Zorionak Ipurbeltz!

2003-01-01
 
 
Zorionak Erein argitaletxeari eta Ipurbeltz proiektuari 25 urteetan zehar 1977ko abendutik hilero hilero argitaratzea lortu izanagatik.

Ikastolen mundutik etorri zen ideia hura. Marrazkilari talde bat (Mikel Plazaola, Jesus Lucas, Anton Olariaga, Tomas Hernandez Mendizabal, Hilario Urkia eta Pedro Agirregomezkorta), Anjel Lertxundi idazlearekin eta Erein argitaletxeko Julen Lizundiarekin elkartu zen eta lehen bultzada eta argia

eman zioten IPURBELTZ komikiari. Harrez gero Euskal Herriko marrazkilarien harrobi eta plataforma bihurtu da proiektua. Besteak beste, bertan aritu dira Asun Balzola, Jon Zabaleta, Miguel Berzosa, Jose Gaston eta hainbat eta hainbat marrazkilari, bakoitza bere estilo propioarekin; haur ilustrazioaren gertukoa batzuk, bineta eta tebeoarena beste hainbatek, marrazki artistikoaren antza zutenak, europar eta amerikar nazioarteko komiki estiloa zutenak... Bakoitza lana sormenez egiten ahalegindu da, eta gidoigile, egokitzaile eta itzultzaile ugariei esker irribarre eta barre, amets eta gure aspaldiko historiara bidaiak egin ere egin ditugu.

Eta hori ere Ipurbeltz proiektuaren helburuetariko bat zen, "gure kultura berreskuratzekoan funtsezkotzat jotzen dugu ahalegin serioa egitea haur hizkeraz, komikian, gure umorea, gure fantasia, gure historia, gure estetika agertzeko, alegia, gure komikia gaur egun Euskal Herrian bizi diren umeentzat egiteko". Denon artean istorioak sortzea zen asmoa, etxekoak izango ziren pertsonaiak sortzea, gugandik hurbilekoak zirenak, haien gustu, izateko eta janzteko modua, eta gauzen eta munduaren ikusmolde berezia izango zutenak, finean. Eta horrelaxe hasi ziren lehenbizikoak jaiotzen: Mari Txano Gorritxo eta otsoa, Braulio, Txomin, Telmo, Elitxu, Punki, Mintxo, Ramuntxo Ganbelutxo, Doktore Salbatore, Poxo, Prontxio eta Martzelino... eta pertsonaia historikoak ere bai, Iparragirre eta Loiolako Inazio, esaterako.

Ipurbeltzek bere alea erantsi du euskalgintzan ere. Izan ere euskara

arrunta garatzen lagundu du Ipurbeltzek, hikako hizkera pertsonaia batzuen ahotan jarriz, euskara bertatik sortutako onomatopeia jatorrak erabiliz, eguneroko egoerak errepresentatuz, herri txikitan nahiz hiri handitan gertaerak kokatuz... betiere euskara jolas hizkuntza ere badela agirian utziz. Hala zioten orain mende laurdean komiki berri baten proiektua buruan zebilkitenek. "Komikia komunikabide nagusietako bat da haurraren bizitzan, haurraren gustukoenetakoa, eta haurrarengan eraginik handiena duenetako bat. Bizi garen mundu honetan, irudia maila guztietan gero eta garrantzitsuagoa delarik, argi dago zenbat suposatzen duen komikiak haurren bizitzan". Izan ere, "komikiak hizkera bizia, zuzena erabiltzen du, kalean, etxean, adiskideen artean erabiltzen den benetako hizkuntza".

"Euskararen kasuan gertatzen den bezala, talde txiki batek erabiltzen duen hizkuntza baten berreskuratze prozesuan, hizkuntza estandarizatuago bat osatu nahi denean, era horretan ikasten errazagoa gertatzen baitzaie hizkuntza horren arima sakona ez duten gehienei adierazmoldeen, hiztegiaren, forma tipikoen aberastasuna galtzeko arriskua dago (eta horietxek izaten dira askotan hizkuntza horren adierazpide benetako eta originalenak). Gure ustez, bi mugimenduren oreka aberasgarri bat bilatu beharra dago: alde batetik, hizkuntza erraz bat eskaini behar zaie biztanle guztiei, ñabardura gutxikoa, estandar samarra, baina, aldi berean, hizkuntza horren ñabarduren aberastasun osoaren garapena sendotu behar da, forma, adierazmolde, egitura formalen aberastasunaren garapena, halako eran non hizkuntza estentsioz (biztanleriari eta geografiari dagokionez) salbatu eta berreskuratzeaz gainera, aldi berean, eta indar berberaz, sakontasunean ere, bere forma berezkoenetan, bultzatu behar baita. Zentzu horretan, gure ustez, komikiak, oinarrizko mailan, haurren mailan, modu guztiz egokian batera ditzake bi alderdi horiek, oso garrantzitsua iruditzen zaigun gauza".

Helburu horiek guztiek ebaluatu beharko dira orain, ia 300 ale argitaratu diren honetan, etorkizunari nola helduko zaion erabakitzeko. Eta hori guztia ospatzeko, haurren artean egindako galdeketa jarraituz, 30 komiki aukeratu dira antologia bat osatzeko. Horrelaxe segi dezala Ipurbeltzek beste hogeita bost urtetan ere!