EIZAGIRRE, Ana; ZUBIZARRETA, Imanol:

2000-06-01
Euskal Eskola Publikoko Guraso Elkarteek Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartea (EHIGE) sortu berri dute. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko Guraso Elkarteek osatutako konfederazioa da. Hemendik aurrera, bakoitzak bere bidean jarraitu arren, hainbat gauza elkarrekin egingo dituzte. Aitzakia horrekin elkartu gara Ana Eizagirre eta Imanol Zubizarreta gurasoekin. Guraso Elkartean dabiltza azken urteotan eta gurasoek irakaskuntzan izan duten paperaz aritu gara. Orain artekoari begiratu bat eman diogu, gaur egungo egoeraz mintzatu gara, eta aurrera begira beraien iritziz zein pauso eman beharko liratekeen azaldu digute.
 
 
Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartea (EHIGE) sortu berri da Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko Guraso Elkarteek bat eginda. Zer arrazoi ikusi dituzue elkartzeko?

Ana Eizagirre.- Aspaldian hasi ginen elkarrekin lanean, eta nahiz eta herrialde bakoitzean ezaugarri ezberdinak izan, ikusten genuen gero eta proiektu gehiago genituela komunean eta horrek babes juridiko bat behar zuela. Horregatik, elkarlan hori juridikoki aurrera atera ahal izateko sortu dugu konfederazioa. Egia da egoera ezberdinak dauzkagula eta administrazio ezberdinen pean egoteak gauzak zaildu egiten dituela, baina garrantzitsuena hastea da, eta hori egin dugu.



Iparraldeko Ikas-Bi Guraso Elkartea konfederazioan dago, Nafarroako Sortzen-Gurasoak ere bai, aldiz, Herrikoia ez. Errazagoa izan al da Iparraldekoekin elkartzea nafarrekin baino?

Ana.- Iparraldekoekin aspaldian gaude harremanetan eta barnetegiak egiten ditugu elkarrekin, Euskal Herria ezagutuz proiektua daukagu... Nafarroan harreman ona daukagu Sortzen-Gurasoak-ekin. Gauza batzuk egiten ditugu elkarrekin, eta aurrerantzean konfederazioan gero eta gehiago egingo ditugu. Aldiz, Herrikoiarekin harreman pertsonalak izanik ere, ez dugu erlazio finkorik. Dena dela, eurek ere parte hartu dute Kontseiluko plangintzan, eta elkarlanerako eremu berriak zabal datezke etorkizunean.



Zein helburu ditu EHIGEk?

Imanol Zubizarreta.- Helburu nagusia seme-alabei benetan kalitatezko hezkuntza eskaintzea da, eta Euskal Herrian bizi garenez, bertako hizkuntzan eta kulturan oinarritutako sistema propio bat eratzen joatea, herrialde bakoitzeko ezberdintasunak kontuan harturik.

Euskal Herri osoan euskararen ofizialtasuna defendatzen dugu, eta eskola euskalduna, doakoa, ezberdintasunak ekiditen dituena, aurrerakoia, berritzailea, autonomoa eta kudeaketa demokratikoduna dugu helburu. Horretarako, geure seme-alaben heziketarekin zerikusia duten gaietan hezkuntza komunitateko beste eragileekin batera erabakitzeko ahalmena izatea eskatzen dugu, hala nola hezkuntza prozesuan osoko parte-hartzea izatea guraso zein tutoreek.

Garrantzi berezia ematen diogu ikastetxe bakoitzeko hezkuntza eta hizkuntza proiektuak sustatzeari, eta eskola bere ingurunearekin erlazionatzeari ere bai.



Atzera begira jarriz, nola ikusten duzue orain arte gurasook egin duzuena? Nolakoa izan da zuen partaidetza ikastetxeetan?

Ana.- Egoera ezberdina da bai lekuaren eta bai etaparen arabera. Haur eta Lehen Hezkuntzako gurasoen partaidetza askoz handiagoa izan da betidanik. Dena dela, uste bat egon da beti; gurasoak laguntzeko geundela, hau da, administrazioak edo klaustroak zerbait antolatzen baldin bazuten, haiei laguntzeko, beti besteek egindako proiektuei laguntzeko.

Baina hori pixkanaka-pixkanaka aldatzen ari da eta erreformak horretan lagundu egin du. Erreforma zela eta, eztabaida dezente egon ziren zer egin behar zen jakiteko, zergatik aldatzen ziren gauzak, zein ziren helburuak, balioak... eta eztabaida horretan gurasook parte hartu genuen. Beraz, eskolaz kanpoko ekintzak, irteerak eta jaialdiak antolatzen ez ezik, gai pedagogikoetan ere esku hartzen hasi ginen.

Imanol.- Haur eta Lehen Hezkuntzan 2 urtetik 12 urtera arte egoten dira, eta hamar urtetan gurasook badaukagu denbora zer motatako hezkuntza nahi dugun pentsatzeko.

Gainera, igartzen da gurasook lehen baino gehiago eskatzen diogula eskolari. Alde batetik, interakzio gutxiago dagoela pentsatzen da; hau da, gurasook haurrak eskolan "aparkatzen" ditugula. Baina bestetik, ikastetxeaz fidatzen garelako "aparkatzen" ditugu. Nahiz eta fisikoki zentroan ez egon, atzean gaude. Asanbladetan parte hartzen dugunean ez dugu galdetzen ogitartekoek zenbat balio duten, galdera askoz ere zehatzagoak egiten dira, konplexuagoak, kalitatea eskatzen dugu, zerbitzuak benetan beharra dagoelako eskatzen ditugu...



Bigarren Hezkuntzan nolakoa da egoera?

Ana.- Bigarren Hezkuntzan gauzak pixkat konplikatu egiten dira. Betidanik egon dira guraso elkarteak, baina hutsune bat betetzeko zeudela pentsatu izan da; baliabideak edo dirua jartzeko. Bestalde, Haur eta Lehen Hezkuntzan baino denbora gutxiago pasatzen dute ikasleek Bigarren Hezkuntzan, eta horrek ere zailtzen du gurasoon parte-hartzea. Halere, orain 12 urtetik 18 urtera luzatu da, eta gurasook parte hartzeko aukera gehiago dugu.



Zenbateko garrantzia ematen diozue ikastetxean parte-hartzeari?

Ana.- Ikastetxeko planifikazioak eta antolaketak dauzkagun helburuak lortzeko balio behar du, eta helburu horien artean gurasoen partaidetza oso garrantzitsua da. Ikastetxeak ongi funtzionatzen dutenean eta irakasleak ere pozik daudenean, gurasoak alde gauzkatelako izaten da. Alde egote hori azpimarratu nahi dut, horrek esan nahi baitu hezkuntza proiektuarekin ados gaudela, partaide sentitzen garela, gustura sentitzen garela. Ikasleak ere ongi sentitzen dira, familietan lasaitasuna dago, gurasook ongi ikusten ditugu egiten diren gauzak, eta denok pozik sentitzen gara.



Zerk mugatzen du gurasoen esku-hartzea?

Imanol.- Askotan beldurra dago irakasleei aurre egiteko, gogorra baita Eskola Kontseilu batean irakasle bati aurre egitea. Dena den, hori gainditzen ari da.

Ana.- Gurasoon partaidetza gauza askok mugatua dagoela esango nuke nik. Ikastetxean gauza guztietan parte har dezakegu; ez da egia zenbait gauzatan parte har dezakegula eta beste zenbaitetan ez. Azken finean, irakaskuntzan egiten dugun guztia haurrak hezitzeko da, eta horretarako gurasook esku-hartu behar dugu.

Egia da profesionalen eskuetan utzi behar direla zenbait erabaki: proiektuak nola eraman aurrera, proiektu kurrikularrak nola gauzatu eta abar. Haatik, horrek ez du esan nahi gurasook jakin behar ez dugunik hori zer den, nola gauzatzen den, nolakoa den eta zer egiten den ikasleekin.

Horregatik, gurasook gauza horietan guztietan hartu behar dugu parte, eta horretarako baldintzak behar dira.



Zein dira gurasoek parte-hartzea bermatzeko behar diren baldintza horiek?

Ana.- Lehenengo baldintza da gurasook zer eta nola egin behar dugun jakitea. Horretarako, oso garrantzitsua da gauza bakoitzaren ezaugarri nagusiak ezagutzea: zer den hezkuntza proiektua, zertarako egiten den, nola egiten den... hori dena jakin behar dugu. Beraz, hori guztia azaldu behar zaigu gurasooi, eta ikastetxe bakoitzeko Kontseiluak erabaki eta planifikatu behar du noiz eta nola egin azalpen hori.

Imanol.- Bigarren baldintza ikastetxeko batzarrak antolatzen direnean gurasoak kontuan hartzea da. Izan ere, gure lan ordutegia aintzat hartu behar da batzarretara joan ahal gaitezen.

Ana.- Hirugarren baldintza, eta ez guretzat bakarrik, denentzat baizik, sektoreen arteko elkarlana da. Heziketa aurrera eramateko, sektore guztiok elkarren beharra daukagula ezin dugu ahaztu: gurasoak, irakasleak eta ikasleak.



Guraso bezala nola ikusten duzue ikasleen parte-hartzea?

Imanol.- Gauza bat da paperean jartzen duena eta beste bat daukagun errealitatea. Paperek diotenez ikasleak izan behar du erdigunea eta pertsona integral bat egin behar da. Baina hori praktikara eramatea oso zaila da. Hori bideratzeari baino garrantzi gehiago ematen zaio edukiak eta programa bukatzeari. Bost axola ikasleekin beste helburuak lortzen diren ala ez.

Jarrera hori ez dute irakasleek soilik, baita gurasook ere. Nahiz eta irakasle batek intentzio guztia jarri ikasleekin helburu horiek lortzeko, gurasook ikusten dugunean otsailerako ez dutela irakurtzen ikasi, edo informatikan ez dutela ez dakit zer lortu, urduri jartzen gara eta irakasleak presionatzen hasten gara. Eta noski, gurasoen atzean gizartearen presioa dago; badirudi gaur egun hamaika titulu ez baldin badauzkagu ez garela ezer.

Ana.- Niri iruditzen zait ikasleak haur txikiak izango balira bezala tratatzen ditugula batzarretan. Etxean haurrei beti zer egin behar duten esaten gaude, eta gauza bera gertatzen da 16-18 urteko ikasleekin, batzarretan hitz egiten dugunean beti zer egin behar duten esaten gaude.

Imanol.- Ahaztu egiten dugu ikasleek ere eskubideak dituztela, eta parekotasun batean eztabaidatu behar dugula beraiekin. Ezberdintzen gaituen bakarra adina da. Osterantzean, beren eskubideak dituzte eta horiek ezin ditugu ukatu. Hori errespetatzea oso garrantzitsua da, bestela, nola lortuko dugu pertsona autonomoak izatea. Noiz ikasiko dute erabakiak hartzen?



Parte-hartzeari eta ikastetxeko komunitate osoari garrantzi handia ematen diozue, eta baita ikastetxeko proiektuari ere.

Ana.- Bai, hala da; alde batetik, guztiok hor elkartzen gara, eta bestetik, hezkuntza proiektuak adierazten du nolakoa den ikastetxea. Hezkuntza proiektuan dauden helburuen arabera antolatzen da dena. Esaterako, haur guztiak berdinak izatea ez dela garrantzitsua uste badugu, hezkidetza programarik ez da egongo proiektuan. Edo gurasook gure artean ezagutzeak garrantzirik ez duela uste badugu, ez dira eskolako jaiak antolatuko.

Beraz, hezkuntza proiektua ez da materialak eta edukiak erabakitzeko soilik, baizik eta guk garrantzi ematen diegun gaiak lantzeko eta nola landu erabakitzeko.

Imanol.- Adibidez, modu bat baino gehiago dago zuhaitzak ezagutzeko: kanpora joan, zuhaitzak ikusi eta izendatzea; inguruko baserri batera joan eta han ikustea; gurasoekin irteerak antolatzea asteburuetan... Gurasoak, aiton-amonak eta ingurukoak inplikatzen bagara, hobea izango da haurrarentzat, ikasten duena orokorragoa delako eta gizartearekin harreman zuzenagoa lortzen duelako. Eta hori guztia hezkuntza proiektuaren baitan dago.



Baina askotan ez al dago alde handia hezkuntza proiektuan idatzita dagoenaren eta egiten denaren artean? Proiektuen arabera denok gara kritikoak, autonomiaren aldekoak... baina gero errealitatean ez da horrela. Zer gertatzen da?

Ana.- Hezkuntza proiektuaren eta errealitatearen arteko desoreka planifikazio ezak eragiten du. Eta noski, planifikazio hori ikastetxeak egin beharko luke, eta ez administrazioak. Ikastetxeak eduki beharko luke planifikazio hori egiteko gaitasuna: gurasook, ikasleek, irakasleek eta gainontzeko langileek, guztiok. Denon artean adostutako hezkuntza proiektua eta planifikazioa lortzen bada, ikastetxe osoak erabakitzen badu, denok errespetatu behar dugu eta aurrera eraman behar da.

Zer gertatzen da? Batzuetan hori egin izan dela; alegia, ikastetxeak erabaki dituela gauzak, denak ados egon direla, zenbait proiektu martxan egon direla bizpahiru urtetan, gurasoak pozik egon direla, irakasleak ere pozik, ikasleak primeran... eta bat-batean agindu bat dela medio, proiektu hori pikutara joan da. Profesional aldetik hori oso gogorra da, baina baita gurasoontzat ere. Zeren geure lanetik aterata gauzak egitera joan izan bagara ikastetxera, eta hori guztia goitik datorren agindu batek hausten duela ikusten badugu, guztiz frustrantea da.



Planifikazioa egiteko gaitasuna ikastetxeak berak eduki behar du zuen ustez. Zein izango litzateke, orduan, administrazioaren funtzioa?

Imanol.- Administrazioak baliabide gehiago eta hobeak jarri beharko lituzte, baina ikastetxeak erabaki beharko luke nola erabili baliabide horiek, planifikazioa ikastetxeak egin beharko luke. Gaur egun, teorikoki, dirua zentrora bidaltzen da, eta han erabakitzen da zertan gastatu. Baina erosketa beti mugatuta eta baldintza gogor batzuen pean dago, ezin da edozer gauza erosi. Beraz, zerbait aldatu bada ere, oraindik ez da nahikoa.

Oraindik ere administrazioak erabakitzen du zentro guztietan ez dakit zer jartzea ikastetxeen onurarako dela pentsatzen duelako. Baina, agian ikastetxe bati ez zaio interesatuko momentu horretan ezartzea, eta nahiago izango du urtebete beranduago jarri. Horrelako erabakiak hartzeko malgutasuna utzi beharko luke administrazioak.

Adibidez, momentu honetan Lehen Hezkuntzako plantillak gutxi gora behera nolakoak izango diren esan digute; plantilla eredu bat egin dute, baina horrek ez du balio ikastetxe guztietarako. Benetan balioko lukeena ikastetxe bakoitzarekin eseri eta hitz egitea izango litzateke. Eskola txiki baten eta handi baten beharra ez dira berdinak izango. Eskola txikiak ikusi egin beharko du pertsona bat behar duen egun osorako ala hiru pertsona espezializatu zonalde osoko eskolekin konpartitzeko. Eta eskola handiak ere aztertu egin beharko du eskolaurrerako laguntza behar duen, zuzendaritzarako laguntzailea falta zaion edo pertsona mugikor bat nahi duen. Agian ikastetxeak ez du erabaki behar zein pertsona joango den bertara, baina bai zer perfil eduki behar duen.



Esan al daiteke ikastetxeen dibertsitatea ez dela kontuan hartzen?

Ana.- Bai, dena berdintzeko ahalegina egiten du administrazioak, eta ez dakit zergatik, ez da logikoa. Adibidez, momentu honetan jantokien negoziaketan gaude, eta batzuk pentsatzen dute -ez dakit zergatik- kudeaketa zuzenean sartzen garelako denok berdinak izan behar dugula. Nik esaten diet kudeaketa zuzenean sartzea erabaki genuela gauza batzuk hobetzeko: prezioa, baliabideak, langileak hobeto egoteko aukera... Baina, horregatik denok berdinak izan behar al dugu orain? Ez dauka zentzurik, egoera oso desberdinetan baikaude: jantoki batzuetan 300 haur daude, beste batzuetan 500 eta batzuetan 37. Kopuru horien arteko aldeak nabaritu egin behar dira nonbait.

Administrazioak dena normatibizatu egin nahi izaten du, eta horrek ez dio uzten ikastetxeari ezer egiten.



Gaitasun guztiak ikastetxearen esku uzteak ez al du irakasleen eskubideekin topo egiten?

Ana.- Ez du zertan horrela izan beharrik. Ikastetxe batek hezkuntza proiektua modu jakin batean aurrera eramatea erabakitzen badu, etortzen diren guztiek moldatu behar dute proiektu horretara; irakasleek, gurasoek, ikasleek... denen artean hartutako erabakia baita. Noski, guztion eskubideak errespetatzeak ez du suposatzen bakoitzak nahi duena egitea.

Irakasleek euren eskubideak dituzte eta hori bidezkoa da, baina eskubide horiek ezin dute ikastetxeko proiektua baldintzatu. Adibidez, ikastetxe bat goizeko 8:30ean ireki behar bada auzo konkretu batean dagoelako, ezaugarri batzuk dituelako, derrigorrezkoa delako eta gizarteak hala eskatzen duelako, bat-batean ezin da goizeko 9:00etan irekitzen hasi irakasleen ordutegia 9:00etan hasten delako. Ordutegia moldatu beharko da, administrazioak baliabideak jarri beharko ditu eta guraso elkarteak bitartekoak ezarri beharko ditu, baina goizeko 8:30ean irekitzen jarraitu beharko da.

Imanol.- Gurasook ondo ulertzen dugu momentu konkretu batean irakasle batek arazoak edukitzea, eta guraso elkarteek beti ematen dute laguntza ordezko bat jarriz.

Irakasleen artean bi jarrera egon daitezke: bata, "ni nire lanean nago eta derrigorrez egin behar ditut lan hauek" pentsatzea; eta bestea, "ni nire lanean nago eta benetan sinisten dut denok ados egon behar dugula lanak egiterakoan eta pozik nago gurasoekin, Kontseiluarekin eta nire ardurekin". Jarrera bat edo bestea edukitzeak asko baldintzatzen du ikastetxeko funtzionamendu osoa.

Gauza da denok ikastetxea geurea sentitzea, hezkuntza proiektua geurea dela sentitzea. Horrela, beste era batera ikusten dugu ikastetxea, eta denok parte hartzen dugu. Gaur egun, ordea, geure hitza ez da asko erabiltzen, gehiago entzuten da nik egiten dut, nik eskubidea daukat, nik nahi dut, nik irakasle edo guraso bezala eskatzen dut... Hori da aldatu behar duguna. Alde horretatik, gurasoontzat zoragarria izaten da irakasleak inplikatu egiten direla ikustea.



Irakasleen inplikazioa ez al dute eragozten epe motzeko egonaldiek, ordezkapenek...?

Ana.- Bai, zaildu egiten dute, baina ez beti. Gure bizitza pertsonalean gai gara gustatzen zaigun zerbaitean bi hilabeterako inplikatzeko. Orduan, profesional bati ere eskatu egin behar zaio inplikazio hori. Nik ez diot esango bakoitzari bere bizitza pertsonalean zer egin behar duen, baina profesional bezala, inplikazio hori eskatu egin behar da.

Imanol.- Halere, irakasleria egonkorra egoteak erraztu egiten du irakasleen inplikazioa. Ordezkariak eta langile ez finkoak eskola orduz kanpo gelditzea zailago izaten da. Dena den, orain dela urte pare bat ikastetxe bakoitzeko ordezkapenak irakasle bakar batekin egiten hasi ziren, baina gero sindikatuak sartu ziren hori ez zela legezkoa esanez eta...



Sindikatuak aipatu dituzue eta horiek ere hor daudela ez da ahaztu behar. Zein da eurekin duzuen erlazioa?

Imanol.- Denetik dago. Gure proposamenak eta eurenak guztiz kontrakoak dira eskola ulertzeko ikuspegitik.

Ana.- Administrazioaren eta ikastetxearen artean kokatzen dira batzuetan sindikatuak. "Botere faktiko" bezala funtzionatzen dute batzuetan, ez beti eta ez denek,baina beraiekin hartzen diren erabakiek askotan ikastetxearen plangintza aldarazi egiten dute. Esate baterako, orain dela bi urte ordutegiak eta egutegiak erabaki ziren. Ikasturtea bukatu eta irailean lasai hasteko asmoarekin joan ginen oporretara, baina udan lan hitzarmen berri bat sinatu zen. Haren arabera, Bigarren Hezkuntzako irakasleak irailaren 7an hasten ziren lanean eta ikasleak hurrengo egunean. Horrek ez du zentzurik, eta irakasle asko ere ez zeduen ados neurri harekin. Zergatik ez zutten kontuan hartu indar negoziatzaile haiek aurretik hartutako erabakia? Zergatik ez dira beste neurri batzuk hartzen betiere irakasleen eskubideak errespetatuz? Ez al dira ikaslea eta ikastexea aurrenak izan behar erabakiak, negoziazioak eta planifikazioak egiten/hartzen direnean?

Imanol.- Edozein lekutara goazela, gurasook indar handia dugula eta gauzak mugitzen ditugula esaten digute. Eta ez da egia. Gurasook gizarteak ematen digun indarra daukagu, baina ez gauzak negoziatzeko ahalmenik.

Aurrera begira, guraso bezala, zein izan litezke zuen hurrengo urratsak? Norantz jo behar duzue?

Imanol.- Lehenengo zeregina autonomia lortzea da. Niretzat hori da garrantzitsuena, beste gauza asko horren arabera baitaude.



Eta zer da autonomia?

Ana.- Autonomiaz hitz egiten dugunean antolaketa autonomia, autonomia ekonomikoa, autonomia pedagogikoa... aipatzen ditugu, baina benetan ez daukagu autonomiarik gai horietan. Esaterako, antolaketako zenbait gai eztabaidatzen ditugu pixkat, zerbait kudeatzen dugu eta hor bukatzen da autonomia.

Ikastetxeak benetako autonomia edukiko balu, hezkuntza proiektuarekin hasiko ginateke, eta ikastetxeak erabakiko luke nola egin, nork parte hartu, nola gauzatu, curriculuma eztabaidatuko genuke, zergatik irakasten den gauza bat eta ez bestea, zergatik egiten den plagintza bat eta ez beste bat... Autonomia da ikastetxeak berak erabakitzea bere hezkuntza proiektua eta hori aurrera eramateko posibilitatea edukitzea.

Imanol.- Guraso bezala gure seme-alaben heziketa dugu helburu; beraz, ikastetxeak ikasleen interesak hartu behar ditu kontuan. Eta hortik abiatuta antolatu behar da dena: irakasleek lana egoki egiteko baldintzak, gurasoak gustura gelditzeko aukerak, guztien partaidetzaren bermea... Hori lortzeko guztiz garrantzitsua da ikastetxeak autonomia edukitzea.