Kronika

2003-01-01
 
 
Irakaskuntza pribatuko 2002ko lan hitzarmena sinatu dute patronalak eta ELA sindikatuak. Mobilizazioak eta grebak tartean izan dituen negoziazioak luze jo du eta azkenean ELA sindikatuak bakarrik sinatu du hitzarmena. Sektorean gehiengoa duen sindikatua da, negoziazio mahaian botoen %70 duelarik, eta beraz, horrekin aurrera atera da hitzarmena. EILASek %15,58ko boto eskubidea du eta CCOOek %14,40koa. LABek eta UGTk, berriz, nahiz eta negoziazio mahaian egon, ez daukate boto eskubiderik ikastetxeetan daukaten ordezkaritza ez delako %10era iristen.
ELA ez beste sindikatuek akordioa ez dela mesedegarria izango uste dute. ELAri betiko aldarrikapenak "ukatu" izana egotzi diote. Sindikatu horrek, ordea, akordioa "oso ona" dela uste du. Lorpenen artean ordainsariaren igoera, Haur Hezkuntzako irakasleak hitzarmenean sartzea, Heziketa Fisikoko irakasle laguntzaileen soldata igoera eta musika eskoletako irakasleen ordu kopurua gutxitzea aipatu ditu.


0-3 urtekoen dekretua onartu du Gasteizko Gobernuak
Abenduaren erdialdean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak 0-3 etapako Haur Eskolen dekretua, eta hemendik aurrera dekretuan hainbat alderdi zehaztu eta garatu beharko dira, hala nola, finantzazioa, kuotak, diru laguntzak eta abar.
Edonola ere, hezkuntza komunitateko hainbat erakunderen onarpenik gabe atera da aurrera dekretua. Sindikatuak gauza onak eta positiboak ikusten dizkiote dekretuari, baina baita hutsuneak edo gabeziak ere. Gauza onen artean LAB sindikatuak etapari ematen zaio ikuspegi hezitzailea, hizkuntz politikaren aldeko apustua eta hezitzaileei hizkuntz profila eskatzea aipatzen ditu. Gabezien artean eskola mapa zehaztu gabe edukitzea aipatzen du. Printzipioz, hemendik aurrera eskola publikoek ere 0-2 urteko haurrentzako eskaintza egiteko aukera izango dute, baina praktikan ezinezkoa dela diote sindikatuek. Izan ere, 2003-2004 ikasturterako matrikulazio epea urtarrilean irekiko da, eta ez dago denborarik baldintzazko eskaintzarik egiteko.
0-3 urteko Mahaiak azaroaren erdi aldera jasotako zirriborroaren arabera, dekretu honen helburua eleaniztasuna bermatzeko baldintzak bultzatzea izanen da.
Ordutegiari dagokionez haurrek zentroan zortzi ordu baino gehiago ezingo dutela egon dio. Ikasturteak irailean hasiko lirateke eta 10-12 hilabeteko iraupena edukiko lukete. Bestalde, familiei emango zaizkien laguntzei buruz ez du ezer esaten.
Nahiz eta dekretua onartua izan, Haur Eskolen mapa diseinatu gabe dago, eta horren aurrean, Sarean elkarteak aurreratu zuen bere kabuz mapa egiten hasteko erabakia hartu zuela. Egoera horrek eta lehen aipatutako baldintzarik ezak, eskola publikoari desabantailak ekartzen dizkiola diote sindikatuek eta beste zenbait hezkuntza erakundek ere.
Bilera, iritzi eta mobilizazio ugari egon dira 0-3 urteko haurren eskolatzea arautzeko dekretu honen inguruan, eta gauzak nola joan diren eta nola dauden ikusita, hots, oraindik ere zehazteko puntu batzuk badaudela jakinda, zeresana ematen jarraituko du.


Madrilgo Kongresuak baiezkoa eman dio Kalitate Legeari
Espainiako Kongresuak azken onarpena eman dio Hezkuntzaren Kalitate Lege Organikoari. PPko eta Coalición Canariako diputatuen baiezko botoekin aurrera egin zuen legeak, nahiz eta gainontzeko diputatuek kontra bozkatu.
Eskola porrota murriztu eta ikasleen jakintza maila handitzeko helburuarekin egin du Espainiako Gobernuak Kalitate Legea, baina oposizioko talde guztiek kritikatu egin dute. Legeak helburu horiek lortzen ez duela batera lagunduko irizten dute. Begoña Lasagabaster EAko diputatuak adierazi zuen "PPk hezkuntza kontraerreformaren hirugarren atala" amaitu duela, Lanbide Heziketaren Erreformarako eta Unibertsitateko legeen ondoren. PSOEk PPren konfrontazio jarrera salatu zuen, berak LOGSE egin zuenean lortutako adostasunik ez duelako lortu orain PPk.
Jakina da Kongresutik at ere Legearen aurkako jarrera dela nagusi. EAEko Eskola Kontseiluak, esate baterako, DBHrako proposatzen diren ibilbideak aplikaezinak direla dio hiru hezkuntza eredu ditugun euskal sisteman . Horrez gain, legeak 15 urteko ikasleentzat Lanerako Hasiera Programak ezartzen ditu eta EAEko Eskola Kontseiluaren ustez programa horiek 16 urtetik aurrera ezarri beharko lirateke. Ebaluazio moduari dagokionez, ikaslearen ahalmenak eta garapen aukerak aintzat hartzeko partez ikasgai bakoitzaren inguruko ezagutza gailentzea bultzatzen da eta kurtsoa errepikatzea zigor gisa planteatzen da. Batxilergoan, bestalde, egun dauden lau ereduak kendu eta hiru ezartzen ditu eta horretarako arrazoirik ez duela ematen dio Eskola Kontseiluak. Bere ustez, egun dauden ereduak aberatsagoak eta askotarikoagoak dira. Eta nola ez, batxilergoaren amaieran ezartzen den proba orokorra ere ez du ongi ikusten. Izan ere, frogatua dago proba orokorrek ez dutela balio ikasleek duten ezaguntza benetakoa neurtzeko. Era berean, atzerriko hizkuntzan ezarri nahi den ahozko eta idatzizko probak baliabide gutxi dituzten ikasleei kalte egingo diela esaten du EAEko Eskola Kontseiluak.


Nafarroako Hezkuntza Departamentuak atera berri duen aurtengo Lan Eskaintza Publikoan "irizpide politikoak" erabili direla salatu du LAB sindikatuak.
LAB sindikatuaren esanetan, gaur egungo tokien beharrak eta matrikulazio datuak kontuan harturik, 270 funtzionario gehiago beharko lirateke euskarazko beharrak asetzeko. Lan Eskaintza Publikoaren barruan, euskarazko irakasleei dagozkien D ereduko 55 toki eskainiko dira eta A eredukoak 30.
Gaztelaniazko irakasleei dagokienez, berriz, 135 lanpostu berri aterako ditu Nafarroako Hezkuntza Departamentuak, eta LAB sindikatuak egin duen azterketaren arabera, gaztelaniazko irakasleen artean 265 soberan daude.
Lan Eskaintza Publikoa maiatzean deituko da eta ekain aldera egingo dira oposaketak. LABek aurreikusten duenez, euskarazko 107 toki bete gabe geldituko dira, eta gaztelaniaz, aldiz, 20 toki soberan egongo dira. Nafarroako Gobernua euskarazko birziklatzerako eskubidea kentzen ari da hartzen dituen neurriekin. Horren guztiaren aurrean LAB sindikatuak ondorio bat atera du: "etorkizun hurbilean irakasleria funtzionario erdalduna hesi gisa jarri nahi da, Nafarroako gizartean dagoen D ereduaren aldeko eskaeraren aurrean".
UPNko Hizkuntza Politikaren aurkako oihuak hezkuntzaren beste mailetan ere entzun dira. DBHko eta NUPeko ikasleak behin baino gehiagotan irten dira kalera protesta ekitaldiak egitera. Unibertsitatean euskararen egoera arautzeko lege proiektuak ikasleak erabat kezkatzen ditu.