COIRA, Patxi: Haur Hezkuntzako lehen zikloaren Arautze Dekretua Euskal Autonomia Erkidegoan
Haur eskola historikoak irabazi asmorik gabe eta bokazio publikoarekin sortu ziren eta urtetan mantendu den eredua eskaintzen dute. Eskola bezala sendotu egin dira eta hezkuntza proiektu propioa garatu dute honako ezaugarriekin: zikloaren bakartasuna, haurraren lehentasuna familiaren aurretik, integrazio soziala, euskalduntzea, hezkidetza, etaparen ezaugarrietara egokitutako curriculuma eta abar. Eredu horrek ordutegi zabala eskaintzen du eta ez ditu heziketa uneak eta asistentziazko uneak bereizten. Are gehiago, garbiketa, elikadura eta loa heziketa ikuspegitik lantzen ditu haurrekin dagoen profesionalak, hots, sinesten duen heziketa proiektua garatzen, ezartzen eta ebaluatzen du.
0-3ko eskola horiek oso anitzak dira titularitatea eta finantziazioaren aldetik begiratuta. Orokorrean garestiak dira, plaza gutxi eskaintzen dituzte eta askok oso egoera larrian bizirauten dute finantziazio publikorik ez dutelako.
Eskola arruntak, legeari muzin eginez, 2 urteko haurrak oso modu desberdinean eskolatu zituen, haur horiek urte gehiago izango balute bezala eta araututako eskolarako prest egongo balira bezala. Administrazioaren onarpenarekin eta lehengaien gabeziak bultzaturik, hezkuntzako sareek 0-3 etapari eraso zioten matrikulak bilatu nahian. Hala, familia denek batera utzi zituzten euren seme-alabak eskoletan.
Egoera horren ondorioz, momentu honetan hainbat ikuspegitako eskariak daude:
1.- Sindikatuek, guraso elkarteek, unibertsitateek, pedagogia erakundeek eta haur eskolen koordinakundeak osatutako 0-3 Mahaiak hainbat gauza eskatzen ditu: zikloaren bakartasuna, lan baldintza berdinak dituen profil profesional bakarra, eskola historikoak errespetatzea eta hiritar bezala eskubide osoa duen haurraren behar biologikoak, kulturalak eta pertsonalak errespetatzea. Aldi berean, eskaintza publiko zabala eta ongi finantziatua eskatzen du. EAEko Haur Hezkuntzako eskola mapa fintzantziatzea, arautzea eta egitea Hezkuntza Sailaren ardura dela errepikatzen du behin eta berriro.
2.- Ikastetxe pribatuetako patronalak, nahiz eta oraindik bere diskurtsoaren berririk ez eman, bere praktikarekin agerian jartzen du 0-3 etapa bere osotasunean eskaintzeko interesa. Hori bai, irakurketa guztiz ezberdinarekin: 0-2 etapa ez bada hezkuntzako etapa kontsideratzen, magisteritzako tituludunak edo Haur Hezkuntzako teknikoak kontratatzen jarraitu ahal izango dute, eta erdi prezioan. Denok dakigu normalean eskola pribatuan 90.000 pezeta (541 euro) irabazten direla egunean zortzi ordu lan eginez 0-2 urteko haurrekin, aldi baterako kontratupean eta ezinezko ratioekin. Bien bitartean, zentro berean urtebete zaharragoak diren haurrekin lan egiten dutenek ia hirukoitza irabazten dute haurrekin bost ordu soilik egonda. 0-2 etapako profesionalak hezitzailetzat hartzen ez direnez, haurrek ikasle statusik ez dutenez, denak balio du dirua aurreztearren. Okerrena zera da: egoera hori iraunkorra bihur daitekeela Eusko Jaurlaritzak modu baikor batean esku hartzen ez badu haurrak eta hezitzaileak defendatzeko.
3.- Bestalde, urte hauetan 2-6 urteko haurrekin lan egin duten Haur Hezkuntzako profesionalak daude, bai sare publikoan eta bai pribatuan. Eskumenak eta eskuratutako eskubideak direla eta, urduri daude haurrekin ikasgelatik jangelara jaitsi beharko dutelako. Izan ere, 0-3 etapako heziketa planteamenduak ohiturak eta eguneroko jarduerak heziketa laneko oinarrizko osagaitzat hartzen ditu. Hori ekiditeko (berez Magisteritza ikasketetan 0-6 etapako Haur Hezkuntza espezialitatea hautatu aurretik egin behar zuketena), Laguntzailearen figura proposatzen dute. Laguntzaile horrek irakasleak baino maila eta soldata bajuagoa edukiko lituzkeela onartzen da, eta bere zereginak oinarrizkoagoak izango lirateke: haurrak elikatzea, garbitzea, fardelak aldatzea, lo eginaraztea eta beraiekin jolastea irakasleak ikasgelara itzuli eta berriro irakasteko zeregin prestuarekin hasi bitartean. Egoera hori gogorra izan daiteke 2 urteko haurrekin, baina benetan irrigarria da urtebeteko haurrekin eta ikaragarria sehaskako haur batentzat. Eredu viktoriarra izango litzateke; neskameak haurra garbitu eta andereñoak irakatsi. Haatik, kostuak murrizten dituen eredua da, andereñoei gustatu egiten zaie, eta seguraski Hezkuntza Sailari eta ikastetxe pribatuetako patronalari ere bai. Zorionez, sen onak etapa horretan laguntzaileak ez daudela esaten digu (teknikoak eta irakasleak baino ez daude). Denok dakigun bezala, haur txiki batentzat oso garrantzitsua eta hezigarria da pixontzia edo goilara erabiltzen ikastea eta maite duen eta eskolan laguntzen dion erreferentziazko pertsonarekin seguru sentitzea. Ez tratuak, ez lanak, ez soldatak eta ez egutegiak ez dute desberdinak eta diskriminatzaileak izan behar Haur Hezkuntzan lan egiten dutenentzat.
4.- Denbora guztian hezkuntzaz hitz egiten badugu, gurasoen familiako eta laneko beharrak kontuan hartu beharko dira bai urtebeteko haurrarekin eta baita 4 urtekoarekin ere. Ezen, adin horietan haurraren autonomia murritza da eta heldu baten laguntza behar dute uneoro, bai bakarka zein taldeka. Horrenbestez, iruzurra da adin tarte bat asistentziala izendatzea eta bestea hezitzailea. Adjektiboa batean zein bestean jarri, eskolak lagundu eta hezi biak egiten ditu adin guztietan, baita goiko mailetan ere. Batzuek diote haurrek eskolan ikasten dutela pentsatzen, baina helduek, eta batez ere 0-3 etaparen etorkizuna erabakiko duten helduek eta haurren gurasoek, Haur Hezkuntzako zentro batera joan beharko lukete astebete pasatzera eta haurrengandik ikastera. Neska-mutil horiek ikasgai ahaztezinak irakatsiko lizkiekete:
- Trata itzazue gure andereñoak merezi duten bezala: beraien pazientziak, ardurak eta ahaleginak ez dute preziorik.
- Ez gaitzazue utzi eskolan zuek egon nahiko ez zenuketena baino denbora gehiago, zuekin bakarka ere egon nahi dugu.
- Haur guztiek beste haurrekin jolasteko eskubidea dute, eta eskola batean; ez dadila inor kalean geratu.
- Errepide gutxiago eta eskola gehiago doan. Aitak eta amak haur gehiago izan ditzaten nahi baduzue, igo soldata, jaitsi hipoteka, eta gainontzekoa egingo dute beraiek; baina eskola, dohainik. Eskerrik asko.
0-3 etapari dagokion dekretua egiteko Eusko Jaurlaritza eragile inplikatuekin kolaboratzen ari da, eta hori seinale ona da, demokrazia parte-hartzailearen ariketa bat. Hezkuntza Saila benetan egungo nahaspila antolatzeko gai izango ote den erakutsiko diguten adierazleak hauek izango dira: eskaintzari erantzutea, hezkuntza ereduaren kalitatea, lanpostuen sorrera eta horien kalitatea, eta azkenik, instituzio publiko bati hala dagokiolako, Haur Hezkuntzako lehen zikloko lan eskaintza publikoa handitzea.
Datuak ez badira positiboak, makillaje operazio baten aurrean aurkituko gara, ontzia aldatuko dute, baina edukia ez. Horrela ez izatea espero dugu. •