ETXAGUE, Kamino: Talde kooperatiboen lana ingurunearen ezagutza arloan

2002-02-01
Hezkuntzaren erreforma ezarri zenetik urteak pasa badira ere, konstruktibismoak dakarren ikuspuntu teorikoa praktikan jartzea kosta egiten da. Batzuetan ziurtasun ezagatik, beste batzuetan betiko tradizioa jarraitzeagatik, eta bestetan, teoria jakin arren, nola aurre egin ez jakiteagatik.

Artikuluxka honen helburuak esperientzia baten isla izatea eta adibide bezala balio izatea dira. Dena den, elementu kurrikular guztiak ez ditut aipatuko, jarraitutako metodologia baizik, horixe baita azpimarratu nahi dudan alderdia.
 
 
Ingurunearen ezagutza arloan, ikasleek Euskal Herria fisikoa eta politikoa ikasi behar dute. Ikasle talde baten irakasleak finkatutako helburuak, besteak beste, honako hauek dira:

- Ikasleak europar kontinentean Euskal Herria identifikatzeko gai izatea.

- Euskal Herriko herriak identifikatzeko eta izendatzeko gai izatea.

- Euskal Herriko ibai eta ibai adar nagusiak identifikatzeko, kokatzeko eta izendatzeko gai izatea.

- Euskal Herriko mendilerro, mendigune eta mendi nagusiak mapan kokatzeko, identifikatzeko eta izendatzeko gai izatea.

* Egin beharreko lanaren aurrean, irakasleak egin behar duen lehenengo gauza talde handia motibatzea eta lanarekiko jarrera positiboa agertaraztea da. Horretarako, egin beharreko lanaren aurkezpena oso inportantea da.

Irakasleak ikasle bakoitzari Euskal Herriko mapa bat egin dezan esaten dio. Berak berea klasearen aurrean aurkezten du: MariEuskalerri deitzen dio klaseko mapari, deskribatu egiten du, hitz egiten dio, eta klasetik eta ikaslearen aurretik paseiatzen du horman zintzilikatu baino lehenago. Modu horretan, ikasleei eurek marraztutako mapetan ere izen bana jartzeko iradokizuna luzatzen die. Norberak egindako mapa unitate didaktiko horretan laguna izango du.

* Irakasleak hasierako ebaluaketa egiten du, ikasleek gaiari buruz duten ezagutza antzemateko.

- Aterako diren kontzeptuei buruzko ahozko galderak egiten dizkie.

- Gaiaren eduki garrantzitsuenei buruzko galde sorta pasatzen die.

- Norberak gaiari buruzko mapa kognitiboa garatzeko proposamena luzatu eta animatu egiten ditu.

* Unitate didaktiko horretan agertzen den edukiaren garrantzia azaltzen die, eta aprendizaiaren funtzionaltasuna bilatzen du. Horretarako, bizimodu arruntean sortzen diren egoera batzuk planteatzen dizkie, zeinak gaiaren ezagutza eskatzen duten. Adibidez:

- Bidaia bat egiten dugunean, nondik pasatzen garen jakin beharra.

- Bai mendira eta bai hondartzara joaten garenean non gauden jakin beharra.

- Oporretara joaten garenean zein probintziatan gauden eta hango geografia nolakoa den jakin beharra.

- Ikasleek ezagutzen dituzten mendiak, hondartzak eta hainbat leku geografiko komentatzen dituzte.

* Gelan 16 ikasle direnez, launaka jartzen ditu, talde heterogeneoak osatuz. Talde bakoitzean, gaiari buruzko testu ezberdin bat irakurri eta azpimarratu behar dute, geroxeago talde bakoitzaren kideen artean laburpena egiteko eta ondoren norberak bere koadernoan idazteko. Idatzitako laburpenak elkarri trukatzen dizkiote, lau taldeek lau laburpenak irakurri ahal izateko.

Laburpen horiek ontzat ematen dira. Hala ere, norbaitek zerbait aldatu edota gehitu nahi badu, esan dezake, eta hala behar bada, zuzendu ere egiten dira. Irakasleak, hasieran egindako laburpenak ongi badaude ere, zertxobait hobetzen ahal direla komentatzen die. Ondoren, egindako eta zuzendutako laburpenak ozenki irakurtzen ditu irakasleak, eta norberak berea, hala behar izanez gero, berridazten du. (Gainontzeko hiru laburpenak irakasleak, garbira pasatuta, banatuko dizkie).

* Talde bakoitzari egoera eta ekintza bat planteatzen dizkio:

Lehenengo taldekideei ingeniariak direla esaten die, eta Euskal Herrian autopista batzuk diseinatu behar dituztenez, ibaiak eta ibaiadarrak nondik pasatzen diren kontuan hartu beharko dute behar diren adina zubi eraikitzeko. Hori dela eta, beraiek egindako mapan ibai eta ibaiadar nagusiak marraztu beharko dituzte.

Bigarren taldekoak Euskal Herria zeharkatuz doazen ibiltariak dira eta bisitatzen dituzten herriak mapan marraztu behar dute.

Hirugarren taldekideek Euskal Herriaren gainetik doan hegazkina hartu dute. Oso eguraldi ona egiten duenez, penintsularen erliebea oso ongi bereizten da. Hori dela-eta, goitik ikusten diren mendikate eta mendiguneak mapan marraztu eta izendatu beharko dituzte.

Laugarren taldekoek Europako herrialde batera oporrak pasatzera joan behar dute, baina aldez aurretik Europa kontinentea nolakoa den jakin behar dute. Horretarako, Europako mapan Euskal Herria kokatu behar dute, eta baita Europa inguratzen duten ozeano eta itsasoak identifikatu eta idatzi ere.

* Irakasleak, lana garatzen duten bitartean, ikasleak animatu egiten ditu eta baraien lana bideratzen du. Ikasleak animatzen eta motibatzen dituen elkarren arteko komunikazio positiboa sortzen da.

* Talde bakoitzeko kide batek gainontzeko taldeei egindako lana azaltzen die . Azalpena poliki-poliki egiten duen bitartean eta esaten duenaren arabera, beste taldekideek mapa pertsonala betetzen dute.

* Ikasleek beraiek egindako lana baloratzen eta ebaluatzen dute.

* Ebaluaketa egiterakoan, irakasleak ebaluaketaren funtsa zein den azpimarratzen die; alegia zer ikasi duten, nola ikasi duten, zertarako balio dien eta zer den ikasi eta hobetu behar dutena Ebaluaketak norberaren formakuntzarako balio duela ikustarazten die .

* Irakasleak, unitate didaktikoa bukatzeko eta errepaso moduan, "bat, bi, hiru, erantzun berriro" txapelketa antolatzen du eta gaiari buruzko galderak erantzuten dituzte txandaka.

* Irakasleak ikasleen lana baloratzeko eta ebaluatzeko landutako eduki kontzeptualak, prozedurak eta jarrerak ebaluatzen ditu. Hots, berak ebaluaketa egiterakoan kontuan hartzen ditu zer ikasi duten (txapelketa, ahozko galderak eta idatzizko galderak, egindako maparen bitartez), nola egiten duten lana (sortu den giroa eta elkarlana nola bideratu duten, sortutako elkarrekintza baloratuz), eta zer-nolako jarrerak adierazi dituzten (motibazioa, gogoa eta parte-hartze maila).

Orokorrean, bai ikasleek eta bai irakasleek egindako balorapena oso positiboa izan da.

Gela batean talde lanean aritzeko ohiturarik ez dagoenean, hasieran kosta egiten da zertxobait, baina irakasleak zer, nola eta noiz irakatsi behar den eta lana nola bideratu behar den argi baldin badauka, oso emaitza onak lor daitezke. •





Bibliografia:

- ALONSO TAPIA, JESUS (1994): Motivación y aprendizaje en el aula, Santillana SA argitaletxea.

- COLL CESAR, PALACIOS JESUS eta MARCHESI ALVAROren bilduma (1990): Desarrollo psicológico y educación II, Alianza argitaletxea.

- MONEREO CARLES eta SOLE ISABEL (1996): El asesoramiento psicopedagógico: una perspectiva profesional y constructivista, Alianza argitaletxea.

- NAFARROAKO GOBERNUKO HEZKUNTZA ETA KULTURA DEPARTAMENDUA: Cajas rojas.