Buru <br />funtzionamenduaren pedagogia.<br />Armelle Geninet <br />irakaslearen ikerlanak

1999-06-01
Armelle Geninet matematika irakaslea da. Lan horretan daramatza hogeita bost urtetik gora eta berak dioenez berandu samar heldu zitzaion buru funtzionamenduari buruzko ikerketen berri. Hala ere, bere klasetan BURU FUNTZIONAMENDUAren oinarriak gauzatzen dituenetik, orain bizpahiru urte, aurreko denetan baino gehiago ikasi duela aitortzen du, teknika horietan irakasleen formatzaile delarik.
 
 
Bera kezkatzen zuena zen, eta beste asko ere seguruenik bai, gelako bospasei ikasleko talde bat atzean geratzen zela eta ahalegin pedagogiko handienak egin arren, talde hortakoek ezin izaten zutela besteen martxa jarraitu. Onartezina iruditu zitzaion hori eta hortik abiatu zen bere ikerketa pertsonala egitera. Zerk eragiten ote zuen egoera pedagogiko baten aurrean zenbait pertsona egokitzea eta beste zenbait ez?

Bere ikerketaren hastapenetan, gazteekin edukitako elkarrizketak lagundurik, ikasteko zailtasunak hartu zituen aztergai eta haien xehetasunak ikasi. Lan honek adimenak egiten duen ibileran oinarritutako tresna pedagogikoak sortzen lagundu zion. Bere helburua zen, erabat ezabatzea ezinezkoa bada ere, eskolako porrota gutxitzea. Porrota ez da halabeharrezkoa. Hura erremediatzeko badira ideia eta baliabide franko, baina hau garrantzitsua izanik, are gehiago da porrota prebenitzea. Horretarako adimenaren funtzionamendua jakitea behar da, eta horretan ari zenean aurkitu zuen Antoine de la Garanderie ikerlaria.

Ahaztu ezineko eskola urteak izan zituen gizon honek, maila anitz errepikatu zituen harik eta entzumenaren arazo bat zuela konturatu ziren arte, hau da, gorra zela. Harrez geroztik idatzizko dokumentuak eman zizkioten lan egin zezan. Filosofia eta Biologia ikasketak egin eta bere 79 urterekin ikerlari ezaguna bihurtu da egun.

Urtetan zehar ikasketa arrakastatsuaren ezaugarriak aztertu izan ditu, hau da, ezaguera edo kontzepturen bat arrakastaz jabetzeko egoeran dauden ikasleek erabiltzen dituzten estrategia mentalak. Hemendik sortu ziren buru funtzionamenduaren oinarriak.

A. de la Ganderieren lan guztiak galdera eta hipotesi baten gainean eraikitzen dira. Zerk eragin dezake porrota ala lorpena adimena, borondatea eta faktore sozialak normalak direnean? da galdera. Hipotesia, berriz: Adi egotea, pentsatzea, ulertzea, gogoratzea eta irudikatzea funtzionatzeko egitura jakinak dituzten keinu mentalak dira.

A. de la Ganderieren ideia hauek oinarritzat harturik egin ditu bere ikerketak Armelle Geninetek. Berak ikusitakoa aditzera emateko asmoz hurbildu zen Seaskak Miarritzen burututako VI. Jardunaldi Pedagogikoetara. Hurrengo lerrook bere azalpenei leku egiteko aprobetxatuko ditugu; berea da hitza.



Armelle Genineten ikerlanak

Has gaitezen A. de la Garanderieren lehen printzipioarekin"Ez dago oroitzapenik gabeko ikasketarik".

Jakina da, guk entzuten edo ikusten dugunez, zeharo pertsonala den tratamendu mentala egiten dugula. Honen frogatzeko adibide hau: Eman dezagun hitz bat esan eta hark guregan eragiten duenaz ohartzeko eskatzen digutela. Suposa dezagun hitz hori "botila" dela... Zer gertatzen ari zaizue? Norbaitek ikusi al du botila? Betea? Hutsa? Ardo botila, txanpain botila? Inork entzun al du botila barrukoa edalontzira erortzen? Edo burbuiluen soinua? Botila hitza errepikatu al duzue? Botila barruko edariaren gustua sentitu? Usaina hartu?

Ohar gaitezen hitz bakar batek zenbat oroitzapen ezberdin eragin ditzakeen. Bada, gauza bera gertatzen da ikasleekin "perimetroa", "esfera", "metro karratua", "adjetiboa"... esatean.

Adi, pertzepzioa eta oroitzapena ez dira gauza bera. Bereizketa hau errealitate pedagogikoa bezain biologikoa da gainera, frogatu baita oroitzapen prozesuan dauden pertsonei egindako elektro-enzefalogrametan burmuinaren uhinen aldakuntza antzematen dela eta kortexaren aktibitatearen %30-40ko handitzea gertatzen dela. Gainera, oroitzapenetara pasatze hau ez da automatikoki egiten!

Botila hitzaren jokora itzuliz, seguru da batzuren batzuek ez duzuela mentalki ezer egin bai harrituta zeundetelako edo beste zeozer espero zenutelako. Era berean, porrot handia bizi duten ikasleek ere ez dute ikasgaiari buruzko oroitzapenik izaten eta Garanderieri kasu eginez, oroitzapen desegokiekin edo ezarekin ez dago ikasketarik!

Pentsa dezagun zenbaki batean. Egin izan ditudan esperientzietan, ikasle edo heldu guztiek, espontaneoki, zenbaki oso batean pentsatu izan dute. "x" ikustean "zenbakia" pentsa dezake ikasle batek eta hortaz zenbaki osoa. "-x" ikustean seguraski zenbaki negatibo batean pentsatuko du. Baina matematikan -x negatiboa bezalaxe izan daiteke positiboa ere. Beraz, oroitzapen espontaneo hauek traba izan daitezke, eta badakigu zailtasunak dituen ikaslea oroitzapen espontaneo hauen menpe dagoen ikaslea dela. Egiaztapen honetatik ondorio pedagogiko bat ateratzen da: oroitzapenaren pedagogia sustatu beharrarena.



Irudi mentalak

Bestalde, pertzepzioa ez da gogoratzeko nahikoa izaten. Usu uste dugu haur batek testu batean hitz bat 10 aldiz ikusteagatik ortografia zuzenaz idazteko gai izango dela. Ikustea edo 20 aldiz kopiatzea ez da aski izaten, oroitzea falta baitzaio oraindik. Eta bestela, gai izango al ginateke alde guztietan milaka aldiz ikusitako Coca-Colaren logoa marrazteko oraintxe bertan? Seguraski ez. Baina logoa erakutsi, buruan irudikatzeko eskatu eta gero marrazten hasiz gero, errazagoa litzateke. Zer gertatzen da? Bada, irudi mentalak sortzen direla. Hauek izan ditezk ikusmenezkoak, entzumenezkoak, ahozkoak edo kinenstesikoak . Denoi sortzen zaizkigu ikusmenezko edo entzumenezko irudi mentalak, bietako bat nagusitzen zaigularik. Gero hauei berbalizazioa edo kinestesia gehi diezazkiekegu.



Oroitzapenen sailkapena

A. de la Garanderiek oroitzapenen sailkapen hau egiten du:

- 1. parametroa : Konkretua denaren oroitzapenak (pertsonak, gauzak, keinuak, gertakariak). Adibidez, botila bat ikusi edo entzuten dut.

- 2. parametroa : Kodeen oroitzapenak (hitzak, zenbakiak, formulak, ikasketa automatikoak). Adibidez, b-o-t-i-l-a hitza ikusi edo esaten diot neure buruari.

- 3. parametroa : Lotura logikoak (buruketak egiteko estrategiak, analisia, sintesia, indukzioa, dedukzioa). Adibidez, botila forma ezberdinak ikusi eta ekoizpen prozesuaren pauso guztiak kontatzen dizkiot neure buruari.

- 4. parametroa : Lotura bereziak (aurkikuntza, asmakuntza). Adibidez, itsasoan mezu bat daraman botila baten ipuin bat asmatzen dut.

Nolakoa ote da parametro hauetariko bat nagusitzen zaion ikaslearen jarrera?

1. parametroko joera nagusia duen ikasleak kurtsoan zehar anekdotak, irakaslearen jantzien kolorea edo orrazkera, edo aldamenekoaren eztula baino ez du jasoko gogoan. Inguruneko afektibitatearen eragin handia izango du. Horrelako oroitzapenak zaildu egiten dute kontzeptu matematikoen ulermena.

2. parametroan kokatzen diren ikasleak beti errezeta eta formula bila arituko dira, gogokoa dute buruz ikastea. Ondo moldatzen dira gauzak "nola egin" erantzun beharreko arloan.

3. parametrokoek lotura logikoak dituzte atsegin eta gauzen zergatiak interesatzen zaizkie. Gustukoagoak dituzte azalpenak aplikapenak baino. Antolatzaile onak dira eta ezin dute ezer bereganatu lehendabizi ulertu ez badute.

4. parametrokoak dira urrunago joaten direnak. Bere irudimeneko eremuan ibiltzen dira. Ikasle batek laukien azalpenaren ondoren zera esan zuen: "Ziur al zaude ez dagoela oraindik inork asmatu ez duen laukirik eta nik asma nezakeenik?".

Ikasleak joera nagusiko parametroaren menpe daude, harrapaturik, harik eta beren buruan gertatzen dena azaldu eta ohitura berriak hartzen trebatuko dion irakaslearekin topo egin arte. Baina ez dezagun uste ikasleak direla bere parametro nagusietan preso dauden bakarrak, helduetariko inork ere ez ditu lau parametroak era berean garatu. Oroitzapen ohitura horiek egiten gaituzte heldu ezberdinak, eta era berean irakasle ezberdinak ere bai. A. de la Garanderiek esan zuen bezala: ongi antolatutako pedagogia norberaren baitan hasten da. Ezin da ulertu nola oraindik irakasle gazteen formakuntzan ez duten beren ohitura mental hauek ezagutzeko aukera izaten.



Buruko oroitzapenen joerak

Pertsonen oroitzapen mentaletan badaude konstanteak deitzen diren erakusleak eta hauek, aldi berean, bi motakoak izan daitezke. Batzuk globalak, sintetikoak eta espazialak dira, espazioaren esparru mentalean eraikitzen direnak. Beste batzuk, berriz, linealak, analitikoak eta tenporalak, denboraren esparru mentalean eraikitzen direnak. Adibidez, "zaldia lauhazkan" esaten badut, zer gertatzen da zuen buruetan? Batzuek filme bat egingo dute, zaldiaren mugimenduak entzun edo sentitu mugimenduaren jarraikortasunei lehentasuna emanez. Aitzitik, beste batzuek, postura dinamiko batean dagoen zaldi baten irudia izango dute, irudi geldi horrek gordetzen baitu inplizituki aurretik gertatu dena eta ondoren gertatuko dena. Lehenek denborari ematen diote lehentasuna eta bigarrenek espazioari.

Gaur egun oraindik euskarri pedagogikoak nagusiki lineal itxurakoak dira, matematikan batez ere; algebra, geometriako teoremak... Ikasteko zailtasunak dituzten haur gehienek azalpen globalak beharko zituzketen, sintesiarako aukera, alegia. Premiazkoa da irakasleek erabiltzen duten ikasmaterialek egitura epistemologikoak dituztela konturatzea, beren azalpenetan linealtasuna eta globaltasuna txandatuz erabil ditzaten.



Biderketa taulak

Azter dezagun biderketa taulekin gertatzen dena. Ohitura denez irakasleak taula osorik, ahoz eta buruz esateko eskatzen dio ikasleari. Lan hau logikoa eta arrazionala da eta maiz burmuineko ezkerreko hemisferioarekin lotu izan da. Horrela, taulak ikastean soilik hasten dira irakasleak horrelako galderak egiten: 6x7 = ?

Lehenbiziko eskakizuna eta geroko galdera ondoko bi estrategia hauen kontrako zentzuan doaz. Bata denborazko ikasketaren kontra, eta bestea taula osoa eta ordenean buruz ikastearen kontra, gero galderari erantzuteko elementuak bereizi eta ordena hartatik atera beharko baititu.

Horrelako ariketa batean suposatu ohi da, oker nire ustez, buruz ikastea eta ulertzea batera doazela eta ikasleek errazago ikasiko dituztela taulen emaitzak hauek nola lortzen diren ulertzen dutenean. Beharrezkoa da osotasunaren jabe izatea haren elementuak ulertzeko, diote, eta taula osoa buruz ikasiz gero, berehala jakingo du 6x7= 42 dela.

Azter ditzagun buruz jakitearen estrategia mentalak. Informazio kopuru handi baten memorizazio lan batean, ekintza mentala informazio berrien kopurua murrizteko egitasmoarekin egituratzen da, lehendik buruan gordeta zeuden informazioekin lotura minimoak sortuz.

Ikus dezagun taula bat (Ikus 1. taula).

Taula hau hiru espazio bertikaletan banatzen dute haurrek: elementu iraunkorrak, lehen hamar zenbaki osoen zerrenda eta elementu aldakorrak.

Ikasleek biderketa taula esaten ari direnean ez diete zenbaki guztiei garrantzi bera ematen. Eskubiko zutabekoak dira inportanteenak, erdikoak askoz gutxiago eta ezkerrekoak apenas.

Ikasketa bertikal horretan hasierako 30 informazioak hirutan bilaka daitezke eta ikasleen buruan horrela izaten da gehienetan.



6 lehen 10 zenbaki +6 osoen zerrenda



6x7= ? galderaren erantzuna bilatzeko aktibitate mental hau aldatu beharrean dago ikaslea orain.



..............................................

..............................................

..............................................

.............................................

6.........x........5........=.........30

.............................................

6.........x........7........=.........42

.............................................

.............................................

.............................................



Hemen sortzen dira hamar espazio horizontal (batzuk besteengandik independienteak), hamar azpi multzo. Goragokoarekin alderatuta zenbaki denak dira inportanteak, hirurak dute premia bera eta gogoan gordetzeko garrantzi berbera dute. Ikasketa horizontal honetan 30 informazio horiek hiruko taldeetan antolatzen dira eta hiru zenbakidun multzo horizontal bakoitza beste multzoekiko independientea da.

Zer zailtasun sortzen dira orain? Entzumenezko irudi mentalak nagusitzen zaizkien ikasleek ezin dituzte biderketa taulak buruz ikasi, gogoan jaso behar duten informazio kopurua izugarria baita (30 taula bakoitzeko). Beraz, linealki eraikitzen segitzen dute, gehiketen bidez jardunez. Informazio horiek guztiak informazio bakar batera murrizten dituzte. "6 gehitzen dut" eta batzuetan behatzekin ere kontatzen segitzen dute. 6x7= ? galdetutakoan taularen hasieratik hasten dira 6x1, 6x2..., batez ere 3. parametrokoak, lotura logikoak bilatzen dituztenak.

Ikusmenezko irudi mentalak nagusitzen zaizkien ikasle askok ez dute ikusmenezko oroitzapenez baliatzea pentsatu ere egiten eta entzumenezkoak erabiltzen setatzen dira. Honek porrotean bukatzen du, noski.

Taula osoa buruz esatetik 6x7ren emaitza berehala aurkitzera pasatzeak estrategia aldaketa itzela eskatzen du. Zentzu bertikaleko eraikuntza baztertu behar dute, ahaztu buruz ikastearen lotura lineala, 6a eta 7a aurrenetik gogoan zuten lekura eraman, hasierako multzoen loturak hautsi eta lotura bereziak (denborazkoak nahiz espazialak) sortu azpi multzo autonomoak osatu ahal izateko eta lotuak ez ziren hiru zenbakiak elkartu eta horizontalean globalizatu ahal izateko. Estrategia aldaketa hau zailtasun gaindiezina suertatzen da ikasle askorentzat, taula buruz esatearekin osoko multzo bakarra eraiki baitute, eta orain, hura eraitsi beharrean baitaude beste era batera berreraikitzeko. Honek goitik behera zalantzan jartzen du aukera pedagogiko honen egokitasuna.



Buru egitasmoa

Zer eragiten du adi egoteak, oroitzeak, gogoeta egiteak, ulertzeak edo imajinatzeak? Esate baterako, artikulu hau irakurtzerakoan gutariko bakoitzak badu bere oroitzapenak zuzentzen dituen barruko egitasmo mental bat. Egitasmo hau gure oroitzapen guztiak gidatzen dituen hari nagusia da. Egitasmo mental inkontziente horrek irakurritakoaren artean sailkapen bat egitera eramaten gaitu eta galdetuak izango bagina erantzun ezberdinak emango genituzke, seguruenik. Hauek gu kontziente izan gabe guregan sartzen diren egitasmoak dira.

Jardun mental bakoitzari egitasmo zehatz bat dagokio. Gutariko bakoitzak egitasmo egitura nagusiak garatuak izaten ditu eta hauek arlo batzuetan lorpena eta besteetan porrota izatea baldintzatzen dute.

Ulermena adibidetzat hartuz gero, ikasle batzuentzat ulertzea aplikatzen jakitea da eta beste batzuentzat azaltzen jakitea. Arrakastadun ikaslea biak egiten dakiena da, bat nagusitzen bada ere. Epe luzerako lorpenak nahi baditugu era horretan trebatzen lagundu beharko lieketen irakasleak behar lituzkete ondoan.



Ulertu ala ikasi

Oso zabaldua dago beste era honetako pentsakera: "Ulertu dute, beraz badakite". Hau ez da egia. Ulertu dute, baina ez dakite. Gogoan jasotzeari garrantzia kendu zaio ulermena hobestu izan delako.

ulertu eta ikasi bi keinu mental ezberdin dira, osagarriak eta lagungarriak, baina ezberdinak. Ulertzea hemen eta orain izaten da, ikasteak, ostera, beste nonbait eta beranduago ere iraun behar du.

Kudeaketa mentalak tresna bat proposatzen du elkarrizketa pedagogikoa , ikasle eta irakasleentzat ere lagungarri izango den komunikazio tresna eta zalantzan jartzearen teknika bat. Ikasleari bere oroitzapenez eta bere baitan dituen egitasmoez kontziente izaten lagunduko dio eta irakasleari ikasleen zailtasunen oinarria ahal bezain laster antzemateko arrastoak agerian jartzen dizkio. Ikaslearen buruek nola funtzionatzen duten aztertzeak egoera pedagogikoak irakurtzeko taula berri bat ematen die irakasle guztiei eta berrikuntza pedagogikoei ate berriak zabaldu.



Buru funtzionamendua aztergai UEUn

Armelle Geninet buru funtzionamenduan formatzailea da egun eta bere ideiak Euskal Herrian ere zabaltzen ari dira. Mikel Erramouspe Baigorriko Bil Etxea Kolegioko zuzendaria eta Historia-Geografia irakaslea buru funtzionamenduaren inguruko ideia hauek aplikatzen dabil. UEUko uda ikastaroetan emango du horren berri, Miarritzen, uztailaren 8an eta 9an. Lehenengo egunean hiru gai aurkeztuko ditu: "Buru funtzionamenduaren edo gogo-erabilketaren aurkezpena", "Gogoratzea" eta "Ohartzea eta gogoan hartzea edo memorizatzea". Bigarren eta azken egunean beste hiru gai landuko ditu: "Gogoetatzea eta ulermena", "Irudimena" eta "Gogo-erabilketa klasean edo taldean, eta gogo-erabilketa bakarka".