AGIRRE, Nekane:

1999-10-01
Ikasturte berria martxan jartzearekin batera Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bere asmo eta erronkak azaldu ditu. Erreformaren ezarpenaren ondotik, egiteke dauden hainbat berrikuntza eta proiektu mahaigaineratu dizkigu Nekane Agirre Pedagogia Berrikuntzarako zuzendaria.
 
 
Erreformaren ezarpena burutu eta gero, nola ikusten duzu hezkuntza sistema EAEn?

1990ean arautu zen erreforma edo LOGSE pixkanaka-pixkanaka zikloka ezartzen joan gara eta nik uste dut aurten euskal hezkuntza sistemaren egituraketa berria nolabait bermatu, sendotu eta finkatu egingo dugula. Orokorrean, egitura aldetik, hezkuntza sistema finkaturik dagoela esango nuke.



Hasi berria dugun ikasturterako etapa ezberdinetako berrikuntzak iragarri ditu Hezkuntza Sailak. Hasteko, zein dira Haur eta Lehen Hezkuntzari dagozkionak?

Bi aipatuko nituzke bereziki: ingelesaren ikaskuntza goiztiarra eta antolaketa.



Zenbat ikastetxetan ezarriko da ingelesaren ikaskuntza goiztiarra?

Orain arte 20 ikastetxek proiektu berezi bat izan dute, baina ikastetxe hauetara eta beraien baldintzetara mugatua egon da. 13 ikastetxetan 4-8 urteko haurrekin eraman da aurrera esperientzia, hirutan 8-12 urtekoekin eta lautan 12-16 urtekoekin. Baina orain askoz gehiago zabalduko da.

Ikastetxeen Prestakuntzarako Proiektuen deialdiaren bidez Haur eta Lehen Hezkuntzako184 zentro publikotan jarriko da martxan. Ikastetxe hauek dirulaguntza jasotzeaz gain, 20 aholkularik osatutako taldea izango dute laguntzeko. Guk planteatutako metodologiara eta mintegietara egokituko dira.

Hala ere, 184 ikastetxe hauez gain, badira proiektu honetan parte hartzen ez duten 125 zentro inguru. Baina horrek ez du esan nahi ingelesaren ikaskunta goiztiarra ezarriko ez dutenik. Ziur naiz zerbait egiten ari direla eta horren jarraipena ere egingo dugu.



Zertan datza proiektua?

Erronka eta esparru ezberdinak ditu: baliabide pertsonalak edo espezialistak, metodologia eta ingelesaren konpetentzia.

Alde batetik, aurreikuspen bat egin da espezialistak non dauden eta non kokatu behar diren ikusteko, eta 184 ikastetxetan ingelesa 4 urterekin irakasten hasteak zer suposatzen duen jakiteko.

Bestetik, pedagogikoki zein metodologia erabili aztertu da. Izan ere, normalean ingelesa 8 urtetik aurrera eta hirugarren hizkuntza bezala irakatsi izan da. Adin horretan haurrek irakurtzen eta idazten badakite, baina 4 urterekin ez, eta beraz, metodologia ezberdina erabili behar da.



Zer aldaketa edo hobekuntza suposatuko du ingelesaren ikaskuntza goiztiar honek?

Nik uste dut haurren hezkuntzan hizkuntzen ikuspegi integratzaileari bultzada handi bat ematen diogula ingelesaren sarrera goiztiarrarekin. Helburua ingelesez eginiko jarduera esanguratsuen bidez eta adin txikiko ikasleen gaitasunez eta trebetasunez baliatuz ikaskuntza bultzatzea da.



Haur eta Lehen Hezkuntzako bigarren erronka moduan ikastetxeen antolaketa aipatu duzu. Zer pauso aurreikusi dituzue esparru honetan?

Orokorrean Haur eta Lehen Hezkuntzan antolaketa aldetik ikastetxeak nahiko finkatuta daude. Urte hauetan ikuspegi globala zabaldu da, eta ez irakasleriari eta ikasleriari begira soilik, testuinguruari begira ere bai. Ikastetxeko Hezkuntza eta Curriculum Proiektuek gero eta gehiago hartzen dute aintzat non kokatuta dauden, zer behar dituzten...

Baina hobetzeko puntuak ere gelditzen dira eta nik zuzendaritza taldearen suspertzea aipatuko nuke. Hori da daukagun erronka, baina ez da ikasturte honetara mugatzen, prozesu luzeagoa da.



Bigarren Hezkuntzari begira, egoera ez dago hain finkatua eta gauza gehiago daude kolokan. Zein azpimarratuko zenituzke?

Bigarren Hezkuntzako ikastetxe gehienen eta independiente guztien nahitaezko erronkak egonkortasuna eta irakasleen kokapena dira. Hori nolabait finkatzen ez bada, beste ondorioak sortzen dira: zuzendaritza taldearen egonezina, motibazio falta... Hori konpontzeko zenbait urrats eman dira: bete gabeko postuetarako adskripzioen agerpena aurreratzea, jendea etapa osoari begirako ikuspegian kokatzea eta abar.

Baina hala ere, ezegonkortasun horren arrazoiak bat baino gehiago dira.



Zein dira, bada?

Arrazoi garbi bat eta gaurkoa ez dena jaiotze tasaren jaitsiera da. Eskaintza aldetik ikastetxe asko daude, publikoak eta pribatuak eta horrek ere eragina du.

Bestalde, jakintzagai berriak ezarri dira eta hori ere kontuan hartu behar da. Heziketa Zikloen eta Batxilergo berrien kasuan, esaterako. Gure irakasleria derrigorrezko ikasgaiak irakasteko dago prestatuta eta ziklo berri hauen ezarpena beste espezialitate batzuk eskatzen ari da. Beraz, horietarako ordezkoak jarri behar ditugu, baina aldi berean gure irakasleria berkualifikatu egin behar dugu. Daukagun ekipamendua, ikastetxeak eta irakasleria lehen zegoen sistemara zuzenduta daude eta gaur egungo sistemak malgutasun gehiago eskatzen du. Nik uste dut hor tartean gaudela, desajuste horretan baina oreka bilatzen.



Dena dela, egonkortasuna bermatzeko behar dituen irakasleak ikastetxeak berak aukeratzea ez al litzateke hoberena?

Hori planteatu da, baina ez gara akordio batera iritsi. Zerrenda pertsonalak egiteko eta postuak esleitzeko sindikatuekin bildu eta hitz egiten dugu eta hauek beraien interesak dituzte.

Teorian ados gaude egonkortasunari dagokionez eta pedagogikoki ere ados jartzen gara. Baina gauza zehatzetara iristen garenean, ez dugu bat egiten. Sindikatuek langile bezala dauden eskubide pertsonalak defendatzen dituzte.

Ekainean sistema aldatzea planteatu zen. Hau da, DBHko ikastetxe independienteetan zeuden zenbait bitarteko irakasle mantentzea, Prestakuntza Zikloetan euskaldunak eta espezialitate berrietako ordezkoak mantentzea eta abar, baina sindikatuen hitza ezezkoa izan zen.



Baina kriterio horietan Hezkuntza Saila eta sindikatuez gain, ikastetxeak berak ere zeresana eduki behar luke, Hezkuntza Proiektuan ikastetxeak berak parte hartzen duelako.

Gauza konplexua da. Zeren sistema honek pertsonalgoa eta ikastetxeko egitura baitauzka, eta horrekin batera norbanako eskubideak eta lege batzuk. Orduan, ondo al legoke ikastetxe bakoitzak langile poltsa bat izateko ahalmena edukitzea pribatuetan bezala? Agian egunen batean horretara iritsiko gara.



Gurasoak ere ahalik eta egonkortasun handiena mantentzearen alde daude. Zuek ere horren alde zaudete, orduan?

Bai, noski, horren alde gaude erabat. Baina gauzak zehatz mehatz planteatzen direnean aldagai gehiago sortzen dira. Lehen aipatu dudan bezala, ekainean gauza asko baloratu ziren, baina azkenean erabakia zerrendak mantetzea eta ordezko bakoitza aukeratzen duen edo tokatzen zaion lekura joatea izan zen.



Azken finean, nahiz eta Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua oinarria dela esan, funtzionaritza legeak mugatu egiten du, mugikortasuna egotea posible egiten baitu.

Baina gauzak ezin dira egun batetik bestera aldatu. Pentsa azken hamar urtetan zenbat gauza aldatu diren. Moyano legetik, 1858. urtetik hona, aldaketa handiak egin dira eta LOGSE legea irakurri besterik ez dago. Gaur egun, gutxienez xedetan eta legeetan, LOGSEn eta Eskola Publikoaren legean Piaget, Montesori eta beste hainbaten ideiak biltzen dira.

Hala ere, idatzita egotea gauza bat da eta hori egitea beste bat. Prozesu luzea izaten da, baina horretan gaude.



DBHn zein berrikuntza gehiago izango ditugu aurten?

Beste ere bi programa aipatuko nituzke: Curriculum Desberdinak Eratzeko Programa eta Ebaluaketarako Programa.

Lehenengo programa, aldiz, DBHko arazorik garrantzitsuenetariko bati aurre egiteko pentsatua dago. Arazoa ikasle aniztasunarekin lotua dago. Lehenengo zikloan aukerakoen antolakuntza berria (eta espero dugu koherenteagoa) eratu da. Honekin batera errefortzu neurriak indartu egin dira. Bigarren zikloan Curriculum Desberdinak Eratzeko Programak 110 taldeak sortarazi ditu. Talde hauetan ikasleek ibilbide berezia egiten dute oinarrizko ikasgai batzuei lehentasuna emanez. Horretarako zenbait errekurtso eskaintzen zaizkie ikastetxeei.

Bigarren programan hainbat ikastetxetako ikasleak ebaluatuko dira urtean zehar puntu indartsuak eta ahulak ezagutzeko asmoz.

12-16 urteko ikasleak dituzten zentroei eskaini zaien programa da eta 55 ikastetxek baiezkoa esan dute. Programa honekin lau urtetan zehar hainbat galdeketa eta behaketa egingo dituzte zenbait gauza neurtzeko eta baloratzeko: DBH suposatzen ari den aldaketak irakasleriaren egoeran eta asetze mailan, ikaslearen abileziak ikas-irakas prozesuan, gaitasunak, eskola klima, ikastetxearen partaidetza eta honek duen eragina klima baikorra sortzeko eta gauzak eraikitzeko, gurasoen partaidetza eta asetze maila...

Helburua ikastetxeei barne eta kanpo ebaluazioa egiten laguntzeko tresna eskaintzea da, azken xedea ikas-irakas prozesua hobetzea delarik. Ebaluaketa honen emaitzek DBHn planteatzen diren arazoei aurre egiteko ideia zehatzagoa emango digutela espero dugu.



Orientatzaileen prestakuntzari dagokionez, zer berrikuntza datoz?

Gero eta hobeto prestatuta daude horretan indarra jarri dugulako. Orientatzailearen papera, orientatzaile kontseilua eta abar garatu dira, eta aldi berean, zalantzan jarri dugu tutorearen papera. Irakaslea ez baita jakintzagaien irakaslea soilik, hezitzailea ere bada. Material pare bat ere argitaratu ditugu 12-16 urteko ikasleei zuzenduta, adin honetan Batxilergoa eta Heziketa Zikloen arteko hautaketa egin behar baitute.



Irakasleriaren prestakuntza ere aipatu duzu. Zer aldaketa daude hor?

Alde batetik, urtebeteko planak izateko ordez, hiru urtekoak izaten ahalegintzen ari gara. Eta bestetik, behar desberdinak daudela ikusiz, horiei erantzuten saiatuko gara. Hiru behar behintzat ikusten ditugu: norbanakoak, kolektiboak eta berriztatzaileak.

Norbanakoak irakasle bezala bakoitzak duen prestakuntza hobetzeko, osatzeko eta gaurkotzeko dira.

Kolektiboak ikastetxe mailakoak dira. Hau da, ikastetxeak proiektu bat dauka eta hori aurrera eramateko zein prestakuntza mota eta zenbat irakaslerentzako behar duen erabakitzeko ahalmen osoa izan behar du. Ikastetxeak esan behar du zein diren bere behar formatiboak. Adibidez, bi irakasle ingelesean trebatzea komeni liteke, beste bat euskaran eta beste bat plastikan.

Eta azkenik, programa berriztatzaileak daude. Hauek erakundeek eta instituzioek eskaini behar dituzte. Gure kasuan, Hezkuntza Sailak aintzidaria izan behar du programa berriztatzaileak eskaintzeko garaian. Hezkuntza sistemak orokorrean behar duena ikusi behar dugu, etapa bakoitza nola hobe daitekeen... Guk proposamenak egin behar ditugu, hori baita behar instituzionala.

Beraz, hiru prestakuntza mota hauek uztartu behar ditugu. Baina ez epe motzera begira, gutxienez hiru edo lau urterako baizik. Zeren irakasleok beti egutegiari begira gaude: irailean plangintza egin eta ekainean emaitzak. Baina irakas-ikas prozesua askoz luzeagoa da eta ez da ekainean bukatzen.



Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuak behin eta berriro aipatu dituzu. Lehen baino garrantzi handiagoa ematen al zaie?

80ko hamarkadan prestakuntza eredua norbanakoa zen eta ikastaroetan oinarritzen zen. Norbanakoa joaten zen, ikastaroa jaso eta ikasitakoa bere gelan aplikatzen zuen. Eta agian aldamenekoari zertxobait esango zion, baina beharbada ez.

Baina 90eko hamarkadatik aurrera sistema anizten joan zen (zerbitzu laguntzak, heziketa berezia...) eta bakoitzak ezer gutxi egin zezakeela konturatu ginen, taldean egin behar zela lana. Orduan, Hezkuntza Proiektuek beste pisu bat hartzen dute.



Beti eredu publikoaz hitz egiten duzu, baina zenbait ikastolatan esperientzia horiek lehendik ere bazeuden: taldean lan egitearena, egonkortasuna, Hezkuntza Proiektu bakar batean oinarritutako funtzionamendua...

Nik uste dut ikastolek zekarten herentzia, esperientzia, errekonozimendua, adituak izatea eta metodologia (hizkuntzaren ikuspegia, taldelana, ikastetxeko proiektuak, proiektu fokalizatuak...) 90eko hamarkadatik aurrera pixkanaka-pixkanaka orokortzen ari direla, ikastaroekin gertatu den bezala.

88/89 ikasturtean Hezkuntza Sailak agian 60 ikastaro eta 30 proiektu fokalizatu eskainiko zituen. Eta gaur egun 355 ikastaro eta ia-ia 400 proiektu eskaintzen ditu.

Orain beste egoera batean gaude. Kolektiboko lanaren kultura zabaltzen ari da eta ikastetxeetan badago gutxienez talde bat bere proiektua definitu eta inguruko beharretara egokitu behar duela sentitzen duena.

Hurrengo arazoak bi dira. Alde batetik, nola lortu proiektu horiek kalitatezkoak izatea, eta bestetik, nola jarri praktikan. Eta puntu hau garrantzitsua da. Zeren askotan ahaztu egiten baikara ikasleez. Ongi dago eskola hobeto antolatzea, zuzendaritza taldea lasaiago ibiltzea, irakasleak profesionalak izatea, diru gehiago irabaztea, ordutegi hobea izatea... baina helburua ikas-irakas prozesua da, ikasleei gelan egiten diren jakintza edo ekintza praktikoak ziurtatzea eta hezitzea.



Ikas-irakas prozesu hori bermatzeko ez al dago oinarrian ikastetxearen kudeaketa autonomia?

Bai, nik uste dut oinarria dela hori, baina horretarako oso ongi zehaztu beharko da bakoitzaren rola edo papera: erakundeak, instituzioak edo Hezkuntza Saila, zuzendaritza taldea, guraso taldea... Eta horretan dihardugu. Eskola Kontseilua dago, bozketak eta adskripzioak egiten ditugu... baina horri forma gehiago eman behar zaio.



Kudeaketaz ari garelarik, zer diozu administrari pertsonari buruz? Ez al da hobe administrari bat edukitzea irakasleak gestio lanetan ibiltzea baino?

Figura hori aztertzen ari gara oraindik, baina ez daukagu ezer erabakirik. Dena dela, badago hori aztertzen ari den talde bat. Beharra dagoela badakigu. Zeren gaur egun eskolaren betebeharrak ugaritu egin dira: gurasoekiko harremanak, komunikazioak, marketina, garraioa, jangela... Sistema sofistikatu egin da eta irakasleek ezin dute lan hori guztia egin.

Baina aldaketa ez da hain erraza. Izan ere, orain arte gure ibilbidea irakaskuntzan oinarritu da eta prestakuntza ikastaro guztiak ere irakasleei zuzenduta egon dira.

Bestalde, soberan daukagun pertsonalgoa irakaslea da eta horiek egokiak al dira administrari lanak egiteko? Hori guztia aztertzen ari gara.



Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako erronkak aipatu ditugu. Lanbide Heziketari helduz, zein izango dira etapa honetako hurrengo urratsak?

Urrats nagusia euskararen presentzia handitzea izango da. Eta hor bi gauza dauzkagu: irakasleria eta testugintza. Alde batetik, irakasleria euskalduna badaukagu, %60a edo euskaraz mintzatzeko eta klaseak emateko gai da. Baina arazoa testugintzan dago. Hainbeste familia, hainbesteko kualifikazioa, hainbeste konpetentzia eta hainbesteko azpiegitura daude, zaila dela guztietarako liburuak argitaratzea. Horregatik, beste zenbait proposamen egon dira: web orriak jartzea, irakasleei ordu batzuk ematea prestakuntzarako...

Horrekin batera beste gauza bat dago, hizkuntza teknikoa. Hau da, mintzamena nahiko landua egon arren, zailtasunak daude hizkuntza teknikoan.



Haur Eskolak ere ezin ditugu ahaztu eta kezka ugari sortzen duen gaia da. Zer tratamendu jasoko dute aurrera begira?

Hemen alde batetik legebiltzarrean egon zen interpelazioa dago. Eta bestetik, LOGSE. Honek 7.2 eta 7.3 artikuluetan "carácter voluntario de la etapa" eta "coordinará la oferta" dio eta 0-3 etapa arautzeko nahia ikusten da, baina boluntarioki.

EAEn Haur Eskolak hor daude eta batzorde bat eratu da gai hau aztertzeko. Hezkuntza Sailak bertan parte hartu behar du eta bere ardura eduki behar duela uste dut nik, zenbait ezaugarri pedagogiko guri dagozkigulako. Baina, horrez gain, azpiegitura, pertsonalgoaren kualifikazioa, lan harremanen definizioa eta abar daude eta hori guztia ez dago gure esku. Momentuz kopartizipazio bat edo "ko-zerbait" egin behar da. Ikusi egin behar da zenbat haurrez, irakaslez eta ikastetxez ari garen.



Sare itunduarekiko hitzarmena ere berritzekotan zarete. Zer proposamen edo aldaketa izango ditu?

Momentu honetan sailburuordeak darama gai hori eta ezin dut gauza handirik esan. Iazko aurrekontuarekin lotuta dago sare itundukoekiko hitzarmena. Nik dakidanez hiru esparru ari dira negoziatzen. Bata, finantzazioa. Aurten negoziaketa berria egin behar zen, baina iazko diruarekin gaude, hots, iazko aurrekontuaren luzapenarekin. Orduan, elkarrizketan daude 2000. urteko aurrekontuak egiten ari garen heinean, koefizienteak negoziatzen ari dira.

Bigarren esparrua sare itunduko zentroen ekipamenduarekin, baimenekin eta abar dago lotua.

Eta hirugarrena prestakuntza eta euskalduntzea dira. Kasu honetan sindikatu eta patronalarekin esertzen gara. Ez batzuei eta ez besteei ez zaie gustatzen dagoena. Prestakuntza ikastaroak batez ere zentro publikoetakoei zuzentzen zaizkiela diote eta horren azterketa mahai gainean daukagu. Nik argi daukat 30.000 irakasle ditugula, hots, gure Hezkuntza Saila denona dela, publikoko 19.000 eta pribatuko 11.000 irakaslerena.



A ereduak euskalduntzen ez duelako, eta batzuen ustez ereduen sistemak ikasleak maila sozial eta kulturalean banatzen dituelako, hizkuntz ereduen eztabaida pil-pilean dugu. Ba al dago egungo ereduak mantentzeko arrazoirik?

Ereduen sailkapen hau 84an zegoen hizkuntz normalkuntzarako legean oinarritua dago. Gaur egun ikasle bat A, B edo D ereduan matrikulatzea gurasoen erabakia da. Eta guraso talde batek A eredua eskatzen badu, eskaini egin behar dugu. Guk beste ereduak bultzatzeko kanpainak egin ditzakegu beste erakundeekin batera, baina azken finean gurasoen baitan dago erabakia.

Bestetik, zer ikusten dugu gaur egun? Gipuzkoan A ereduaren eskaintza oso urria dela, ia-ia eskaerarik ez dagoelako. Baina Araba eta Bizkaian eskaera badago.

Horregatik, Haur Hezkuntzako14 ikastetxetan A eredua berrindartzeko programa jarriko da martxan. Beste hizkuntzekin (ingelesarekin) erabili diren esperientzia eta metodologiak aplikatuko dira 4-5 urteko haurrekin: ikuspegi motibatzailea, ekintza babestuagoak eta pentsatuagoak... Euskara ez da ikasgai gehigarri bat izango. Jarrera baikorrak bultzatzea eta balore kulturalak suspertzea da xedea.



Baina A ereduak legeak dioena lortzen ez badu, hau da, haurrek euskaraz hitz egiteko gaitasunik lortzen ez badute...

Baina gaitasun hori lortzea edo ez lortzea ez dagokio A ereduari soilik. A ereduarekin batera beste zenbait faktore daude.



Hala ere, helburu bat jartzen baduzu eta lortzen ez bada, beste bide batzuk jarri beharko dira lor dadin.

Horregatik diot metodologia berrikusi behar dela. Pentsa gaur egun hizkuntzak barneratzeko ibilbide polita egin dugula. Orain dela 20 urte Nor-Nori-Nork irakasten genuen eta ez euskara bere funtzionaltasunean, erabileran eta komunikazio egoeran oinarrituta. Gaur egun ikuspegi hau bermatu behar dugu.

Nik uste dut A ereduan euskara testuingurutik at egon dela eta hori da aldatu behar duguna.



Hizkuntzarekin jarraituz, Hizkuntz Normalkuntzarako Proiektuak 302 ikastetxetan daude. Zer asmo dago aurrera begira?

Kopurua mugatu egin dugu, 302 zeuden eta horiekin jarraituko dugu. Momentu honetan hiru lan mota ezberdin dauzkagu.

Lehenengo, euskararen atala bera. Normalkuntzarako teknikariak jarraipena egiten ari dira, hau da, jasotako iradokizunen hustuketa. Euskara zein esparrutan erabiltzen den, ikastetxean zein eragin izan duen, irakasleen partaidetza nolako izan den, zentroa zer ekoizten ari den eta abar ari dira aztertzen.

Bigarrenik, bi edo hiru urte hauetan ekoiztu duten materiala eta ekintza zehatzak biltzen ari gara eta bilduma bat egin nahi dugu. Adibidez, jolas garaia hartu badute, hor euskara indartzeko hartu dituzten neurriak: jokoak, abestiak...

Eta hirugarrenik, urriko hiru egunetan jardunaldiak egingo ditugu Kataluña, Galizia eta Valentziako hizkuntz normalkuntzarako arduradunekin eta hango programak zuzentzen dituzten pertsonekin. Orain arte guk egin duguna azalduko dugu, beraien esperientzia ezagutu eta hemendik aurrerakoa nola bidera daitekeen aztertu.



Zergatik mugatu duzue 302 ikastetxeetara?

Zabaltzeagatik zabaltzea ez zela egokia ikusten genuen, ez zeukala zentzurik. Garrantzitsuena hiru atal horiek ikustea eta aztertzea zen: ikastetxearen antolamenduan izan duen eragina, zer ekoiztu den (euskal girotze barnetegiak, NOLEGA, kantugintza, Urruzuno lehiaketa...) eta hausnarketa bat egin aurrerantzean jarraitu beharreko ildoak definitzeko.



Hik Hasiren 5. urteurrena dela eta, Udako Ikastaro Pedagogikoak antolatzeko asmoa dugu. Euskal irakasleen topaleku, esperientzien trukaketarako toki eta kanpoko ekarpen aurrerakoienen bilgune izango den foroa sortu nahi dugu. Zer iruditzen zaizu?

Udako ikastaro pedagogikoak berrindartzeari ondo deritzot, aintzinako mugimendu pedagogikoen izpiritua berrindartzea suposatuko lukeelako. Hala eta guztiz ere, ikasturtean zehar egiten diren ekintza pedagogikoekin lotu behar dela eta hauen osagarri bezala pentsatu behar dela uste dut.