FOCAULT, Michel
Frantziako Poitiers inguruko herrietan sendagileen sendian jaio zen 1926an Paul-Michel izeneko haurra. Ikas-hastapenak jesuitetan burutu ondoren, Psikologia eta Filosofia ikasi, eta Tunezen, Brasilen, EEBBtan, Suedian zein Polonian bizi ondoren, Pariseko Vincennes Unibertsitate ezkertiarrean aritu zen College de Francen irakasle izendatu arte. 1984ko ekainaren 25an zendu zen, IHESAren mamua bere aurpegi beldurgarriak erakusten hasi zen garai beretsuan, eta inoiz ezkutatu ez zuen bere homosexualitatearen argi-ilunen artean. Infernuetan bizituriko esperientzia haietatik datozkigu, besteak beste, zibilizazio-zikloa amaitzen ari den gure kultura mendebaldarraren ezaguerarako giltzarritzat jo daitezkeen honako liburuak:
- L´archéologie du savoir (Jakintzaren arkeologia). Gallimard argitaletxea. ParÃs. 1969. (Gaztelaniaz Siglo XXI argitaltxeak. México. 1972).
-Les mots et les choses (Hitzak eta Gauzak). Gallimard argitaletxea. ParÃs. 1963 (Gaztelaniaz Siglo XXI argitaletxeak. México. 1973).
- Surveiller et punir (Zelatatu eta zigortu). Gallimard argitaletxea. ParÃs.1971. (Gaztelaniaz Siglo XXI argitaletxeak. México. 1976).
- Histoire de la Folie a L ´Age Classique (Eromenaren Historia Aro Klasikoan). Plon argitaletxea. Paris. 1961. (Gaztelaniaz FCE argitaletxeak. México. 1976).
Nahiz eta hauek gure gaurko lanerako liburu garrantzitsuenak izan, Foucaultek beste hamar liburu eta hogeita hamabost goi-mailako artikulu argitaratu zituen, eta College de Francen sei ikastaldi eman zituen (bera hil ondoren liburu gisa kaleratzen ari direnak). Material horrekin guztiarekin gizarte-aldaketetan suertatzen diren hezkuntza egokitzapenak modu berri batez aztertzerik badago. Honi ekingo diogu, bada, goian aipaturiko liburu haien arabera.
Jakintzaren arkeologia
Jakintzak belaunalditik belaunaldira besterenganatzea hezkuntzaren zeregina dugu. Halere, eskolek helarazten dituzten jakintzak nola hautatu izan dira? Zer-nolako interesak ezkutatzen ditu hautaketa horrek?
Foucaultek ez du onartzen egungo ikasgaien banaketa neutrala izan daitekenik. Aitzitik, historiak markaturiko edukiak dira eskolek besterenganatzeko aukeratzen dituztenak. Zientziak gizarte-eraginetatik at daudela sinestu nahi izan bada ere, Foucaulten lana jakintzak kutsaturik daudela frogatzea izan da. Alegia, Zientzia ez dela gizaki isolatu batek ekoizten duen azalpen teoriko-formal hutsa, baizik eta abagune jakin baten arabera garatutako ustezko egien multzoa. Aipatu multzo hura erakundetu egiten da bere jatorri historikoa galduz, eta sakralizazio prozedura baten bidez finkatu ohi da. Horrela, eskolak erakutsi ohi dituen eduki hautatuak modu isolatu batez agertarazten dira beren aurkikuntzarako bideak eta etorria ezkutatuz.
Beraz, ikasgaien aukeraketa, eraketa edota sailkapena eta helarazteko metodologiak ezin dira ulertu ere egin aldez aurretik gizarte jakin batean dauden botere-multzoak behar bezala ezagutu gabe. Era berean, egun, Hezkuntzaren Soziologian ohikoak bihurtu diren errefentziak (Apple, M.W., Educacion y Poder. Paidós. Barcelona. 1987) ezin dira behar bezala ulertu beraientzat oinarrizkoa izan den Michel Foucaulten azterketen oinarriaz erreparatu gabe.
Azterketa aipatu dugunez, Hezkuntza Sisteman azterketen erabileraren ikerketa dugu Foucaultek irekitako beste ildo garrantzitsuetako bat. Izan ere, jakintzen ezagutza kontrolatu behar den bezainbeste kontrolatu beharra dago gizakia bera Hezkuntza Sisteman. Bien jarraipenerako antolatuko dira curricula deritzanak, non eskola pentsakera jakin bat eratuko den eguneroko bizitzak hezitutako ikas-logikaren kaltetan (Torres, X. El currÃculum oculto. Morata. Madrid. 1991).
Eskola sistemak pentsakera eskolarra ekoizten du, eta ez besterik; hau da, egitarauak eta curriculumak sakralizatzen ditu eguneroko beste pentsakera motak kanpoan uzten dituen bitartean. Eskolan jakintza eta boteren arteko lotura laburbiltzen da. Arrazoiaren eliza sekularrak mendebaldeak bedeinkatu izan ez dituen jakintzak baztertzen ditu. Baina hori era argiagoz antzemateko ikus dezagun zehazkiago Foucaulten beste ekarpena.
Hitzak eta gauzak
Gauza bati izena eman ahal izanak horren jabegoa adierazi ohi du. Goian aipatu bezala, jakintza eta boterea bi arlo desberdin izan arren erabat loturik azaltzen zaizkigu. Gobernatzen jakitea da boterearen muina. Halere, gobernatzeko arlo eta modu desberdinak daude. Medikuntzaren boterea ez da hezkuntzaren boterearen berdina, antzerakoa bada ere. Botere politikoak edo izpiritualak desberdinak izaten dira. Hala eta guztiz, Foucaulten arabera, azken mende honetan mendebaldean botere desberdinen arteko harremanak egonkortu egin dira. Hezkuntza boterea, adibidez, diziplinaren bidez agertzen zaigu. Honen ezarpenaren ondorioz, jakintzak egituratuko dira gizakiaren garapenaz ahalik eta kontrol gehiago eskuratu nahian, betiere ustez gizakiaren onerako (behar den heziketa lortzeko), baina, era berean, hezi beharra dagoen horri hitza ukatuz eta gauza bihurtuz.
Politikaren edo ekonomiaren historiak bere garapenaren barneko hasturak ikertu baditu ere (biztanleriaren aldaketak edo lurrin makinaren erabilera, demagun...), ez da merezi bezala ikertu mendebaldeak gizabanakoaren ekoizpena erdiesteko zer-nolako sistema pedagogikoak behar izan dituen,. Foucaulten lana gizarteratu arte. Hezitzeko hitzak eta ondoriozko sariak edo zigorrak adierazitako prozeduraren emaitzak ditugu. Azter ditzagun, bada.
Zelatatu eta zigortu
Mendebaldeak behar izan dituen aipatu pedagogia sistemak ez ziren eskoletan jaio, Erdi Aroko monastegietan eta armadetan baizik. Ilustrazioak Prusiako ejerzitoko eta Jesusen Konpainiako diziplina eta zigorrak eskolaratu zituen.
Kalasanzeko Joxeren eskolak (XVI. mendean) zein La Salleko ikastegiek (XVII. mendekoak) oinarritu zuten geroan Hezkuntza Sistema publikoa izango zena (Varela, J. eta Alvarez UrÃa, F. ArqueologÃa de la escuela. La Piqueta. Madrid.1991). Haietan botere-hierarkia nabarmena zen oso. Piramide baten antzera ikus zitezkeen jakituna (irakaslea) eta ezjakina (ikaslea) erabat bereizturik. Diziplina gogorra (zigorra) ezinbestekoa bihurtu zen biztanleria nahitaez hezitzeko. Benetako monastegi sekularrak genituen haiek, bertan suertatzen zen guztia zelatatzeko eta kontrolatzeko espazio itxiak. Hauxe dugu XIX. mendeak utzi duen eskolaren paradigma. Izan ere, botere sistema zaharrek sortu zuten modernismoaren eskola publiko berria, eta hartan, nola ez, demokrazia kanpoan geratu zen.
Eromenaren historia
Diziplina arrazoian oinarritzen da, baina Foucaultek ederki erakutsi digu arrazoiaren aurpegi beltza: eroetxeak.
Hau da, mendebaldeko arrazoia dela medio, gizaki desberdinak baztertu eta giltzapetu egiten dira gizatasun estatusa ere ukatuz. Eskola, bestalde, kaserna, lantegia edo klinika bezala,espazio itxia da, eta barne diziplinaren arabera funtzionatzen du. Funzionatzeko arrazoi diziplinario horiek arauak dira. Izan zitezkeen medikuen arauak, lan-arauak edota (gure kasuan) pedagogiako arauak, betiere arrazoizkoak, baina, era berean, botere-egoera jakin baten euskarri ezkutu gisa ari direnak.
Arrazoi mendebaldarraren gizarteratzea XVIII. mendetik dator, eta arau pedagogikoaren hedapena (eskolaratzea), berriz, XIX. mendetik XX. mendearen bukaerara, ostera. Oraindik balio al digu historiak markatutako hezkuntza eredu honek?
Nitasunaren bidez gizabanakoak ekoiztu
Irakaskuntzaren berrikuntza jakintzaren berrirakurketatik etorriko da etortzekotan. Eskolari egotzi zaion espazio itxia hautsi beharra dago eta jakinminaren gainean lan egin. Orain arteko nitasunaren teknologia eskolarrek, arauen bidez, mina erabili izan dute jakintza baino gehiago. Diziplina izan dute hizpide eta helbide. Foucaulten genealogiaren bidez pedagogia morala nahiz metodologia aztertzerik izan dugu. Aurkikuntzan oinarrituko den jakintzaren bidea ardatzat hartu beharko luke hurrengo milurteko heziketak. Eskolak gizarteratu du ikaslea bere nitasuna eraikiz. Egia eta etika bakarra zegoela uste zuen modernismoaren eskolak. Etika alternatiboak erdietsiko dituen hezkuntza dugu orain erronka. Foucaulten jakinmin arkeologikoari esker hori guztia bidezkoa bihurtu zaigu gerorako. Egin dezagun, bada!
Bibliografia
- APALATEGI, J.M.: Pertsona zientzien Jaiotza eta Heriotza BBAA. Mintzamena eta Erreala. UEU. Iruñea.1984.
- ARIES, PH.: Apropos de la volonté de savoir. L´Arc, 70.zbk. Paris.1977.
-BBAA.: Foucault and Education. Discipines and Knowledge. Routledge. London. 1990.
- RODRIGUEZ, R. M.: Discurso-Poder. TeorÃa y Práctica. Madrid. 1984.
- RODRIGUEZ,.F.: Hezkuntzaren iker-tresnak. IPES. Formazio Koadernoak. Bilbo.
- VARELA, J.: Modos de Educación en la España de la contrarreforma. La Piqueta. Madrid. 1984.