Hezkuntzan parte hartzea <br />behar-beharrezkoa da

2003-01-01
Hezkuntza arloan,

Euskal Herria bezalako Herriek Europako gune erabakitzaileetan egon beharko lukete
 
 
Abenduaren 13 eta 14an Florentzian (Italia) "Bizitzan zeharreko ikaskuntza" Nazioarteko Foruma burutu zen.

Bertan egindako hausnarketetan garbi ageri zen Europak ezagutzaren arorantz eboluzionatu duela. Eta, horrekin batera, etengabeko ikaskuntza etorkizuna prestatzeko gako nagusia dela.

Bestalde, behin baino gehiagotan aipatu zen gizarte integratzailea eraikitzea, guztiei bizitza osoan zehar kalitatezko ikaskuntza eskuragarri jartzeko aukera berdinak eskainiko dizkiena, eta hezkuntza eta prestakuntza erregulatzen duten arauak, ezeren gainetik eta batez ere, pertsonen premietan eta itxaropenetan oinarrituko dituena.

Pertsonak izan behar du hezkuntzako zentroa, eskualdeko eta tokiko inguruneak pertsona horren bizitzan zeharreko ikaskuntzan duen garrantzia handia da. Eta hori, zergatik?

- Gertutik, beharrak hobeto ezagutzen direlako.

- Beharrak hobeto ezagutzen badira, hobeto arautu daitezkelako.

- Hartu beharreko neurriak hobeto aplika daitezkeelako.

- Parte-hartzea erraztu daitekelako, eta horren ondorioz, demokrazia zabaltzen delako.

Heziketa munduan gabiltzanok, heziketa prozesua gertutik jarraitzeak duen garrantzia izugarria dela deritzogu, helburuak ongi bete nahi baditugu, behintzat.

Ikuspegi horretatik, Florentziako forumean planteatzen zen behetik gorako antolaketarekin guztiz ados gaude. Eskualdeek parte hartuz, ikasketa prozesuak hobetu egiten baitira.

Penagarria da, bestalde, Euskal Herria Herri bezala, bere osotasunean, ezin aurkeztu izana. Gure Herriaren zatiketa politikoak ukatu egiten du bere kulturan oinarritutako hezkuntza egituratu bakar bat bezala agertzea.

Dagoenetik abiatuta, Iparraldeko ezagutza juridiko faltak eta Nafarroaren nahi ezak, Euskal Autonomia Erkidegoa bakarrik utzi zuten gure Herriaren ordezkari bezala aipatu nazioarteko forumean.

Florentzian egindako ekarpenak entzunda, denak Eskualdeen parte-hartzea bultzatzearen alde agertzen baziren ere, bazeuden batzuk esku-hartzea era formalera soilik mugatu nahi zutenak.