Zorionak Erein, 25 urteotako ekarpenagatik

2001-12-01
Ikasmaterial onak eta kalitatezkoak beharrezkoak badira ere, ez dute irakaslearen lekua hartu behar
 
 
Ereinen 25. urteurrena dela-eta, argitaletxea zoriondu nahi dug urte hauetan egin duen ekarpen oparoagatik. Alabaina, abagune hori aprobetxatu dugu ikasmaterialen inguruko gogoeta egiteko.

Egurrezko ikasmahai zaharraren gainean ohikoa zen Katoia ahaztu samarra daukagu, garai bateko kontuak dira horiek. Baina ezin dugu ukatu hura zela orduko testu liburu nagusia. Ikasliburu gutxi zeuden, eta euskarazko bat bera ere ez. Euskarazko irakaskuntzaren hastapenetan hasi ziren irakasleek testu libururik gabe moldatu beharra izan zuten. Andereñoak eta maisuak beraiek handik eta hemendik biltzen zuten materiala, eta harekin moldatzen ziren. Haurren beharrei erreparatu eta horren arabera egokitzen zituzten apunteak, entziklopedietako informazioa, itzulpenak, argazki solteak eta abar. Andereño eta maisu sortzaileak ziren: zer behar, hura sortu.

Izugarrizko lana eta esfortzua eskatzen zuen horrek, baina arintzeko modua aurkitu zuten: elkarlana. Taldean bildu eta zer egin, zertarako, zergatik... hausnartu eta erabakitzen zuten. Neska-mutilak bere osotasunean hartu eta etorkizuneko gizon-emakume izateko prestatzea zen xedea.

Alabaina, irakasleen lekukoa hartu zuten argitaletxeak sortu ziren ondoren. Euskal irakaskuntzarako materiala sortzeari ekin zioten, andereño eta maisuek egiten zutena profesionalizatuz eta kalitatea hobetuz. Ekarpen interesgarria bezain garrantzitsua egin dute euskarazko argiteletxeek urte hauetan guztietan. Gaur egun beste herrialdeetako materialen parean daude, onenen artean, alegia. Ikusi besterik ez dagoliburuen koloreak, diseinu berritzaileak, argazki zainduak, material egokiak, fitxa erakargarriak, mapa zainduak eta abar. Are gehiago, gure argitatetxeak ez daude lo. Orain artekoari jarraipena ematearekin batera, teknologia berrien erronkari ere aurre egiteko prestatu dira; euskarri berrietako materiala argitaratzen ari dira. Guztia euskaraz eta euskal kulturan sustraiturik.

Izan ere, gaur egungo mundu globalizatu eta monolitikoaren aurrean, euskarazko argitaletxeek ikuspegi anitza, errespetuzkoa eta kultur aberastasuna sustuko duena bultzatu behar dute. Hortan datza euskal argitaletxeen erronka.

Haatik, argitaletxeek irakasleen lekukoa hartu bazuten ere, ikasmaterialek ez dute irakasleen lekua hartu behar. Material horiek tresna edo bitartekoak dira, baina ez irakasleen ordezkoak. Ikaskuntza/irakaskuntza prozesuak ez du ikasmaterialen menpe egon behar, ez dute irakaslearen lana bideratu behar, ez dute katoi bihurtu behar. Horregatik, ez ote dugu berreskuratu behar hasiera hartako talde lana? Ez ote genuke ikasleei entzuten eta beren beharretara egokitzen ahalegindu behar? Ez ote genuke sormen hura berreskuratu behar ikasleak ere sortzaile izan daitezen?