Praktikatzen: Eraldaketa motak
Baina nolako eragina izan du honek guztiak eskolan? Nola erantzun die eskolak kanpotik egin zaizkion eskakizun anitz eta, askotan, kontrajarriei? Zein eraldaketa gertatu dira eskolaren baitan eta zergatik? Hauexek ditugu, besteak beste, erantzun beharreko galderak. Azken urteotan eskoletako eraldaketa prozesuetan ezartzen ari diren baliabideak (orduak, ahaleginak, dirua...) nabarmenak izan dira eta merezi du zer gertatzen ari den aztertzeak.
Nire ustez, une honetan garrantzitsuena ez da eskolan eraldaketa asko eta sakonak egitea, gertatzen ari dena ulertu eta zentzua bilatzea baizik. Ikastetxe askok transformazio itsaso batean galdu dute norabidea eta berriro hura aurkitu beharrean daude. Zeregin horretan hurrengo gogoetak baliagarriak izango direlakoan nago.
Oinarrizko eraldaketa ereduak
"Eraldaketa" askotan erabiltzen den kontzeptua izan arren, ez da berez batere sinplea. Psikologia, soziologia, ekonomia eta hainbat arlotatik ikertua izan da eta osagai anitz eta konplexuz osatua dela ikusi da. Hurrengo lerroetan erakundeen eraldaketa eta, zehazkiago, eskolarena izango dugu aztergai, bere deskribapena eta funtzionamendua ulertzeko lagungarriak izan daitezkeen kontzeptuak analizatuko direlarik.
Hiru eraldaketa mota bereiztuko ditugu: eboluzio-eraldaketak, egokitzapenezkoak eta programatikoak. Hasteko, bakoitzaren alde teorikoa ikusiko dugu gure errealitatea hobeto uler dezagun, ahaztu gabe eraikuntza teorikoak diren heinean ez direla errealitatearen isla zuzenak izango.
Eboluzio-eraldaketak
Eraldaketa hauen adibideak maiz atzeman daitezke gizartean eta naturan. Gizakiaren bizitzaren lehenengo urteetan gertatzen diren eraldaketarik nabarmenenek eboluzioa dute oinarri. Aldaketa horiek begi-bistakoak eta beraz onarterrazak izaten dira. Naturan eta gizakiarengan ez ezik, erakundeetan ere gertatzen da eboluzioa eta, horrenbestez, baita eboluzio-eraldaketak ere. Erakundeak jaio, garatu eta hil egiten dira. Historia bat dute, motzagoa edo luzeagoa, eta modako "kultura" delakoa ere bai.
Baina beste zein ezaugarri dituzte mota honetako eraldaketek? Jarraian aipatuko ditut nire ustez nagusienetarikoak direnak:
- Halabeharrezkoak dira.
- Ez daude gure kontrolpean.
- Ez daude guztiz xedatuak.
- Kontzienteki edo inkontzienteki gerta daitezke.
- "Arau" bati jarraitzen diote.
- Beraietaz dugun esperientzia intuitiboa formala baino askoz hedatuagoa dago.
Erakundeak eta pertsonak eboluzio baten arabera garatzen bagara ere, ez gaude erabat baldintzaturik. Ingurukoak eta norberaren askatasunak ere badute zer esana prozesu horretan, jakin baitakigu eraldaketa batzuk ez daudela gure kontrolpean. Guk ezin ditugu haiek programatu, baina agian aurreikus ditzakegu gutariko bakoitzak dugun esperientzia intuitiboaren bidez. Zehazki nola jakin gabe, askotan egoera baten aurrean "denborak konponduko du" pentsatu izan dugu.
Erakundeak pertsonak bezalaxe ez dira hutsetik hasten. Historia bat dute gibelean eta horrek martxan jarri nahi diren eraldaketen prozesua baldintzatu arren, ez ditu erabat mugatzen, lehen ikusi dugunez.
Asko ikas genezake honetatik guztitik eskoletan gauzatu beharko genituzkeen eraldaketak burutzeko. Beraz, eskolaren historia eta kultura ere kontuan hartu beharko ditugu. Hona hemen aintzat hartu beharreko iradokizun batzuk:
1. Batzuetan, eskolaren historia larregi ezagutu gabe jarri nahi izaten dira eraldaketa prozesuak martxan eta hau arriskugarria da eraldaketaren arrakastarako, arazo ugariren iturburu bilakatzen baita.
2. Askotan, beste eskoletan arrakastatsuak suertatu diren berrikuntzak gurean ezarri nahi ditugunean, ez diegu behar adina kasu egiten eskola ezberdinen historien berezitasunei. Honek zer esan handia du berrikuntzaren ezarpenean.
3. Eskolan esperientzia handia duten pertsonez baliatu behar dugu. Beraiengandik jaso daitekeen informazioa oso aberasgarria eta baliagarria suerta daiteke eraldaketa prozesuaren egokitasuna baloratzeko orduan.
4. Eskolan oso errotuta dauden praktika pedagogikoak aldatzerakoan arreta berezia jarri behar dugu, behar hainbat denbora hartuz haiek ordezkatuko dituen praktika berria ondo ezagutzeko eta esperimentatzeko zaharra baztertu baino lehen.
5. Eraldaketa batzuk ez dira gertatuko baldintza egokiak ezartzen diren arte. Eraldaketaren bat proposatzerakoan, oinarrizko baldintzak betetzen diren ala ez jakin behar da. Beteko ez balira eta gure esku balego, baldintza hauek lortzeko ahaleginak egin beharko genituzke. Hori ziurtatzerik ez badago, hobe da baldintza hauek izan arte itxarotea. Izango da aukera aurrerantzean berriz ekiteko.
6. Taldea zein norbanakoaren berezko eboluzioa aintzakotzat hartu beharrekoa da. Ikerkuntzak agerian uzten duenez, hainbat aldi edo etapa bereiz daitezke irakasleen eta erakundeen garapenean. Bakoitzari dagozkion bereizgarrien artean, eraldaketari aurre egiteko gaitasuna dago, besteak beste.
Egokitzapenezko eraldaketak
Ikastetxeetan jazotzen diren eraldaketen artean hauek ditugu ugarienetarikoak. Horrelakoak franko ezagutu ditugu hezkuntza munduan, gizartean gertatutako eraldaketek nabarmen eragin baitute ikastetxeetan.
Eraldaketa hauetan ondorengo berezitasunak antzematen dira:
- Inguruak duen eragina nabarmena da.
- Beste eragile bati erantzuteko sortzen dira.
- Erantzuna erabakitzeko, teoriz, askatasuna badago ere, praktikan oso baldintzatuta daude.
- Mota honetako eraldaketak lehentasun handikoak izaten dira, erakundearen iraunkortasuna tartean egoten baita.
- Ohituraren poderioz, eraldaketa hauek nahiko automatikoak bihur daitezke eta jarrera ez-kritikok eragin.
Bestalde, inguruak eskolarekiko egiten duen presioa areagotzen ari da. Presio hori eskolak gizartearen beharrizanei egokiago erantzuteko eraldaketei euts diezaien zuzendua dago. Mende honetako gizartean eta munduan gertatutako eraldaketa askori bizkarra eman diola egotzi zaio eskolari, eta egun, haietara moldatzeko eskakizuna gero eta nabariagoa da.
Nola jokatu behar du eskolak errealitate honen aurrean? Argi dago ezin duela gorrarena egiten jarraitu. Bere muga eta baldintzez jabetu behar du eta gizarteak dituen arazo guztien konponbide nagusia ezin dela bihurtu. Honek aukeraketa baten aurrean kokatzen du eskola. Baina ba al du aukeraketa gaitasun, bitarteko, borondate eta baldintza nahikorik? Desafio honen aurrean, uste dut hausnarketa dela behar beharrezkoa duen abiapuntua.
Eskolaren "inguru" honetan hiru eremu bereiztuko nituzke: gizartea, administrazioa eta eskolaren inguru hurbila. Eremu hauen arteko hartu-emanak eta lotura agerikoak dira eta bereizketa hau eskolarekiko izan dezaketen eraginaren arabera egingo dut.
1. Ezartzen dituen irudikapenen bitartez gizartea, oro har hartuta, eragin iturri nagusia dugu eskolan. Eragin hori, batzuetan ez da zuzenean jasotzen, zeharka baizik. Eraldaketa teknologikoak, giza harremanetakoak, langabezia, informazio kudeaketaren berrikuntzak, munduko alde ezberdinen arteko elkar-menpekotasuna eta abar ditugu horren adibide. Eragile hauek eskolaratzeko hainbat bide erabiltzen dira:
Alde batetik, eskolari proposamen zuzenak egiten zaizkio: programak, curriculum bereziak, kanpainak...
Bestetik, irakasleak, gizakideak diren heinean, bizi diren gizartearen balio eta usteen eramaileak dira.
Azkenik, politikariek, gizartearen ordezkari diren heinean, haren kezka eta beharrizanak hartzen dituzte aintzat. Politikariek estatuak eskuetan jartzen dizkien tresnen bitartez (eskola barne) eragiten dute.
2. Administrazioak, berriz, hartzen dituen erabakien bidetik eragin handia du, administrazioa jabea den eskoletan batez ere.
Azken garaiotan gainera, joera kontrajarriak somatzen dira arlo honetan. Alde batetik, administraziotik ikastetxeen autonomia aldarrikatzen da eta horretarako zenbait neurri jartzen dira martxan. Bestetik, Hezkuntzara bideratzen diren baliabide ekonomikoen eta emaitzen kontrolatu nahia azpimarratzen da. Aldi beran, zentralizazio eta deszentralizazio mugimenduak sortzen ari direla dirudi.
Administrazioaren azaleko kontrajartze honek ondorio zehatzak dakartza eskolarentzat. Horrela, administrazioak, autonomia aitzakiatzat hartuz, gizarteak Hezkuntza Sistemari egiten dizkion eskakizunen erantzukizuna ikastetxean kokatzen du, berak ikastetxeen arteko jokozainaren papera bereganatzen eta, noski, joko arauak ezartzen dituelarik. Ez da beharrezkoa ohartaraztea arau horiek noraino baldintza ditzaketen eskolan sor daitezkeen erantzunak.
3. Azken eremua eskolaren inguru hurbilarena da. Bertan, herriko edo auzoko ezaugarri eta baldintzak, gurasoenak eta ikasleenak sartzen dira, hiruren arteko lotura eta eragina zuzena delarik. Eskolak bere inguru hurbiletik pairatzen duen isolamendua deusestatzeko beharra du. Hezkuntza erkidegoan dauden talde guztien (irakasleria, gurasoak, ikasleria, beste langileria...) partaidetza bultzatu beharko luke eta tokian tokiko beharrizan eta arazoei irekia egon eta sentikorra izan, ondorioz inguru hori aldatzen ahalegindu beharko lukeelarik. Baina, zein da eskolak gure inguru hurbilarekiko izan beharko lukeen jarrera? Inguru horretatik datozen presioei eutsi eta dauden "bezeroen" eskakizunei moldatu merkatuan mantentzeko? Ala jarrera kritikoa mantendu gizarte osasuntsuagoa, bidezkoagoa eta helduagoa lortzeko ahaleginetan? Hitz gutxitan, eskola erreproduzitzailea ala transformatzailea izatea dago jokoan. Ez da hau eztabaida honetan gehiago sakontzeko unea, baina, hala ere, eskolan sortzen diren eraldaketa prozesuen oinarrian dagoela aitortu behar da.
Honetatik guztitik ondorio batzuk atera daitezke:
1. Eskolak ezin du bere inguruko eraginetik ihes egin. Eskolak ingurua ahazten badu inguruak eskola gaitzetsi egingo du.
2. Inguruak egiten dizkion eskakizunak era kritiko batez aztertu beharko lituzke.
3. Eskolak ez du zentzu eta norabiderik gabeko eraldaketa kate batean erori behar. Inguruari moldatzearena ez litzateke eraldaketarako arrazoi bakarra izan behar.
Eraldaketa programatikoak
Hauek eskolaren xede eta helburuekin lotura zuzena dutenak dira, eskolak bere helburuak lortzeko planteatzen baititu eta hortaz, eskolaren barrutik bultzatuak eta erabat xedatuak dira. Eraldaketa programatikoen beste ezaugarriak hauexek dira:
- Norbaitek bultzatzen ez baditu ez dira berez gertatzen.
- Lortu nahi diren helburuen inguruan adostasunik ez badago nekez lor daitezke.
- Ezinbestekoak dira eskolan sortzen diren eraldaketen norabidea markatzeko.
- Aurreikusi egin behar dira eta lehentasunak markatu.
- Egoera batetik nahi den egoera berrira pasatzea planteatzen dute.
Azken urteotan eskolaren xedeen eta helburuen inguruan hainbat dokumentu burutu dira. Dena den, dokumentu hauen eragina ez da handia izan, bertan planteatzen zena gauzatzeko baliabideen falta nabaria izan delako. Eraldaketa programatikoek eskolaren gaurko egoeratik helburuetatik hurbilago dagoen beste egoera batzuetara igarotzeko tresnak behar dituzte. Gakoa zera da, ordea: igarotze bide hori programatzeko era.
Eraldaketa moten arteko harremanak eta loturak
Azterturiko eraldaketa horien artean nolabaiteko hierarkizazioa igartzen da. Oinarrian eboluziozkoak daude eta gailurrean programatikoak, egokitzapenezkoak tartean direlarik, beheko eskeman irudikatzen den moduan:
Aurkeztu ditugun hiru oinarrizko eraldaketetatik bigarren mailako beste batzuk eratortzen dira. Hauetan oinarrizko eraldaketak neurri eta modu ezberdinetan konbinatzen dira. Eta beraien eragina nolakoa den ikusirik (eragin nabarmena + ikurraz adierazia dago taulan eta nabarmena ez dena -), bigarren mailako zazpi eraldaketa berri bereizten dira (Ikus 1. taula)
Garapenezkoak
- Gehienetan gure eskuetan ez badaude ere, oso kontuan hartu beharrekoak dira. Adibidez, ikastetxe berri baten hasierako urteetan irakasleen arteko elkar ezagutzea, moldaketak egitea eta horrek ekar ditzakeen ondorioak funtsezkoak izaten beste edozein eraldaketa prozesu proposatzerakoan.
- Mota honetako eraldaketa asko edo sakonak sortzen badira, zaila gertatuko zaigu beste batzuk aurrera ateratzea, hauek lehentasuna dute eta.
Jarraikortasunezkoak
- Helburua jarraikortasuna izanda, hauek ere lehentasuna dute.
- Eraginkortasuna eta eragingarritasuna bilatu behar dugu, behar baino energia gehiago ez higatzeko horretan.
- Besteen espektatibak ondo ezagutzea komeni zaigu.
- Askotan eraldaketa hauek iraganbide huts bihurtzen dira.
Programatikoak
- Xedatuak dira eta, beraz, adostasuna behar da. Amankomunak izan behar dute.
- Programatu egin behar dira, normalean ez baitira berez sortzen.
- Ez dira behin betikoak, baina gutxieneko iraunkortasuna beharko lukete.
- Denbora luzeagoa behar dute eta pazientzia gehiago gauzatzeko.
Moldatzekoak (Politikoak)
- Eboluzio-eraldaketak ez die barruko eragileei soilik erantzuten, kanpokoek ere jasotzen dute haren eragina.
- Gure kontroletik kanpo gertatzen diren eraldaketak, hots, geuk aukeratzen ez ditugunak dira eta kontuan hartu behar ditugu.
- Eskola munduan dago kokatuta eta erreala da, beraz ditugun baliabideak, ingurunea eta baldintzak ezin ditugu ahaztu.
Pragmatikoak
- Hauetan gehienak egokitzapenezkoak izanik ere, ez dute zertan ikastetxearen helburuen kontra joan behar. Batzuetan ingurutik datorkion eraginak aukera ezin hobeak eskaintzen ditu eskolaren helburuak lortzeko.
- Ikastetxearen xedeetan bere gizartearen helburuak jaso behar dira, eta harantzago eramaten saiatu ere bai. Beraz, eraldaketa probetxugarrienak bi mota horietakoak (egokitzapenezkoak eta programatikoak) uztartzea lortzen dutenak dira.
Hobekuntzakoak
- Ikastetxearen momentu historikoak, baldintzek eta kulturak bere helburuen zehaztapena baldintzatzen dute. Horrexegatik, proposatzen diren eraldaketa hauek biak, helburuak eta eboluzioa, kontuan izaten dituzte.
- Eraldaketa hauetan ikastetxeak barrukoari begiratzen dio batez ere.
Egiturazkoak
- Hauek dira garrantzitsuenak eta konplexuenak, oinarrizko hiru eraldaketak biltzen direlako bere baitan (eboluziozkoak, egokitzapenezkoak eta programatikoak).
- Hezkuntza erkidegoko partaideen ahalegin handia eskatzen dute eta konpromezua ezinbestekoa da. Horregatik, gutxieneko emankortasuna bermatu ahal izateko, adostasun maila zabala lortu behar da haien artean.
- Aldaketa sakonak eragiten dituzte, baina denbora luzea eta antolaketa sendoa eskatzen dituzte.
Eraldaketa asetze maila
Erakundeek ez dute eraldaketak egiteko mugagabeko gaitasunik. Bizirik jarraitzeko gutxieneko eraldaketa maila behar badute, gutxieneko iraunkortasun maila ere ezinbestekoa dute. Beste aldetik, eraldaketek berekin dakarten "kostua" (denbora, ahaleginak, bitartekoak...) ere ordaindu beharra izaten dute ikastetxeek. Horrenbestez, erakunde batek ezin du edozein eraldaketa maila gauzatu. Muga bat badu: maila kritikoa. Baina muga honek ez du erakunde guztietarako berdina izan behar.
Honetatik ondorio garbia ateratzen da: balizko eraldaketen artean eskolak ondo aukeratu behar du bere baliabide mugatuak non eta nola erabili. Eskolak bere eraldaketa prozesua gidatzeko planifikazio tresnak garatu behar ditu, momentuko larrialdiek gidatutako dinamikan erori nahi ez badu. Larrialdi horiek ia beti kanpotik markatzen dira eta azkenean ikastetxeak bere eraldaketa prozesua besteen eskuetan uzten du.
Eskolari kanpotik egiten zaion eraldaketarako eskaintza gero eta zabalagoa da. Horrexegatik, eskolak argi izan behar ditu horien artean gehien interesatzen zaiona aukeratzeko irizpideak. Eta nire ustez, hori bere eraldaketaren plangintzarako tresnak garatzen dituen heinean lortuko du.