Nola nahi ditugu Haur Hezkuntzako gelak?

2000-06-01
Haur Hezkuntzako hainbat aholkularik etapa horretako eskoletako jangelak aztertu dituzte. Datu bilketekin eta beraien ekarpen eta gomendioekin txosten bat idatzi dute, eta CEIetan eta PATetan banatu dute. Txostenean egungo egoeraren analisiaz idatzi dutena aurreratzen dizuegu hemen.
 
 
Haur eskoletako jangelen egungo egoeraren analisia egin dute lehendabizi, eta horrekin batera heziketa taldeak eduki behar duen planifikazioa eta jangelaren kriterio orokorrak aipatzen dituzte. Atsedena, siesta eta garbitasuna ere landu dituzte.

Txostenaren egileak Haur Hezkuntzako zortzi aholkulari izan dira: Cristina Elorza Ibañez de Gauna, Dolores Tejero Vela, Lourdes Díez Romero, Lourdes Irastorza Uria, Maite Pérez Garcia, Mari Karmen Herráez Castaño eta Sorkunde Butron Jauregi.

Aipatu lana CEIetara eta PATetara banatu dute, material hori guztien eskuetan eta erabilgarri jarriz. Orrialde hauetara txosten osoa ekarri ezin badugu ere, egungo egoeraren analisiaz idatzi dutena hurrengo lerroetan aurreratzen dizuegu.



Haur Hezkuntzako jangelen egungo egoeraren analisia

Gaur egun haur eskola askok, publiko nahiz pribatu, eskaintzen dute jangela zerbitzua, batez ere urruti bizi diren eta autobusez hurbildu behar duten ikasleak dituztenek.

Ondorioz, eskolako jangeletan jaten duten haurrek egunero zortzi ordu inguru pasatzen dituzte eskola esparruan. Eta hori ez da egokiena haurtzarorako, baldintza egokietan egiten ez bada behintzat.

Gero eta adin txikiagoko haurrak eskolaratzen diren heinean, jangelaren zerbitzua orokortzen ari da eta eskola askok eskaintzen dute zerbitzu hori lehenengo urteetatik. Jangelen kudeaketa zuzena edo zeharkakoa izan daiteke, baina, orokorrean, guztiek antzeko arreta eskaintzen diete haurrei.

Hainbat gunetako aholkulariak garen aldetik, Haur Hezkuntzako hainbat profesionalekin hitz egin dugu zuzenean eta telefonoz, eta eskolen artean galdeketa bat burutu ondoren, ondorio hauetara irits gintezke:

- Eskola batzuetan lehenengo aldiz eskolaratu diren haurrak, oraindik, zuzenean joaten dira jangelara, hau da, ez dute egokitze denboraldi bat izaten atxikimendua duten irakasleak lagunduta joateko. Egokitze hori egiten duten zentroetan irakasle horrek gainontzeko irakasleen laguntza jasotzen du eta ez zaio beste lan batzuetarako deitzen (materialak prestatzeko, zikloetako bilerak egiteko, klaustroak egiteko...), irakasle taldeak onartzen baitu lan hori hezitzaileen eginkizuna dela.

- Txikienentzako jangela berezirik ez dago, eta ondorioz, kasu askotan, beste etapetako haurrekin batera egoten dira. Horrek masifikazioa sortzen du jangelan, zarata handia sortzen da eta mugitzeko leku gutxi egoten da.

- Txikienen kasuan, eskola guztietan ez da hitz egiten familiarekin jateko momentu horretaz. Informazio hori ahoz edo jangelako arduradunak idatzitako oharren bidez eman daiteke.

- Klaseak bukatu eta berriro gelara itzuli bitartean 90 eta 150 minutuko tartea pasatzen dira egunero. Kontuan hartzeko denbora da, eta leku guztietan ez dute bere gain hartzen eta antolatzen denbora tarte hori heziketa planteamenduekin bat etorriz.

- Gero eta eskola gehiagok kontratatzen du menuak eta zaintzaileak eskaintzen dituen kanpoko enpresa bat. Aitzitik, enpresa guztiek ez dute kalitate bera, eta zaintzaileen prestakuntza egokia den ala ez bermatzeko modurik ere ez dago.

- Txikienen beharretara egokitutako menurik ez da egoten. Ondoriz, puretik jaki solidoetarako aldaketa modu desegokian egiteko arriskua sortzen da. Horrez gain, jaki frijitu gehiegi, osagai fuerteak eta abar eskaintzeko arriskua dago.

- Zentro askotan altzariak ez dira egokiak Haur Hezkuntzako haurrentzat.

- Irakasle batzuen ustez, bai jangelan eta bai atsedenaldian, haur txikienak zaintzen dituzten pertsonen kopurua eta gaitasuna berrikusi egin behar dira.

- Elkarrizketatutako oso eskola gutxik daukate jangelako interbentziorako hezkuntza proiektua. Era berean, oso gutxi dira jatorduen aurretik eta ondoren ekintza antolatuak dauzkaten zentroak, garbitasun ohiturekin lotuta dauden ekintzak salbu (eskuak garbitzea, lerde-zapia jartzea...).

- Azkenik, aipatu behar da jan aurretik eta ondoren haurrak biltzeko leku egokirik ez dagoela beti, batez ere siesta egiteko eta denbora libreko ekintzetarako eguraldi txarra egiten duenean.

Garrantzitsua iruditzen zaigu puntu horiek kontuan izatea jangela antolatzeko eta planifikatzeko garaian. Horregatik, gure asmoa gomendioak eta ideiak ematea da.