Haur txikienen heziketa. Haur Hezkuntza aztergai Ikastolen Elkartearen jardunaldietan

2000-03-01
Jardunaldi Pedagogiko arrakastatsuak suertatu dira aurten Ikastolen Elkarteak antolatu dituenak. Haur Hezkuntza (0-6 urte) gaiaren inguruan 300 pertsona inguru bildu ziren Gasteizen otsailaren 9, 10 eta 11an. Haur Hezkuntzarekin lotuta hainbat aurkezpen eta esperientzia ezagutzeko aukera eman dute jardunaldiok. Besteak beste, etapa honetako curriculumaz, haurraren ezaugarri psikopedagogikoez, inguruarekiko eta helduekiko duen komunikazioaz, horren kalitateaz, hezkuntza garai hau baliabide egokiagoz hornitzeko eraz eta abarrez egin da gogoeta, azken helburua gure hezkuntza eredua hobetu ahal izatea izan delarik. Zeregin hori guztioi dagokigula ahaztu gabe, jardunaldiko ekarpenak zabaltzea eta konpartitzea denon mesederako izango dela uste dugu. Asmo horrekin bildu ditugu hurrengo orriotan jardunaldietako hiru hizlariren ekarpenak.
 
 
ACOUTURIER, Bernard



Bernard Aucouturier Psikomotrizitate Praktikako sortzaile eta Aseefopp-eko lehendakari-sortzailea da. Euskal Herrian jarraitzaile asko ditu eta bere psikomotrizitate praktika hainbat lekutan garatzen da. Psikomotrizitate praktika horren garapena izan zuen hizpide bere hitzaldian, Haurraren heldutasun psikologiko eta ikaskuntzarako beharrezkoak diren oinarrizko baldintzak izenekoan.




Psikomotrizitate Praktikako sortzailea eta Aseefopp-eko lehendakari-sortzailea den gizon honek 40 urte daramatza haurtzaindegi eta haur eskoletan lanean. Psikomotrizitate praktikan oinarriturik eta urteetako esperientziaz baliaturik, haurraren heldutasun psikologikoa aztertu du, hots, nola eratzen den haurraren pentsamendua. Heldutasun hori lortzen laguntzeko hezitzaileak zein gauza eduki behar dituen kontuan azaldu zuen Gasteizko jardunaldietan.

Haurraren heldutasun psikologikoa psikomotrizitate ikuspuntutik aztertu izan du Aucouturierrek. Psikomotrizitate praktikak heldutasun prozesu horretan duen garrantzia ikusirik, garapen horretarako eta aprendizaiarako behar diren oinarrizko baldintzak zein diren agertu zuen.

Bere ustetan, psikomotrizitate praktikak haurrari ekintzatik pentsamendura igarotzen laguntzen dio, ekintzen plazerretik pentsatzeko plazerrera pasatzen da, espresio libreko dinamikatik garapen kognitiboetara. Haurraren pentsamendua eratzen joaten da 0-3 urte bitartean, eta prozesu hori behatzeko eta horretan haurrari laguntzeko balio du psikomotrizitateak.

Gauzak horrela, hezitzaileen lana prozesu horretan laguntzea da. Nola? Behatuz eta lagunduz. Haurrak bere ekintzen arabera ikusi behar ditugu, eta hori ez dago oso zabaldua haur eskoletan. Laguntzeak parte hartzea esan nahi du, baina inbaditu gabe. Bere gaitasun guztiak garatzen lagundu behar zaio, egiten dakien oro egin dezan animatu behar zaio, eta ez da zigortu behar zerbait egiten ez badaki. Haurrari entzun egin behar zaio, babestu egin behar da eta bere gatazkak ulertu behar dira.

Era berean, haurra hezitzaileen laguntza hartzeko prest egon dadin, beharrezkoa da toniko-emozionalki dezentratzen laguntzea. Zer esan nahi du horrek? Gai izan behar duela bere emozioak alde batera uzteko eta emozio horiek irudikatzeko. Horrela, analisi gaitasuna lortuko du, alegia, emozioek gidatzen ez badute, objektuen parametroak aztertzeko gai izango da eta errealitatera hurbilduko da. Errealitate honen bitartekaritza dela medio egingo ditu haurrak elkarketak, sailkapenak, sekuentziazioak... eta izaki komunikatzaile eta sortzaile bihurtuko da.

Alderantzizkoa gertatzen bada, hots, dezentrazio toniko-emozionalik ez badago, gorputzaren bidez deskargatuko edo gordeko ditu bere emozioak, ez baita irudikatzeko gai izango.

Horregatik, gure egitekoa haurrari dezentrazio toniko-emozional horretara iristen laguntzea da. Psikomotrizitate praktika horretarako bitarteko bat izan liteke, haurrari gorputzarekin, ekintzekin eta jokoekin adierazten uzten baitzaio. Haurrak bere emozioak adieraz baditzake, babestua eta ulertua baldin bada, eskolan benetako iraultza gertatuko da. Beste eskola mota bat izango da, hezitzaileak entzun egingo baitio haurrari.

Dezentrazio hori aurrera eramateko leku egokia eta denbora behar dira. Lekuari dagokionez, gelan bi txoko behar dira; bata ekintzetarako eta jokoetarako, haurrak bere emozioak besteekin bizi ahal izango dituena; eta bestea mugatua, dezentrazioa, eraikuntza eta hizkuntza adierazteko aukera ematen dion materialarekin.

Lehenengo txokoan jokoak egiten dituzte, gorputza mugitzen dute eta plazerra sentitzen dute; suntsitzeko, erortzeko, orekatzeko, bueltak emateko, biltzeko, banatzeko, sartzeko, ateratzeko... plazerra.

Jolas horiek psikomotrizitate aktibitateak dira; haurrak burutzen dituen ekintzek helduekin dituen harremanekin eta bere garapen psikologikoarekin zerikusia dute.

Esaterako, gauzak suntsitzen dituenean, eraldatzeko asmoz egiten du. Oreka bilatzera jolasteak gurasoekiko harremanekin du zerikusia. Hau da, gurasoek behin baino gehiagotan hartzen dute haurra besoetan eta gora igotzen dute. Igoera horiek aztarnak uzten dituzte haurraren gorputzean, eta orekatzeko desioa ere bai.

Erorketen jolasa ere hor dago. Haur guztiak jolasten dira erortzera, eta hori heldutasun psikologikoaren adierazle da. Zeren, zutik egoteko jarrera plazerrez galtzeak haurrak irudi bat baduela esan nahi baitu.

Jauzi egitearen plazerra ere psikomotrizitate ekintza da, bere euskarriak eta gorputzaren mugak galtzea esan nahi baitu. Baina galtzera jolasteko beharrezkoa da bere euskarrien eta mugen jarraikortasun bat edukitzea. Eta hori heldutasun psikologikoaren aldierazgarri da.

Lurrean jiraka ibiltzean ere haurrak gurasoekiko interakzioa errepresentatzen du, askotan ibili baitute bera modu batera eta bestera gero hasierako jarreran uzteko. Beraz, horrelako ekintzekin haurrak bere gurasoekiko erlazioa bilatzen du sinbolikoki.

Ispiluak ere garrantzi handia du. Askotan ikusten ditugu 3 urte baino gutxiagoko haurrak ispilu aurrean keinuka, eta hori garapen psikologikoaren proba da. Haurra mugitu egiten da eta mugitzen ikusten duen irudia bere gorputzean somatzen du. Distantzia bat sortzen da bien artean, eta dimentsio sinbolikoa irekitzen du.

Gauzak bildu eta sakabanatu ere egiten dituzte, eta hori ere psikomotrizitate aktibitatea da. Gurasoen kontaktua gogorarazten duen jokoa da, interakzio hori berbizitzen du gauzak bilduz eta banatuz, sartuz eta ateraz.

Gordeketan jolasten denean bere nortasuna berresten du. Gorde egiten da, eta besteak bere bila joaten badira, maite dutelako joaten direla konturatzen da.

Otsoaren jolasa ere guztiek ezagutzen dute, eta beldurra pasatzen dute. Beldur hori erasotzailearen identifikazioa da.

Jolas horiek guztiak psikomotrizitate aktibitateak dira, eta horien ondotik haurrak bildu eta ipuin bat kontatzen zaie. Zertarako? Ipuineko heroiaren ekintzak entzunez gauzak irudikatzen laguntzeko. Haurrek bere gorputza geldirik dute, baina beren emozioak oraindik hor daude, eta irudietan sartzen dituzte. Horrela, jokoen bidez askatu dituzten emozioak integratu eta ahuldu egingo dira beren buruan egiten dituzten irudien bitartez. Hori guztia posible izateko, ipuinak emozioz beterikoa izan behar du. Beldurra sortu behar du emozioak sorraraz ditzan eta emozio horiek beraiek parte hartzen ez duten ekintzetako irudietan barnera ditzaten. Modu horretara, haurrak dezentrazio toniko-emozionalerako prestatzen dira, eta baita bigarren txokora pasatzeko ere.

Bigarren txokoan haurrek eraiki eta marrazteko aukera izango dute, eta prozesu hori behatuko dugu. Marrazkia mahai gainean egiten da, eta eraikuntza lurrean.

Eraikuntzaren kasuan, objektu berdinak errepikatzen dituzte 3 urte baino gutxiago dituztenean, ez baitute bereizteko gaitasunik, beren identitatea bilatzen ari dira. Adi egongo gara haurrak noiz biribiltzen duen errepikapen hori, noiz ematen dion O forma, orduan hasiko bita simetria horizontalean eta bertikalean eraikitzen, biltzen-taldekatzen eta banatzen-indibidualizatzen hasiko da.

5 urteko haurraren kasuan, eraikuntza simetrikoa heldutasun psikologikoko etapa bat dela uste dut, forma biribilarekin hasi dena. Haurrak bere irudia proiektatzen jarraitzen du. Momentu honetan berdina, antzekoa eta ez antzekoa kontzeptuak dominatzen hasten da, eta berdintasuna eta ezberdintasunarena ere bai.

Marrazkien kasuan, haurra ez da derrigortu behar txorimalo bat marraztera. Interesatzen zaiguna da haurrak zein posibilitate duen bere burua marrazkiaren bidez errepresentatzeko. Geroago bera agertzen den istorioak marraztuko ditu. Marrazkiekin zein istorio garatzen duen jakitea interesatzen zaigu, hau da, jarraikortasun espaziala, emozionala, tenporala eta kognitiboa. Horretarako, beharrezkoa da haurrak kontatzen duen istorioa deskribatzea. Modu horretara, haurrari bere istorioko gertakizunen loturaren kontzientzia hartzen lagunduko diogu, eta bide batez, pentsamendu mailan dituen ekintzen inguruan pentsatzen lagundu.

Psikomotrizitate gelaren eta ohiko gelaren artean hausturarik ez egotea beharrezkoa da, bestela tentsioak sorraraziko baitizkio haurrari. Psikomotrizitate gelan duen "askatasuna" ez badu bizitzen ohiko gelan, tentsio handiak sortuko zaizkio. Egia da gaur egun psikomotrizitate espezialistak daudela, eta beharrezkoak dira. Baina tutoreak ere berarekin batera egon behar du psikomotrizitate gelan. Horrela, erantzun koherentea eta egokia emateko gai izango dira momentu bakoitzean.

Orain arte aipatutako guztia aurrera eramateko beharrezkoa da talde pedagogikoak lan bateratua egitea. Guztien artean osatu behar da heldutasun prozesua, eta horrela ez da inongo eredu pedagogikoren menpe egongo. Taldea autonomo bihurtuko da, eta badaki zergatik egiten duen egiten duena.

Haurrari ematen diogun ezagutza ongi integratua geldituko da ezagutzaren ikuspegi antropologikoa ere ematen baldin bazaio. Haurrak jakin egin behar du zergatik ikasten duen.



VILA, Ignasi: "Hizkuntza ezin da eskuratu erabili gabe"



Ignasi Vila,Gironako Unibertsitateko Garapenaren eta Hezkuntzaren Psikologia Departamenduko katedraduna da. Haurraren eta helduen arteko komunikazioa izan zen aurkeztu zuen gaia. Komunikazio horretan hizkuntzak nolako parte-hartzea duen azaldu zuen.



Haurrak hizkuntza eskuratzeko jarraitzen duen prozesuaz mintzatu zara, eta puntu klabea hizkuntzaren erabilpena dela diozu: hizkuntza erabiliz ikasten dela, alegia. Nondik abiatu zara ideia honetara iristeko?


Gizakia beste abereengandik bereizten duena ez da arrazoia, hizkuntza baizik. Jaiotzen garen unetik genetikoki sozialak garen bizidunak gara, eta ez gene sozialak ditugulako, baizik eta elkarren beharra dugulako bizitzeko. Besteak gabe ezin dugu bizi, haurtzaroan heriotza ekarriko liguke horrek, eta helduaroan eromena.

Beraz, hizkuntzak gure harremanak bideratzeko balio digu. Hizkuntzak, beste gaitasunek bezala, berezko gailuak ditu, baina horrez gain, erabiltzen erakusten digu. Eta hori da hizkuntzak duen berezitasuna eta gehien interesatzen zaigu alderdia. Berezko gaitasun horiek onartzen dizkiot, baina interesatzen zaidana da hizkuntza hori erabiltzen dakitenek nola erakusten duten hizkuntza hori erabiltzen. Hori komunikazioaren barnean gara daiteke, gizarte elkarrekintzan, besteekiko erlazioan.



Komunikazioak bideratzen du, orduan, hizkuntzaren eskurapena. Nola definituko zenuke eskurapen prozesu hori?

Hizkuntza ezin da eskuratu erabili gabe, hau da, haurrek "hitz egiten" eta "komunikatzen" jakin gabe, hitz egiten eta komunikatzen ikasten dute, eta horrela ikasten dute hizkuntza.



Nola uler liteke haur batek hitz egitea eta komunikatzea, "hitz egiten" eta "komunikatzen" ez badaki?

Harrigarriagoa da esatea "hitz egiten" eta "komunikatzen" ez badu ez duela inoiz hitz egiten eta komunikatzen ikasiko. Hitz egiteko eta komunikatzeko gaitasuna ez da trebetasunaren aurrekoa; trebetasuna edukitzeak ahalbidetzen du gaitasuna, erabiliz ikasten dugu.



Baina hitz egiten eta komunikatzen hasteko zenbait gaitasun beharko dira, ezta?

Bai, hala da, eta bi dira gaitasun garrantzitsuenak: lehenengoa, gizakia asmoak dituen gizakia dela onartzea; eta bigarrena, solaskidea ere asmoak dituen gizakia dela onartzea, bestela ez baita komunikaziorik sortuko bien artean.



Baina nola dakite haurrek beren asmoak azaltzeko balio duela hizkuntzak?

Bizitzaren hasieratik, helduek beraien antzeko asmoak, nahiak eta sentimenduak izango balituzte bezala tratatzen dituzte haurrak. Haurtxoen aurrean jarri eta kultura jakin batean trebetasunez arituko balira bezala tratatzen dituzte. Elkarrekintza horretan hasten dira haurrak beraien eta solaskideen asmoak asetzeko behar diren baliabide egokiak erabiltzen. Eta 9 hilabete inguru dituztenean, helburuak lortzeko zenbait prozedura behar bezala erabiltzeko gai direla adierazten dute.



Helduen eta haurren arteko elkarrekintza hori nolakoa dela esango zenuke?

Helduek izugarrizko ahalegina egiten dute euren portaerak haurtxoen portaerekin sintonizatzeko, hiztunen eta entzuleen arteko elkarrizketaren antzera. Horrelako jarduerei esker, haurrek jakin ahal izango dute euren portaerak bat datozen zaintzaileen portaerekin, eta hori ezinbestekoa da komunikazioa egon dadin.

Bizitzaren hasieratik, helduek euren portaera haurren berezko portaeretara moldatzen dute, eta euren mugimendu, keinu eta ahoskera "ika-mika" moduko batean sinkronizatzen dituzte. Helduak denbora guztian saiatzen dira euren portaera haurren portaerarekin koordinatzen; haurren jardueran zirrikituak aurkitzen dituzte euren mugimenduak sartzeko, gizarte elkarrekintza bultzatzeko eta luzatzeko asmoz.

Jarduera hauei esker, haurrak asmoak dituztela konturatuko dira, eta zenbait prozedura behar bezala erabiltzen ikasiko dute gainerakoek ulertu ahal izateko. Prozesu hori bi gaitasunetan oinarritzen da: berezko gaitasunean eta bizitzako lehen hilabeteetan osatzen duten gaitasun kognitiboan (baliabideak eta helburuak behar bezala erabiltzeko ahalmenari dagokiona).



Haurren asmoak aipatu dituzu, baina helduenak ere ez dira ahaztu behar. Komunikazioa egon dadin, bi solaskideak behar dira .

Noski, komunikazioa bermatzeko eta hizkuntza eskuratzeko ez da nahikoa norberak asmoak dituela jakitea; besteek ere asmoak dituztela jakin behar da. Hala egiten ez bada, ezinezkoa da haurrak besteekin jarduera elkartuetan inplikatzea.

Hizkuntza norbaiti zerbait esateko tresna da, baina baldin eta besteak nik esan nahi diodana jakiteko interesik baldin badu. Komunikazioak beti hori inplikatzen du: norbaiti zerbait esateko edukitzea, eta norbait hori esango zaion hori jakiteaz interesatua egotea.

12-14 hilabete inguru dituztenean, haurrak gainerakoak asmoak dituzten eragile gisa ikusten hasten dira. Adin horretan zeinu linguistikoak ulertu eta erabiltzeko gai izaten dira, eta hori erabakiorra da bestea asmoak dituen eragiletzat hartzeko gai direla justifikatzeko. Une horretatik aurrera, komunikazioa burutu daiteke, hots, hizkuntza eta diskurtso prozedurak erabil daitezke.



Komunikazio horretan hizkuntza erabiltzen irakasten zaie haurrei. Nola?

Hitz egiten irakastea "esandakoa hobeto esaten" laguntzea da. Horretarako, irakasten eta ikasten dutenentzat zentzuzkoa den egoeratik abiatu behar da, elkarri esan eta elkarrekin egiteko zerbait izanik, biek prozedura egokienak zein diren negoziatuko dute. Halere, prozesu hau ez da berdina eskolan eta etxean.



Nolakoa da etxean?

Gurasoek askotan ez dakite nola erakutsi haurrei hitz egiten. Aitzitik, gauza pila bat egiten dituzte, eta ez dute pentsatzen horiek ikasteko balio dietela haurrei. Haurrekin harreman afektiboa dute, erlazio positiboa, gauzak egiten dituzte beraiekin, ongi pasatzen dute, gozatu egiten dute... eta hori guztia oinarrizko hiztegia, sekuentzia krononologikoa eta abar aldatzea pentsatu ere egin gabe. Harreman sozial hori oso elementu garrantzitsua bilakatzen da hizkuntzaren eskurapenean, irakaskuntza-ikaskuntza egoera bat sortzen baitu.



Eta eskolan nolakoa da harreman hori?

Eskolan egiten diren ekintzak desberdinak dira, beste gauza batzuk egiten dira. 3 urteko haur batek badaki eskolan etxean egiten ez dituen gauzak egingo dituela.

Hizkuntza erabiliz ikasten dela esan dugu, eta erabilpen hori bultzatzeko aktibitateak egiten dira eskolan: hitz egiten eta idazten uzten zaie, asanbladak antolatzen eta beraien artean eztabaidatzen, sortzaileak izaten... Baina ekintza hauek guztiek bat-batekoak diruditen arren, aurrez pentsatu behar dira, bestela agian inork ez du hitz egingo, edo ez da eztabaidarik sortuko. Kasu horretan aktibitateak ez dira produktiboak izango.



Zer harreman egon behar du gelako ekintzen eta hizkuntzaren artean?

Hizkuntzak ekintza horiek burutzeko bitartekoa izan behar du, eta horrela ikasi behar da hizkuntza. Besterik gabe gramatika ikastea ez da batere erabilgarria eta eraginkorra, ez du ezertarako balio. Adibidez, Historia ikasteko ikasi behar dugu idazten edo hiztegi berri erabiltzen. Matematikako hainbat gauza ikastean ere errealitatean duten erabilpena jakin behar dugu, bestela alferrikakoak dira. Eskolan batere balio ez duten gauza asko egiten dira. Horregatik, burutzen diren ekintzei erabilpena bilatu behar zaie. Askotan bereziki hizkuntza irakasteko ekintzak egiten ditugu eta ez dute askorako balio. Bestetan, berriz, hizkuntzaren bidez egiten ditugu zenbait ekintza, eta ohartzen ez garen arren, horiek dira benetan baliagarrienak.



KHAWAJKIE, Elisabeth

Elisabeth Khawajkie UNESCOko Eskola Elkartuen Sareko koordinatzaileak UNESCOren hezkuntza batzordeari horri buruz hitz egin zuen. Batzordearen nondik norakoen berri emateaz gain, bere ustez sail honen lorpenik handiena izan den Delors txostenaren mamia ezagutarazten saiatu zen.




UNESCO gobernuarteko erakundearen konstituzioak honela dio: "Hitzak gizakien buruetan sortzen direnez, gizakien buruetan behar da bakearen defentsa egituratu. UNESCOren helburua da bakea eta segurtasuna Hezkuntza, Zientzia eta Kulturaren bidez eraikitzen laguntzea, hala nola, herrialdeen arteko elkarlana indartzea eta, justizia, bakea, giza-eskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetu unibertsala ziurtatzea "UNESCO 1945eko azaroan sortu zen 37 herrialde kide zirelarik. Egun 188 estatu dira haren partaide, bere bulego nagusia Parisen duelarik. UNESCOk badu batik bat pakearen eta ingurugiroaren inguruan lan egiten duen Eskola Elkartuen Sarea deritzon egitura, non 163 estatutako 6.000 bat eskola partaide biltzen dituen, horietako 12ren bat Euskal Herrikoak izanik. 70. hamarkadatik sare horren koordinatzailea den Elizabeth Khawajkie iparramerikarrak eman zuen sarearen eta UNESCOren ekimenen berri.

Bere iritziz, UNESCOren Hezkuntza sailaren lorpenik handiena XXI. menderako Hezkuntzarako eratu zen Nazioarteko Batzordeak argitaratutako txostena da, Delors txostena delakoa. Hiru urteko eztabaiden ondoren munduan zabaleko adituak aztertzen aritu ziren, 3. milurtekoa hastear dagoen honetan zein diren hezkuntzaren arloak dituen desafiorik handienak. Azterketa hartan, beste batzuen artean, Hezkuntza ekimenak antolatzerakoan eta erabakiak hartzekorakoan kontuan hartu beharko liratekeen funtsezko lau oinarri azpimarratzen dira:

Lehena ezagutzen ikasi beharrarena da. Denok dakigunez, gure gizartea abiadura handian ari da aldatzen; gaur ikasi dugunak noiz arte balioko digu; bost, hamar, hamabost urte? Horregatik, UNESCO garrantzi handia ari zaio ematen denentzako eta bizitza guzian zehar jarraitzeko izango den hezkuntzaren planteamenduari, alegia, hezkuntzaren eskubidea munduko biztanle guziengana zabaltzeari eta norberak bizi guzian etengabeko prestakuntzan jarraitzeari, gure gizarteari ekarpen esanguratsuak egin ahal izateko. Sekula ez du oraindaino gizakiak hainbesteko ezagutza bildu; herrialde industrializatuetan batik bat. Eta halere, ezagutza horrek guztiak ahalbidetzen al digu informazioa zuzen aztertzen eta zentzuzko erabakiak hartzen? Honek argi adierazten du haurrak kritikotasunean eta komunikatzeko trebetasunean lehenbailehen lantzen hasteko premia.

Bigarren oinarria egiten ikastearen beharrarena da. Gutariko gehienok ikasketa mota bakarra egin dugu eta gero lanbide bat garatu dugu, baina gure eskolaurreko haurrak, bere bizitza guzian zehar, ikasketa bat baino gehiago burutu beharko dituzte eta lanbide mota bi, hiru, lau edo gehiago izango dituzte, seguraski. Etengabekoa izango da ikasten segitzeko beharra, trebetasun eta baliabide gehiagoz jabetzearen beharra, hala komunikazio arloan, nola informatikarenean, zientzian edo teknologian. Hauek denak sorkuntza arloarekin batera doaz, eta beraz, hemen ere, txiki txikitatik hasi beharko dute prestakuntza honetan garapen orekatu bat erdietsi ahal izateko. UNESCOk duen sareko eskoletan esperientzia ugari ari dira gauzatzen; haur txikiak batzarretan biltzen ohitzen dira, lanak taldean egiten dituzte, Natura eskolara joaten dira baratzak, landareak eta animaliak zaintzera, papera birziklatzen dute, ez zikinduz ingurugiroa txukun mantentzen laguntzen dute, gehiegi kontsumitzeak dituen alde kaltegarriaz ohartzen dira, bortizkeria baztertzen eta elkarri laguntzen ikasten dute, egunkari bat argitaratzeko prozesu guzia antolatzen dute, eta hau guzia bakearen kultura eskoletan ere eraikitzen hastearren.

Hala zioen UNESCOk, iaz, Arte eta Sormenezko Hezkuntza sustatzeko egin zuen deialdi batean: egun kontzientzi ahandiagoa dugu sen sortzaileak pertsonaren nortasunean bere heldutasuna finkatzerakoan duen eraginaz, eta horrekin gizakien portaera harmoniatsua eraikitzen laguntzen dugu.

Hirugarrena izaten ikasi beharra da. Zer da gure gizartean ikusten duguna? Bortizkeriaren gorakada, haurrei egindako abusuen gorakada, delinkuentziaren gorakada, droga hartzaileen gorakada eta abar. Non daude gure gizartearen balioak? Non daude balioak geuk gauzatzen dugun hezkuntzan? Hezkuntzak haurren garapen integrala gauzatzeko lagundu beharko luke, hau da, burua, gorputza, adimena, sentiberatasuna, ardura, balioak, nortasuna, duintasuna, besteekiko zintzotasuna eta abar garatzeko. Guraso eta irakasleek kontuan hartu beharko lukete haur txikien ereduak direla beraiek, eta bidegabekeria, diskriminazioa eta aurreiritziak baztertzen dituen maitasunezko eredua eskaini behar liekete. Funtsezkoa da haurrak errespetuaren, autoestimuaren eta harrotasunaren zentzuez jabetzea. Haurrak argiak, biziak eta jakin-min handikoak izatea nahi dugu.

Laugarrena elkarrekin bizitzen ikasteko beharra . Hauxe da, akaso, denetan garrantzitsuena. Ikustea besterik ez dago mendeetan zehar, eta azken XX. mende honetan batik bat, gure ezagutzak eta teknologiak ekarri dituzten pentsaezinezko aurrerapenak. Zientziak eta teknologiak muga gutxi dituztela dirudien garai honetan, munduari begirada bat botaz gero (Kosovo eta Bosnia-Herzegovina, Ruanda, Kanputxea...), badirudi garrantzitsuena ikastea falta zaigula: nola bizi elkarrekin duintasunean eta bakean. Hauxe dugu erronkarik nagusiena. Mundu osoan zehar etnia, kultura eta hizkuntza ezberdineko lagunak biltzen dira eta gazte-gaztetandik baztertu beharko genituzke bidegabekeria, aurreiritziak, diskriminazioa eta arrazakeria, mundu osoan egun dauden eta etorriko diren belaunaldietako gazteek behar bezala hazteko aukera izan dezaten; autoestimua, euren buruarekiko konfidantza, elkarrekiko errespetua, tolerantzia eta duintasuna nagusi diren giroan hazi daitezen. UNESCOko sareko eskola den Parisko Maxime Gorki-n duten goiburuak dioen bezala, denok ezberdin, baina denok batera.

Eta horretan badugu zer egin gurasook eta eskolak. UNESCOk sustatu nahi du haur txikien eta familien hezkuntza, komunitate osoak konpromisoa har dezan, eta behar bezalako hezkuntza politika egin dadin. Hemen kokatzen da UNESCOk duen erronkarik handiena: munduan zehar oraindik eskolaratu gabe dauden 130 milioi haur horiei oinarrizko heziketa iritsaraztea. Irakasleen eta gurasoen hezkuntza indartu eta sustatu egin behar da ezinbestez lanerako zutabe horiekin aurrera egiteko, eta UNESCOko zuzendari ohi batek zioen bezala maitasunaren pedagogia eraikitzeko.

Hau guztia berraztertzeko eta proposamen berriak plazaratzeko, apirilean Senegaleko Dakarren egingo den Hezkuntzaren Inguruko Nazioarteko Kongresua izango da hurrengo topalekua.