Teknologia berriak: Bideoak eskaintzen dizkigun aukerak

2002-03-01
Normalean eskolan bideoa gutxitan erabiltzen da, baina bideoaren bidez jarduera asko egin daitezke, honako abantaila hauek baitauzka bideoak:

- Bideo zinta edonoiz ikus dezakegu.

- Nahi dugunean geldi dezakegu; zerbait azaltzeko, adibidez.

- Atzerantz jo dezakegu zerbait berrikusi nahi izanez gero.

- Nahi ez ditugun zatiak aurrera ditzakegu.

- Hainbat bideorekin beste bideo berri bat sor dezakegu.



Baina, zertarako balia ditzakegu abantaila horiek?

- Irakaslearen azalpena osatzeko.

- Gai berri bat ikasteko.

- Emandako gai bat errepasatzeko.

- Hainbat arlotako ikasketak erlazionatzeko.

- Jarduerak sortzeko.

- Banaka lan egiteko.

- Etxerako lanak betetzeko...
 
 
Film baten zatitxoetatik jarduera ugari antola daitezke. Adibidez, Harrison Forden film batean aktoreak urtegi batetik salto egiten duela ikusten badugu, urtegiaren altuera zein den azter dezakegu. Behin hori jakinda, uretara iritsi bitartean aktorearen abiadura zein izango den kalkula genezake. Eta uraren marruskadura baldin badakigu, zein sakonerara iritsiko den ere bai.

Kasinoetako film bat ikusten badugu, ostera, erruletara jokatu baino lehen bideoa geldi dezakegu eta gure ikasleei hainbat galdera egin diezaiekegu: zein den zenbaki irabazlea asmatzeko probabilitatea, zein den kolorea asmatzeko probabilitatea, zein den kolorea eta zenbakia, biak, asmatzeko probabilitatea, behin aktoreak asmatu ondoren zein den berriz asmatzeko duen probabilitatea eta abar.

Fisikako eta matematikako adibideak aipatu ditut, baina beste hainbat arlotarako ere baliagarria izan daiteke: sekuentzia bat ikusi eta gero laburpenak idazteko, deskribapenak egiteko, landareen eta zuhaitzen ezaugarriak ikusteko, animalien bizitzari buruz gehiago jakiteko, unibertsoaren irudiak ikusteko, herrialdeetako historia eta artea hobeto ulertzeko eta abar. Horretarako, ez ditugu erabili behar bereziki hezkuntzarako prestatutako bideoak, ia edozein bideotatik lor baitaiteke zerbait interesgarria. Zenbat eta irudimen handiagoa, orduan eta ondorio hobeak. Aurreko artikuluan esan nuen bezala, telebista txarra eduki arren, oso lan onak egin daitezke telebistarekin. Eta bideoarekin ere gauza bera gertatzen da.

Gainera, kontuan izan behar da ikasleen motibazioa handitu egingo dela bideoa erabiliz gero, eta denok dakigu ikasleen motibazioa oso garrantzitsua dela irakasgaiak lantzerakoan.

Nire ustez, ez litzateke ideia txarra izango liburutegian bideoak sartzea edo bideoteka bat sortzea, gure lanerako lagungarri badira ez baitu zentzurik bideoak ez edukitzeak. Gainera, kontuan izan behar dugu gaur egun bideoak nahiko merkeak direla.

Dena den, bideoak erosi baino lehen, beste aukera batzuk baditugu. Zergatik ez ditugu gure bideoak egiten? Zergatik ez dituzte ikasleek beren bideoak egiten? Kamara digitalarekin eta bideo tresna batekin nahiko erraza da. Jakina da, gainera, ikasleek guk baino askoz hobeto erabiltzen dituztela tresna horiek. Edukiak beraiek antolatzen badituzte, irakurtze hutsarekin baino gehiago ikasiko dute. Kontuan izan behar dugu bideoaren bidez edozein gai azaldu nahi badute, lehendabizi ondo ulertu behar dutela. Eta azkenik, bideoa bukatu ondoren gelan aurkez diezaieke ikaskideei. Azken finean, beren ikaskuntza prozesuaren protagonistak sentitzen badira, ahalegin handiagoak egingo dituzte beraien (eta gure) helburuak betetzeko.



Bideoa eta aniztasunaren trataera

Gaur egun garrantzi handia ematen zaio aniztasunaren gaiari. Kontuan izan behar dugu daukagun ikasle bakoitza desberdina dela. Horregatik saiatu behar dugu ikasle bakoitzaren beharrak betetzen. Xede hori lortzeko, hainbat tresna erabil dezakegu, baina teknologia berriek asko lagun diezagukete. Artikulu honetan, ordea, bideoari dagozkion aukerei buruz soilik hitz egingo dut.

Bideoa banaka lan egiteko nahiz gaiak errepasatzeko ona izan daitekeela esan dut lehen. Gela berean hainbat maila aurki ditzakegu. Pentsa, adibidez, gela bakoitzean bideo bat, telebista bat eta bizpahiru entzungailu dauzkagula. Zergatik ez diegu ikasle nabarmenenei eta zailtasun handienak dituztenei baliabide horiek erabiltzen uzten, besteei eskola ematen diegun bitartean? Batzuetan ikasle nabarmenenak aspertu egiten dira eta, beste batzuetan, zailtasunak dauzkatenek ez dute ulertzen irakaslea azaltzen ari dena. Horregatik, gaiari buruzko bideo bat ikus dezakete gehiago jakiteko edo azaldutakoa hobeto ulertzeko, besteek irakasleari entzuten dioten bitartean. Agian lehenengo saioetan arraroa irudiko zaie, baina denborak aurrera egin ahala, gelaren barruan bideoa erabiltzera ohituko dira.

Askok esango dute erabilera horrek gazteek kutxa mozoloa gehiago ikusteko besterik ez duela balio izango; benetako hezkuntza liburuen bidez besterik ez dela lortzen; eta liburuak bideoak baino hobeak direla. Mota horretako arrazoiketak historian zehar behin baino gehiagotan entzun izan dira heziketan zerbait berria sartu nahi izan denean: Sokrates idazkeraren aurka zegoen, Erdi Aroko Unibertsitatea liburuen aurka eta Beethoven metronomoaren aurka. Historiak arrazoia kendu die hirurei; bideoaren erabileraren kasuan, gurasoei ere arrazoia kenduko ote die? Gainera, ezin dugu ahaztu gaur egungo ikasleek ikus erreferentzia gehiago dituztela erreferentzia idatziak baino.

Beste askok pentsatuko dute telebista eta bideoa gelan sartzea garestia izango dela. Halere, gurasoen laguntzarekin baliabide horiek arin lor daitezke. Guraso bakoitzak seme edo alaba bakoitzeko urtero 15 euro ordainduko balu, lehenengo urtean gela guztietan bideo bat, telebista bat eta hiru entzungailu lortuko lirateke. Eta bigarren urtean gai interesgarriei buruzko bideoak erosi ahal izango lirateke. Beharbada, batzuentzat amets hutsa da proposatu dudana, baina nire ustez, ametsez amets egiten da aurrera. •