Bizitza osoan zehar ikasten. Florentziako foruma

2003-01-01
Ezagutzaren gizartean omen gaude.

Etengabe prestatzea ezinbesteko izango omen da etorkizunerako, bai lanerako eta bai bizitza arrunta egin ahal izateko ere.

Hori bideratzeko EARLALL (European Association of Regional and Local Authorities for Lifelong Learning) sortu zen. Erakunde honek antolatuta, abenduaren 13 eta 14an Florentzian (Italia) burututako Forum-ean aurkezpen asko egin ziren, besteen artean, Anjeles Iztueta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuarena.

Baina, zer da EARLALL erakundea?
 
 
EARLALL bizitza osorako heziketa bultzatzeko erakundea

2000ko martxoaren 23-24an Europako Kontseilua bildu zen Lisboan datorren hamarkadarako helburu estrategiko bat abian jartzeko: ezagupenean oinarritutako munduko ekonomia lehiakorrena eta dinamikoena bilakatzea, ekonomi hazkunde iraunkorra, lanpostu gehiago eta hobeak, eta giza elkartasun handiago sortuko duena.

Helburu hori erdiesteko, noski, jendearengan inbertituko duen estrategia orokor bat eskatzen du: "jendea -onartu zuten Lisboan-, Europak duen errekurtsorik nagusiena da, eta Europar Batasuneko politikak horretan oinarriturik egon beharko luke. Jendearengan inbertitzea eta gizarte aktibo eta dinamiko bat garatzea funtsezkoa izango da Ezagupenaren ekonomian Europak izango duen garrantzirako, eta adierazpen horretan bermatu beharko da ekonomi berri horrek ez duela gizarteak dituen arazoak, ez dituela areagotuko, hots, langabezia, marjinazioa eta pobrezia".

Horretarako, eta beste batzuen artean, estatukideei ondoko helburuak azaltzen dizkiegu:

- Giza baliabidetan inbertituko denaren funtsezko per capita igoera.

- Eskola eta prestakuntza zentroak, guztiak Internetera loturik, herrietako jarduera anitzetako ikasketa zentroetan bihurtu behar dira, guztiei irekiak egongo dira eta behar diren baliabideak erabiliko dituzte eskaerari eskaintza zabala emateko. Ikasketarako elkarlana hedatu behar litzateke eskolen artean, prestakuntza zentroen eta lantegien artean, eta parte-hartzaile guztien mesederako izango diren azpiegiturak aztertu.

- Europar markoak bizitzan zehar hornitzeko trebakuntza berriak bultzatu beharko ditu: informazioaren teknologiarako trebakuntza, atzerriko hizkuntzak, teknologia, giza eta negoziotarako trebakuntza; informazioaren teknologiaren oinarrizko trebakuntza tituluak baliozkotuko lituzkeen sistema europarra jarri beharko litzateke abian, prestakuntza hori zertifikatuko lukeen prozedura deszentralizatuen bidez alfabetizazio digitala bultzatzeko Batasunean zehar.

Bizitzan zeharreko ikaskuntza nahitaezkoa da estrategia honi ekiteko. Etengabeko ikaskuntza ez litzateke hartu behar hezkuntza, irakaskuntza edo trebakuntza profesionalaren beste arlo bat bailitz, baizik eta printzipio nagusi bezala, hots, ezagupenaren gizartean benetan parte-hartzeko beharrezkoa den trebakuntza etengabekoaz jabetzeko edo berritzeko aukera bermatuko duten zimenduak bezala.

Europar Batasunak bere gain hartu du helburu hau "Bizitzan zeharreko ikaskuntzari buruzko Memorandum"ean, Kontseiluko Komisioari, Europar Parlamentuari, Giza Ekonomiaren Taldeari, eta Herrialdeen Taldeari bidalitako komunikazioen bidez, eztabaidagai izan zedin estatukide guztietan, herri eta nazio mailan, 2001eko ekainera arte.

Bizitzan zeharreko ikaskuntzak irakaskuntzarako eta prestakuntzarako, formala eta ez formala, aukerak zabaltzea, integratzea eta enpresa eta instituzioen esku-hartzea eskatzen nahi du.

Gazteek, hirugarren adinekoek, lanpostudunek eta langabetuek, besteentzat lan egiten dutenek eta autonomoek, horiek guztiak, eta ikaskuntzarako prozedurek eta helburuen araberako metodologiekin hornitu behar diren kalitatezko prozedurek zera eskatzen dute: hartzaileen eta sistemen arteko adostasuna, hots, irakaskuntza eta trebakuntza profesionalerako sistemena, instituzio publikoena eta enpresena.

Irakaskuntza, trebakuntza eta kultura sareak, zabalagoa izan behar du, helburu horretan konpromisoa hartzen duten subjektu guztien ispilu behar du izan, eta berdin-berdin izan behar du zabala.

Bizitzan zeharreko ikaskuntza praktikara eramateko elkarlanean aritzea da biderik onena:

- Denak barne hartzen dituen gizartea eraikitzeko, jende ororentzat bizitzan zehar kalitatezko ikaskuntzarako aukera berdinak eskainiko dituen gizartea, hezkuntza eta trebakuntzarako horniketa gizakideen eskaera eta beharretan oinarrituta izango dituen gizartea.

- Hezkuntza eta trebakuntza eskuratzeko bideak ezartzeko eta ordaindutako lanaren bizimodua antolatzeko jendeak bizitzan zeharreko ikaskuntza horretan parte har dezan eta norberak planea dezan nola nahi dituen konbinatu ikastea, lan egitea eta familia bizitza.

- Orokorrean heziketa eta kualifikazio maila hobeak lortzeko sektore guztietan, eta aldi berean, jendearen jakituria eta trebetasunak lanpostuen, lanaren antolamenduen eta lan metodoen eskaerekin bat datozela ziurtatzeko.

- Jendea egungo bizitza publikoaren inguruan, batik bat komunitatearen edozein giza eta politika mailan aktibokiago parte hartzera bultzatzeko eta janzteko.

Bizitzan zeharreko ikaskuntza ezingo litzateke abian jarri herri mailako agintarien konpromisorik gabe. Funtsezkoa da herrietako agintarien errekurtsoak martxan jartzea bizitzan zeharreko ikaskuntza sustatzeko. Eskualdeak, herrialdeak, hiri txiki eta handiak hartu behar dute konpromisoa eta arazoen arduraren gainean oinarritutako proposamenak egituratu.

Horrela, akordio hau sinatzen duten herri agintariak konpromisoa hartzen dute edonori irekitako bizitzan zeharreko prestakuntza sare bat sortzeko ondoko xede komunekin:

- Europa ezagupenaren gizarte bezala eraikitzen laguntzeko.

- Europako bizitzan zeharreko ikaskuntzaren inguruko eztabaidara ekarpenak egiteko.

- Iraganeko eta oraineko esperientziak elkartrukatzeko.

- Esperientzia berriak eta proiektuak sortzeko.

- Instituzioetako eta instituzioz kanpoko eragile gehienak horretarako konpromisoa hartzera bultzatzeko.

Oinarrizko eskubideen karta europarrak dioen bezala "gizaki orok du irakaskuntzarako eta etengabeko trebakuntza profesionalerako eskubidea". Europar Batasunaren etorkizunean printzipio horren ezarpenerako beharko diren lanabes zehatzetako bat izan nahi du bizitzan zeharreko ikasketetarako herri agintarien mailako sare honek.

Europar Batasuna banaezinak eta unibertsalak diren balio hauetan oinarritzen da: duintasuna, askatasuna, berdintasuna eta elkartasuna, jarduera bakoitzaren gune nagusian gizakia dagoelarik.





Eskualdeen zeregina Europako programak baloratzeko prozesuen garapenean



Jarraian agertzen den idatzia Anjeles Iztueta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak 2002ko abenduaren 13an Florentziako forumean emandako hitzaldia duzue. Bera EARLALL elkarteko lehendakariordea da.



1.- Etengabeko ikaskuntza-politikak: Eskualdeen eragina. Euskal Herriaren jarrera

2000ko martxoan Europako Kontseilua Lisboan bildu zenean garrantzizko unea adierazi zuen Europako Batasunean politika eta ekintza bideratzeko garaian. Bertan ateratako ondorioetan adierazten denez Europak ezagutzaren arorantz eboluzionatu du inolako zalantzarik gabe, horrek edozein herrialde edo eskualdeko kulturan,

ekonomian eta gizartean esan nahi duen guztia kontuan izanik. Ikaskuntza, bizitza eta lan eremuko ereduak bizkor aldatzen ari dira. Beraz, hiritarrek aldaketa horietara egokitzeaz gain, pertsonek jokabidez aldatu beharko dute baita ere.

Ondorio horietan behin eta berriro aditzera ematen da bizitzan zeharreko ikaskuntzarako joerak ezagutzan oinarritutako ekonomiara eta gizartera zuzendutako trantsizioarekin batera gertatu behar duela, trantsizio hori arrakastaz burutu ahal izateko. Horregatik, Europako hezkuntza- eta prestakuntza-sistemak datozen aldaketen muina

izango dira.

Bizitzan zeharreko ikaskuntza gauzatzeari buruzko Europako norabideen arabera, 2000ko urrian Batzordeak berak "Etengabeko ikaskuntzari buruzko memoranduma" argitaratu zuen, gizarte eta hezkuntza politikan azken urteotan egin izan diren dokumentu berritzaileenetako bat izanik. Oso berritzailea eta etorkizun handikoa den lan ildoa eskaintzen du hezkuntza politiken koordinazioan eta sustapenean baita gizarteratzeko politiketan ere.

Dokumentu honekin Batzordeak kontsulta prozesu bati hasiera eman zion Estatu kide guztietan, etengabeko ikaskuntzaren protagonista guztientzat eta maila guztietara irekia, bizitzan zeharreko ikaskuntzarako estrategia globala maila indibidualean nahiz instituzionalean eta bizitza publikoaren eta pribatuaren eremu guztietan gauzatzeko.

Etengabeko ikaskuntzak hauxe bermatu behar du, Europako hiritarrek aukerak berak izatea eraldaketa sozialak eta ekonomikoak inposatzen dituen eskarietara egokitzeko eta, horrela, Europako etorkizuna eratzen aktiboki parte hartzeko.

Euskal Herriak, Europako beste eskualde batzuek bezala, eztabaida horretan parte hartu zuen, eta bertako hiritarrengana hurbildu zuen kontsulta-prozesu ireki baten bitartez. Hala, gizarte zibilak, etengabeko ikaskuntzari lotutako jardueren protagonistek eta gainerako euskal erakundeek parte hartu zuten, betiere Eusko Jaurlaritzaren koordinazioan oinarrituta.

Testuinguru horretan, Lanbide Kualifikazio eta Prestakuntzako Euskal Institutuak dokumentu bat landu zuen, "Etengabeko Ikaskuntza: etorkizunaren gakoa" izenburua zuena. Dokumentu horrek Euskal Herriaren testuinguruan ezartzen ditu funtsezko mezuak eta gure Erkidegoko administrazioak, erakundeak eta pertsonak hobeto kokatu nahi izan ditu beren ezagutzak eztabaidagai batzuetan eskaintzeko eta, nolanahi ere, etengabeko ikaskuntza gure artean errealitate bat izatea lortzeko helburua berenganatzeko.

Bestalde, Euskal Herrian burututako kontsulta prozesuaren emaitza gisa, Eusko Jaurlaritzak, Gobernu Kontseiluan, "Euskal Autonomia Erkidegoak etengabeko ikaskuntzari buruz Europako Batzordeak abiarazitako eztabaidari egindako ekarpena" dokumentua onetsi zuen. (Dokumentu horren laburpena Europako Batzordearen web orrian aurki daiteke ingelesez, etengabeko ikaskuntzari buruzko atalean).

Bi dokumentuetan hauxe da azpian dagoen ideia, bizitzan zeharreko ikaskuntza gauzatzeko guztiok elkarrekin lan egitea dela modurik onena, partekatutako erantzukizun senaz ondokoak lortzeko:

- gizarte integratzailea eraikitzea, guztiei bizitza osoan zehar kalitatezko ikaskuntza helmenean jartzeko aukera berdinak eskainiko dizkiena, eta hezkuntza eta prestakuntza erregulatzen duten arauak, ezeren gainetik eta batez ere, pertsonen premietan eta itxaropenetan oinarrituko dituena;

- hezkuntza eta prestakuntza emateko moduak eta ordaindutako lana antolatzeko modua aldatzea, horrela, jendeak bere bizitzan zehar ikasi ahal izateko eta ikaskuntza, lana, aisia eta familiarteko bizitza bateratu ahal izateko;

- sektore guztietan hezkuntza eta kualifikazio maila orokor gorenak lortzea, kalitate handiko hezkuntza eta prestakuntza eskaintzen dela bermatzea eta, aldi berean, hiritarren ezagutzak eta gaitasunak lan baldintzen, lekuen antolamenduen eta lan metodoen eraldaketara egokitzen direla ziurtatzea;

- pertsonak animatu eta prestatzea modu aktiboagoan parte har dezaten bizitza publiko modernoari dagozkion maila guztietan eta, bereziki, bizitza politikoan eta sozialean.

Memorandumaren inguruan Estatu kide guztietan burututako kontsulta prozesuaren ondorioz, Europako Batzordeak "Etengabeko ikaskuntzaren Europako gunea errealitate bihurtzea" komunikazioa ezagutzera eman zuen.

Dokumentu honetan, hezkuntza eta prestakuntza politika etorkizunean garatzeko esparru gisa aurkezten da

ikaskuntza, eta datozen urteetarako jarduerarako proposamenak formulatzen dira, esate baterako eremu hauetan: jarreren eta kualifikazioen aintzatespena, informazioa, orientazioa eta aholkularitza eta ikuspegi pedagogiko berritzaileak.

Batzordeak berebiziko garrantzia duen zeregina ziurtatzen die Sokrates, Leonardo da Vinci eta Gazteria programei etengabeko ikaskuntzaren Europako gunea eratzeko garaian. Bereziki, Leonardo da Vinci programa, berrikuntzari eta esperimentazioari buruz duen ikuspegiarekin eta hezkuntza sistemen egokitzapenean duen eraginarekin, oso baliabide eraginkorra da proposamenetako asko aurrera eramateko. Programa horren bidez, Batzordeak ikasteko moduari buruzko ikerketan eta esperimentazioan lagundu nahi du baita Europan hedadura duten IKTetan oinarritutako ikaskuntza garatzeko helburua duten proiektuetan ere.

Gainera, Komunikazioak esparru orokor bat ezartzen du prestakuntza

eta hezkuntza politiketarako, eta esparru horren barruan Europako prestakuntza eta hezkuntza programak baloratzeko estrategietan sartuta egon behar du. Komunikazioak hezkuntza sistema formalak egokitzeko premia azpimarratzen du eta koherenteak eta

orokorrak diren estrategi osagai batzuk definitzen ditu, agintari nazionalei egokitzapen horretan laguntzeko.

Baina Batzordeak ez du kontuan hartzen Europako herrialde askotan hezkuntza eta prestakuntzari dagozkien gaitasunak deszentralizatuta daudela eta eskualdeetako gobernuetan daudela. Beraz, eskualde eta tokiko

agintariak dira hezkuntza eta prestakuntza sistemen benetako egokitzapena egin dezaketenak.

Bestalde, Memorandumak etengabeko ikaskuntzari buruz adierazten duen funtsezko mezuetako bat nabarmendu behar da, hain zuzen ere ikaskuntza pertsonengana hurbiltzeari buruzkoa. Izan ere, mezu horretan argumentatzen da eskualdeko eta tokiko inguruneak bizitzan zeharreko ikaskuntzan duen garrantzia. Hala eta guztiz

ere, nire ustez koordinaziorako metodo irekiak, Estatu kideentzat erreserbatutakoak, tokiko eta eskualdeko hedadura baztertzeko arriskua dakar ondorioz, kontuan izanik garrantzi handikoa dela gai honetan, gaitasunak eskualde eta tokiko administrazioetan daudelako hain zuzen, eta zalantzarik gabe interesatuta dauden eragile guztiek ekarritako baliabideen mobilizazioa tokiko mailan eraginkorragoa delako, gainera.

Eusko Jaurlaritzaren ustez funtsezkoa da ezagutzaren Europa eraikitzeko prozesu horretan eskualdeen parte-hartze aktiboa bermatzea, eskualdeak baitira kasu askotan beharrezko gaitasunak dituztenak, eta horretarako ezinbestekoa izango litzateke Europako Batzordeak eskualde eta toki mailan

ere elkarrizketak ezartzea.

Eskualdeetako agintariek, lehen adierazi den bezala, gero eta erabaki maila handiagoa berenganatu dute, hezkuntzaren eta prestakuntzaren eremuan ez ezik gizarte zerbitzuen eremuan ere. Zerbitzu horiek ezinbesteko osagaia dira etengabeko ikaskuntza garatzeko, zalantzarik gabe. Gizarte laguntzaren sare egokirik gabe oso zaila baita familia bizitza ikaskuntzaren eta lanaren bizitzarekin bat egitea.

Begien bistakoa da ikaskuntza pertsona guztiengana hurbiltzeko prozesua eraginkortasunez antolatzeko bide bakarra eskualde eta tokiko agintariek burutzea dela, beroiek baitira horretarako baliabide materialak ezagutzen dituztenak eta egokitu beharrekoak.

Izan ere, Memorandumak berak etengabeko ikaskuntzari buruz adierazitako ideia berritzaileenetako bat pertsonak ikaskuntzaren muin gisa hartzea da, prestakuntza eskaintza gune nagusitik aldenduz, pertsona bakoitzaren premietara egokitu beharko baita.

Ugariak dira Europako Batasun

osorako planteatu diren erronkak etengabeko ikaskuntzaren Europako gunea errealitate bihurtzeko nahi horretan, eta erronka horiei aurre egiteko

ezinbestekoa da eskualde eta tokiko

agintarien parte-hartzea.

Adibidez, Lisboan ateratako ondorioen 26. puntuak prestakuntza zentroak balio anitzeko tokiko ikaskuntza-zentro bihurtzea proposatzen du, guztiak Internetera konektatuta eta adin guztietarako zabalik egongo direnak. Berebiziko garrantzia duen erronka bat da Estatu kide guztientzat, eta berriro

ere ezingo da aurrera eraman eskualde eta tokiko agintariek parte hartzen ez badute, zentro horien titularrak diren aldetik.

Era berean, Lisboako ondorioen 38. puntuak Kontseiluaren lehentasunak biltzen ditu, hain zuzen ere aplikaziorako estrategia deszentralizatuen eta lankidetzazkoen alde. Horretarako, beharrezkoa da eskualde eta tokiko agintarien helmenean Erkidegoko baliabide gehiago jartzea zenbait ekimen bultzatzeko asmotan, esate baterako, ikaskuntzaren eskualdeak edo hiriak eratzea, nazioz gaindiko probetxuzko lankidetza didaktikoak garatu ahal izateko.

Azken finean, eskualde eta tokiko gobernuei dagokien erantzukizunezko eta estrategiazko zeregina azpimarratu behar dugu etengabeko ikaskuntzaren inguruko ekintza desberdinak garatzeko orduan, toki mailan nahiz Europako Estatu desberdinetako eskualdeen artean ahaleginak bat eginez, betiere prestakuntzaren eta hezkuntzaren eremuetan interes komunak badituzte eta Europako Batasunaren barruan kulturarteko trukea eta estrategien trukea sustatu nahi badute.



2.- Euskal Herrian aplikatutako estrategia

Historian zehar, Euskal Herriak autogobernu maila handia izan du, XIX. mendera arte iraun izan duten legegintzarako eskumen zabalekin. Gorabehera desberdinen ondoren, Euskal Herriko eskubide Historikoak Kontzertu Ekonomikora murriztuta geratu ziren, erregimen ekonomiko-tributario bat

izanik, ogasun propioa izatea ahalbidetzen duena eta estatuarekin hark eskainitako zerbitzuen ondorioz egin beharreko ekarpenak ituntzen dituena. Kontzertu horiek Frankoren diktadurak indargabetu zituen.

1978ko Espainiako Konstituzioak Erkidegoen estatua ezarri zuen Espainian. 1979an Gernikako Autonomi Estatutua onetsi zuten, Euskal Herrirako oinarrizko erregulazio instituzionala osatzen duena, eta Kontzertu Ekonomikoez gain Euskal Herriari dagozkion legegintzarako eskumenetako batzuk lehengoratzen dituena.

Gernikako Autonomi Estatutuak,

erabat garatzeko badago ere, transferitu izan diren gai batzuetan garapen-maila handia lortzea ahalbidetu du, hain zuzen ere 2002rako ia 6.000 milioiko aurrekontua duen administrazioan zehazten dena, aurrekontu horretatik gutxi gorabehera %32 osasunerako eta %30 hezkuntzarako izanik, tarte handiagoaz herrizaingoa (%7), justizia (%5) eta industria (%5) daudelarik.

Zehazki, hezkuntzaren eta prestakuntzaren eremuan, Gernikako Autonomi Estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoaren erabateko eskumenak

adierazten ditu hezkuntza gaietan, eta maila, gradu, mota eta espezialitate guztietan. Beraz, dagoeneko autogobernuaren 20 urte baino gehiago dira orain gozatzen dugun kalitatezko euskal hezkuntza sistema garatzea ahalbidetu dutenak.

Eusko Jaurlaritzak gure herrialdea garatzeko lehentasun eta estrategia gisa hartzen du bere gain Etengabeko Ikaskuntza, eta horretarako estrategia batzuk zehaztu ditu ezagutzan oinarritutako gizartean aurrera egin ahal izateko, horrela Europa munduko gizarte lehiakorrena, dinamikoena eta sozialena bilakatzen lagunduz. Ondorioz, 2001eko urrian, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren barruan Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntza Ministeriordetza sortu zuen eta bere menpe Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritza Nagusia eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusia, besteren artean ondoko funtzio hauek garatzeko asmotan:

- Etengabeko ikaskuntzarako ekintzak diseinatu, definitu eta aplikatzea, ezagutzaren gizarte berrian sartu eta eskaintzen dituen aukerak aprobetxatu ahal izateko eredu bat gauzatzeko beharrezkoak baitira eta

- Lanbide Heziketa eta etengabeko ikaskuntzarako politikak definitzea, bizitza osoan zehar kualifikazioak lortzea edo gehitzea berekin

ekarriko dutenak.

Ondorioz, Etengabeko Ikaskuntzaren eremu horretan Euskal Herria ezagutzaren gizartean barneratu nahi da, bizitzan zehar ikasteko kultura sortuz, hiritar guztiei bizitzan zeharreko kalitatezko ikaskuntzarako sarbidea

izateko aukera berdinak eskainiz eta

ikaskuntza, familia bizitza, aisia eta lanerako plan pertsonalizatua lantzea

ahalbidetuz.

Horretarako, funtsezko osagaia gure Autonomia Erkidegoan informazioaren gizarteak izan duen garapena izango da. "Euskadi informazioaren gizartean" plan estrategikoari esker, gaur egun, Euskal Herrian familien ehuneko handi batek Internetera konektatutako ordenagailu pertsonal bat izatea ahalbidetu dugu, baita sareak eskaintzen dituen abantailei etekina ateratzeko beharrezkoa den prestakuntza izatea ere. Izan ere, 2000. urtearen amaieran euskal populazioaren %30ak Internet erabiltzen zuen eta 2005. urterako euskal populazioaren %65ak izango du Interneterako sarbidea.

Lanbide Heziketari dagokionez,

esan beharra dago Euskal Herrian ezarrita dugun prestakuntza sistemaren oinarria hauxe dela, Lanbide Heziketa guztiak Lanbide Kualifikazioen Sistemara lotuta egotea, eta bere helburu nagusia jarduera produktiboaren eremu desberdinetan lortu behar den lanbide gaitasunaren ezaugarriak, hedadura eta mailak identifikatzea. Hau da, teknologiaren eta antolamenduaren

ikuspegitik ekonomiaren eremuko premiei eta eraldaketei erantzungo dieten kualifikazio batzuk definitzea, Lanbide Heziketako Euskal Sistemaren Behatokiak antzeman dituen bezalaxe.

Gaitasuna lortzeko bide gisa prestakuntza ezartzeko lana erraztearren, Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Euskal Institutuak Prestakuntza Katalogo modular bat ezarri du kualifikazioen errepertorioari lotua. Nabarmentzekoa da berariazko moduluez edo modulu teknikoez gain, katalogo horretan oinarrizko modulu batzuk biltzen direla, mailaka, ezagutzaren gizartean beharrezkoak diren gaitasun eta jarrera batzuk adierazten dituztenak: komunikazioa, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, zenbakizko adierazpena eta adierazpen espaziala, eta eremu zientifiko-teknikoa. Hori guztia etengabeko ikaskuntzari buruzko funtsezko mezuarekin bat

etorriz: "Guztiontzako funtsezko gaitasun berriak".

Bestalde, "Ikaskuntza baloratzea" mezuari dagokionez, Lanbide Heziketaren Gaitasuna eta Kalitatea Ebaluatzeko Euskal Agentziak dispositibo bat abiaraziko du ikaskuntza ez-formalaren edo informalaren bidez pertsona batek lortutako gaitasunak ezagutu eta ebaluatzeko.

Lanbide Heziketako Euskal Sistemak euskarritzat duen beste funtsezko oinarria Lanbide Heziketako Zentro Integralen Sareak osatzen du. Izendapen horren arrazoia hauxe da, zentro horiek hasierako lanbide-heziketan dauden gazteei, langabetuei eta langileei prestakuntza ematen dietela. Lanbide Heziketako zentro integralen sare horrek teknologia berrien oso sare aurreratuak ditu instalatuta. Azken belaunaldiko ikasgela digital interaktiboez hornituta daude, ordenagailu bakoitzeko lau ikasle izanik erabiltzaileen batez bestekoa, eta hiru urtetan baino gutxiagotan eskuratu dira.

Era berean, Lanbide Heziketa mota hau ematen duten 72 zentroetatik 6k EFQMren 400 puntuko kalitate ziurtagiria lortu dute, 32k ISO 9002 ziurtagiria eta 14k EFQMren 300 puntukoa.

Familiek nahiz ikastetxeek informatika eta prestakuntzako baliabideak eskueran izan ondoren, haiei ahalik eta etekin handiena ateratzeko beharrezkoak, 2003ko udaberrian on-line prestakuntza programa batzuk euskal hiritar guztien helmenean jarriko dira, hizkuntzak ikasteko, oinarrizko gaitasunak lortzeko edo horietan sakontzeko, eta ezagutza eremu anitzen barruan ezagutzak zabaltzeko. Horrek guztiak Memorandumaren eta Komunikazioaren beste funtsezko mezu batean aurrera egitea ahalbidetuko baitigu, "Ikaskuntza pertsonengana hurbiltzea", alegia.

Ikuspegi orokorrago batetik, eta Euskal Herria bizitzan zeharreko ikaskuntzari lotutako estrategiaz hornitzearren, Etengabeko Ikaskuntzaren Liburu Zuria landu da, une honetan Eusko Jaurlaritzako Sailen barruan eztabaidagai izanik. Ondoren, gure Erkidegoko gainerako erakundeek (Aldundiek eta Udalek), bizitzan zeharreko ikaskuntzarekin zerikusia duten eragileek (prestakuntza zentroek, kultur etxeek, hiritarren zentroek, irakasleen elkarteek eta abar) eta orokorrean hiritarrek eztabaidatuko dute.

Pertsona guztientzat etengabeko

ikaskuntza sustatzea ahalbidetuko duen eta jarduera praktikoetan gauzatuko den estrategia koherentea lortzeko beharrezkoa da:

- helburu bat finkatzea: etengabeko ikaskuntzaren kultura sortzea;

- helburu horren aurrean gizartean antzematen den sentsibilizazioa neurtzea;

- helburuaren garapenak duen

ahalmena edo ikasteko benetan dauden aukerak aztertzea;

- helburua lortzea eragozten duten zailtasunak edo oztopoak identifikatzea (ekonomikoak, sozialak, finantzarioak, kulturalak, antolamenduari dagozkionak eta abar);

- oztopoak ezabatzeko plan bat diseinatzea, horregatik bizitzan zeharreko ikaskuntzaren politika esfera pribatuan interbentzionismo publikoaren

adierazpen gisa hartu gabe ordea, eta;

- lortutako emaitzak ebaluatzea, bizitzan zeharreko ikaskuntzaren ohitura eta kultura lortzeko aurrez ezarritako helburuarekin bat etorriz.



3.- Etengabeko ikaskuntza, Erkidegoaren hezkuntza eta prestakuntza programak baloratzeko estrategien garapenerako esparrua. Baloraziorako estrategia horretan eskualdeek duten egitekoa

Europako Sokrates, Leonardo da Vinci eta Gazteria programen hasierako fasearen ondoren, eta dagoeneko bigarren fasearen erdian gaudela kontuan izanik, lorpenetako askok ez dutela hezkuntza eta prestakuntza sistemetan esperotako garrantzia eta eragina izan ziurtatu ahal izan da.

Programa horiek nazioz gaindiko lankidetzarako esparrua ahalbidetzen dute hezkuntzako eta Lanbide Heziketako sistemen eta praktiken kalitatea hobetzeko, berrikuntza bultzatzeko

eta Europan izango duten hedadura sustatzeko. Berrikuntzarako eta esperimentaziorako laborategi antzeko bat izan behar dute, ondoren, hedapen eta baloraziorako estrategia egokiaren bidez, hezkuntzako eta Lanbide Heziketako sistema eta praktiketara kalitatezko emaitzak transferitzeko, eta horrela Europako Batasunaren erronka berriei

erantzungo dieten hezkuntza eta prestakuntza sistemak lortzeko, ezagutzaren gizarte berriari eta bertako hiritarren mugikortasun libreari begira.

Hala eta guztiz ere, orain arte ez dago ondo definitutako balorazio estrategiarik eta hedapenak ez ditu esperotako helburuak lortu. Beraz, premiazkoa da programa horien emaitzak hezkuntza- eta prestakuntza-sistemetara ahalmen handiagoaz transferitzea ahalbidetuko duen estrategia batez hornitzea.

Europako Batzordeak "Leonardo da Vinci programa baloratzeko estrategia" dokumentuarekin eztabaida bati hasiera eman zion programa honen balorazioari buruz bereziki.

Europako Batasuneko hezkuntza programen artean Leonardo da Vinci programak duen aparteko izaera Kontseiluak hartutako Erabakiaren emaitza da, programaren bigarren fasea ezartzen duena, alegia. Erabaki horren arabera, programaren lehenengo fasean

izandako lorpenak aztertzeko neurriak hartu behar dira, baita Lanbide Heziketako eremuan Erkidegoak izan dituen ekimenak ere.

Baloraziorako estrategia hori etengabeko ikaskuntzaren esparru orokorrean kokatu behar da eta, ikuspegi horretatik, Europako Batzordeak baloraziorako estrategia hori planteatu du bizitzan zeharreko ikaskuntzaren Europako gunea eraikitzeko oinarritzat hartuko diren ardatzak kontuan hartuta, eskala guztietan, alegia eskualdeen mailatik Erkidegoaren mailaraino. Hau da: mugikortasuna, kualifikazioen gardentasuna, ikaskuntza informalaren

edo ez-formalaren identifikazioa, ebaluazioa eta aintzatespena, hizkuntza gaitasunak, hezitzaileen prestakuntza eta enplegagarritasuna.

Europako programak baloratzeko estrategia honetan berriro ere funtsezkoa da eskualde eta tokiko gobernuen egitekoa, zeren eta, Batzordeak berak zehazten duenez baloraziorako estrategia honen osagai nagusietako bat hauxe baita: "hedapenerako estrategia koherentea, ezagutzaren kudeaketan eta informaziorako aldez aurreko jardueretan oinarritua".

Beraz, eskualdeek eta tokiko erakundeek informazioa hiritarren artean zuzenean hedatzeko garaian betetzen duten zeregina azpimarratu behar da, zalantzarik gabe lehenengo harreman puntua baitira informazioa helarazteko garaian eta funtsezkoa da hedapenerako bide gisa duten ahalmen horri etekina ateratzea. Bestalde, hezkuntzaren

eta prestakuntzaren eremu jakin batean diharduten tokiko edo eskualdeetako eragileen ezagutza zehatza denez, eta hiritarrek eremu horietan dituzten prestakuntza premiak kontuan izanik, zalantzarik ez dago hedapenerako estrategia koherenteagoak eta dagozkien testuinguruetan ezarritakoak antola ditzaketela, hain zuzen ere hezkuntzaren eta prestakuntzaren eremuan diharduten eragileen interesei hobeto erantzungo dietelako eta beraz hezkuntza eta prestakuntza sistemetan inplementazio eta eragin handiagoa lortuko delako.

Batzordeak behin eta berriro azpimarratzen du beharrezkoa dela Europan nahiz estatuen mailan prestakuntza sistemak barneratzea, programen emaitzak ezagutzera emateko. Hori ez da inolako kasutan nahikoa informazio sistema horiek eskualde eta toki mailara jaisten ez badira, are gehiago Batzordeak berak programen emaitzak ezagunak izatea lortu nahi duenean, ez bakarrik erabakien erantzule diren pertsonen eta prestakuntzaren profesionalen artean, oro har hiritar guztien artean baizik.

Eskualde eta tokiko erakundeek hiritarrengana zuzendutako hedapen estrategia eraginkorragoak ez ezik nazioz gaindiko lan handia ere egin dezakete. Izan ere, Europako programei eta ekimenei esker, baita eskualdeen eta hirien arteko senidetzeari esker ere,

orain dauden nazioz gaindiko harremanak eta lan sareak ugariak dira eskualde eta toki mailan. Beraz, eskualde eta tokiko erakundeak ahalmen handiko eragile gisa agertzen dira hedapenerako estrategia koherenteari ekiteko oinarri gisa.

Ikuspegi horretatik, nabarmentzekoa da Komunikazioak etengabeko

ikaskuntzari buruz egindako proposamena, hain zuzen ere Leonardo da Vinci eta Sokrates programen bidez irakasleen eta hezitzaileen prestakuntzarako sare bat sortzen lagunduz testuinguru formaletan eta ez-formaletan esperientzia berritzaileak trukatzearren, eta aldi berean Erkidegoaren barruan transferentziarako baldintza egokiak ezarriz. Hala ere, sare horrek eragin handiagoa izango du sare handiago batean integratuta badago, eskualdeetako agintariek eta profesionalen hiriek parte hartzeko. Ez dezagun ahaztu proiektu baten emaitzen aplikazio praktikoa bazkideek errealitate sozialarekin eta ekonomikoarekin harremanetan jartzeko duten gaitasunaren menpe dagoela. Zentzu horretan, eskualde eta tokiko agintariek baita solaskide sozialek ere funtsezko zeregina bete dezakete

emaitzak aplikatzean, eskualde eta tokiko agintarien lehentasunezko zeregina nabarmenduz tokiko mailan interesatuta daudenen artean eta Europako Estatu desberdinetako zona geografikoen artean elkarteak mobilizatzeko garaian, eta betiere garapen ekonomiko eta sozialeko sektoreekiko eta, beraz, prestakuntzaren eta lan merkatuaren eremuko premiekiko antzeko

ezaugarriak izanez gero.

Horregatik, ezinbestekoa da eskualde eta tokiko erakundeek sektore zehatzetan baloraziorako neurri anitzak aplikatzean bete dezaketen zeregina. Eta horri buruz nabarmendu beharra dago eskualdeek mugikortasunerako ekintzetan betetzen duten zeregin estrategikoa. Eskualde eta tokiko

erakundeak indar motrizak dira, eskualdeetako ekonomiak bultzatzen dituztenak premiei hobeto erantzungo dien ikaskuntza eta hezkuntza ingurunea sortzeko beharrezkoak diren elkarteak ezartzeko garaian, betiere mugikortasun profesionala areagotzeko.

Eskualde eta tokiko erakundeak sarritan gaitasunak eta mugikortasuna hobetu ditzaketen neurri baliagarriak aplikatzen saiatzen dira, baina gauzatu ezin dituzten neurriak dira laguntza finantzariorik ez dutelako. Europako Batasunaren aldetik laguntza finantzario handiagoa lortuz gero gehiago

aprobetxatu ahal izango litzateke eskualde eta tokiko erakunde horiek ekimenerako duten gaitasun handia.

Mugikortasun profesionalak eta geografikoak pertsonak gaitzen dituzte eta erabaki libreak eta erantzukizunezkoak hartzeko aukera ematen diete. Hala ere, neurri egokiak hartu behar dira mugikortasun geografiko handiagoa garapen jasangarriaren eta Europako Batasunaren kohesioaren kaltetan lortu ez dadin. Mugikortasun geografikoak desoreka ekonomikoak sor ditzake, bereziki landa eremuetan, eremu horietan gazteen mugikortasun handiagoak populazio zaharragoa baitakar berekin.

Baloraziorako estrategiaren funtsezko beste osagai bat hauxe da: "ziurtatutako kalitate irizpideak definitzea proiektuaren diseinuaren fasetik beretik hasi eta hautespen, segimendu eta ebaluaziorako fase guztietan zehar aplikatzeko".

Etengabeko ikaskuntzari buruzko Komunikazioak adierazten duenez, elkarrenganako konfiantza eta hezkuntza sistemen gardentasuna lortzeko gai diren kalitate arauak ezartzea funtsezko printzipioa da, ikaskuntzaren ebaluazioari buruzko ikuspegi berri baten oinarria.

Lehen esan bezala, proiektu baten arrakasta garatzen duen elkartearen sendotasunean datza, baita proiektuaren emaitzak prestakuntza eta hezkuntza sistemetara transferitzeko duen gaitasunean. Horri buruz, eskualde eta tokiko erakundeek esperientzia ziurtatua eta luzea dugu dihardugun lan sareen iraunkortasunean

eta sendotasunean baita emaitzak prestakuntza sistemetara transferitzeko gaitasunean ere. Ez dugu ahaztu behar kasu askotan eskualde eta tokiko administrazioak direla prestakuntzaren eta hezkuntzaren eremuan eskumena dutenak.



4.- Ondorio gisa

Europaren eraikuntzaren historian zehar, eskualde eta tokiko gobernuek eraginkortasuna erakutsi dute Erkidegoan era guztietako politikak aplikatzeko garaian: hezkuntza, ingurumena, arrantza, nekazaritza, enplegua eta abar. Logikoa hauxe da, gobernu horiek gero aplikatuko dituzten politiketan gehiago parte hartzea.

Bestalde, kontuan hartu behar dugu demokrazia eraginkorra oinarritik hasten dela. Iritzi publikoak Europako Batasuna onetsiko du betiere eskualde eta tokiko ordezkariek erabat parte hartzen dutenean, eta Erkidegoko enbaxadore gisa lekuan bertan jarduten dutenean. Batasunak bere eskualdeen subiranotasuna errespetatu behar du, bere Estatu kideen subiranotasuna errespetatzen duen bezalaxe; batik bat, legegintzarako gaitasuna duten eskualdeei dagokienez.

Eskualdeak eta tokiko erakundeak ezinbestekoak dira Europa demokratikorako: ez dira beste gobernu maila batzuen subsidiarioak, errespetatu beharreko eskumenak eta eskubideak baitituzte. Beraz, gizarte zibilaren lehenengo adierazpen politikoa dira, baita onena ere. Oinarrizko demokrazian

arreta handiagoa jartzeak esanahi berria eman diezaioke Europari.

Eraikitzen ari garen Europak, hiritarrenak eta integratzaileak, eta kultur aniztasunean aberatsak, eskualde eta tokiko gobernuen parte-hartzea behar du, bere bizitza sozial eta demokratikoaren funtsezko osagai direlako. Kontuan hartu behar da, gainera, hiritarrengandik gertuen dauden organo hautatuak direnez hiritarren Europaren oinarria osatzen dutela.



Balorizazioa. Kontzeptu berria al da?

Aurrera begira, seguruenik, asko entzungo dugu balorizazio hitza. Zer adierazi nahi du balorizazioak?

Pentsa dezagun Dinamarkan esperientzia bat egin dela, esperientzia hori amaituta dagoela, eta ebaluatu ondoren egokia dela iruditzen zaigula, hau da, esperientzia gure ikastetxean aplikatzeko interesgarria dela deritzogula.

Horretarako, aukeratu dugun esperientzia gure ikastetxean aplikatzeko egokitzen dugu: hizkuntza, ohiturak, ikasle kopurua, bitartekoak... Horri deitzen al zaio esperientzia balorizatzea? Ez. Hori esperientzia egokitzea da. Eta toki askotan egiten bada, esperientziaren hedapena gertatuko da.

Zer egin behar da balorizazioa gertatu dela kontsideratzeko? Egokitu dugun eta aplikatu nahi dugun esperientziari, gure ustez hobetuko dion elementuren bat edo batzuk gehitzea izango da balorizatzea. Eta modu horretan, balorizatuta dagoela aplikatu guretzat izango den esperientzia berria.

Hobetze horri deitzen zaio esperientziaren, produktuaren edo dena delakoaren balorizazioa. Jokatzeko modu bat da. Sistematizatu daitekeen praktika bat.



COPETTE, ALICE: Europako Batzordeko Kidea da. Hezkuntza eta Kulturako Zuzendaritza Nagusian ari da lanean," Bizi osoan zehar ikasten" gaia lantzen.

Eskualdeak estatukideak baino askoz gertuago daude herritarrengandik. Proiektuen balantzea eta zabaltzea egiten denean, bertako jendearekin egon behar da. Bizi osorako hezkuntzaz ari garenean, ildo nagusiak denon artean ezarri beharko ditugu; estatuak, eskualdeak,egitura lokalak, enpresak, sindikatuak eta bestelako elkarteak, baina zehaztapena toki bakoitzean egin beharra dago.

Eskualdeak egitura idealak dira herritarren beharrak zein diren jakiteko eta eguneroko praktikan protagonistak izan daitezke.



DAVIDSON, JANE: Galeseko Asanblada Nazionaleko Hezkuntza sailburua

Galesek Euskal Herriarekin parekotasun batzuk baditu. 3 milioi biztanle ditu eta galesa % 25ak ezagutzen du.

Hezkuntzaren antolaketa nagusia estatutik badator ere, hainbat arlotan geroz eta esku-hartze handiagoa dugu.

Britainia Handian dezentralizazio prozesua gertatzen ari da. Eskozia eta Gales eskumenak lortzen ari dira pixkanaka. Hori guztia, heziketarako eta prestakuntzarako oso interesgarria da.

Eskualdeek lekua irabazten joan behar dute, ematen zaienaren zain egon gabe.