BEGOÑ‘AZPI ikastola, Bilbo: Osasunaren heziketa

1999-06-01
Osasuna denon ahotan ibiltzen den gaia da, baina ez da hitzez soilik landu eta zaindu behar den gauza. Osasuna prebentzioa da, hots, ez gaixotzeko modurik onena prebenitzea da. Horretan ere ikasi egin behar, ordea. Nola? Bilboko Begoñazpi ikastolan badute Osasunaren Heziketa lantzeko proiektu bat eta hori azalduko digute.
 
 
Artikulua bizkaieraz dago, hots, egileek idatzitako moduan. Hori da ikastolan erabiltzen duten hizkuntza nagusia eta errespetatu egin dugu.



Ikastolan osasuna gaia betidanik landu izan dogu eta gaur egun proiektu bat osotua daukagu, praktikan daukagularik. Osasuna lantzeko proiektua da, baina gai honen barruan elementu ezbardinak dagozala kontuan izanik, helburua ez da bakarra. Gure ikasleen osasun heziketa orokorra landu nahi dogu: drogomenpekotasuna, elikagaia, autoestimua, zentzu kritikoa, higienea, ohitura osasuntsuak... Drogomenpekotasunaren prebentzioa lantzeko programa batzu osotuz joan gara urte honeetan. Baina elikagaia, higienea, autoestimua eta abar lantzeko ez dago programarik. Hori gure kabuz eta gure eguneroko ekintzen bidez lantzen dogu, eguneroko ekintzak eta ohiturak dira oinarri kasu hauetan. Adibidez, soinketa egin ondoren dutxatu egiten gara, jan baino arinago eskuak garbitzen doguz. Ekintza honeek eurekaz komentatu eta ondorioak ataratzen doguz. Adibidez, soinketaren ondoren dutxatu egin behar dogula ikasi behar dabe, baina jakin behar dabe hori ez dala beste barik egiten den gauza, arrazoi bat dagoala. Horretaz ohartu behar dira eta ohiturak hartu. Kasu honeetan, oinarria ohiturak sortzea eta mantentzea da.



Drogomenpekotasunaren prebentzioa

Aipatu doguzan arloak (higienea, elikagaia, ohitura osasuntsuak...) lantzeko programarik ez dago baina, drogomenpekotasunaren kasuan ez da horrela, Lehen Hezkuntzan, DBHn eta Batxilergoan hori lantzeko proiektuak osotu doguz. Baina zelan hasi ginan guzti hau bideratzen? Nondik sortu da proiektua?

Orain dala hamar urte inguru Etorkintza taldeagaz batera lan egiten hasi ginan, batez ere Lehen Hezkuntzan. Etorkintza Elkargoa drogomenpekotasunaren prenbentzioa lantzen dauan taldea da eta urte asko daroaz drogaren aurkako planak egiten. Zentroz zentro gure beharrizanei erantzuten ibilten dira eta arazoen aurrean euren laguntza luzatzen dabe. Gure zentroa lasaia da alde honetatik eta ez dogu arazo haundirik izan.



"Nire lagunekin baratzean" programa 6-8 urtekoentzat

1993-94. ikasturtean Bilboko udalak eta Etorkintzak gidatuta, "Nire lagunekin baratzean" proiektua martxan jartzeko gure ikastolara jo enen, gai hori lantzen urte batzuk eroaten genduzalako. Proiektuaren zentro pilotoa izan ginan eta gaur egun zentro askotan lantzen da.

Proiektu honegaz Lehen Hezkuntzan osasuna eta drogaren aurkako gaiak beste era batera lantzen jarraitu genduan. Drogomenpekotasunaren prebentzioa eta heziketa dira programa honen muinean dagozan gaiak, eta ipuinak dira irakasteko eta bideratzeko erabiltzen doguzan tresnak. 6 urtetik 8 urtera bitarteko umeak berehala sartzen dira ipuinetan eta oso egokiak dira. Ipuin honeetako pertsonaiak barazkiak dira: Patata, Idar, Kalabaza, Pepino, Azalore Jauna, Tomatea... Euren arteko bizimodua eta daukiezan arazoak kontatzen dira ipuinen bidez. Adibidez, Kalabaza lodiegia dala eta ez dala onartua. Gela guztietan dago Kalabaza bezalako arazoa dauan norbait. Patata, esaterako, pertsonaia gizajoa da eta gela guztietan dago horrelako norbait. Orduan, umeek guztiz isladatuta ikusten dabe euren burua pertsonai honeetan. Pertsonaia guztiek daukie umeek berehala antemoten daben zerbait. Honeen bitartez umeen autoestimua, ezetz esaten ikastea eta abar lantzen doguz.

Ipuin honetan droga hitza ez da inoiz agertzen, nahiz eta beste modu batera hor isladatuta egon. Adibidez, Txanpinoia pertsonai gaiztoa da eta aurre egiten ez dautson beste pertsonaia batek edabe magikoa edaten dau eta edari hori droga da. Gure ikasleek, ordea, oraindik ez dabe edaria drogagaz erlazionatzen, baina ikasi egiten dabe edari magikoari ezetz esaten. Gure arazoak konpontzeko ez dago edari magikorik, gu geu baino.

Ipuin honeek irakurteaz gain beste ekintzak ere egin daitekez: narrazio edo ipuina asmatu pertsonai bategaz, marrazkiak egin...

Hau guzti hau lantzeko ez daukagu ordu finkorik Lehen Hezkuntzan, ez daukagu tutoritza ordurik. Orduan edozein momentu egokia da gai hau lantzen aprobetxatzeko. Horrela, egun batean euskera lantzeko ipuin bat erabiltzen dogu, ahozko hizkuntza lantzeko ere balio daualarik.



Hona hemen "Nire lagunekin baratzean" programako ipuin bat:

Patatari errua bota deutse

Eguna eguzkitsua eta argitsua da. Idar eta Indaba, Idarren baloi berriagaz jolasten dabilz. Gustora dagoz Pepino eta Patata heldu arte.

- Bai baloi polita! -esan dau Pepinok- Gustatzen jat, bai!

- Nirea da -esan dau Idarrek.

Pepinok baloia kendu deutso.

- Begira! -esan dau Pepinok. Ostikada bat emon eta baloia urrun-urrun bialdu dau.

Idar negarrez hasi da eta Patatak pena hartu dau.

- Hori ez dago batere ondo -pentsatu dau- Idarren baloiaren bila noa.

Patata arineketan joan da baloiaren atzetik. Idar, bitartean, negar eta negar dabil. Halako batean Azalore Jauna agertu da. Pepinok ikusi eta alde egin dau.

- Tira, tira, zer dira zarata honek? -itaundu dau Azalore Jaunak.

Idarrek ezin izan deutso erantzun, negar-zotinka dagoalako. Baina eskua luzatu dau Patata baloia hartzen dagoan aldera.

- Nahikoa da! -oihukatu dau Azalore Jaunak -Ekarri baloia oraintxe bertan!

Patata korrika itzuli da eta baloia emon deutso Azalore Jaunari, honek eskerrak emango deutsozalakoan. Baina horren ordez, Azalore Jaunak sekulako errieta egin deutso Idarren baloia hartzeagatik.

- Nik lagundu besterik ez neban nahi -esan deutso Patatak.

Berak ez deutso kendu baloia Idarri, baina Azalore Jaunak ez deutso sinistu. Errietan egin eta Idar bakean uzteko agindu deutso.

Patata gixajoa! Ez dau gauza txarrik egin, eta hala eta guztiz ere errua bota deutse (Ikus marrazkiak).



Osasunkume programa 9-11 urtekoentzat

"Nire lagunekin baratzean" programa Lehen Hezkuntzako lehen zikloan eta bigarren zikloko lehen mailetan lantzen dogu. Lehen Hezkuntzako gainontzeko mailetan, hau da, 4., 5. eta 6. mailako ikasleekin beste programa bat osotzen dogu, "Osasunkume" izenekoa. Antzeko programa da, ohitura osasuntsuak, autoestimua, lagunen arteko erlazioa eta abar lantzeko, baina beste era batera. Hau da, ez ipuinen bidez, albumen bidez baino. Albumak kromoak daukaz eta honetariko bakoitzak istorio bat. Kromoak komentatzen dira eta batez ere ahoz, mintzatuz, lantzen da gaia. Umeekaz agertzen diran gauzak komentatzen dira: zer dagoan ondo, zer dagoan txarto, zer gertatuko litzatekeen... Ikasle bakoitzak bere albuma eta kromoak daukaz eta ikasturte amaieran etxera eroaten dute.

Kromo horreetan agertzen diran irudiak eta ekintzak drogomenpekotasunaren eta osasunaren gaiari lotuta dagoz. Adibidez, kromo batean tabakoari buruzko egoera planteatzen da., beste batean lagun batzuk edan egiten dabe eta mozkortu egiten dira. Programa honetan tabakoa, droga, alkohola agertzen eta aitatzen dira. Baina ez bakarrik egoera honek, baita lagunen arteko hartuemonak, ezetz esaten ikasi...

Lehen Hezkuntzako lehen mailetan bezalaxe, maila honeetan ere ez dago gai hau lantzeko ordu finkorik. Egokia ikusten dogun edozein une aprobetxatzen dogu edo arazoren bat agertzen dan unea.



Proiektua sendotu eta osatu da

Urte honeetan lan egin ostean, gure lana lotzeko eta osotasuna emoteko beharrean aurkitu ginan. Horrela, orain dala hiru urte, apurka-apurka joatearren, Lehen Zikloaren proiektua osotu genduan. Iaz Bigarren Ziklokoa egin genuan eta aurten, etapa osoari osotasuna emoteko, Hirugarren Zikloko proiektua aurrera eroatea erabaki dogu.

Proiektu hau gure ICPren (Ikastetxeko Curriculum Proiektua) barruan dagoanez, urtero lantzen dogun arloa da. Urtetik urtera gure prestakuntza ere hobetuz doa eta esperientziak ere laguntzen deusku.

Emaitzei dagokienez, epe ertain batera jasotzen diranez, oraindik ondoriorik ez dogu ikusi. Baina ikasleak teoria asko jaso dabe, nahiko informatuta dagoz eta erantzuna ikusiko da!



DBH eta Batxilergoko proiektua

Lehen Hezkuntzan ez ezik, DBH eta Batxilergoko ikasleei "drogomenkotasunaren prebentzioa" ikastaroa eskeintzen hasi ginan orain dala hiru ikasturte. Irakasleok egindako hausnarketa batek bultzatu ginduzan ikastaro hau antolatzen. Gure ustez, gaur egungo nerabeek eta gazteek inguruan daukiezan estimuloek sarritan "gonbidatu" egiten dabez mundu horreetako ateak zabaltzera. Bestetik, adin honetan talde presioa gogorra izaten da eta ezetz esatea gatza egiten jake. Argi ikusten genduan sendien betebeharra oinarrizkoa zala eta dala, baina ikastolak heziketa ikuspuntutik zerbait eskeini behar ebala ere bai.

Hori argi eukita, Lagungo taldera zuzendu ginan proiektua antolatzeko. Eleizbarrutiko Familia Orientazio Taldea da Lagungo. Honen laguntzaz, beraz, proiektua burutu genduan. Labur esanda, zutabe bitan oinarritzen da proiektua: informazioa eta heziketa. Lan progresiboa da ikasleen adina eta heldutasuna kontuan harturik. DBHrako eta Batxilergorako proiektua da eta etapa bakoitzean lantzen diran edukiak honexeek dira:



DBHn:

- Gaiari lotutako hiztegia.

- Drogen sailkapena eta bakoitzaren eragina giza-gorputzean.

- Kontsumoa bultzatzen daben egoerak.

- Epidemiologia.

- Droga desbardinen azterketa:

* Tabakoa.

* Alkohola.

* Opiazeoak.

* Estimulanteak.

* Psikodisleptikoak.



Batxilergoan:

- Publizitatea eta gai honetan daukan eragina aztertu.

- Taldearen presioa eta trebetasun sozialak.

- Autoestimua.

- Denbora librea, prebentziorako bidea.



Gai hauek gelaka lantzen dira, tutoritza orduetan eta maila bereko taldeak elkartu barik. Era honetan ikasleen parte hartzea errezten da, ikaskideen arteko ezagutza eta hartuemonak sendoagoak diralako. Hau, gure ustez oso garrantzitsua da, erabiltzen dan metodologia parte hartzean oinarrituta dago eta.

Ikasleek talde txikitan edo handitan egiten dabe lan, dakienetik hasi eta ez dakienerantz abiatuz. Eztabaidatu, galdetu, zalantzak argitu... egiten dira saioa zuzentzen dauan orientatzailearen laguntzaz. Orientatzaile hau kanpotik etorten den pertsona bat izaten da. Talde bakoitzean 12 orduko programa garatzen da.

Sendiak gai honetan daukan zeregina guztiz garrantzitsua eta ordezkaezina da. Hori dala eta, ikasleekin izandako saio guztien amaieran batzar bat egiten da gurasoekin helburu bigaz:

1- Euren seme-alabek landu dutena ezagutu.

2- Orientazioak hartzeko aukera euki euren seme-alabak gai honetan hezitu daiezan.

Amaitzeko, esan daigun ikastolak positibotzat joten dauala programa hau, ikasleek "EZETZ" esateko errekurtsoak eskuratzen dabezalako.