Gazteen irakurzaletasuna. Nola sustatu?

2001-12-01
Gazteek gutxi irakurtzen omen dute, eta kezka iturri da hori guraso eta irakasleen artean. Zenbait inkesten datuak begiratuta zera ondorioztatzen da: gazteek 18 urterekin 14rekin baino gutxiago irakurtzen dutela, eta jaitsiera hori euskarazko liburuetan nabarmenagoa dela.

Egoera horren aurrean irakurzaletasuna sustatzeko hainbat egitasmo eramaten dira aurrera, eta horretan dihardu Galtzagorri Elkarteak. Beste gauzen artean Liburu Gaztea lehiaketa antolatzen du eta honen xedea gazteen irakurzaletasuna sustatzea eta parte-hartzea bultzatzea da. Lehiaketako zenbait partaideren iritzia jaso dugu, eta baita lehiaketaren planteamenduarekin bat ez datozenena ere. Helburuarekin ados egon arren, bitarteko egokiena ez delako ustea ere badago. Hausnarketarako eta eztabaidarako bidea irekia dago, honenbestez.
 
 
1990ean irakurketa ohiturei buruzko inkesta egin zuen Mari Jose Olaziregi Filologia, Geografia eta Historia Fakultateko irakasleak Hego Euskal Herriko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan irakurketa maiztasuna eta gustuak aztertzeko. Hautatutako lagina 14-18 urte bitarteko 2.700 ikaslek osatzen zuten eta 58 ikastetxetara bidali zituzten inkestak.

1994ean bigarren inkesta egin zen. Aurreko inkestako 700 ikasle elkarrizketatu zituzten. Garai hartarako 18-22 urte zituzten eta gehienak unibertsitate ikasketak egiten ziharduten. Helburua zen eskolatik irten eta gero gazte hauen irakurketa gustuak nola aldatzen ziren aztertzea. Irakurketa ohiturez gain, zaletasun honek eragiten dituen jarrera etikoez ere egin zitzaien galde.

Emaitzei begiratuz, ondorio asaldagarriena, dudarik gabe, adinarekin euskarazko irakurketen jaitsiera ematen zela izan zen. Adinak gora egin ahala , irakurketa ohitura gutxitu egiten da. Ikasleen erantzunak kontuan hartuz, gutxiago irakurtzen dute guztiek 18-22 urterekin 14-18rekin baino. Honekin batera, guztiz adierazgarria da jaitsiera hau euskarazko irakurketetan ematen dela batik bat: erdarazkoari dagokionean, desberdintasunak ez dira hain handiak.

Ondorio horri euskal literaturarekiko ezagutza edo zaletasunik eza gehitu beharko genioke, 1994ko udan irakurritako liburuen zerrendan ez baitzegoen azken hamar urteetan argitaratzen hasitako euskal idazlerik.

Orokorrean, zenbait titulu kenduta, euskarazko irakurketek emozio "hotzak" eragiten zituztela ondorioztatu zuen Olaziregik. Horren eragilerik nagusiena eskola zela kontuan hartuz, ikasleei agintzen zaizkien irakurgaiak edo hauek bideratzeko erabiltzen diren prozedurak ez direla oso egokiak esan daiteke.

Era berean, dudaezinezkoa da eskolak irakurzaletasunean duen zeregina. Aipatu inkestetaren emaitzei jarraiki Euskal Literaturako klaseek ongi informatzen dutela zeritzoten ikasleek, baina ez zutela irakurzaletasunik sortzen. Horregatik, batxilergoa amaitu ondoren, euskarazko irakurketa jaitsi egiten da nabarmen, eta plazer hutsagatik irakurtzen dutenean, gaztelaniazko testuetara jotzen dute ikasleek gehienetan.

Alabaina, eskolak ez duela irakurzaletasun sendo eta ugariegirik sortzen esatea erdizkako egia (edo gezurra) dela uste du Olaziregik.Gurasoek irakasleen esku uzten dute irakurzaletasunaren sustapena eta noski, irakasleak gehiegizko erantzunkizuna hartzen du. Olaziregik ez du dudarik egiten irakaslea eta berak duen irudia dugula irakurketarako animatzaile garrantzitsuenetakoa, baina horretarako, irakasleari eskura jarri behar zaizkiola irakurzaletasuna sustatzeko baliabideak.

Horregatik, nahiz eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren Curriculum Diseinu berriak irakurle aktiboak lortzea izan helburu, zailtasunez emango dira aurrerapausoak literaturlanak zatika irakurriz, efektu estetikoa baztertuz edo testuak linguistikoki soilik aztertuz. Metodologia berriak behar ditu eskura irakasleak, irakurketaren ludikotasuna berreskuratuko diotenak. Taldeka ozenki irakurri, irakurketa literarioari tartetxo bat egin, idazketa tailerrak landu, liburutegietako animazio kanpainetan parte hartu, irakurketa asteak antolatu, eskolako liburutegiak sendotu, idazleek eskoletara egiten dituzten bisitaldiez baliatu... prozedura guztiok xede hezitzailea murriz diezaiekete literatura klaseei eta helburu literarioa indartu.

Irakasleak orientatzaile huts izatetik animatzaile izatera pasa behar du eta horretarako beharrezkoak zaizkio titulu berrien gaineko argibideak, adinari dagozkion gustuen ezagutza... eta abar luzea. Beste gauzen artean, horretarako sortu zen Galtzagorri elkartea.





Galtzagorri

elkartea




1990ean sortu zen elkarte honen helburua garbia da: euskal literatura sustatzea haur eta gazte literaturaren eremuan. Orain arteko ibilbidean xede hori bultzatzeko egitasmoak gauzatu ditu: irakurzaletasuna sustatzeko programak, biltzarrak, erakusketak, Behinola aldizkaria...

Elkarteak 200 bazkide inguru ditu, denak ere haur eta gazte literaturaren inguruan dabiltzanak edo interesa dutenak: idazleak, irudigileak, liburuzainak, ipuin kontalariak, irakasleak...

Bere jarduera euskal literatura eta Euskal Herrira bideratzen den arren, estatuko OEPLI elkarteko eta nazioarteko IBBY erakundeko partaide da. Esperientziak elkartrukatzeko, elkarren berri jakiteko eta euskarazko literatura ezagutarazteko bide ematen diote bi elkarteok.

Haurrak eta gazteak dira elkartearen jomuga, beroien irakurzaletasuna sustatzea, alegia. Horretarako, mugarri bat baino gehiago gainditu behar dira, eta gazteen kasuan handiagoak izan ei dira, gainera. Gaur egungo gazteek gutxi irakurtzen dute, lehen ikusi dugun bezala, eta hori aldatzeko hainbat ekimen ditu esku artean Galtzagorrik elkarteak. Bata Liburu Gaztea literatur lehiaketa da. Iaz jarri zen martxan Gipuzkoan Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta aurten Bizkaian ere abiatu da.

DBHko ikasleei zuzendutako literatur lehiaketa da, eta gazteen irakurzaletasuna sustatzeaz gain, beraiek epaimahaikide izatea bultzatu nahi du. Alegia, euren iritzi eta gustuetara hurbildu nahi du. Horixe da beste edozein literatur lehiaketetatik bereizten duen ezaugarria, hain zuzen ere. Baina nola lortzen du hori? Nola bideratzen du gazteen parte-hartzea? Leire Ugalde Galtzagorri elkarteko idazkariak azaldutakoaren arabera"orain arteko lehiaketa guztietan epaimahaia helduek osatzen dute eta horren aurrean guk galdera bat planteatu genuen: zergatik ez sortu gazteek beren parte-hartzea izango duten lehiaketa bat? Azken finean, beraiei zuzendutako literatur genero batekin ari gara, eta zergatik izan behar dute beti helduek azken hitza?".

Galtzagorrikoen nahia gazteek beren iritzia ematea zen, eta azken hitza helduena izango ez zuen lehiaketa bat sortzea."Ideia oso polita zen, baina praktikara eramatea ezinezkoa zela konturatu ginen. Azken urteko libururik onena saritzeko, produkzitutako guztia aztertu behar da, eta hori ezinezkoa da gazteentzat".

Beraz, gazteen esku-hartzea bideratzeko eta bermatzeko beste modu bat aurkitu zuten: hautaketa batzorde bat eratzea produkzio guztitik liburu kopuru bat aukeratzeko. Batzorde horrek azken urtean argitaratutako guztia irakurtzen du eta bere iritziz onenak diren liburuak aukeratzen ditu; lau DBHko 1. ziklorako eta beste lau 2. ziklorako. Aurretiako aukeraketa bat egiten du, baina horietatik onena zein den gazteek erabakitzen dute."Onena zein den esan beharrean batzordeak bere ustez onak direnak aukeratzen ditu, eta gazteek erabakitzen dute horietatik onena zein den".

Lehiaketa guztiek bezala, parte hartzeko oinarri batzuk daude Liburu Gaztea sariketan. Alabaina, oinarri malguak dira, hots, aukera anitz daude eta horien berri eman digu Ugaldek."Ikastetxeetara zuzentzen gara eta lehiaketa aurkezten diegu. Gazteen parte-hartzea bultzatu nahi dugula azpimarratzen dugu, eta horretarako modu bat baino gehiago daude. "Zenbait ikastetxetan DBHko ikasle guztiek hartzen dute parte, beste zenbaitetan ziklo batekoek, beste batzuetan gela osoak eta beste batzuetan ikasle bakar batzuek. Eskola batzuentzat onena ikasle guztiek esku-hartzea da, beste zenbaitentzat hautazko gai bezala uztea eta hainbatentzat Euskarako klasean lantzea. Ikastetxe bakoitzak bere programazioa eta bere curriculuma ditu eta bakoitzak erabaki behar du nola bideratuko duen. Guk ez dugu inolako mugarik eta baldintzarik jartzen. Ez dugu esaten ikasle guztiek parte hartu behar dutenik, eta ezta liburu horiek soilik irakurri behar dituztenik ere. Beraiek erabakitzen dute parte hartu edo ez, eta nola".

Galtzagorri elkartekoek argi dute Liburu Gaztea irakasle eta ikasleek duten tresna bat gehiago dela, baina ez bakarra. Hori argi utzi nahi izaten dute."Ez du esan nahi honetara mugatu behar dutenik eta liburu horiek soilik irakurri behar dituztenik, ezta gutxiagorik ere. Honek ez du kentzen ikasleak liburutegi batera eraman eta nahi dituzten liburuak hautatzea. Gure asmoa ez da irakurketa mugatzea, aukera bat eskaintzea baizik. Horretarako, liburu zerrenda baten proposamena egiten dugu. Ez dugu esaten zerrendan ez dauden liburuak txarrak direnik, baizik eta onak diren batzuk hautatu. Horrela, irakasleei eta ikasleei produkzio guztitik onak diren batzuk proposatzen zaizkie. Alde horretatik, aholkularitza funtzioa betetzen dugu".





Lehiaketa egokia al da?

ZUBELDIA, Iñaki. Idazlea



Galtzagorri elkartearen asmo onak ukatu eta zalantzan jarri gabe, Liburu Gaztea lehiaketa egoki ikusten ez duten zenbait badira. Alde positiboak eta negatiboak ikusten dizkion jendea dago, iritzi guztiak ez datoz bat. Eta muinean gazteen parte-hartzea dago. Ugaldek hasieran aditzera ematen duen bezala, azken helburua gazteek beraien hautua egitea da. Horren haritik sortu zen Liburu Gaztea, baina lehiaketaren planteamenduarekin bat ez datozenak ere badira eta horietako bat da Iñaki Zubeldia idazlea. Bere ikuspegiaren argudioak eman dizkigu, eta jarraian dituzue.

1. Irakurketa jarduera librea da, norberak bere esperientzia, gustu eta zaletasunen arabera egin behar duena. Gaurko gazteen zaletasunak eta gustuak, guk nahi edo nahi ez, ez dira duela 30 urte gazteek zituztenen berdinak. Gaurko munduak halako abiadura darama zaletasunak, gustuak, ezagutzak, mundua ikusteko eta sentitzeko erak guztiz aldatu dira eta guri gustatzen zaigun zerbaitek agian ez dio ezer esango gaurko gazteari, eta guri gustatzen ez zaigunak agian izugarrizko zirrara eragingo dio.

Horregatik, aukera librea ematearen garrantzia. Gazteen artean ere radio makutok funtzionatzen du oraindik, eta esango diote elkarri:"Hau zozote hutsa duk, ez zegok ekintzarik..."edo"Hau oso polita duk... Ez zekiat zer daukan, baina barrura iristen zaidak..." edo "Hemen izugarrizko umorea eta ironia topatuko duk... Nik ederki pasa diat..."



2. Aukeratu diren liburuak oso onak izango dira, horretaz ez dut dudarik egiten. Nik irakurri ditudanak, ez baititut denak irakurri, oso onak dira. Beraz, arazoa ez da liburu onak diren ala ez. Hau oso garbi utzi nahi dut. Eta hala gera bedi. Nik, hasteko, ez daukat ezertxo ere hor aukeratu diren liburuen aurka, eta askoz gutxiago oraindik aukeratu diren egileen aurka. Abiapuntua bera da okerra, nire ustez. Gazteei ez diegula utzi aukeraketa zabala, osoa egiten. Eta hala egin izan balitz, gerta zitekeen ondorio berdinetara iristea; alegia, libururik onenen edo gustukoenen artean zortzi horiek aurreneko tokietan azaltzea. Huraxe izango zen benetako sariketa garbia eta zalantzarik gabekoa.



3. Euskal idazleentzat, oro har, oso kaltegarria da sariketa hau, gehiengoa jokoz kanpo uzten duelako eta ikasleek euskal idazle gehienen liburuak irakurtzeko aukerarik ere ez dutelako izango. Obligazioz urtean lau liburu irakurri behar baldin badituzte eta eskola guztietan liburu horiek bakarrik irakurtzen badituzte, beste liburuak oso jende gutxik irakurriko ditu eta ez dute aukerarik izango jakiteko euren gustukoak diren edo ez. Badakigu DBHn ez dela gehiegi irakurtzen eta derrigorrean lau liburu jakin horiek irakurtzera behartzen baditugu, beste liburuentzat apenas geldituko den aukerarik.

Esandakoaz gain, itzulitako liburuak ere sartzen baditugu lehiaketa honetan, oraindik gogorragoa da euskal idazlearen lehia, suposatzen baita munduko autore kontsagratuak direla lehian dauzkagun horiek: 2000-2001eko sariketan Jaume Cela, Christine Nöstlinger eta Daniel Pennac sartu dira, hau da, zortzi autoretatik hiru. Beste modu batera esanda, % 37,5.

Honek zera dakar, lehiaketaz kanpo geratu diren euskal idazleen liburuak ez saltzea, beraz, ez irakurtzea eta aukerarik ere ez ematea jakiteko liburu horiek politak, literarioak, interesgarriak, gazteen gustukoak diren. Eta ez oso epe luzera beste hau ere ekar dezake: argitaletxeek euskal obra gehienak ez argitaratu nahi izatea edo Galtzagorriko adituek esandako obrak bakarrik argitaratu nahi izatea.

Bide horri jarraituz, zergatik ez gauza bera egin Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako liburuekin ere? Orduan gehiago itxiko da oraindik inbutua eta ez dakit zenbat idazle eta zenbat argitaletxe egongo liratekeen adituen tirania hori jasateko prest. Giroa asfixiantea bihurtuko litzateke eta makina bat liburu polit, interesgarri, haurren gustuko zabortegian geratuko lirateke bonzoek esandako lau liburu zerutiar horietatik kanpo geratuko liratekeelako.

Atal honen hasieran esan dugu sariketa hau euskal idazleentzat, oro har, oso kaltegarria dela. Beste ikuspegi batetik ere aztertu nahi nuke baieztapen hau. Urtean 20/30 liburu argitaratzen dira gazteentzat. II. Liburu gaztea sariketa martxan jartzeko, 2000. urtean argitaratutako 24 liburu aztertu behar dituzte, horien artetik zortzi aukeratzeko. Horrek esan nahiko du beste 16 liburuak ia-ia zirkulaziotik kanpo geratuko direla Gipuzkoan. Ikastetxeetan agindutako zortzi liburu horiek irakurriko dituzte, DBHko 1. zikloan lau eta 2. zikloan beste lau. Hortik kanpo oso zaila izango da ezer gehiago irakurtzea Gipuzkoako gazteek. Horrek uniformitate antzu bat ekarriko du eta 16 liburu baztertuak oso nekez hartuko ditu inork eskuetan. Aukera librea balitz, liburu guztiek atea irekita edukiko lukete gutxienez eta toki batzuetan liburu batzuk eta beste batzuetan beste batzuk irakurriko lituzkete, denentzat aukera berdintasuna gordez.

Liburu gaztea sariketa honen parean bada beste sariketa bat Euskal Herrian hau baino lehenago hasi zena eta modu demokratikoagoan egiten dena: Juul egitasmoaz ari naiz. Nafarroako ikastoletako haur gehienek hartzen dute parte, adinen arabera sailkatuta:

6 urte bitarte

6 urtetik 9 urtera

9 urtetik 12 urtera

12 urtetik aurrera

Hemen haurrek nahi dituzten liburuak irakurtzen dituzte, elkarri liburu interesgarrienen berri ematen diote, eskolako eta herriko liburutegiak bisitatzen dituzte, gurasoak inplikatuak daude egitasmoan eta haurrei laguntzen diete... Badakit urtebetean ezin dituztela liburu guztiak irakurri, liburu on batzuk ez direla haur batzuen eskuetara iritsiko, akats gehiago ere egongo direla... Baina, hala ere, urtetik urtera liburu aukeratuak aldatu egiten dira, ez dute beti liburu bera aukeratzen gustukoena bezala (beraz, eboluzio bat dago), liburu askoren artean barreiatzen da bozketa... Baina, batez ere, haurrak dira liburu gustukoenak aukeratzen dituztenak. Haurren gustua errespetatu egiten da eta liburu guztien aukera ere bai.



4. Liburuen aukeraketa bera oso eztabaidagarria da. Zein irizpideren arabera aukeratzen dira liburu onenak edo egokienak? Nolatan ez dago gazterik aukeraketa hori egiterakoan? Helduen literatur jakituriak derrigor markatu behar al du gazteen liburu zaletasuna eta gustua? Gero, gazte liburua deituko diogu, gazteen libururik gustukoena edo gogokoena , gazteek aukeratutako liburua balitz bezala, erdizka (edo herenka: 24tik 8 = herena) bakarrik denean egia.

Eta honaino heldu garenez, nork juzgatuko ditu juezak, nork epaituko dit bonzoak , nork jarriko ditu bere tokian kritikoak eta sasikritikoak? Agian, orduan beranduegi izango da.

Honetaz guztiaz pentsatzerakoan, Descubriendo a Forrester filma etortzen zait burura. William Forrester idazlea kokoteraino dago kritikoek bere obraz egiten duten interpretazioarekin eta, familia osoa hil zitzaiolako, bakardadean isolatuta bizi da, Bronx-era ematen duen leiho bat duelarik kanpoko munduarekin lotzen duen hari bakarra. Jamal Wallace izeneko 16 urteko mutil gazte beltza ezagutzen du eta haren lagun egiten da. Dohain bereziak ditu saskibaloirako eta literaturarako. Baina, beti dago jakintsu bat bidean zangotraba egingo dizuna eta Jamal Wallace gizarajoak ere topatu zuen bere balioak gutxietsi eta bere beltz txiroaren konplexua sudurraren puntan jarriko ziona: Crawford literaturako profesorea zen tiparrajo hau. Jamal Wallace gaztearen trebezia eta balioa eraman ezinik, eskolatik bidaltzen saiatzen da. Orduan, William Forrester bakartia, bere isolamendutik ateratzen da eta eskolan ezustean azalduz, testu bat irakurtzen du eskolako zuzendaritzaren aurrean, testu hunkigarri eta eredugarri bat. Eskolako zuzendaritzak txaloak jotzen dizkio halako maisu-lan baten aurrean txunditurik eta losintxak egiten dizkio haren adiskidetasuna eskolaren zerbitzura jarri nahirik. Baina William Forresterek apaltasun osoz esaten die hitz haiek bereak ez baizik eta Jamal Wallacerenak direla, jenio handi eta gazte batenak. Denak sinestu ezinik geratzen dira eta eskolako zuzendariak bere babesean hartzen du beltz gaztea, Crawford profesore bekaiztiaren eskuetatik salbatuz.

Berriro harira etorriz, bere lekuan jar dezagun kritikoaren lana. Askotan entzun izan dut Liburu txar asko argitaratzen da Honek literaturari ez dio ezer aportzatzen . Eta hori kritiko ofizialen ahotik entzun dut. Baina, galdetzen badiezu zertan oinarritzen diren liburua txarra dela esateko, ez duzu erantzunik jasoko. Esaten dizute eztabaida horretan ez direla sartuko. Orduan, zertan gelditzen gara? Liburua ez dakit txarra izango den, baina kritika bai, benetan txarra da eta kritikoa ere bai. Bere baieztapena defendatzeko argudiorik eman ezin duen kritikoa, zer nolako kritikoa da? Intuitiboa? Subjektiboa? Kapritxosoa? Apetatsua? Fobiaz eta filiaz betetakoa?

Gai hau argitzeko ondo dator Jon Alonsok idatzi zuen Bi hitz kalitateaz izeneko artikulu bikaina. Oso gauza interesgarriak esaten ditu bertan eta hona ekarriko ditut Jon Alonsoren hitz batzuk:

"Kontu zaila da kalitatearena, inondik ere. Guztiz subjektiboa delako. (...) Nik ez dakit zer den kalitatea nire iritziaz haratago. Bide batez esanda, nagikeria galanta iruditzen zait lan bat epaitzea "ona" edo "txarra" dela esanda, besterik gabe. Lan baten alderdi positiboak, negatiboak, anbizioak, une historikoarekiko egokitasuna, asmoak, zer harreman klase sortzen den proposatzen duen irakurlearekin edo tradizioarekin, hizkuntzaren aberastasuna, narratzeko tekniken erabilera... horiek denak eta beste batzuk hartu beharko genituzke aintzat idazlan bati buruzko iritzia ematerakoan. Horiek -eta beste batzuk- guztiak neurtu eta gero, agian, mintza gintezke kalitateaz edo kalitate faltaz; bakoitzak -subjektiboki- horietako bakoitzean eskakizun maila non jartzen duen. Honetaz guztiaz ezer esan gabe "on" eta "txar" batekin erabakitzen diren epai sumarioek errezeloz betetzen naute. Errezeloz kritikaren egileari buruz. (...) Kritikak esan dezake lan bat txarra dela, baina gero, ehun milaka ale saltzen badira... saltzeak ez du kalitatea egiaztatzen, baina sosaren txintxinak ahots asko isilaraziko ditu. Aitzitik, kritikak lan bat ona dela esan dezake, baina gero, publikoari ez bazaio interesatzen... horrek ez du kalitatea ukatzen (ezta bermatzen ere, egia esan), baina bestelako esplikazioak asmatu beharko dira gertaera argitzeko. (...)"

Beste aipu hau ere Jon Alonsoren lanen batetik hartutakoa da, baina ez dakit nondik:"Sariak eta objektibotasuna uztartzea ezinezkoa da. Zenbat eta sari handiagoa, orduan eta aukera gehiago interesak kalitate literarioa gailentzeko. (...) Epaimahaikoen laguna izatea da irabazteko biderik seguruena."

Eta literatura modernoaz ari garenez, ezin dut aipatu gabe utzi J. K. Rowling-en kasua. J. K. Rowling da Harry Potter mago ikasle paregabearen idazlea (ama figuratiboa), emakumea baita J. K. Rowling hau. Editoreak esan zion historia horrekin eta ezezaguna izanik ez zuela liburu asko salduko. Eta, gainera, emakumea izanik, arrisku handiagoa zeukala baztertua izateko. Horregatik emakume izena J. K. inizialen gerizpean gorde zuen. Eta gaur egun milioika eta milioika liburu saltzen ditu, munduko haur guztien gozamenerako eta zoramenerako. Haren obra Harry Potteren lau liburu atera dira dagoeneko) Britainia Handitik mundu osora zabaldu da, euskaraz eta txineraz ere argitaratu delarik.

Honek guztiak garbi adierazten digu aurreiritzi eta agian interes ez oso zuzen ugari dabilela literatura munduan. Egin dezagun ahalegina desbiderazio horietan ez erortzeko eta euskal literaturan ari direnei bidea errazteko.



5. Liburu gaztea izeneko sariketa hau irakasleentzat txollo hutsa da, horrela ez baitaukate libururik irakurri eta aukeratu beharrik. Lan hori kanpotik egiten zaie. Eta gainera, liburuak ez badira gustatzen, errua aukeratu dituztenei bota eta kito!

Horrez gain, lehiaketa kutsua ematen zaio jarduera honi eta ikasleak motibatuagoak daude irakurtzeko. Eta, azkenean, sariren bat ere irabaz dezakete: Pariserako bidaia. Zeren eta 50 liburu eskolari oparitzea ikasle gehienentzat ez baita horrenbesteko saria izango. Baina Parisa joatea bai eta doan gainera!

Baina, honela, idazleei izugarrizko kaltea egiten zaie eta ikasleei ere bai, ez baita norberaren gustua eta aukeraketa librea bermatzen.



6.Diputazioaren jokabidea ere ez zait egokia iruditzen. Ez dut zalantzan jartzen asmo ona eta gazte literaturari lagundu nahia, baina asmoak prozedura zuzenez eta jokabide garbiz eraman behar dira aurrera. Modu honetan Diputazioak idazle eta argitaletxe konkretu eta mugatu batzuei ematen die laguntza aurreko urteko produkzio osoaren izenean. Diputazioak berak antolatu nahi baldin badu gazte liburuaren lehiaketa bat, libre da hori egiteko eta biderik zabalenak eta garbienak erabili beharko ditu hori aurrera eramateko. Baina, Gazteen Libururik Gustukoena deitu eta 24 liburutik zortzi aukeratzea eta gazteen eskuetan jartzea, ez da jokabide garbia eta irekia. Hortik aterako diren gazteen libururik gustukoenak, biziatuta datoz, ez dakigu benetan hala diren. Zergatik? Aurretik pertsona helduek egin dutelako aukeraketa, gazteek egin behar zutena. Eta kritiko heldu horien artean norbait idazle dexenterentzat susmagarri denean bere filia eta fobiak oso nabarmenak direlako, orduan lehiaketak bere garbitasuna galtzen du, eta bere eginkizuna ere bai, idazle eta argitaletxe batzuk kaltetuak suerta daitezkeelarik. Edonola ere zenbait argitaletxeren liburuak ez dira sartu zortzi aukeratu horien artean, eta arestian esan dugun bezala, liburu horiek nekez irakurriko dira Gipuzkoako ikastetxeetan. Diputazioak diskriminazio hau bultza eta patrozina al dezake? Ez zait bidezkoa iruditzen. Merkatuak berak aukeratuko ditu onak edo gustukoak dituenak eta hain onak eta gustukoak ez dituenak baztertuko. Euskal Editoreen Elkarteak eta Euskal Idazleen Elkarteak zerbait esan behar lukete honetaz edo gutxienez kontsultatuak izan behar lukete.

Orain arte esandako guztia laburbilduz, ondorio hauek jarri nahi nituzke irakurlearen aurrean, bukaera gisa:

- Asmo ona ez da hemen zalantzan jartzen. Baina asmo onenarekin ere gauzak modu ez egokian egin daitezke.

- Liburuen aukera gazteek egin behar lukete, eta, ondorioz, egile eta liburu guztiei ateak irekita utzi behar zaizkie. Honela ez dago diskriminaziorik edo susmo txarretarako motiborik.

- Orain arte erabili den prozedura, hau da, aditu batzuek zortzi liburu aukeratu eta beste guztiak jokoz kanpo uztea, oso kaltegarria da euskal idazleentzat eta uste dut argitaletxe gehienentzat ere halaxe gertatzen dela.

- Liburuen aukeraketa sistema oso eztabaidagarria da: idazleen gehiengoa kanpoan uzteaz gain, nork epaituko ditu epaileak?

- Irakasleentzat txolloa da sistema hau, baina ikasleentzat ez, eta irakaskuntzarentzat, instituzio bezala, ere ez, perspektiba oso itxia eta murritza ematen baitzaie ikasleei.

- Eta, azkenik, Diputazioaren jokabidea ere ez zaigu egokia iruditzen, aukera mugatu, itxi eta baztertzaile bati dirulaguntza ematen zaiolako eta idazle eta argitaletxe dexente a priori laguntza horretatik kanpo uzten dituelako.







APRAIZ, Maribi. Galdakaoko Elexalde BHI

Euskara irakaslea




Lehenengo aldiz parte-hartzen duzue aurten Liburu Gaztea literatur lehiaketan. Nola antolatu duzue?

DBHko 2. zikloan jarri dugu martxan, 3. eta 4. DBHn, alegia. 3. DBHn lau talde daude eta 4. DBHn hiru talde, eta talde bakoitzean 20 ikasle inguru daude. Azken hauetako biren ardura daukat nik. Printzipioz ikasle guztiek hartuko dute parte lehiaketan, hots, Galtzagorri elkarteak proposatutako lau liburuak irakurraraziko dizkiegu denei Euskarako ikasgaiaren barruan. Ondoren, liburu bakoitzaren laburpena egin beharko dute eta nahi duenak iritzi arrazoitua eman ere bai. Derrigorrez irakurri beharreko beste libururik ez dute izango, eta lanik ere ez. Nolanahi ere, lau liburu hauetatik aparte, beraien gogoko dituztenak ere irakurri ahal izango dituzte.



Zergatik erabaki duzue liburu hauen irakurketa denei behartzea eta ez aukeran jartzea?

Aukeran jarriz gero, ez luketelako irakurriko. Guk euren irakurzaletasuna sustatu nahi dugu, eta modurik egokiena, hautatu duguna dela iruditzen zaigu.

Bestalde, kontuan hartu behar dugu gure ikasleen euskara maila ez dela oso aberatsa eta dotorea, eta guztiek daukatela euskaraz irakurtzeko premia.



Proposatutako lau liburuekin irakurzaletasuna bultzatzea lortuko duzuela uste al duzue?

Ez dakit lortuko dugun ala ez, baina saiakera egin beharra dago. Konkretuki bi libururekin baietz iruditzen zait, baina beste biekin... ez dakit. Ez zaizkit oso egokiak iruditzen. Nik ez nituzkeen aukeratuko 15-16 urteko gazteentzat. Ikuspegi pedagogiko eta psikologikotik agian egokiak izango dira zenbait gauza ikas ditzaketelako, baina lehendabizi gustatu egin behar zaie, entretenigarriak eta irakurterrazak izan behar dute. Eta bi libururen kasuan hori ez dela gertatzen uste dut. Horregatik, hasieran beste biekin hasi gara, zailenak azkenerako utziz.



Zer onura ikusten dizkiozu Liburu Gaztea lehiaketan parte hartzeari?

Hasieran Galtzagorri elkartekoak egitasmoa proposatu zigutenean ondo iruditu zitzaidan, batez ere guk aldez aurretik egin behar dugun lana egina dagoelako; hau da, liburuak hautatuta daudelako. Ondoren, liburuak irakurri eta gero, ez naiz oso konbentzituta gelditu liburu guztiekin. Nik beste aukeraketa bat egingo nukeen. Baina aldi berean, konturatzen naiz erreferentzia gutxi ditudala hautaketa egiteko, helduentzako liburuak irakurtzen baititut eta gazteentzat argitaratutako produkzio guztia ez baitut ezagutzen.

Beste onura bat ere ikusten diot lehiaketari. Hainbat herritako adin beretsuko gazteek liburu berak irakurtzen badituzte, ondare bat eratuko dutela iruditzen zait, eta hori positiboa da.



Zer iradokizun edo aldaketa proposatuko zenituzke lehiketarako?

Nik euskaraz sortutako liburuak eta itzulpenak bereiztu egingo nituzke. Izan ere, bigarrenei nabaritu egiten zaie itzulpenak direla, eta zenbait egitura birritan edo hirutan irakurri behar izaten dira ondo ulertu ahal izateko. Ez dut esaten itzulitako liburuak irakurri behar ez direnik, baizik eta bereiztu egingo nituzkeela. Euskaraz sortutako bi eta itzulitako beste bi proposatuko nituzke.



Ikasleen aldetik nolako harrera izan du lehiaketak?

Harrera ona izan du. Hori bai, hasieran produktua saldu egin behar zaie. Ondo azaldu behar zaie Galtzagorri elkartea zer den, lehiaketa zertan datzan, zergatik antolatzen den, zer eta nola egingo dugun...

Guztiak hasi dira liburuak irakurtzen eta ikasturtean zehar ikusiko dugu zer egiten duten. Nik beti esaten diet liburu bat gustatzen ez bazaie, uzteko. Helduok ere gauza bera egiten dugu. Horixe da lortu behar duguna; heldutasun nahikoa izatea zer gustatzen zaien eta zer ez esateko. Batzuek badaukate, erreferentziak badituzte eta irakurtzen ohituta daude. Baina beste batzuek ez. Iritzi arrazoitua eman dezaten lortu nahi dugu.





TELLETXEA, Marilis. Hondarribiko San Jose ikastetxea. Euskara irakaslea



Bigarren aldia da Liburu Gaztea lehiaketan parte hartzen duzuela. Iazkoa ondo atera zenaren seinale al da?

Bai, iaz oso gustura gelditu ginen, espero baino hobeto erantzun zuten. Gure ikastetxea B eredukoa da eta ikasleak ez daude euskaraz irakurtzen ohituta. Guraso erdaldunak dituzte askok eta etxean ere gaztelaniazko liburuak erosten dizkiete. Horregatik, lehiaketak euskarazko liburuak irakurtzera motibatu zituen. Lehiaketaren berri eman genien, beraiekin hitz egin eta komentatu genuen eta Pariseko bidaia sari bezala egoteak asko animatu zituen. Batzuk gogo gehiago zuten eta beste batzuk gutxiago, baina bidaia tokatuz gero denak joango zirenez, denek irakurtzea erabaki zen azkenean.



Zer irakurtzen dute, gelan ala bakoitzak bere kasara?

Irakurri bakoitzak berea irakurtzen du, baina denok erritmo berean. Hau da, Euskarako klaseetan lantzen dugu: komentarioak egiten ditugu, pasarteak irakurtzen ditugu denon artean, jokoak egiten ditugu, hipotesiak planteatzen ditugu... Hortaz, irakurzaletasuna bultzatzeaz gain, hizkuntza lantzeko baliagarria da.



Gustura irakurtzen al dituzte beraiek aukeratu gabeko liburuak?

Gure ikasleek bai. Lehen esan bezala, beraiek ez dute ohitura handirik euskaraz irakurtzeko, eta ez dituzte euskarazko liburuak ezagutzen. Alde horretatik ez dute kontrako ezer adierazi lehiaketako liburuak proposatutakoan. Beste gauza bat da proposatutako liburuak gustukoak diren ala ez; batzuentzat bai eta besteentzat ez.



Gustatu ala ez, liburu egokiak direla uste al duzu?

Gai aldetik bai, egokiak iruditzen zaizkit, baina zenbaitzuk hizkuntza maila altua dute gure ikasleentzat.



Zer iradokizun edo aldaketa proposatuko zenituzke lehiketarako?

Lan asko eskatzen du eta presioa ere handia da. Ikasturte batean lau liburu irakurtzeko eta lantzeko nahiko lan izaten dute. Gainera, liburuak irakurri, kontrolak egin... epeen baitan egoten gara askotan. Lau libururen ordez hiru izango balira lasaiago ibiliko ginateke eta hobeto landuko genituzke.





ARGOITIA, Maite. Bilboko Abusu ikastola. Euskara, Gaztelania eta Ingeleseko irakaslea.



Nola planteatu duzue lehiaketa zuen ikastolan?

Ikastolan DBH 1 eta 2 ditugu, 3. eta 4. maila ez ditugu. Horrela, txandakako antolaketa egin dugu; urtarrila bitartean DBH 2ko ikasleek irakurriko dituzte liburuak eta handik Aste Santura bitartean DBH 1ekoek.

Maila bakoitzean 10-12 ikasleko gela dago eta denek irakurriko dute. Irakurketaren ondoren laburpena egin eta iritzia eman beharko dute.



Euskara, gaztelania eta ingeleseko irakaslea zara. Zein alde ikusten dituzu hiruren artean irakurketaren ikuspegitik?

Euskaraz gustura irakurtzen dute, baina arazoak sortzen zaizkie hiztegiarekin, hikarekin eta bizkaierarekin. Eta ulertzeko zailtasunekin aurkitzen direnean alfertu egiten dira. Beraien ama hizkuntza gaztelania da eta euskaraz ikastolan soilik egiten dute. Irakurri ondoren pozik eta gustura gelditzen dira, baina beraien kabuz gaztelaniaz irakurtzen dute; gaztelaniazko liburu eta aldizkariak erosten dituzte eta musika ere gaztelaniazkoa entzuten dute gehienbat. D eredukoak dira, baina gaztelaniaz askoz gehiago irakurtzen dute. Beraien gustuko liburuak beldurrezkoak eta gaztelaniazkoak izan ohi dira.

Ingelesari dagokionez, ez dute maila altuegia, baina beren mailan ondo moldatzen dira.



Zer eskaintzen die lehiaketak irakasleari eta ikasleei?

Lehiaketa guretzat lagungarria da, egokiak direlako proposatutako liburuak. Nik ez ditut ezagutzen eta ez naiz gai aukeraketa bat egiteko. Ingelesekoak, adibidez, ezagutzen ditut .

Lehiaketa bera interesgarria da, eta erakargarria: logotipoa, posterra, Euskal Herri osoan egiten da... Ofizialtasuna ematen dio horrek guztiak eta beste erakargarritasun bat du ikasleentzat. Desberdina da irakasleak agintzea liburuak edo lehiaketa batekoak izatea.







RUIZ DE ASUA, Cruz. Bilboko Ezkurtze BHI. Euskara irakaslea



Zein ikasle animatu dira lehiaketan parte hartzera?

DBHko 2., 3. eta 4. mailako ikasleak dabiltza. Ikastetxea A eredukoa da, baina DBHn B ereduko gela bana dago maila bakoitzean. 10-12 ikasle dago talde bakoitzean eta guztiak animatu dira. Harrera ona izan du lehiaketak.

Nolako jarraipena egiten diezue?

Lehiaketako liburuak ez ditugu urteko programazioan sartu. Horretarako beste liburu batzuk hautatzen ditugu eta haiek irakurri behar dituzte. Normalean hiru izaten dira, ebaluaketa bakoitzeko bat. Hala ere, taldearen arabera gehiago edo gutxiago izan daitezke. Liburu horiek dira derrigorrezkoak eta notarako balio dutenak, lehiaketakoak ez dira derrigorrez irakurri behar. Noski, gelan komentatzen ditugu eta liburuak elkarri pasa behar dizkiotenez kontrola eramaten dugu. Baina aparteko lanik ez dute egin behar.



Zergatik erabaki zenuten parte hartzea?

Ideia polita delako. Eta gure kasuan euskal kulturarekin eta munduarekin konektatzeko balio digulako. Ezen, irla batean gaude, hemen ez dago euskarazko girorik. Hortaz, giro hori sortzeko lagungarria da guretzat.