Kronika

2000-03-01
 
 
Euskal irakaskuntzaren zailtasunak Nafarroan
Nafarroako irakaskuntzan euskararen presentzia pixkanaka gora badoa ere, behin eta berriro topatzen da zailtasunekin. Nafarroako Gobernuaren aurrekontuetan, esaterako, ez da igoera handirik ikusten euskararen kasuan. Partidak igo badira ere, aurrekontu orokorrekiko proportzioan gauzak ez dira asko aldatu: aurrekontu orokorren %0,34 dagokio euskarari. Gobernuz Kanpoko Erakundeek eskatzen duten %0,7aren erdira ere ez da iristen. Eusko Jaurlaritzak aurrekontuen %1,5 bideratzen dio euskarari.
Hezkuntza Departamentuko Euskara Zerbitzuaren aurrekontuari dagokionez, igoera txikia izan du azken urteotan, %1,8koa. Guztira 221,3 milioi pezeta izango ditu Euskara Zerbitzuak 2000. urtean. Horietatik gehiena, 107,7 milioi pezeta, gau eskoletara bideratuko da. Euskararen sustapenerako 31,3 milioi pezeta erabiliko dira, eta euskarazko irakasleriaren hobekuntzarako 12,3. Gainontzekoa hiru gauzetara bideratuko da: euskararen erabileraren inguruko orduz kanpoko ekintzen hezitzaileengana, euskarazko liburukien ekoizpen eta erosketara eta euskararen sustapenera.
Diru kopurua urria bada, gainerako laguntza ere ez da handiagoa Gobernuaren aldetik. EH alderdiak bi mozio aurkeztu zituen: bata Iruñeko San Juan auzoan euskarazko lerro bat irekitzeko eskatuz, eta bestea Nafarroa osoan euskarazko irakaskuntza eskaintzea sare publikoan. Mozioek, ordea, ez dute aurrera jo PSN eta UPNren kontrako botoengatik.
Bestalde, Nafarroako Eskola Kontseiluak irakaskuntzaren inguruko lehen txostena egin du. Nafarroako irakaskuntza, orokorrean, egoera onean dagoela ondorioztatu du: gutxiengo kulturalen integrazioan urratsak eman direla, ikasleen parte-hartzea bultzatu dela, irakaskuntza pribatuko enpleguaren egoera hobetu dela eta A eredua bultzatu dela.
Kontseiluan administrazioak, irakasleek, gurasoek eta irakaskuntzako elkarteek hartzen dute parte. Guztien artean eratu dute txostena, baina ez denen adostasunarekin. Ikastolen Elkartea eta EILASen kontra bozkatu zuten ikastolen berezitasun sozio-ekonomikoa ez delako kontuan hartzen, eta euskarazko irakaskuntzaren planifikazioaz ez delako ezer zehazten.

Euskal hezkuntza bultzatzeko estrategiaren proposamenak
Iparraldeko Garapen Kontseiluak euskarazko irakaskuntza aztertzeko eta bultzatzeko estrategia aurkeztu du. Seaska, Ikas-Bi eta Euskal Haziak elkarteek bat egin dute estrategiaren bost proposamenekin.
Lehenik, irakaskuntza elebidunaren aldeko gizartearen eskaera neurtzeko dispositibo bat eratzea proposatu du. Dispositiboa frantses Hezkuntza Nazionalarekin egitea iradokitzen du, helburua tresna ofizial bat ezartzea delarik. Bigarren proposamena irakaskuntza elebidunarentzako finantzaketa bide berezia sortzea da. Hirugarren iradokizuna irakasleen azterketei lotua dago. Lehen mailan Hizkuntzako irakasleentzat azterketa berezi bat antolatzea proposatzen du, eta bigarren mailan, aipatu azterketaz gain, beren ikasgaian euskaraz irakasteko duten gaitasuna neurtzea.
Laugarren proposamena da irakaskuntza elebidunaren abantailen promozio eta garatze kanpaina gauzatzea. Azkenik, helburuak ofizializatzea eskatu da.
Bost proposameneko estrategia hau Frantziako Hezkuntza Nazionaleko ordezkariei eta Iparraldeko hezkuntzako beste zenbait elkartetako ordezkariei luzatu die Garapen Kontseiluak, eta horiek ados direla jakinarazi du.

Irale programa ezbaian
Irale programa, EAEko Irakasleen Alfabetatze-Euskalduntzea bideratzen duena, ezbaian jarri dute irakaskuntzako sindikatuek. Azkenaldian lortu diren emaitzak ikusita, sistema aldatzeko beharra ikusten dute. Iaz %52,2k baino ez zuen lortu lehen hizkuntz eskakizuna, eta %45ek bigarrena.
Sindikatu guztiak ados daude Iraleren sistema aldatu egin behadela baiezterakoan, baina ez dituzte aldaketa berdinak eskatzen. UGTk eta CCOOek Eusko Jaurlaritzari hiru eskaera nagusi egin dizkiote: etengabeko balioezpena handitzea, urtean bi azterketa deialdi itxi egitea eta azterketa zati gaindituak hurrengo aldi baterako gordetzea. Eskaera horiek bideratu ezean, sindikatu hauen ustez zaildu egiten die irakasle erdaldunei eskolak emateko beharrezko dituzten hizkuntz eskakizunak lortzea.
Gainontzeko sindikatuak nahiko ados daude eskaera horiekin, baina ez guztiz. LABen ustez, eskari horien azpian hizkuntz eskakizunen maila jaisteko gogoa dago. Azkenaldiko aldaketei erreparatuz, Iraleren sistema moldatu beharra ikusten du. Euskalduntzeaz gain, irakasle euskaldunen hizkuntz kalitatea hobetzeko neurriak ere hartu behar direla dio.
Neurri hori hartzearen aldekoa da ELA ere. Bere ustetan, Iralen erabiltzen den diruak ez du ematen behar adina etekin. Finean, hoberena Irale moldatzea dela dio.
EILASen iritziz, sistema errotik aldatu behar da. Suspentso kopuruari aurre egiteko modua metodologia aldatzea dela uste du.
Eskaerek Iraleren aldaketa edo moldaketa galdegiten badute ere, Hezkuntza Sailak orain arteko jardunari eutsiko diola esan du. Haren esanetan, irakasleen euskalduntzean dagoen arazoa ez dagokio hizkuntz eskakizunaren sistemari. Onartzen du ekimen berriak egin behar direla euskaraz ez dakiten irakasleen egoera konpontzeko, baina ez Iraleren metodologia aldatuta.

Nafarroako irakaskuntza pribatuko irakasleak huelgan
Otsailaren 29an huelga egin zuten Nafarroako irakaskuntza pribatuko irakasleek sindikatuen gehiengoak deituta. Bi eskaera kaleratu nahi izan zituzten: ordainsariaren eta ordutegiaren homologazioa sare publikoko irakasleekiko, eta konbenio autonomiko propioa negoziatzeko mahaiaren sorrera. Sindikatuek diotenez, sare publikoko irakasleek baino ordu gehiago egiten dute lan eta gutxiago kobratzen dute. Era berean, Gobernuak eta patronalak hartutako azken erabakiak kritikatzen dituzte.
SEPNA, UGT, ELA, USO, LAB eta CCOO sindikatuek egin zuten huelgarako deialdia eta ia mila pertsona elkartu ziren Hezkuntza Departamentuaren eta ANEGren egoitzaren aurrean. Izan ere, irakasleen eskaerak bi erakunde horiei zuzendurik daude.
Hauek, ordea, ez dute erantzukizunik hartu nahi beren gain. ANEG patronalen erakundea kritiko agertu da huelgarekin eta ez dagoela justifikatua dio. Berak ez duela erabakiak hartzeko gaitasunik adierazi du, ezin dituela soldatak igo eta homologazioa lortu, hori administrazioaren esku dagoela.
Hezkuntza Departamentuak, bere aldetik, gauzak bideratzeko gogoa azaldu du, baina modu lasai eta ordenatuan. Hiru alderdiek elkartu behar dutela dio. Bere asmoa da egutegi bat eta arazoari irtenbidea emateko metodologia bat zehaztea.
Sindikatuek, aldiz, euren pazientzia agortu dela diote, eta horregatik erabaki dutela kalera irtetea. Gauzak aldatu ezean, martxoaren 14an berriro kalera irtengo dira Nafarroako sare pribatuko irakasleak.