Euskara nerabezaroan. Aisialdia eta eskola elkarrekin. Txatxilipurdiren proiektua

1999-12-01
Arrasaten aski ezaguna da Txatxilipurdi Haur eta Gazte Ekintzak Elkartea, eta Euskal Herrian ere badu oihartzunik aisialdiko talde honek. Arrasate Euskaldundu Dezagun elkartearen barruan sortua da Txatxilipurdi, eta haur eta gazteen aisialdia asetzen saiatzen da, baina beti ere euskara sustatuz.
 
 
Sortu zenetik hona, hainbat eta hainbat ekintza burutu ditu aurrera eta hainbat esparru landu ere bai. Azken pausoa gazteak, aisialdia eta ikastetxea lotzea izan da. Irakaskuntzan ere euskararen erabilera sustatzeko premia zegoela ikusi zuten Txatxilipurdiko kideek, eta hutsune hori bete asmoz hasi ziren lanean gazteekin.

Gaur egun Txatxilipurdi Elkarteak zortzi sail ezberdin ditu: haur saila, gazte saila, idazkaritza, administrazioa, formakuntza, proiektu berrien saila, kultur zerbitzua eta sorkuntza. Berauetan lan egiten duten hamar langile daude eta hauez gain begiraleak.

Idazkaritzak elkarteko ikuspegi orokorra bideratzen duela esan daiteke, eta sailen arteko koordinazioa, arduren banaketa eta espezializaziorako bidea jorratzea ere badagokio.

Sail bakoitzaren lanari begira jarrita, haurren saila 2-12 urteko haurrei zuzendua dago, eta gazte saila 12-17 urte bitartekoentzat da.

Haurren sailean bi ekintza mota burutzen dira: momentukoak eta iraunkorrak. Momentukoak urtean zehar data jakinetan burutzen direnak dira, eta ezagunenak udalekuak dira. Iraunkorrak, berriz, urte osoan zehar aukeran daudenak dira eta hemen ludoteka zerbitzuak kokatzen dira. Bi ludoteka daude, bata herriaren erdialdean eta bestea errealitate erdalduna duen auzo batean. Astean zehar egoten dira irekita. Bestalde, zenbait ikastetxetan ere eskolaz kanpoko ekintzak urte osoan zehar eskaintzen dituzte.

Gazte sailean ere bi ekintza mota hauek daude aukeran. Iraunkorren artean Gazte Txokoak eta Aisialdia eta Eskola proiektua aipatu behar dira, eta momentukoen artean udalekuak eta larunbatetako ekintzak, besteak beste.

Formakuntza eta proiektu berrien saila berria da eta bi helbururekin sortu da Iñaki Saez arduradunak azaldu digunez: "Alde batetik barne formakuntza suspertu nahi dugu Txatxilipurdiko langile eta begiraleei begira. Eta bestetik kanpora begira ikastaroak, hitzaldiak, proiektuak eta abar prestatu nahi ditugu".

Eta azkenik, kultur zerbitzua dugu. Sail hau ere berria da eta bere egitekoa aste kulturalak, jaialdiak, antzerkiak eta antzeko ekitaldiak antolatzea da.

Azken bi sail hauetako zerbitzuak Euskal Herri mailan eskaintzen dituzte Txatxilipurdiko kideek.



Gazte saila indartzeko saiakera

Txatxilipurdiko kideen helburuetako bat Gazteen saila indartzea da. "Izan ere, gazteak euskararen mundura hurbiltzen baditugu, gero AEDn parte hartzeko moduan izango dira, AEDtik gertu sentituko dira. Gure lana zubi lana egitea da".

Horregatik, zubia pasatzen laguntzeko, Gazte sailak hainbat ekintza burutzen ditu. Iraunkorren artean Gazte Txokoak aipatu dizkigute lehen. Txoko hauek aisialdi mailan gazteentzat egunero arratsaldeko 17:00etik 20:00etara irekitzen diren lokalak dira. Ludoteken antzekoak direla esan genezake, baina gazteei zuzendutakoak. "Guztira hiru txoko daude Arrasaten, bakoitza auzo batean, eta nahiko auzo erdaldunak dira, gainera" dio Errukane Aperribaik. Txoko bakoitzean dinamizatzaile bat dago eta bera da arduraduna.

12-18 urte bitarteko gazteak biltzen dira txoko hauetan. Adinen artean aldea ikusten dela diote, baina hala ere ez dituztela bi taldetan banatzen. "Alde handia dago 12 urteko eta 17 urteko gazte biren artean eta zenbait kasutan txokeak sor daitezke. Baina orokorrean nahiko ondo moldatzen dira. Eguneroko jardunean nahitaez elkarrekin bizitzen ikasten dute". Gainera, nahasketa ona dela diote. "13 urtekoek 16 urtekoengandik ikasten dute, hauek urte asko baitaramatzate txokoan eta badakite nolakoa den funtzionamendua. Adibidez, 16 urtekoak, dinamizatzaileari ezer esan gabe, kartulina hartu eta futbito txapelketarako kartelak egiten hasten dira. Gaztetxoek hori ikusi egiten dute, nola antolatzen diren konturatzen dira eta ikasi egiten dute".

Bestalde, nahiz eta hasieran gazteak taldeka edo koadrilan hurbildu txokoetara, denak nahasten diren momentua iristen da. "Batzuk bakarrik ere etortzen dira eta dinamizatzailearekin harreman pertsonalagoa lortzen dute. Badira 13 urterekin hasi eta 18 urtera arte txokoetan ibili diren koadrilak eta gazteak".

Dena dela, txokoetako gazteen mugikortasuna etengabekoa da. Izan ere, 18 urtekoak ateratzen diren heinean, 12 urteko gaztetxo berriak sartzen dira. Honek gazte hauen finkatzea ez du posible egiten, baina hala ere adin bakoitzeko txoko bat jartzea ez dela hobea uste dute Txatxilipurdiko kideek.

Txokoek hiru helburu oso garbi dituztela diote gure solaskideek: komunikazioa, euskararen erabilera eta aisialdiaren autoantolakuntza. Euskara da ekintza guztietarako erabiltzen duten tresna komunikatiboa. Hasieran gazteen arteko komunikazioa lantzen dute eta gero autoantolakuntza, azken honi garrantzi handia jartzen diotelarik. "Eurak izan behar dute euren ekintzen sortzaile, eta horregatik da garrantzitsua autoantolakuntza" dio Goizane Jausorok. Autoantolakuntza hiru mailatan egiten dutela azaldu digu. Lehenengo, gazteak eurek nahi dutena proposatzen hasten dira, eta dinamizatzaileak antolatzen du. Poliki-poliki dinamizatzailearen eta erabiltzaileen artean antolatzen hasten dira. Ondoren, eurek eurentzat antolatzen dituzte ekintzak gazte txokoetan bertan. Eta hurrengo urratsa ekintzak auzora edo herrira begira antolatzea izango da.



Aisialdia eta eskola uztartzearen beharra

Gazte saileko ekintzekin sei urtetan zehar lanean jardun ondoren, Txatxilipurdiko kideak ondorio batera iritsi ziren: gazte edo esparru batzuetara iristen zirela, baina bazegoela hutsune handi bat: irakaskuntza.

Hori dela eta, aisialdia eta irakaskuntza uztartu asmoz, Aisialdia eta Eskola Proiektua jarri zuten martxan. "Proiektu honek urtebeteko ikerketa prozesua eduki zuen" dio Errukanek. "Urtebete egon ginen proiektuak nondik nora jo zezakeen aztertzen eta duela bi urte jarri genuen martxan".

Proiektuaren muina aisialdia eta eskola lotzea direla esan daiteke, betiere euskararen erabilera bultzatu asmoz. Txatxilipurdiko kideak institutura joaten dira gazteekin hainbat saio eta ekintza burutzera. Aktibitate hauekin euskararen presentzia gehitzea lortu nahi dute.

Baina proiektuarekin hasi aurretik ere egin zituzten hainbat saio ikastetxeetan. "Orain dela zazpi urte hasi ginen gaztetxoekin aisialdi ekintza egiten" azaldu digute. "Institutuko irakasle batek oporraldian euskararen erabilera asko jaisten zela zioen eta oso despistatuta itzultzen zirela irailean. Horrela, urte batean irakaslea barnetegi batera joan zen ikasleekin, batez ere B eredutik D eredura pasatzen ziren ikasleekin. Oso ongi pasa zuten eta oso aberasgarria izan zen gelarako. Baina Arrasaten bertan euskaraz funtzionatzen zuten komunitateak ez zituztela ezagutzen konturatu zen irakaslea. Lesakara joan ziren, eta han ondo, baina Arrasatera itzuli eta lehen bezala. Gauzak horrela, guregana jo zuten Arrasaten bertan barnetegi bat nola antola zitekeen galdetuz. Eta horrela hasi ginen lehen urratsak ematen".

Hasierako esperientzia hartan goizez euskaltegira joaten ziren 14-15 urteko gazteak, eta arratsaldez denak elkartu eta aisialdiko ekintzak egiten zituzten. Asteburuetan, berriz, kanpora joaten ziren. Oso esperientzia polita izan zela gogoratzen dute.

Iñakik dioenez, "Batez ere errefortzu bat izan zen. Lehenengo mailan B eredua zegoen institutuan, eta bigarren mailara iristean A edo D aukeratu behar zuten. Ikasketak burutzeko zeukaten erraztasunagatik edo, gehienek A eredura jotzen zuten. Horregatik, bultzada bat eman nahi zitzaien D eredua aukera zezaten".



Esperientziaren jarraipena: ikastetxe osoari begira

Sei urtetan jarraitu zuen Txatxilipurdik talde hauekin lanean gauzak aldatuz, hobeto eginez eta abar. Baina talde hauek ikastetxean bertan irla bat zirela konturatu ziren. "Talde euskaltzale bat biltzen zen eta indar asko jartzen genuen guztiok, baina uharte bat zen, beste taldeak ez ziren eurekin identifikatzen. Euskararen inguruko mugimendu guztietan sartzen ziren, baina institutuan ez zen ezer ere islatzen" dio Goizanek.

Hori dela eta, institutu osorako zerbait egin beharko zela pentsatzen hasi ziren. Horrela abiatu ziren aisialdia eta eskola proiektuarekin.

Hasteko diagnosi txiki bat egin zuten. Inkesta baten bidez ikasleen euskararen ezagutza, erabilera eta jarrera zein ziren jakin nahi zuten. "Izan ere, ordura arte denbora asko pasatzen genuen gazteekin eta ezagutzen genituen, baina ikastetxean gelaka hasi behar genuenez, ez genituen ezagutzen". Inkesta hau irakasleen laguntzaz burutu zuten. Aldi berean, Txatxilipurdik proiektuaren berri ematen zien irakasleei motibazio saio baten bitartez. "Oso garrantzitsua da irakasleen eta gure lanaren arteko osagarritasuna bilatzea. Hasieran kosta egiten da, lan egiteko modua oso desberdina baita".

Inkestaren emaitzen arabera zein ekintza mota egin zezaketen ikusi zuten. Beraz, inkesta edo diagnosiaren ondoren, gela bakoitzeko helburuak eta edukiak zehaztu zituzten, horren araberako ekintzak egokitu gelarentzat, metodologia azaldu, ekintzen bitartez helburuak nola bultzatuko ziren azaldu, ekintzen deskribapena egin eta ebaluaketa sistema zehaztu. Prozesu honetan irakasleek ere parte hartzen zuten. "Garrantzitsua da irakasleak ere parte hartzea berak ere errealitatea zein den eta zer egin dezakeen ikus dezan".

"Iaz gela bakoitzean lau ekintza burutu genituen, hilean bat. Batzuk ordubetekoak ziren, beste batzuk bikoak, egun osokoak ere bai.... Helburuen arabera ezberdina izan ohi da ekintza" dio Iñakik.

Oro har, ekintzak hiru motatakoak izan ohi dira. Hasteko komunikaziorako ekintzak burutzen dira. Inkestaren ondoren taldearen euskara maila ezagutu arren, Txatxilipurdiko dinamizatzaileek ez dute taldea ezagutzen eta ikasleek ere ez dinamizatzaileak. Beraz, komunikazio ekintzak egiten dira lehendabizi. "Guk euren gelan egin behar duguna zer den azaltzen diegu eta eurekin egoten gara pixkat ezagutzeko eta datu gehiago jasotzeko" dio Errukanek. "Badakigu euskararekiko ezagutza eta jarrera zein duten, baina ez dute erabiltzen, eta ez dakigu zergatik" gehitzen du Goizanek. "Hori guztia ezagutu nahi izaten dugu komunikaziorako ekintzarekin".

Bigarren ekintza aisialdia euskararen erabilerarekin lotzea izaten da.

Eta hirugarren ekintzan muinera jotzen da. Normalkuntza zer den, zergatik lortu nahi den, normalkuntzara iristeko zer egin behar den eta abar azaltzen zaie. "Zuzenean joaten gara gaira".

Ekintza hauek praktikan jartzeko modu bat baino gehiago dago eta horiek taldearen arabera aldatzen dira. "Talde batean, adibidez, euren bizipenak kontatzen oso gustura daudela eta jarrera positiboa dutela ikusten badugu, gai hori gehiago sakontzen dugu. Taldeak jarrera onik ez duela ikusten badugu, eskulanak egiten hasten gara, irteeratxo bat egiten dugu edo beste zerbait egiten dugu, betiere pixkat positibatzeko. Jarreren arabera zehazten dira helburuak".

Kontuan hartu behar da ekintza hauek beti helburu horien mesedetan egoten direla. "Sekretua ez dago ekintzan bertan, helburuak eta edukiak lantzean baizik. Horrek du garrantzia" azpimarratzen du Iñakik. "Adibidez, komikigintza jorratzen ari baldin bagara, non lantzen da jarrera? Bada, komikiak egiterakoan aukeratzen duten gaian. Talde batek esaten badit txarto pasatzen duela "maketo" deitzen diotelako, bi gai jarriko dizkiet aukeran. Lehenengoa; euskara dakiten bi gazte elkartzen direla Arrasaten eta guraso erdaldunak dituen bat etorri eta "sois unos baskorros" esaten diela. Eta bigarrena; alderantziz, guraso erdaldunak dituzten eta euskara ikasten dabiltzan bi gazte daudela berriketan eta guraso euskaldunak dituzten beste bik "estos maketos..." esaten diela. Beraz, gai hauek lantzea da garrantzitsuena, eta kasu honetan horretarako erabiliko den ekintza komikia izango da".

Aisialdiarekin eta euskararekin lotuta dauden aktibitate hauek ikastetxean bertan burutzen dituzte eta ikastorduetan. "Hilean behin beste ikasgai bateko ordua hartzen dugu gure saiorako. Horretarako, akordio bat egina daukagu institutuarekin". Ikastetxearentzat sakrifizio handia eskatzen duela diote, eta oso garrantzitsua dela ikastetxeak berak helburu moduan euskararen normalkuntza edukitzea.

Hala ere, ez dira hilean behingo saio hauetara mugatzen. Urtean zehar beste zenbait ekintza burutzen dituzte, batez ere jaialdiak eta antzekoak. "Ikasleei jaialdiak nola antolatu esplikatzen diegu eta beraien ordu libretan laguntzeko prest agertzen dira". Beste talde batzuekin, adibidez, irratigintza lantzen hasi ziren eta astean behin institutuan bertan euskara hutsezko programa bat egiten dute. Beraz, ikastetxe osora zabaltzen dira hainbat ekintza, eta berauen eragina ere bai.

Ekintzak egin ostean ebaluaketa egiteko ohitura dute, proiektua zuzentzeko eta hobetzeko baliagarria baita. "Akatsak topatzeko modu bat da ebaluaketa egitea, eta modu honetara gauza bat baino gehiago ikusi ahal izan dugu. Esaterako, aisialdiaren dinamika ongi ez genuela esplikatzen konturatu ginen" dio Goizanek. "Izan ere, irakaskuntzako eta aisialdiko dinamikak ez dira berdinak, eta ikasleekin guk genituen eta irakasleek zituzten harremanak oso ezberdinak ziren. Beraz, funtzionatzeko moduak ezberdinak direla ikusita, elkarrengana hurbiltzen saiatzen gara".



Proiektuaren zabalpena

Arrasateko institutuarekin hasi ziren aisialdia eta eskola prroiektua bideratzen, baina herriko beste ikastetxeekin lantzeko asmoa badute. Iaz La Merced ikastetxearekin hasi ziren. Lehen Hezkuntza aplikatzen hasteko moduan daude gaur egun eta denboraz Arrasate osoan zabaltzea da beraien helburua.

Aurrera begira proiektua Arrasate osora zabaldu nahi dute, eta hori bideratzeko udalarekin lau urterako ituna sinatu asmo dute. Udaleko, Txatxilipurdiko eta ikastetxe partehartzaileetako (La Merced eta Institutua) ordezkariekin talde bat osatu da. Talde honek aztertuko du proiektua herri osora zabaltzeko modua. "Proiektua edozein ikastetxetan aurrera eramateko aukera izatea nahi dugu, hau da, herri osoan estandarizatzea".

Zabalpenarekin batera urtero hobekuntzak egiten jarraituko dute. Orain arte kualitatiboki neurtu dute proiektuaren eragina, baina hemendik aurrera datu kuantitaboak ere neurtuko dituzte.