IKASTOLEN ELKARTEA: IX Jardunaldi Pedagogikoak, euskararen erabileraz

2002-03-01
Ikastolen Elkarteak antolatutako IX. Jardunaldi Pedagogikoak otsailaren 19tik 22ra bitartean ospatu ziren Donostiako Miramon Teknologia Elkartegian. Aurtengo jardunaldien gaia Euskararen erabilera izan da, gaur egun kezka eta interesa sortzen dituen gaia, ezbairik gabe. Horren adierazle da matrikulatu kopurua, 262 lagun bertaratu baitira.
 
 
Lau egunetan zehar bertan bildutako hizlariek eta adituek gaia hainbat ikuspuntutatik aztertu dute, euskararen normalkuntza prozesuan egin diren urratsen berri emanez. Orain arte egindako ahaleginari buruzko hausnarketa egiteko baliagarriak izan dira jardunaldiak, eta horrekin batera, etorkizunera begira jartzeko ere bai. Zentzu horretan, hainbat plangintza eta asmo aurkeztu dira, bai irakaskuntza mundura zuzendutakoak eta bai, oro har, gizartera bideratutakoak.

Jardunaldietan entzun eta ezagututakoaren haritik ondorio orokor bat atera daiteke: orain dela 30 urte baino egoera hobean aurkitzen garela, hots, euskararen irakaskuntzan, euskarazko irakaskuntzan eta hizkuntzen irakaskuntzan aurrerapausoak eman direla, baina bereziki irakaskuntza idatziari eman zaio garrantzia, ahozko hizkuntza bigarren mailan gelditu den bitartean.

Horren ondorioak nabaritzen dira orain; ikasleek eta profesionalek izugarrizko gaitasuna dute euskaraz idazteko, baina gabezia nabarmena dute ahozko azalpenak emateko eta egunerokotasunean euskaraz zuzen, bizkor eta freskotasunez komunikatzeko.

Ahozkotasuna lantzeko kezkak eta premiak bide berri bat irekiarazi du orain. Euskararen erabilera bultzatzeko urratsak emateko gertu azaldu dira denak jardunaldietan, gizarte aniztasuna eta hizkuntz aniztasuna aintzat harturik.

Hiztunen kopurua igo den arren, zenbait lekutan erabilera esparruak ez dira hain ugariak. Hori dela eta, helburua da euskara ahalik eta esparru gehienetara iristea eta esparru horietan erabilera areagotzea, azken finean euskara eta euskal kultura gero eta txertatuago egon daitezen.



Ikastolen Hizkuntz Proiektua

Ikastolen Hizkuntz Proiektua izenburupeko hitzaldian Itziar Elorza Ikastolen Elkarteko hizkuntza adituak eta Erramun Osa Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko Hizkuntza Proiektuaren arduradunak ikastolek hizkuntzei eman izan dieten eta emango dieten trataera izan dute hizpide.

Ikastolen sorreraren zergati nagusietakoak euskararen berreskuratze eta garapen prozesuari erantzutea izanik, ikastolen ibilbidean horrek garrantzi handia izan du. Euskara irakastea, euskaraz ezagutza eraikitzea eta euskaldun sena heztea izan dira, besteak beste, ardura nagusiak. Horrekin batera, irakas-irakaskuntza prozesuan bideratutako euskara gizarteko beste esparru orotara hedatzeko helburua ere badu. Horren haritik sortu eta garatu dira Euskaraz Bizi eta beste zenbait proiektu.

Denbora aurrera doan heinean, ordea, gizartea aldatuz doa. Gaur egun, Europako testuinguruan nagusi diren aldaketa politikoek eta administratiboek beharrizan sozial berriak eragin dituzte. Eleaniztasunean hezitako europar belaunaldi berria sortu da. Fenomeno horri erantzuteko ikastoletan pedagogia egitasmoa berritu eta eleaniztasun proiektu berritzailea jarri zen abian.

Horrek guztiak hainbat kezka eta hausnarketa eragin ditu, eta erantzun egokia emateko Ikastolen Hizkunta Proiektua Definitzen egitasmoa jarri berri dute martxan. Proiektu honek bi alderdi ditu: batetik, Euskal Herriko Ikastolen Elkarte mailakoa; eta bestetik, ikastola bakoitzak bere egoerara egokitutako hizkuntza eta hezkuntza proiektua izango du.

Edonola ere, proiektu bien ardatza euskal curriculuma izango da. Abiapuntua hori izanik, ikastolako hizkuntza guztiak bilduko dituen Hizkuntzen Curriculum Integratua diseinatuko da, eta horrek bildu eta uztartuko ditu ukipen kulturak, curriculum ofizialak, Europako kultura, kultura unibertsala eta etorkinen ukipen kulturak.

Proiektu hau aurrera eramateko hezkuntza komunitatea osatzen duten kide guztien lankidetza ezinbestekoa dela azpimarratu dute.



Hizkuntza gutxituen berreskurapenerako hurbilpen teorikoak

Mikel Zalbide Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Euskara zerbitzuburuak eskaini hitzaldian ahuldutako hizkuntzen indarberritzea izan du hizpide. Lehendabizi horixe definitu du, hots, hiztun kopuruz eta erabilera kopuruz gero eta estuago dabilen hizkuntzari hiztun gehiago erantsi eta esparru berriak zabaltzea dela ahuldutako hizkuntza indarberritzea.

Horretan hasi aurretik, hizkuntzaren gaitza diagnostikatu behar dela adierazi du, eta ondoren, sendabideak bilatu. XX. mendean ezagunenak bihurtu diren sendabideak aipatu eta azaldu ditu: hizkuntza bera garai berrietarako egokitzea; galbidean doan hizkuntza jende gehiagori erakustea; boterea eta aginpidea eskuratuz ordura arteko hizkuntza ahula beharrezkoa bihurtzea; hizkuntza ahulari belaunez belauneko iraupen bidea bermatzea eta esparru berriak zabaltzea.



Hizkuntzen proiektu integratua

Bartzelonako Vila Olimpica eskolatik etorritako Rosa Maria Ramirez zuzendariak eta Maria Teresa Serra ikasketa buruak euren ikastetxeko Hizkuntzen Proiektu Integratua aurkeztu dute.

1996/97an sortu zen eskola honetan hizkuntzei trataera integratua ematen diete eta hizkuntza zeharkako ardatz gisa hartuz, ikaskuntzako tresna nagusitzat hartzen da curriculumeko arlo guztietan. Egitasmoak hiru hizkuntza erabiltzeak dakarren aberastasuna kontuan hartzen du, eta hirurak bihurtzen ditu, maila desberdinetan, erabilerako hizkuntza eta oinarri. Hau da, hizkuntza horien bidez lantzen dira jakintza eta informazio mota desberdinak, bai hizkuntzalaritzakoak eta bai curriculumeko beste arloetakoak. Hori bai, katalana da eskolako lehen hizkuntza, hezkuntzako kide guztiek komunikatzeko erabiltzen dutena. 3 urterekin katalanez soilik aritzen dira eta 4 urterekin hasten dira gaztelania eta ingelesarekin. Mailaz maila egiten dutena azaldu dute, kriterio metodologikoak agertuz. Horrelako proiektu bat aurrera ateratzeko irakasle guztien inplikazioak eta koordinazioak duten garrantzia azpimarratu dute.



Hizkuntzaren zeharkakotasuna. Britania Handiko eredua

John Clegg jaunak, Londresen hizkuntza aholkaria denak, Britania Handiko Bigarren Hezkuntzako eskoletan aurrera eramaten ari diren Key Stage 3 Literacy Policy proiektua aurkeztu du.

Proiektu horren muinak zera dio: hizkuntza funtsekoa bada, irakasle guztiek hizkuntzaren eta kontzeptuen garapena nolakoa den ezagutu beharko luketela, hau da, ez Hizkuntza irakasgaia irakasten duten irakasleek soilik, baizik eta irakasle guztiek. Irakasleek hizkuntza ondo ezagutu ez ezik, jakin ere egin behar dute arlo bati buruzko ezagutzak jaso ahal izateko, hizkuntzaren osagaiak tresna kognitiboak eta linguistikoak direla. Beste modu batera esanda, arloa menderatzeko ikasleek hainbat hizkuntza eta ikasketa trebetasun izan behar dituzte, baina irakasleak ez ditu horiek irakasten. Ikasleek trebetasun horiek aurretik dituztela uste da.

Literacy egitasmoarekin irakurmena, idazmena, entzumena eta ahozkotasuna lantzen dituzte Britania Handian. John Cleggen esanetan, ikasleek ez dute hitz egiteko aukera gehiegirik izaten eta inork ez die idazten irakasten. Oro har, ez dira hizkuntza erabiltzera nahikoa bultzatzen. Gabezia horri aurre egiteko planteatu zuten aipatu proiektua. Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan lehenago ezarri bazen ere, ikasturte honetan jarri da abian Bigarren Hezkuntzako eskoletan.•