion erronka berriei nola-hala erantzuten.

Honek guztiak beste ondorio askoren artean errealitate bat ondorioztatu du lan munduan: Erdi Mailako tituludunen eskasia eta Unibertsitateko tituludunen soberakina.

Konponbidea jarri nahian erreformak bereziki eragin du Lanbide Heziketan. Hau izan da ezbairik gabe aldakuntza sakon eta nabarienak izan dituen zikloa, Lanbide Heziketatik Heziketa Zikloetan bilakatu arte. Hala ere, oraindik orain jendeak lehengo bidetik jarraitzen du eta antza oso ikasle gutxi dira Ziklo Formatiboetako hautua egiten dutenak.

Urtetako inertziek eragindako jokamoldeak aldatzea zaila dela onartu arren, orain Heziketa Ziklo horietako maila ezberdinetan aurki daitezkeen aukeren berri zabaldu behar da, zabalkunde lanari ekin behar zaio.

Aipatu nahiko genuke, ideia ona iruditu zaigulako besteak beste, Kanboko Xalbador Kolegioan egiten duten esperientzia: Kolegio bukaeran, 15 urterekin gazteei aurrerantzean izango dituzten aukera ezberdinen berri ematearekin batera, ondoren ikasleak duen joera edo gustuen arabera aukeratu duen langintzan lau egunez jarduteko aukera ematen zaio. Honela, ikasleak, laburki bada ere, hautatutako lanbidea zuzenean ezagutzeko aukera du eta berak bere kasa zuen aurreiritziaren zehaztasuna baloratzeko egokiera. Zuen asmoarekin jarraitzea erabakiko balu, batxilergoan aukeran eskaintzen zaizkion ikasgaiak errazago hautatuko ditu.

Era berean azpimarratu nahi dugu Lanbide Heziketako zenbait ikastetxe eraberritzeko eta eskaera berriei egokitzeko egiten ari diren ahaleginak.

Goi Mailako ikasketak dituztenek pairatzen duten egoera saihestu nahi bada eta lan munduak eta gizarteak egun dituen beharrei hobeki egokitu ezinbestekoa da Heziketa Zikloek eskaintzen duten aukera ezberdinak plazaratu eta hedatzea.