Musika Irakasle Euskaldunon II. Topaketa emankorra izan da

2001-12-01
 
 
Musika Irakasle Euskaldunon II. Topaketak bigarren aldiz elkartu ditu aurten arlo horretan diharduten irakasleak. Giro onean burutu zen egun bateko jarduna Donostiako Herri Ametsa ikastolan. Antolatzaileek balorazio positiboa egin dute eta hitzaldietako emaileak zein parte-hartzaileak ere gustura gelditu dira.

Topaketan lau hitzaldi edo propoposamen didaktikotan esku hartu zuten parte-hartzaileek.Guztiz praktikoak izan ziren, antolatzaileen esanetan hori baita irakasleek eskatzen dutena.

Antton Jauregi Urnietako Egape ikastolako Lehen Hezkuntzako Musika irakasleak Pentagrama-enea ipuin-antzerki didaktikoa aurkeztu zuen. Horren bitartez ikasleek solfeoarekin duten lehen kontaktua atsegina izatea nahi da. Ipuin batez bidez erakusten zaie solfeoa eta Jauregik eduki duen esperientziaren arabera, haurrek askoz ere errazago eta gogotsuago ikasten dute. Hilabete edo hilabete eta erdian erabiltzekoa dela adierazi zuen. Hartzaileek interes handia erakutsi zuten eta asko jarri dira berarekin harremanetan.

Ana Etxeberria Burlatako Askatasuna institutuko Musika irakasleak musikan alfabetatu gabeko ikasleekin zer egin daitekeen azaldu zuen. Bere proposamena alderdi emozionala lantzea da: sentimenduak, emozioak eta adierazpenak. Eta horretarako, berak egiten dituen hainbat ariketa erakutsi zituen.

Itziar Zamora Irungo Txingudi ikastolako Musika irakasleak ere saio guztiz praktikoa eman zuen. Berak zioenez, musika ez da erritmoa soilik, ez da abestia soilik, ez da entzunaldia soilik, hori guztia baizik. Ipuina oinarritzat harturik, abesti batekin hasi eta atal horiek denak landu zituzten: erritmoak, mugimenduak, ahotsa, entzunaldiak... Musikaren idazketa irudien bidez egiten du bere ikasleekin eta horrek irakurketa-idazketa prozesuan lagundu egiten diela frogatu du. Denbora gutxian gauza asko azaldu zituen, eta hartzaileen artean somatu zuen irrika ikusirik, aurrera begira elkarren artean biltzen eta materialak elkarri ezagutarazten jarraitzeko prest agertu da.

Azkenik, Mixel Etxekopar Zuberoako eskola publikoko Euskara irakaslea musika eta hizkuntzaren arteko loturaz mintzatu zen. Hizkuntzan bertan eta norberaren barruan musika nola aurki daitekeen azaldu zuen.