Kronika

1999-06-01
 
 
Euskal irakaskuntzari mugarik ez!
Lelo hori aukeratu dute euskarazko irakaskuntzaren alde lan egiteko bateratu diren taldeek. EHE, LAB irakaskuntza, Ikasbatuaz, Sortzen eta Ikasle Abertzaleak taldeek manifestu bateratua sinatu dute zenbait aldarrikapen gizarte osora zabaldu asmoz. Manifestu horretan azaltzen dutenez, "hizkuntzaren berreskurapenean eskolaren funtzioa garrantzitsua da. Biztanle guztiei euskara ezagutzeko eskubidea bermatu behar zaie, eta horretarako biderik ziurrena eskola eta irakaskuntza dira".
Baina errealitateak euskarazko irakaskuntza hori oraindik guztiz bermatu gabea dagoela erakusten du. Nafarroan %70ak baino gehiagok ikasten dute erdal ereduetan, Iparraldean %80tik gorak eta EAEn Lehen Hezkuntzako ikasleen laurdenak A ereduan ikasten du. Gauzak horrela, taldeok hizkuntz ereduen birmoldaketa eskatu dute.
Bestetik, Lanbide Heziketan euskarak duen presentzia sinbolikoak ere guztiz kezkatzen ditu. Arlo honetan 10.000 sinadura bildu dituzte jendearen aurrean eta Hego Euskal Herriko Hezkuntza Sail eta Ordezkaritzetan utzi dituzte. Lanbide Heziketa lehenbailehen euskalduntzeko neurriak har ditzaten eskatu dute bi arrazoitan oinarrituz: batetik, euskaldunek erdaldunek adinako eskubidea dutelako Lanbide Heziketa beren hizkuntzan egin ahal izateko, eta bestetik, lan merkatua euskaldundu ahal izateko garrantzitsua delako.
Arazo hau eta gehiago konpontzeko administrazioen inplikazioa beharrezkoa dela uste dute eta horixe bera eskatuz gutun bana igorri diete Nafarroako eta Eusko Jaurlaritzako agintariei. Datorren ikasturterako planifikazio duin bat egiteko eskaera luzatu diete.

Seaskako ikastolen estatutua aldatzeko deia
Duela 30 urte sortu zen Seaska, Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioa, eta zerbitzu publikoa eskaintzen jardun arren, oraindik ez dute halako estatuturik lortu. 1994. urtean Hezkuntza Nazionalarekin izenpetu zuten akordioaren arabera, ikastolek elkarte kontratua dute eta eskola pribatu bezala kontsideratzen dira. Ondorioz, Falloux legea dela eta, botere publikoek ezin dute ikastolen eraikuntzarik ordaindu. Beraz, Seaskaren gain geratzen da.
Premiak bultzata, Seaskak kanpaina berri bat abiatu du eskolen estatutua aldatzeko. Arduradun politikoengana zuzendu dira sostengu eske eta bilera bat ere lortu dute Paueko Akademiakoekin. Hala ere, ikusi egin beharko da zein ondorio ekartzen dituen bilerak.
Egia esan, Eurokartaren sinaketa ere tartean dago. Frantziako eskualdeko hizkuntza eta kulturek ondare kulturalaren aberastasuna osatzen dutela onartzen duen agiri politikoa da berau. Baina hori zein hizkuntzari aplikatuko zaion eta bakoitzarentzat nola erabiliko den oraindik ikusteke dago.

Euskarazko unibertsitatea ikastetxea
sortzeko urratsak

Ikastolen Elkartea, Udako Euskal Unibertsitatea, AEK eta Zenbat Gara elkartea euskarazko unibertsitate-ikastetxe bat egiteko proiektua lantzen ari dira. 2000-2001. ikasturterako abian jarriko litzateke Ikasgu Nagusia izena hartuz eta oraindik zehazteke badago ere, Durangaldean koka liteke.
Oraindik ez da zehaztu zein titulazio eta noiz eskainiko dituen, baina gaur egun dauden hutsuneak betetzeko asmoa dute. Lehenengo nahiz bigarren zikloko ikasketak eta graduondokoak eskainiko dira epe luzera eta baita ere, prestakuntza iraunkorra, hezkuntza zerbitzuak eta proiektuak sustatu, ikerketak landu eta graduondokoei arreta berezia jarri.
Hauetan guztietan euskara eta euskal kultura izango dira oinarri. Euskararen normalkuntzak ere goren mailako titulatuen beharra ekarriko du eta horiei erantzutea izango da Ikasgu Nagusiaren xedeetariko bat. Bestalde, irakasleen prestakuntzari eta ikasmaterialen gabeziari ere aurre egin beharko die.
Ez da unibertsitate bereiztua izango, unibertsitate-ikastetxea baizik, eta beraz, beste unibertsitate baten babesa beharko du titulazioak emateko. Ziurrenik Mondragon Unibertsitatea izango da babesle hori. Beste unibertsitateekin ere elkarlanean aritzeko aukera ikusten dute; Kataluniako Unibertsitate Irekiarekin, EHUko hainbat arduradunekin eta Euskal Herriko beste erakunde batzuekin. Kooperatiba autonomo bezala antolatuko da finantzabideak bertako ikasleen matrikulak eta erakunde publiko zein enpresa pribatuen laguntzak izango dira.

Euskararen normalizaziorako lege berriaren proposamena Nafarroan
Oinarriak taldeak euskararen normalizaziorako Nafarroak izan beharko lukeen legearen idatzia ezagutzera eman du. Oinarri batzuk finkatzen diren txostena burutu du eta eztabaidara zabaldu ere bai. Jendearen kontsentsua lortu du eta datorren urtean Parlamentura eramateko asmoa azaldu du, herri ekimen legegilearen gisa.
Gaur egun Euskararen Legeak euskarari jartzen dizkion oztopoak eta arazoak ikusita sortu zen legea aldatzeko premia eta horren ondotik eratu da txosten berria. Hainbat arlo aztertu dira eta bakoitzeko proposamenak jaso ere bai. Printzipio orokor bezala hizkuntza guztiek eskubide berdinak dituztela azpimarratzen da, eta haien artean ez dela bereizketarik egin behar.
Irakaskuntzari dagokionez, ikas ziklo guztietan euskara irakatsiko dela azpimarratzen da eta hala aukeratu duenak eskubidea izango duela. Komunikabideen alorrean, Nafarroako euskaldunek infor-mazioa euskaraz jasotzeko duten eskubidea azpimarratzen da eta beraz, Nafar Gobernuak komu-nikabide ezberdinek euskara erabiltzen dutela ziurtatu beharko duela.
Administrazio publikoari helduz, herritarrek jarduera publiko zein pribatu orotan euskara erabiltzeko eskubidea izango dutela aipatzen da. Eta kultura eta kirol munduan euskararen erabilera normalizatua bultzatu behar dela.