Ibaizabal proiektua. Egitasmo zabal bezain osoa
Proiektua, ordea, hori baino zabalagoa da. DBHO mailan dagoen hutsunea betetzera dator, derrigorrezko hezkuntzari jarraipena emanez. Goi mailako hezkuntzan euskara tresna baliagarria bilakatu nahi dute. Hau da, Lanbide Heziketan eta lan munduan euskara zabaldu. Eta aldi berean, gazteei irteera gaurkotuak eta bideragarriak eskaini. Horrela, Batxilergoa, Heziketa Zikloak, irakaskuntza ez-arautuak, praktikak eta proiektu berriak eskainiko ditu.
Proiektu honekin ikastola hauek eskaintza osoa izango dute, 0-18 urte bitartekoa, alegia. Dinamika berri honek ikastolen eredua zabaltzen laguntzen du eta ikastolen mugimenduaren estrategiarako ere egokiak dira.
Ibaizabal kooperatibaren helburu nagusiak
- Hezkuntza mugimendu kooperatiboa indartzea.
- Ikastolen hezkuntza eredua eta filosofia bultzatzea.
- DBHOko hezkuntza garatzea eta eskaintzea.
- Euskara arlo profesionalera eta lan mundura zabaltzea.
- Partaidetza sozialeko enpresa kultura zabaltzea.
- Proiektu berrien sustatzaile izatea.
- Inguruko suspertzaile ekonomikoa izatea.
- Kooperatiba partaide bakoitzaren nortasuna zaintzea.
Dena dela, hau dena aurrera eramatea eta asmo guztiak martxan jartzea ez da gauetik goizera lortuko den zerbait. Bere denbora beharko du. Horregatik, aurten Batxilergoa eta irakaskuntza ez-arautuarekin hasi dira eta poliki-poliki gainontzekoak ere osatuz joango dira. 2002/2003. ikasturterako aurreikusten dute eskaintza osotzea.
Ibaizabalen bost hanka nagusiak
Ibaizabalek bost hanka izango ditu, hau da, bost jarduera desberdin garatuko ditu: Batxilergoa, Heziketa Zikloak, irakaskuntza ez-arautuak, enpresetako praktikak eta elkartrukeak eta proiektu berriak.
1- Batxilergoa k:
Batxilergoari dagokionez hiru adar eskainiko ditu: Teknologikoa, Humanistikoa eta Zientzietakoa.
2- Heziketa Zikloak :
Familia eta ziklo ugari daude Lanbide Heziketan gaur egun eta aukeraketa egiterakoan malguntasunari eman diote lehentasuna. Hau da, lan merkatuaren eskaeraren araberako aukeraketa egin dute. Dena dela, ziklo hauen ezarpenak zenbait fase izango du eta ikasturte honetan ez dira eskainiko. Datorrenean jarriko dira lehenengoak eta bost urteko garapenaren ondoren izango dira denak.
Honokoa da heziketa zikloen eskaintza:
- Merkataritza kudeaketa eta marketina (GM)
- Komertzioa (EM)
- Logistika eta garraiobideen kudeaketa (GM)
- Eraikuntza proiektuen garapen eta aplikazioa (GM)
- Igeltseritza lanak (EM)
3- Irakaskuntza ez-arautua :
Ikastolen mugimenduan orain arte landu gabeko gaia izan da hau, eta gainontzeko ikastetxeetan ere gutxi. Lanbide Heziketaren barruan atal garrantzitsua dela uste dute eta horregatik arreta berezia jarri diote. Irakaskuntza ez-arautuko ikasleria desberdina izan ohi da: langabezian dagoena, lanean dagoena... Nahiko multzo berezia da eta malgutasunerako aukera eskaintzen du. Hau da, Heziketa Zikloetan ordu kopuruak, ikasgaiak eta abar nahiko estandarizatuak eta finkoak dira, baina ez-arautuan gutxiago. Horregatik, malgutasunerako aukera uzten dute.
4- Praktikak eta elkartrukeak :
Heziketa Zikloetan 200-300 ordu inguruko praktikak egin beharra dago eta Ibaizabalen lana praktika horiek burutzeko enpresak bilatzea izango da.
5- Proiektu berriak :
Atal honi garrantzi handia eman nahi diote. Bi jatorritako proiektuak izango dira: Ibaizabalen bertako talde profesionalek sortuak eta ikasleek eta ikasle-ohiek sortutakoak. Proiektu batzuk Ibaizabalen jarduera arruntarekin zerikusi handirik ez dutenak dira, baina bai lanbideratzearekin eta lan munduarekin. Horrek ikasleei enpresetan praktikak eta proiektuak egiteko aukera ematen die eta gerora autoenplegura bideratzeko gaitasuna ere bai.
Izan ere, hori da proiektu hauen helburuetako bat; ikasleek praktikak egiteko leku bat izatea. Bigarren helburua, berriz, finantzazioa da, eta horrek Ibaizabalentzat diru sarrera bat suposatzen du.
Proiektu hauekin Ibaizalekoek lortu nahi dutena enpresekin harremanetan egotea eta mundu horretan mugitzea da. Proiektu horiek Ibaizabalen ezpirututik sortuak izatea nahi dute, ez edonolakoak izatea, euren printzipioetan oinarritzea baizik. Ekonomia eta lan munduan parte hartzeko batere konplexurik ez dute, baina beti ere euren ikuspuntutik eta baloreetatik abiatuz.
Proiektu batzuk jadanik martxan daude. Esate baterako, Lea-Artibaiko ikastetxearekin material pedagogikoa prestatzeko proiektua. Beste bat Eroskirekin hasi dutena da. Logistika eta garraiobideen kudeaketa izeneko Heziketa Zikloarekin loturik, inguruko Consum-etako banaketa antolatzeko proiektua da berau. Momentuz Ibaizabalen barrutik sortutako proiektuak dira, baina aurrerantzean ikasleengandik sortutakoak ere izango dira. Ikasleei eszenatokia prestatzen ari dira orain.
Ezarpen faseak:
- 99/00 ikasturtean Batxilergoa.
- 99/00 ikasturtean ez-arautua (hastapena).
- 99/00 ikasturtean ikasle aldiko lana.
- 00/01 ikasturtean Batxilergo-ko 2. maila.
- 00/01 ikasturtean bi Heziketa Ziklo.
- 01/02 ikasturtean bi Heziketa Ziklo.
- 01/02 ikasturtean praktikak eta elkartrukaketak.
- 01/02 ikasturtean proiektu berrien tutoretza.
-02/03 ikasturtean Heziketa Ziklo bat.
"Gu hutsune bat betetzera gatoz, 0-16 urte bitartean ez ezik, Batxilergoan, Heziketa Zikloetan eta Irakaskuntza ez-arautuan ere euskarazko irakaskuntza eskaintzera"
Mujika, Andoni. Durangoko Kurutziaga ikastolako zuzendaria
Nola sortu zen Ibaizabal proiektua?
Azterketa estrategiko baten ondorioz sortu zen. Momentu konkretu batean, hainbat arrazoirengatik, DBHOn, geure ikuspuntutik, geure balioetatik eta geure gestio ereduetatik urrats batzuk ematea interesgarria izango zela ikusi genuen. Eta orduan hasi ginen proiektu orokor bat jorratzen eta irizpide batzuk markatzen.
Zein izan ziren erabaki hori bultzatu zuten arrazoi horiek?
Bat baino gehiago izan ziren. Alde batetik, geure balio eta ereduak gizartean eta guk sortzen ditugun egitura ezberdinetan zabaltzen hastea. Izan ere, ikastolen ereduan eta geure eskualdean Batxilergorik eta Prestakuntza Ziklorik ez zegoen. Lanerako grina, parte hartzea eta elkartasuna dira bultzatu nahi ditugun balio zehatzak. Beste arrazoi bat hizkuntzarena izan zen. Lan munduan, ekonomia arloan eta goi mailako ikasketetan euskararen presentzia oso urria da eta aurrerapausoak eman beharra ikusten genuen. Bestetik, inguruko eskualdeko motore izateko bokazioa ere badaukagu arlo kulturalean, sozialean, ekonomikoan eta abar. Erantzukizunak hartu behar direla sinesten dugu eta iniziatibak ere bai, ez dira beti inoren eskuetan utzi behar.
Aitzindariak zarete, orduan?
Neurri batean bai. Aipatu behar da, hala ere, Arrasaten Hezibideren inguruan sortu den esperientzia ere hor dagoela eskualdeko erantzuna emateko helburuarekin. Baina era integralean, hau da, irakaskuntza ez-arautuak eta enpresa proiektuak barnean hartzen dituenik ez dugu ezagutzen. Ibaizabal da lehenengoa.
Suspertzaile izango garela uste dugu, baina horretarako gauzak ondo egin behar ditugu. Beste ikastetxeekin, administrazioarekin, enpresekin eta abar elkarlanean aritu behar dugu herri baten estrategia orokorretan eta interesetan sartzen den proiektu honetan.
Elkarlana aipatu duzu eta hori da proiektuaren ardatzetako bat. Norekin burutuko duzue elkarlan hori eta nolakoa izango da?
Inguruko enpresekin eta Markinako Lea-Artibai ikastetxearekin eta Ermuako ikastolarekin, besteak beste. Hitzarmenak hainbatekin egin ditugu eta Lea-Artibaiko ikastetxearekin egindakoa, esaterako, garrantzitsua da guretzat. Urte askoko esperientzia du eta diseinu pedagogiko egokia duela iruditzen zaigu. Hitzarmenean elkarlanerako hainbat puntu adostu dugu: euskalduntasuneranzko norabidea, Batxilergoaren kudeaketa, materialak, curriculumak, irakasleen elkartrukea, espazioa eta ekipamenduak, marketin estrategiak... Balio antzekoak ditugu eta etorkizunean elkarrekin esparru estrategiko bat eratzeko aukera ere ikusten dugu.
Gainontzeko ikastetxeek konpetentzia bezala ikusten al zaituzte?
Gu hutsune bat betetzera gatoz, 0-16 urte bitartean ez ezik Batxilergoan, Heziketa Zikloetan eta Irakaskuntza ez-arautuan ere euskarazko irakaskuntza eskaintzera. Osagarri izaten ahaleginduko gara. Gure bokazioa ez da inoren eskaintza zapaltzea, ez dugu uste hori zentzuzkoa denik. Ikusiko bagenu inguruko Heziketa Zikloren batek ez duela funtzionatzen, erdara hutsean eskaintzen dela eta euskalduntzeko asmorik ez dagoela, merkatuaren aldetik eskaera handia dagoela edo auskalo, agian guk ere eskainiko genuke ziklo hori, baina momentuz ez dugu horretarako premiarik ikusten. Gure bokazioa ez da konpetentzia egitea inondik inora. Askoz helburu nobleagoak dauzkagu.
Helburu horietako bat euskarazko ikasketak eskaintzearena da. Nolakoa da inguruko ikastetxeetako euskararen egoera?
Batxilergoan errazagoa da D eredua aurkitzea, baina Lanbide Heziketako egoera eskasagoa da. Iurretako institutua Bizkaian dagoen Lanbide Heziketako eskolarik euskaldunena da eta ahalegin handiena egin duena. Errekonozimendu osoa behar du egin duen lanak.
Baina berak familia batzuk eskaintzen ditu, metala, automozioa eta elektronikarekin lotuak daudenak. Gainontzeko eskaintza erdara hutsean dago. Beraz, hor dago guk jorratzeko bidea.
Bide horretan zein zailtasun topatu dituzue? Zaila al da Heziketa Zikloak euskaraz eskaintzea lortzea?
Beno... zailtasunak beti aurkitzen dira, baina horiek gainditzeko sinesmena behar da. Batez ere materialgintzan, hutsune handia dago. Lea-Artibaikoak, Elhuyar, Eusko Jaurlaritza... gauza batzuk aurreratzen dabiltza, baina gehiago egin behar da. Gu ere horretan hasiko gara hemendik aurrera. Behar dena zera da: gero eta Heziketa Ziklo gehiago ezartzea euskaraz argitaletxeak, administrazioa eta denak martxan jartzeko.
Materialaz gain, klaseak euskaraz eskaintzeko irakasle trebatuak behar dira.
Bai, hala da. Ibaizabalgo irakasle batzuk ikastolen mundutik datozenak izango dira eta beste batzuk Lea-Artibai ikastetxekoak. Eskola honekin sinatutako hitzarmenaren puntu bat hori baita, irakasleria trukatzearena.
Enpresekiko harremanetan ere euskara bermatua al dago?
Ehuneko ehunean eta enpresa guztiekin esan nahi baduzu, ez. Edozein modutan, aurreratzeko ekin egin behar da eta euskal kontzientziatik abiatuta, gainera.
Enpresetan praktikak egin aurretik eskaintzen ditugun ikasketak euskaraz izango dira, eta ondoren malgutasunez jokatu beharko dugu gure helburuen atzetik pausoka eta proiektuaren barruan zintzo joateko. Hau da, euskara izango da komunikaziorako eta teorizaziorako hizkuntza. Proiektuaren helburuen arabera, harreman batzuk gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez edo alemanieraz egin beharko dira eta hizkuntza horiek erabiltzeko ez daukagu inolako konplexurik. Badakigu guk eta gure gazteek nola funtzionatuko dugun eta zein balioekin.
Euskararen hutsunea betetzeaz gain, Ibaizabalek lan merkatuarekin zuzenean harremana duen prestakunta eskaintzea du helburua. Nola bideratuko du hori?
Hobekuntza iraunkorra bermatuz. Hau da, merkatuan sortzen diren tendentzia berriak eta horiek sortzen dituzten ezagutza berrien zabalkundea bultzatuko ditugu. Eta ikasleei gertuko jarraipena egingo zaie. Hobetzeko jarrera baikorra eta borondatea erakustea ezinbestekoa da horretarako.
Horrez gain, enpresa eta erakunde ezberdinekin harreman zuzena daukagu, horrela merkatutik hurbil kokatuz.
Erakunde bezala kooperatiba da Ibaizabal. Zein dira partehartzaileak?
Ikastolen ereduan kokatutako kooperatiba da, Partaiden eta Ikastolen Elkartean dagoena. Ikastolen hezkuntza balioekin eta kooperatiben giza eta enpresa baloreekin hornitua egongo da.
Mota ezberdinetako bazkideak izango ditu. Alde batetik, bazkide sortzaileak diren bost ikastolak, pisurik gehiena izango dutenak. Gero, langile bazkideak egongo dira. Hirugarrenik, bazkide erabiltzaileak, hots, ikasleak eta gurasoak. Eta azkenik, bazkide laguntzaileak, pertsona fisikoak edota inguruko hainbat erakunde eta enpresa. Azken hauetako bakoitzarekin hitzarmen berezi bat eta proiektu konkretu bat sinatzen dugu eta horren truke kooperatibako gobernu organoetan ordezkaritza daukate.
Nola antolatu duzue honen guztiaren kudeaketa?
Oso proiektu polita da. Antolatzeko zentzunez eta malgutasunez jokatzen ahalegintzen gara eta horrela oztopo guztiak gaindituko ditugula uste dugu. Dauden errekurtsoak ahalik eta egokien erabili behar dira, inplikazio handiz eta garbi utzita zenbat hanka dituen.
Proiektu berriak sortzean, hasieran borroka bat egoten da interes biren artean: batetik, zer baliabide duzun, eta bestetik, horrek zer eskaini behar duen. Proiektu horrek lortzen duen fakturazioaren eta behar dituen giza azpiegituraren eta errekurtsoen artean sortzen da borroka. Eta kudeatzen ikasi behar dugu, mugak eta aukerak aurkitzen, helburuak eta ezarpen etapak mailakatzen.
Zein finantzabide izango ditu?
Hainbat finantzabide izango du. Alde batetik, gure funtzionamendutik, gure proiektuetatik, ekintza berrietatik eta zerbitzuetatik eta egiten dugun lanetik sortzen ditugunak. Bestetik, gurasoen kuotak daude. Gero, administraziotik izango ditugun kontzertuak eta hezkuntza proiektuetako inbertsioetarako dirulaguntzak espero ditugu. Partaidek, Ikastolen Elkarteak eta bazkide diren enpresek ere dirua jarri dute. Eta irakaskuntza ez-arautuetarako laguntza INEMek, Hobetuz-ek, enpresa konkretuek... ematen dute.
Nolako jarrera somatu duzue gurasoen aldetik?
Nik uste dut ilusio handia dutela. Beraien eskaera historikoa izan da irakaskuntza ziklo osoa eskaintzearena.
Bestalde, Europara begira egindako proiektua da. Europan ikasleen %60a Lanbide Heziketara joaten da eta %40a unibertsitatera. Hemen, aldiz, %75a doa unibertsitatera eta %25a Lanbide Heziketara. Baina hemendik aurrera gauzak aldatu egingo dira eta Lanbide Heziketak indar handiagoa hartuko du. Prestijiatu egingo da eta oso garrantzitsua izango da etorkizunean. Oraindaino izan duen gutxiespen soziala aldatzen hasia dago eta gehiago aldatuko da. Horretaz ohartu gara eta horregatik ikusi dugu Heziketa Zikloak euskaraz eskaintzeko beharra. Gurasoek badakite aldaketa horretaz jabetu garela.
Zer suposatzen du Ibaizabalek ikastola sortzaileontzat eta, oro har, ikastolen mugimenduarentzat?
Interesgarria dela iruditzen zaigu, bai denon artean egiten ditugun proiektuak, bai banakakoak. Horrelako gauzak beti izaten dira pozgarri eta pizgarri barruko jendearentzat eta hori oso garrantzitsua da. Edozein talderentzat bizirik dagoen seinale izaten da.