2001-06-01
"Ostadarraren hotsaz" liburu berriarekin hik hasik musikari eta irakaskuntzari ekarpen berri bat egin nahi izan dio. Liburu berri hau Aschero Musika Sisteman oinarrituta dago, hau da, ohiko pentagrama, notak eta solfeoarekin zerikusirik ez duen beste musika sistema edo metodologia batean.
 
 
Liburuaren lehen zatian metodologia hori nolakoa den azaltzen da, eta bigarren zatian sistema horretan idatzitako 81 abesti biltzen dira; euskal abestiak eta oso ezagunak diren beste hainbat abesti. Euskal Herriko musika landu ahal izateko, euskal kantak sistema horretara egokitu ditu Jose Ramon Vitoria egileak. Guztira 124 orrialde ditu eta kolorez. Izan ere, hori da sistema honen ezaugarri nabarmenena: koloretako biribilak. Pentagrama eta noten ordez koloretako biribilak erabiltzen ditu; kolore ezberdinek altuera adierazten dute, biribil tamainak intentsitatea eta biribil kopuruak iraupena. Horrela, soinuaren ezaugarriak adierazten dira: iraupena, tinbrea, altuera eta intentsitatea.

Solfeoa baino errazagoa eta logikoagoa den sistema hau Sergio Aschero argentinarrak asmatu zuen orain dela 30 urte. Hala ere, momentuz ez da asko ezagutzen, baina gero eta interes handiagoa pizten ari da jendearen artean. Zenbaki sistema erromatarretik arabiarrera pasatzea iraultza izugarria izango zen bere momentuan, eta musikan ere gauza bere gerta liteke sistema honekin.

Horretan lagungarri suertatuko da liburu hau, hots, sistemaren ezagupena eta zabalpena bultzatzeko. Izan ere, musika ikasteko eta musikaz gozatzeko beste aukera bat eskaintzen du Aschero metodoak, eta liburua bitarteko egokia izan liteke horretan laguntzeko.



Euskal Herriko esperientziak emaitza onak izan ditu

Euskal Herrian ezagutzen den esperientzia bakarra Jose Ramon Vitoria liburu egilearena da. Arrasate Musikaleko eta Mondragon Unibertsitateko Haur Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko Musika irakaslea da. Duela zazpi urte hasi zen sistema hau lantzen Arrasate Musikalen behar bereziak zituzten haurrekin: Down sindromea, burmuin elbarritasuna, atzerapen mentala eta autismoa, besteak beste.

Urte hauetan musika sistema eta bere arauak egokitu, aztertu eta garatu ditu behar bereziak dituzten pertsonentzako. Izan ere, guztiekin metodologia bera erabiltzen badu ere, bakoitzaren beharretara egokitu behar izaten da. Down sindromea duen batekin eta autista batekin ezin da metodologia bera erabili, zailtasun ezberdinak dituztelako. Down sindromea dutenen artean ere desberdintasun nabariak daude, bai psikikoak eta bai fisikoak.

Ikasle horiei musika irakatsi die, musikaren kodea eta egitura erritmikoa. Baina horrez gain, musika kode horrekin arreta, memoria, kontzentrazioa, asoziazioa eta disoziazioa landu dituzte. Eta nola ez, oreka, erreflexuak, arintasuna eta mugitzeko beste trebetasunak ere bai. Zentzumenen pertzepzioa lantzeko oso baliagarria da.

Askotan musika trebeziari ematen zaio garrantzia (azkar jotzea...) eta komunikatzeko ematen duen aukera hori galdu egiten dugu. Ikasle hauek, ordea, gauzak hitzez edo beste modu batera adierazteko zailtasunak dituzte, eta musikak gauza horiek adierazteko aukera luzatzen die. Modu horretan, musikak beste balio bat hartzen du ikasle hauentzat, komunikaziorako espresiobide alternatibo bihurtzen baita. Gainera, beraiek ohartzen dira horretaz, gai direla konturatzen dira, eta horrek izugarri balio du. Sistema honek, musika emaitzak lortzeaz gain, gizartearen integrazioa garatzeko eta suspertzeko balio dezake, gainera.

Dena dela, Aschero sistema ez da behar bereziak dituzten pertsonentzat bakarrik, edonorentzat baizik. Era berean, Jse Ramon Vitoriaren ikasleek orain arte pianoa jotzen ikasi badute ere, edozein instrumentu jo daiteke sistema hau erabiliz. Azken finean, komunikatzeko beste modu bat da, solfeoa baino errazagoa, logikoagoa, praktikoagoa, eraginkorragoa eta eragozpen teoriko-formalak saihesten dituena.



Hik hasi Udako Topaketetan izango da aurten ere

Sistema hau ezagutzera emateko eta bere esperientziaren berri emateko hainbat ikastaro eskaini ditu Jose Ramon Vitoriak, horien artean iaz hik hasi Udako Topaketa Pedagogikoetan. Ikastaroak erantzun oso ona izan zuen partaideen aldetik, eta jendea oso gustura gelditu zen. Ikastaroaren bukaeran Down sindromeko bi ikaslek sistema honekin zer ikasi zuten erakutsi zuten, hots, pianoa jo zuten. Izan zuen arrakasta ikusirik, aurten ere ikastaro hori eskainiko dugu.