Kronika

1999-07-01
 
 
Ikasleen azterketen emaitzak zenbakitan
UBI eta IEEko azken txanpa izaten da selektibitatea eta aurten ere egin dute azterketa hori Nafarroa eta EAEko ikasleek. Datuak ikusita, emaitza onak izan direla esan daiteke. Nafarroan UBItik joandako ikasleen %91,7ak gainditu du selektibitatea aurten; D ereduan %90,88ak eta gaztelerazko ereduan %92,47ak eta A ereduan %71,88ak. IBBtik joandako ikasleen kasuan, gaztelarazko ereduko %86,43ak gainditu du, D ereduko %100ak eta A ereduko %83,33ak. Guztira 2.776 ikaslek egin dute selektibitatea, hauetatik 2.478k UBIko ikasketak egin dituztelarik eta 298k IBB.
EAEn, bestalde, guztira 12.325 ikaslek egin dute azterketa hau eta %90,5ak gainditu du, hau da, 11.071ak. Gainditu ez dutenek berriro uztailean saiatzeko aukera izango dute. Izan ere, hori da aurtengo selektibitateak duen berrikuntza bat. Orain arte ekainean eta irailean egiten ziren azterketak, ekainean eta uztailean egingo dira hemendik aurrera. Dena dela, aldaketa honek ez die guztiei eragingo. Ikastetxe pribatuetako batzuk irailean egingo dute, baina datorren ikasturtetik aurrera denentzat iritsiko da aldaketa.
Baina ez dira emaitzen inguruan ditugun datu bakarrak. Espainiako Gazteriaren Batzordeak Eskola-Graduatuaren inguruko txosten bat kaleratu du. Iazko azaroan hainbat adituk "Eskola-porrotaren jardunaldiak" burutu zuten eztabaidaren ondoren ateratako ondorioak biltzen dira dokumentuan. Estatu espainiarreko ikasleen %30ak ez omen du Eskola Graduatua lortzen.
Arrazoien artean aipatzen dituzte ikasketa planen egokitasun eza, irakasleriaren prestakuntza falta, familiaren laguntza eza eta baliabide ekonomikoen urritasuna.

Irakasleriaren suspentsoa
Irakasleriaren gehiengoaren lana azterketak jartzea, zuzentzea eta notak ipintzea izaten da ikasturte amaieran, baina ez guztiena. Adibidez, Irale programan euskara ikasten jardun diren irakasleen ikasleen lekuan egotea egokitzen zaie, hots, azterketak egitea.
Aurtengo emaitzak ez dira batere onak izan. PL1 froga (euskararen ezagutza minimoa) egitera 550 irakasle baino gehiago aurkeztu zen eta %50ak baino ez du gainditu. PL2ren kasuan (euskarako klaseak eta klaseak euskaraz emateko gaitasuna), hamarretik seik -400 baino gehiago- ez du gainditu.
Datuok ikusita, Irale sistemaren errepaso bat egin beharra dagoela nabaria da. Gaur egun, publikako irakasleak gehienez hiru urte eta pribatuetakoak bi urte eta erdi egon daitezke programa honetan euskara ikasten. Kasu bietan gehien lauhilabeteko bost edo sei mintegi egiten dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 5.700 milioi pezeta gastatu zituen iaz irakasleria hau euskalduntzeko.
Baina hala ere, emaitzak ikusita, sistema gainbegiratu beharra ikusten da.

Lanbide Heziketa: antolaketa eta euskara
Euskal Herrian Euskaraz, Ikasle Abertzaleak, Ikasbatuaz eta LAB taldeek elkarrekin burutu duten "Euskal irakaskuntzari mugarik ez" lelopeko kanpaina bukatu da. Lanbide Heziketa euskaldundu dadin burutu da kanpaina. Azkenean 10.000 sinadura bildu dituzte eta jende asko mobilizatu da. Irakaskuntzan hezkuntzaren alorrean dituen gabeziak gizarteratzea da taldeon asmoa eta kanpaina honekin lanbide Heziketako euskararen egoeraren berri eman nahi izan dute.
Aurrerantzean elkarrekin lanean jarduteko asmoa azaldu dute eta hurrengo urratsa irakasleen ingurukoa izango da. Irakasleen kokapenak ekartzen dituen arazoei heldu nahi die, hau da, D ereduko ikastetxeetan irakasle erdaldun bat ezartzen dutenean sortzen direnei.
Bestalde, talde hauen aldarrikapena orain arte Lanbide Heziketan zentratu da, baina ez da eskaera bakarra izan. Euskadio Eskola Kontseiluko lehendakari den Pello Ellakuriak beste zenbait eskaera luzatu zituen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura Batzordean. Gaur egun Lanbide Heziketaren planteamendua apartekoa dela esan zuen, baina bere gauzatzea katastrofikoa dela eta bide txarretik goazela.
Ikasleei informazioa ematea eta orientatzea ezinbestekoa dela adierazi zuen euren interesen eta gaitasunen araberako ikasketak aukera ditzaten.
Era berean, ikastetxeko erabakiak zentroak berak hartu behar dituela aldarrikatu zuen, eta ez administrazioak, zentroa baita bere egoera hobekien ezagutzen duena. Zentro honetan eta bertako hezkuntza sisteman irakasleriak, ikasleriak, gurasoek, zentroko langile guztiek eta administrazio lokalak parte hartu behar dutela azpimarratu zuen.

Ustaritzeko ikastolaren ikasturte amaiera
Uztaritzeko ikastolan ez dute ikasturtea oso ongi bukatu. Herri honetan ikastola berri bat eraikitzearen alde borrokan ari den Urkila taldekoak sorpresa bat baino gehiagorekin topatu baitira. Udal kontseiluan "Ikastola" izeneko batzorde berezi bat zegoen eta baztertua izan da. Auzapezak batzorde horren jarraikortasuna hitzeman arren, gauzak ez dira horrela gertatu.
Urkila elkarteak ikastolarentzako eraikin berria aldarrikatzen du, orain dauden lekuan arazo anitz baitituzte: bide gurutze arriskutsu batean dago, aparkalekua eskasa da, haurrentzat jolastoki egokirik ez dago eta abar. Egoera hau haurren heziketarako ez dela batere egokia ikusten dute eta hori aldatu nahian ari dira lanean.
Ea udak horretan laguntzen dien eta datorren ikasturtearen sarrerarako gauzak hobera aldatzen diren.
Bestalde, Udako Ikastaroak abian dira Miarritzen. Uztailaren 5etik 9ra bitartean hainbat ikastaro burutuko dira. Musika, historia, pedagogia, psikologia, sexologia, soziolinguistika, soziologia eta zientzia politikoak eta natur zientziak izanen dira aurtengo arloak, eta bakoitzean gai ezber-dinak ukituko dira. Pedagogiari dagokionez, "Gogo-erabilketa" da aurtengo gaia. Mikel Erramouspe, Baigorriko Bil Exea kolegioko zuzendari eta historia-geografiako irakasleak aurkeztuko du gaia bere esperientziaren berri emanez.