MONTESSORI, Maria

1999-10-01
Jadanik badira 47 urte Maria Montessori doktorea hil zela. Ordea, martxan jarri zuen mugimenduak garatzen darrai. Gaur egun bizirik dagoen mugimendua izateaz gain, ziur aski, Haur Hezkuntzan, eskola tradizionala kenduta, hedapen handien daukan mugimendua da.
 
 
Montessori eskolek web orrian paratuak dauzkaten datuen arabera4.000 Estatu Batuetan, 2.000 Japonen, 200 Canadan, 200 Europan eta 40 Frantzian . Nahiz eta pedagogo batzuk Montessoriren oinarriak gainditutzat jo, datu hauek eskola hauek munduan duten prestijioaren erreferentzia ematen digute. Honez gain, hazten ari den mugimendua dela esan beharra dago: 1929an berak sortutako elkartea, Association of Montessori International, Mario Montessori semea, hil arte, buru izan zena, zabaltzen eta bereizten joan da, une honetan, Montessori Elkarte ezberdinak daudelarik.

Azter dezagun, emakume handi honen ekarpena.



Biografiaren hainbat ohar

Psikiatra eta pedagogo italiarra, 1870an Chiaravallen jaioa. Erromako Erret Unibertsitatean 1896an diplomatua, lehen emakume sendagile bihurtu zen Italian. Ondoren, Filosofian eta Natur Zientzietan lizentziatu zen.

Garai hartako Italiako gizarteak sexuarekiko zuen jarreraren ondorioz, ospitaletan sendagile aritzea debekatu zitzaion, eta hau izan zen adimen urritasuna zuten haurrekin lanean hasteko zioa. Ikasle hauen erantzuteko gaitasuna garatzeko asmoz eta behatzeko zuen ahalmenari esker, bere teoriaren oinarriak jartzen hasi zen.

1907an Erroman, Casa dei banbini bere eskola sortu zuen. Bertan urteak eman zituen ikertzen. Jarduera horri esker, bere lehen liburuak idazten, hitzaldiak ematen eta mundu osoan bere teoriaren berri ematen eta garatzen ibili zen. Ameriketan, Ingalaterran, Indian eta Herbeheretan egonaldiak egin zituen. Azkenen honetan hil zen 1952an.



Bere metodoaren ardatz nagusiak

Maria Montessori "Eskola Berri"ko mugimenduaren barruan kokatzen ahal da.

Bere "Pedagogia Zientifikoa"n haurraren garapenaz zein honen irakaskuntzaz pentsatzen duena biltzen du.



a) Haurraren garapena

Haurraren garapena ez da lineala. Maila ezberdinak dauzka, sentsibilitate ezberdinez hornituak.

-Haurtzaro txikia (0-6 urte)

-Haurtzaro handia (6-12 urte)

-Nerabezaroa (12-18 urte)

-Heldutasun gaztea (18-24 urte)

Garai sentigarri bakoitzak funtzio berri bat dakar, hala nola, ordena, hizkuntza eta mugimendua. Funtzio berri hauek era nahasian izatetik, pixkanaka, era sinple eta argi batean ezartzera pasako dira. Haurtzaro txikiari berebiziko garrantzia ematen dio Jaiotzetik 6 urte bitartekoa da bizitzaren eperik garrantzitsuena . Bere metodoa epe honetarako garatu zuen bereziki. Hori dela eta, Montessori eskolak Haur Hezkuntzakoak izan dira, nahiz eta ondoren, Lehen eta Bigarren Hezkuntzara ere hedatu diren.

Montessorik idatzi zuenez, ez zuen geniorik sortu nahi, gizakiak dauzkan ahalmenak garatzeko aukerak eman baizik.

Horrela proposatuta6 urteko haur bat biderkaketa, zatiketa, erro karratua, munduko nazioak eta abar bereganatzeko gai da, oroimena erabili gabe . Ez ditu buruz biderkatzeko taulak edota gramatikako kontzeptuak ikasiko. Material zehatza manipulatuz lortuko du hori guztia bereganatzea.

Zergatik ikasi hain goiz hori dena? Arrazoia da 0-6 urte bitartean haurrak gauza berriak erraztasun handiz eta gogoz ikas ditzakeela, gaitasun hori gero eta txikiago izanen delarik.



b) Zentzumenen garapenaren printzipioa

Eskua adimenaren faktorea da. Sentsualitate filosofikoak Montessori eragin zuen: zentzumenetatik pasa ez den zerbait ez dago gogoan. Ideiak zentzumenetatik datozen bezala, adimena esku jardueratik dator.

Haurrak mundua zentzumen guztiak erabiliz bereganatzen du. Objektu berri bat aztertzeko ikusi, eskuetan hartu, bota, zurrupatu eta hozkatu egingo du.

Haurra 6 urte bitartean kontzeptu abstraktuen bidean jar daiteke, baldin eta material egokiz aritu bada.

Hauxe da eskolako materialari ematen dion garrantziaren zergatia. Bere metodoak tresneria pedagogiko berezia dakar. Haurrak ukituz, ikusiz, entzunez, dastatuz, mugituz eta usainduz ikasten duenez, zentzumen hauek guztiak era progresibo batean lantzen dituzten materialak sortu zituen.

Erabili beharreko ardatz didaktikoa: banakako zentzumenezko pertzepzio sinpletik konposatuetara, kanpoko mundutik haurraren barnera.



c) Ikaslearen jarduera libreko printzipioa

Bizitza garapena, eboluzioa da. Garapen hori suerta dadin behar den giza baldintza askatasuna da. Bizitzan garapen harmonikoa aztoratzen duten oztopoak agertzen dira. Horiek gainditu ahal izateko haurrak aske jarduten utzi behar ditugu Eskolan ezartzen den askatasun falta, isilpean eta geldirik egon beharra gogor kritikatzen du, hala nola, diziplina lortzeko ematen diren zigorrak eta sariak . Pasibitatean ez dago askatasunik eta ezin da barneko mundua era egokian garatu. Kanpoan dagoen guztia barneratu ahal izateko "jardun" egin behar da, ukitu, egin, sentitu. Horregatik norberak ikasten du, autohezkuntza sortzen da. Montessori eskoletan garatzen den askatasuna psikologikoa da gehienbat, norberaren diziplinan oinarritua. Lan egiteko eta jarduteko askatasuna da, besteak molestatzen ez diren bitartean. Ordenak garrantzi berezia du bere metodoan, ordena fisikoak psikologikoa edukitzera ere eramanen du.

Ordena lortzeko apalak, eskegitokiak, konketa eta abar bere neurrian eduki beharko ditu haurrak.



d) Banakotasunaren printzipioa

Bere metodoa norbanakoaren erritmoan eta jarraipenean oinarritzen da. Irakasleak haur bakoitza non aurkitzen den behatu behar du. Ez du irakatsi behar. Bakoitzaren bidea zuzendu behar du. Hori dela eta Montessorik irakasleei "zuzendari" deitzen zien . Autohezkuntzaren prozesuan, ikasle bakoitzak, materialekin aritzean, ongi dihoanentz antzematen du, materialak autozuzentzaileak direlako eta beraz, akatsen edo asmatutakoen berri ematen dute. Irakasleak prozesu horretan zuzenduko du, berarentzat egokiak diren materialak eskainiz.

Haurra bere erritmoan uzten dugularik, ez du inoiz porrot egiten .

Bestalde, haurrek, beraien artean ere ikasten dute. Hori dela eta dottoressak talde heterogeneotan aritzea proposatzen du . Adin ezberdinetako haurrak gela berean egoterakoan, besteekiko eta ikastearekiko estimulazioa handitzen da. Handiek irakasten ahal dute oso era egokian eta txikiak handien ereduaz probesten dira.



Bere materialak

Bere materialak zentzumenen lanketatik abiatzen dira. Gela batean hainbat gauza ikus daitezke: dorreak egiteko neurri ezberdinetako blokeak, usaimena lantzeko ontziak, ukimenaz bereizteko piezak, soinuak egiteko txilinak, esku trebetasuna lantzeko lokarriak, lijazko letrak, fonogramak, pote termikoak, geometria lantzeko pieza ezberdinak, aritmetikarako hamarrekoak, puzzle antzeko atlasak...

Material bakoitzak ezaugarri bat lantzen du, hala nola, kolorea, pisua, forma, ehundura, luzera, hotsa, usaina. Ezaugarri hauek isolatuak agertzen dira, hau da, koloreak landu nahi badira, koloretan bakarrik ezberdinak diren objektuak ikusiko dituzte, tamaina, forma eta abarretan berdinak direlarik.

Hasieran kontraste handiz eskainiko dira ezaugarri horiek, hala nola, gorria eta urdina. Hauek bereizten joan ahala, urdin ezberdin guztiak bereizten hasiko da.

Halaber, ezagupen kognitibo berria egiterakoan, ahalik eta zentzumen gehienak erabili beharko dira. Letrak ikasten ari direlarik, idatzita ikusiko dituzte, nola ahoskatzen diren entzunen dute, lijazko letra ukituko dute...

Materiala, orobat, graduatua da. Ezaugarri horiek menderatzen diren arabera, beste kualitate batzuk lantzeko erabiliak izanen dira. Adibidez, letrak ikasten hasten direnean, gorriz kontsonanteak eta urdinez bokalak paratuak izanen dira.

Bada interesgarria den beste material bat: bizitza praktikorako kutxak. Hauen garrantzia haurrek imitatzeko duten joeran datza. Sinpleak diruditen arren, berebiziko garrantzia dute Montessoriren metodoan. Kutxa horietan hainbat gauza aurki ditzakegu: botoiak, kremailerak, korapiloak egiteko lokarriak, zapateei emateko betuna eta abar. Gurasoei, halaber, etxeko zeregin horietan autonomia ematea aholkatzen zaie: arraska egin, pitxerretik ura bota, jantzi eta erantzi...

Materiala hiru taldetan banatzen da gela barruan: bizitzarako materiala (3/4 urtekoentzat); zentzumenak lantzekoa (gelako guztiek) eta material akademikoa irakurketa, idazketa, natura, geografia, gramatika eta abarrerako (haurrak gai hauek lantzeko prestatuak dauden arabera erabiltzeko).

Dena hartzeko, ukitzeko, usaintzeko, entzuteko, ikusteko prest dago.



Gurean Montessorik eduki duen eragina

Euskal Herriko bai hasierako ikastoletan bai oraingo ikastetxeetan aurkitzen ahal ditugu Montessoriren filosofiaren aztarnak, beti ere "Eskola Berri"ko filosofiarekin nahastuak.

Haurtzaroak daukan garrantzia ikusirik, ikastolek hiru urterekin eskolaratzea proposatu zuten. Horrekin batera, etxeko hizkuntza ez zuen ereduaren aldeko apostua egin zuten. Montessoriren ustez, 0-6 adinak hizkuntzen barneraketarako eskaintzen dituen aukerak ez ditu bizitzaren beste garaik eskainiko.

Honekin batera, gurean barneratuak izan diren ideiak "Eskola Berri"ko filosofiaren barruan ere txertxatzen ahal direnak dira: haurrak berak jarduteak daukan garrantzia, kanpoko ekintzak barrukoa dakarrela, ahalik eta zentzumen gehienak erabili beharko direla eguneroko zereginetan, autonomia bultzatu behar dela...

Bestalde anitz dira gure ikastetxeetan ditugun Montessori materialak edo horretan oinarrituak izan direnak, bai erosita, bai geuk eginda.

Estrategia metodologikoei dagokienez ere, kontzeptu abstraktuak irakatsi baino lehenago, horren isla fisikoa bilatu eta erakutsi behar dela garbi daukagu. Esaterako, historiaren kronologia lantzerakoan, ohikoa da gure artean horren isla fisikoa eduki dezaten, gelako hormak erabiltzea denboraren marra errepresentatzeko.



Montessori eskolak gaur egun

Aipatu bezala, metodo hau erabiltzen duten eskolen kopurua

hagitz handia da. Titularitate pribatu zein publikokoak dira eskola hauek.

Beraien artean duten lotura eta metodoaren "ortodoxia" ziurtatzeko hainbat elkarte sortu dira. Elkarte hauek dituzten zereginen artean hauek daude: materiala banatu, irakasleak prestatu, irakasleen formatzaileei ziurtagiriak eman, jardunaldiak eta kongresuak antolatu, aldizkariak argitaratu, web orriak sarean paratu, gurasoei informazioa banatu eta metodoaren aplikapena ikertu Lehen eta Bigarren Hezkuntzan.





Helbide interesgarriak :

-Europako Montessori Elkarte zaharrena: AMI, Koninginneweg 161, 1075 CN, Amsterdan, The Netherlands

- Materialaren deskribapenak: http://alain-lefebvre.com /montessori

-Harremanetarako e-mail:

montessori@alain-lefebvre.com



Bibliografia:

M. Montessoriren lanak frantsesez:

- La pèdagogie scientifique, Paris, Desclèe de Brouwer, 1959.

- L'enfant, Paris, Desclée de Brouwer, 1936.

- L'esprit absorbant de l'enfant, Paris, Desclèe de Brouwer, 1959.



M. Montessoriri buruzkoak frantsesez:

G.J.J. BERNARD (1945): La méthode Montessori, Paris, Desclée de Brouwer.

H.LUBIENSKA DE LENVAL (1947): La méthode Montessori, Esprit et Technique, Ed. Spes.

D. MAGLIS (1984): Montessori, Toulouse, Priva.

P.PALK-LILLARD (1984): Maria Montessori, Paris, Desclée de Brouwer.

E.M. STANDING (1972): Maria Montessori à la dècouverte de l'enfant, Paris, Desclèe de Brouwer.



M. Montessoriren lanak gaztelaniaz:

- El método de la pedagogía científica aplicado a la educación de la infancia en las "casas de niños", Barcelona, Araluce, 1915.

- Antropología pedagógica, Barcelona, 1921.

- La autoeducación en la escuela elemental, Barcelona, 1921.

- Ideas generales sobre mi método, Madrid, 1928.

- La Pedagogía contemporánea, Madrid, 1928.

- El niño, Barcelona, 1937.

- Pedagogía scientífica ,1913.



M. Montessoriri buruzkoak gaztelaniaz:

HELMING,H. (1970): El sistema Montessori, Bercelona, Miracle.

OREM,R.C. (complicador) (1965): A Montessori Handbook, New york (trad. Cast, Buenos Aires, Paidos 1979).

STANDING, E.M. (1976): La revolución Montessori en la educación, México, siglo XXI,

LUBIENSKA DE LENVAL,H. (1968): El método Montessori, Madrid, Magisterio Español.