ROGERS, Carl
Oak Parken (Illinois) jaio zen 1902. urtean eta Kalifornian zendu zen 85 urte zituenean. Txiki-txikitatik bizitza nahasi eta konplexua eduki zuen. Rogers familia giro zorrotz eta kontserbadorean hazi zen. Berak aitortzen duenez, oso urrun sentitu zituen gurasoak: "Ez nintzen nire gurasoengandik gertu sentitzen. Sei anai-arreba ginen. Ziur naiz gurasoek maite nindutela, baina nik ez nuen hori bizitzen... Pentsatzen dut nik bizitza osoan zehar garatu ditudan ideiak eta nire gurasoak defendatzen zituztenak nahiko aurkakoak direla" Berak dioenez gurasoekiko harreman horrek garrantzi handia izan zuen gerora bere zeregin profesionalean.
Nahiz eta nekazaritza gustukoa izan eta hasierako ikasketak horretara bideratuta egon, 1928. urtetik aurrera Psikologiara dedikatuko da erabat. Urte horretan Psikologiako titulua eskuratuko du Columbiako Unibertsitatean, eta 1931n Hezkuntzaren Psikologian eta Psikologia Klinikoan doktoratuko da. Honela, bere esperientzia praktikoa hasiko du Institute of Child Guidance-n, eta 1928tik 1930era psikologo kliniko bezala lanean arituko da Child Study Departament-en. Departamentu horren zuzendaria ere izango da 1938. urtera arte. Denbora horretan guztian ohartzen hasiko da bere ikuspuntua besteekiko ezberdina dela. Rogersek terapeutaren jarrerari garrantzi handiagoa emango dio teoriei baino.
Hemendik aurrera hainbat unibertsitateko irakasle izango da, bere institutu propioa sortutuko duen arte: Center for Study of the Person. Bertan bere praktika eguneratzen jarraituko du, bai eta ikusmolde berriak lantzen eta ikerketan eta formazioan sakontzen; betiere bizitza akademikotik at.
Dena dela, Rogersen bizitza bi mutur arras ezberdinek markatzen dute. Batetik, bere teoriak eta praktikak arrakasta handia eduki dute; bestetik, aurkariek inguru akademikotik erabat baztertu dute. Rogersek berak oso ongi azaltzen du: "Psikologia akademikoan oso eragin gutxi eduki dugu, geletan, testu liburuetan edo laborategian. Nire pentsamendua, nire teoria eta terapiari buruzko nire ikuspegia zeharka baino ez dira aipatzen. Ez naiz sartzen beren eskemetan".
Rogersek iturri anitzetatik edango du, eta horren eragina bere lehen artikulutik - Ikaslean oinarritutako irakaskuntza - agerian geldituko da. Artikulu horretan Dewey eta Kilpatrick-en printzipioak aplikatuko ditu. Era berean, Freud-en eragina jasoko du, bai eta Gestalt psikologia eta talde dinamikaren aita den Kurt Lewin-ena ere. Horretaz gain, "Niaren teoriaren" Raimy eta Allport psikologoen iturrietatik ere edango du Rogersen pentsamenduak, Kierkegaard eta Martin Buberren existenzialismoarekin batera.
Rogersen oinarri teorikoa
Rogersek honela laburbiltzen du bere marko teorikoa: "Korronte humanistaren psikologoa naiz; nortasunaren aldaketaren dinamikaren inguruan berebiziko interesa duen psikoterapeuta; aldaketa hori neurtzeko zientzilaria; hezitzailea, aprendizaia ahalbidetzeko aukerek bultzatzen naute; filosofo mugatua, batez ere giza balioen inguruko filosofiari eta psikologiari dagokienez".
Rogersek nortasunaren teoria garatuko du. Bere aburuz, teoria esperientzia terapeutikoaren emaitza da, eta bertatik ateratako ondorioak eta ikusmoldeak taldeetan aplikatuko ditu. Rogers psikoanalisiaren jarreretatik aldenduko da. Psikoanalisiak "berreraiki" behar den objektutzat hartuko du pertsona. Rogersek bezeroekiko eta ikasleekiko jarrera parte-hartzailea definituko du; hots, esperientzian oinarritutako aprendizaian eta ezagueran egituratuko du bere teoria. Pertsonan zentratutako ikuspegiaren abiapuntua, hau da, teoriaren abiapuntua hauxe da: indibiduoak bere baitan baditu bere autoulermenerako hainbat mekanismo, bai eta bere buruarekiko duen irudia eta jarrera psikologikoak aldatzeko ere. Autoeguneratze edo autoerrealizazioaren ideia hau funtsezkoa da pertsonan zentratutako ikuspegian. Rogersek dio indibiduook joera atxikia dugula gure gaitasunak eta baliabideak garatzeko, niarekiko eta munduarekio hautemateak bat etor daitezen. Helburu hori lortzeko bideratzen du Rogersek bere ahalegin oro: bizitza osoa, betea eta zoriontsua lortzera. "Indibiduoak berak libreki hautatuko du noiz mugitu norabide batean edo bestean". Hau guztia bideratzeko hiru baldintza definituko ditu, hauen bitartez indibiduoak askatasun eta hazkunde pertsonala esperimentatuko ditu, eta funtsezkoak dira edozein erlaziotan: gurasoak-seme-alabak, irakasle-ikasle, dinamizatzaile-talde...
1. Zintzotasuna, kongruentzia: bere ustez, irakasleak, dinamizatzaileak, terapeutak... indibiduoaren aurrean den bezala azaldu behar du: bat-batekoa, itxurakeriarik gabea, eta unean bertan bere barnetik ateratzen diren sentimentu eta jarrerak azalduz.
2. Jarrera positiboa: murrizketarik eta ebaluaziorik gabeko sentimendu positiboa da. Terapeutak ez du bezeroa onartuko soilik jarrera jakin bat hartzen duenean, eta gaitzetsi beste bat hartzen duenean; egoera guztietan onartuko du.
3. Ulermen enpatikoa: terapeutak, irakasleak, dinamizatzaileak, gurasoak... bestearen sentimenduekiko sentiberatasuna duenean, sentimendu horiek bere "barnean" esperimenta ditzakeenean besteek bezala, eta ulermen horren bidez besteari zerbait komunika diezaiokeenean, orduan betetzen da hirugarren baldintza hau.
Hiru baldintza horiek sortzen duten giroak aldaketa ahalbidetzen du Rogersen aburuz: "Pertsona onartua eta baloratua sentitzen denean, bere buruarekiko jarrera positiboa garatzen du. Enpatiaren bidez, bere barne esperientziaren jarioa hobeto uler dezake. Honela, bere burua ulertzerakoan, barne esperientzekiko ni (self) kongruenteagoa garatzen da. Esperientzia horiek guztiak pertsonaren eremu fenomenikoa osatzen dute, bertan "nia" edo "norberaren kontzeptua" garatzen delarik. Kontzeptu hau niarekiko pertzeptzioek eta baloreek osatzen dute. "Norberaren kontzeptua" antolatuta dago, jarioa du, baina era berean egonkortasuna. Horrela, kontzeptu horrekiko mehatxuak herstura egoera sortzen du. Hori dela eta, "norberaren kontzeptua" mantentzeko eta areagotzeko oinarrizko premia sortuko da indibiduorengan. Honekin guztiarekin batera, kontuan hartu behar da "norberaren irudia" eta "norberaren idealizazioaren" arteko distantzia, hemen hasten baita pertsonaren aldaketarako abiapuntua, eta distantzia hori murrizten joango da terapia garatzen den neurrian. Horren guztiaren garapenaren ondorioz, pertsona "errealagoa, autentikoagoa... izatera iristen da. Norbanakoak, askatasun osoa duenean, benetan estimatzen duena aukeratzen du, eta orduan bizitzen laguntzen dioten, jarrera, balio, esperientzia eta objektuak baloratzeko joera du".
Rogersen teknikak edo taldetan garatu beharreko funtzionamendu arauak
Rogersek praktikan indibiduoarengan eta indibiduoa taldeetan murgilduta dagoenean arreta jarriko du. Bere ekarpena interbentzio ez zuzentzailearen ildotik letorke, betiere indibiduoaren garapenaren eta erlazio interpersonalen onurarako. Hau baita xedea, eta berdina izango da terapia baten barruan kokatuta egon edo ez. Talde horietako esperientziak oinarritzen dituzten hipotesiak eta aplikazioak Freedom to learn (1969) liburuan azaltzen dira. Honako hauek dira funtzionamendu arauak:
1. Dinamizatzaileak (terapeuta, koordinatzailea, irakaslea...) konfidantzazko giro psikologikoa garatu behar du, bertan gradualki adierazpen askatasuna eta norberak dituen defentsen murrizketa azalduz.
2. Giro psikologiko horretan, berehalako erreakzioak sortzeko joera dago; erreakzio horiek taldeko beste kideei edo norbere buruari zuzenduak izan daitezke.
3. Elkarren arteko askatasun horrek elkarren arteko konfidantza giroa garatzea ahalbidetzen du: benetako sentimenduak, positiboak eta negatiboak adierazten dira. Taldeko kide bakoitza norberaren onarpen osora mugitzen hasten da: emozionalki, intelektualki eta fisikoki norberak den legez onartzen du bere burua, bai eta dituen gaitasunak edo aukerak ere.
4. Desinhibizio egoera horretan dauden indibiduoekin aldaketa errazago ematen da.
5. Norberak duen defentsarako joeraren murrizketaren bidez, indibiduoek elkar entzun eta ikas dezakete.
6. Kideen arteko "feedback" edo elkarrekintza hain handia denez, norberak besteari ematen dion irudia hobeto uler dezake, baita horrek kideen harremanetan sortzen dituen ondorioak ere.
7. Kideek era egokian elkar entzuten dutenez, taldeak helburu komunak dituen antolaketa ereduaren itxura hartzen du, egitura formal eta hierakiko bat baino.
8. Askatasun horrekin guztiarekin, eta komunikazioaren hobekuntzarekin, ideia, kontzeptu eta norabide berriak sortzen dira. Aldaketa, mehatxu bat baino aukera bat bezala azaltzen da.
9. Taldean egindako aprendizaia esperientzia hau etorkizunean sor daitezkeen erlazioetara (ikasleak, lagunak...) zabal daiteke.
Horretarako guztirako "orain eta hemen" teknika erabiliko du Rogersek, horrela, taldean une horretan eta leku horretan gertatzen denari buruz baino ezin da hitz egin. Beraz, honekin guztiarekin Rogersek talde baten etapak deskribatu zituen, nahiz eta taldearen arabera etapak eta garapena aldatzen diren.
1. Nahasketaren etapa. Isiltasun garaia da, isiltasun jasangaitzarena. Adierazpenak, egiten direnean, oso azalekoak izaten dira. Frustrazio egoera nabarmentzen da.
2. Espresio pertsonalarekiko erresistentzia. Norberak ni publikoa baino ez du azalduko. Ni pribatua gordeko du.
3. Iraganeko sentimenduen deskripzioa. Sentimendu horiek azaltzen dira, nahiz eta "hemen eta orainari" buruzkoak izan.
4. Sentimendu negatiboen adierazpena taldekideekiko eta koordinatzailearekiko.
5. Pertsonalki esanguratsua den materialaren azalpena.
6. Sentimendu interpertsonalen espresioa. Normalean positiboak dira eta konfidantza maila areagotzen dute.
7. Besteen gaitza murrizteko gaitasunaren garapena taldean.
8. Norberak bere burua onartzen du eta aldaketa hasten da.
9. Norbera den bezala izaten hasten da. Hau askotan beste kideek eskatzen dute.
10. Kidea berrelikatzen da. Maskara guztiak kendutakoan, norberak badaki zer-nolako irudia duen besteengan.
11. Liskarrak.
12. Taldekideek elkar laguntzen dute, maiz saioetatik kanpo.
13. Oinarrizko topalekua. Zu-ni arteko erlazio sakon eta intimoak sortzen dira, sarri askotan kideen arteko konpromezu zehatzetara iristen direlarik.
14. Sentimentu positiboen azalpena. Aurreko fasearen ondorio naturala da.
15. Taldean sortzen diren jarrera aldaketak. Aldaketa hauei ematen die garrantzi handiena Rogersek.
Horrekin guztiarekin batera, dinamizatzailearen papera ezin dugu ahaztu. Koordinatzaile ez zuzentzailea deituko dio Rogersek. Ez da gidaria izango, prozesua eta aldaketa errazteko baino ez da egongo. Premisa bat eduki behar du beti kontuan: konfidantza osoa edukiko du taldeak bere existentzia garatzeko aukeretan, bai eta indibiduo bakoitzaren gaitasunetan ere. Hots, taldeak berak garatuko ditu bere egiturak eta jarduerak, koordinatzaileak ez du jardueretan eragingo, pertsonengan baizik. Honako ezaugarri hauek bildu behar ditu:
1. Prozesua erraztuko duen giroa sortu behar du.
2. Taldea den bezala onartu behar du, ez du taldea presionatu behar helburu batzuk lortzearren. Taldeari bere bidea egiten utzi behar dio, taldea mugituko baita, baina ez koordinatzaileak nahi duen norabidean derrigorrez.
3. Koordinatzailea taldeko kide bat gehigo izango da, parte- hartzaile bat.
4. Taldearen prozesua koordinatzailearen funtzioaren gainetik dago.
5. Indibiduoaren adierazpenak, sentimenduak eta jarrerak onartu behar dira, indibiduoa den bezala.
6. Era berean, taldea den bezala onartuko da.
7. Taldekideak espresatzen direnean, koordinatzaileak hitz horiek diren bezala ulertu behar ditu, ezkutuko mezurik edo bigarren esanahirik bilatu gabe.
8. Koordinatzaileak bere sentimendu propioak azaldu behar ditu.
9. Erabil daitekeen elementurik onena bat-batekotasuna edo berezkotasuna da. Aurretik ez da planteamendurik egin behar, nahiz eta psikodrama, rol jokoak... eta horrelako teknikak erabil daitezkeen.
10. Koordinatzaileak indibiduoen edo taldearen bilakaerari buruzko iruzkinak sahiestu behar ditu; izan ere taldearen prozesua mantsotu baitezakete.
11. Kontaktu fisikoaren aurrean askatasunez eta berezkotasunez jokatu behar du.
12. Taldearen gaitasun eta ahalmen terapeutikoa inoiz ez du ahaztu behar.
Rogersen ekarpena hezkuntza mundura
Berak egindako esperientziak hezkuntza mundura ere pasa zituen. Pertsonan zentratutako guztia berdin aplikatzen zuen ikaslean zentratutako hezkuntza prozesua aldarrikatzerakoan. Azken batean, ikaslearen autonomia eta berezkotasuna bilatzen zituen "Norbera izatearen askatasunaren esperientzia da" zioen. Arestian aipatutako hiru baldintza horiek (kongruentzia, jarrera positiboa eta ulermen enpatikoa) hezkuntza mundura pasa behar dira Rogersen aburuz, ikaslearen hazkunde pertsonala eta ingurunearekiko jarrera eraikitzailea bultzatuz. Koordinatzailearen ezaugarriak ere oso kontuan hartu beharko lituzke irakasleriak horrelako esperientzia bat martxan jartzerakoan. Pertsonan zentratutako ikuspegi honen inguruan badira zenbait esperientzia hezkuntza munduan, batez ere Alemanian eta Holandan (Facilitador Development Institute).
Bibliografia
Carl Rogersen lanak gaztelaniaz:
- ROGERS, C. R. (1966): La psicoterapia centrada en el cliente. Buenos Aires, Paidós.
- ROGERS, C. R. (1971): El proceso de convertirse en persona. Buenos Aires, Paidós.
- ROGERS, C. R. (1977): Un enfoque centrado en la persona de las tensiones intergrupales. Enseñanza e Investigación en PsicologÃa. 3, 1, 21-25 orr.
- ROGERS, C. R. (1978): Grupos de encuentro. Buenos Aires, Amorrortu.
- ROGERS, C. R. (1980): El poder de la persona. México, El Manual Moderno.
Carl Rogersi buruzko lanak ingelesez:
- ROGERS, C. R. (1969): Freedom to the learn. Columbus, OH, Charles Merril.
- ROGERS, C. R. (1980): Education: A personal activity. The theacher as a person Symposiumean aurkeztua, University of Jerusalem, Israel.
Carl Rogersi buruzko lanak gaztelaniaz:
- GONZALEZ, P. eta VENDRELL, E. (1996): El grupo de experiencia como instrumento de formación. Barcelona, EUB. 111-162 orrialdeak.
- PAGES, M. (1976): Psicoterapia rogeriana y PsicologÃa Social no directivas. Buenos Aires, Paidós.