0-3 zentroak: hezkuntza eskaintzea helburutzat eta ez laguntza eskaintzea
José Riverok baieztatu duenez, beste haur batzuekin elkarreragin estimulagarriaz gozatzen duten haurrek -jostailuak erabiltzeaz eta elikadura egoki bat jasotzeaz gain-, garunaren funtzioen garapen hobea lortzen dute 15 urtera iristean. Amerikako Estatu Batuetan egindako beste azterlan garrantzitsu baten arabera -1998an argitaratu zena- sarrera baxuko auzo batetako haur batek, adin goiztiarretik heziketa egokia jaso zuena, 27 urtera iristean lortutako eskolatze maila eta soldata, jaio eta lehenengo urteetan hezkuntza zentroetara joateko aukera izan ez zuten gazteena baino dexente altuagoak ziren, eta gizarte-zerbitzuekiko mendetasuna ere baxuagoa zen. XXI. mendeko Hezkuntzari buruzko Nazioarteko Batzordeak UNESCO erakundeari aurkeztutako txostenean (Delors txostena izenez ezagutzen dena), jaio eta lehenengo urteetan hezkuntzak duen garrantzia azpimarratzen da; zentzu horretan, "lehen haurtzarora bereziki zuzendutako hezkuntza jasotzen duten haurrek eskolaratzeko aukera edo joera handiagoa izango dute hezkuntza jaso ez dutenek baino eta, gainera, eskolako ikasketak amaitu baino lehen uztea ere gutxiagotan gertatzen da". Bederatzi herrialdetan egindako beste azterlan batzuen arabera, osasun egokia, maitasuna, afektua eta gorputzaren zainketa oso garrantzitsuak dira baina ez nahikoa gizakia behar bezala garatzeko. Zerbait gehiago behar da. Eta beharrezkoa den hori hezkuntza da.
Jaiotzen direnetik haurrek dituzten gaitasunak kanpora begira gauzatzeko gaitasunarekin dago lotuta heziketa, modu orekatsuan eta behar den garaian. Eta hezitzaile, psikologo, pedagogo eta ikertzaileen ikuspegitik gero eta harrigarriagoak dira haurrak jaiotzen denetik berarekin dakartzan gaitasunak edo aberastasuna. Hortaz, herrialde eta toki erkidegoen lehentasuna izan beharko luke, haurraren ahalmen guztien garapena ziurtatuko duten hezkuntza proiektuak lantzea.
Baina kontuan hartu behar da hezkuntza berez asistentzialtasunaren aurkakoa dela, izatez eta betetzen duen funtzioaren arabera (gizarte laguntzaileek ere beren izena aldatu zuten eta gizarte langile aukeratu, egokiagoa zelako eta zentzu peioratiborik ez zuelako).
Pobreari edo beharra duenari laguntzen zaio. Laguntza eskatzen duenean karitatea eskaintzen zaio. Gure kontzientzia lasaitzeko eman nahi dugun gutxieneko hori da. Izan ere, asistentziala den gauza ororen abiapuntu bezala baliabide gutxi dituen haurtzaroa hartzen dugu (hain zuzen, hezkuntzaren kontzeptuarekin gertatzen denaren aurkakoa), eta adin txikiak direnez (eta "zenbat eta txikiagoak" orduan eta ahulagoak), gutxienekoa emanda ere konforme gera daiteke eta geratu behar du.
Haurtzaroaren zati hori ez da kontuan hartzen ez gizarte mailan ez politika mailan. Eta horixe da 0-3 urte bitarteko haurrekin gertatzen dena. Gaur egun, Kalitatearen Legearen eskutik -izena ere ez da egokia-, hezkuntza laguntza zentro zeharminduak berreskuratzean (gogoan izan Gizarte Laguntzaren Institutu Nazionalaren mendeko haurtzaindegiak) edo Nafarroako Gobernuak Gizarte Ongizateko Erabaki ezduinaren bitartez Legea irregularki aurreratzen duenean (Nafarroan 0-3 urte bitarteko zentroak martxan jartzeko), zirkuluaren koadraturaren ezintasunari konponbidea aurkitu nahi zaio. Azken finean ukaezina da laguntza-zerbitzuak direla, baina, XXI. mendean gaudelarik horrelako kontzeptu bat erabiltzea itsusi geratzen denez, inolako zentzurik gabeko binomio bat asmatu dute, hain zuzen, hezkuntza laguntzazko zerbitzuak.
Laguntzaren ildotik, asetu beharreko premiak dituen haur bat -tabula rasa- aurkezten zaigu. Haurraren premiak abiapuntutzat hartuta antolatzen dira erakundeak (eta dagozkion profesionalak, prestakuntza baxuagoa edo prestakuntzarik ez dutenak eta soldata baxuagoa dutenak) eta haurraren oinarrizko zainketak asetzen saiatzen dira. Haurtzaindegi izenez ezagutzen ditugu (berdin da izena aldatu ala ez, giza baldintzak eta baldintza materialak aldatzen ez badira); gurasoak lanean ari diren bitartean, haurrei arreta eskaintzen dieten lekuak dira haurtzaindegiak.
Asistentzialtasunak gutxienekoa eskainiko dio haurrari eta, zinez, ahalik eta gehien eskaini beharko litzaioke: ekonomia eta kulturari dagokienez, zarrastelkeria da gizakiak hobetzeko duen ahalmena mespretxatu egiten duelako, eta errotik desagerrarazi beharko litzateke.
Asistentzialtasunaren ikuspegitik, haurra eskubiderik gabeko subjektu bat da. Arreta eta zainketak eskaini beharreko subjektu bat besterik ez da, eskubiderik gabea, adierazi beharreko aberastasunik gabea. Asistentzialtasunak ez du etekinik eman eta berak hasten eta amaitzen du zirkulua. Hortxe bukatzen da. Ez dago ezer gehiago. Gizateria osoaren aurrean adeitasunik eta errespeturik eza adierazten da asistentzialtasunaren eskutik.
Baina zergatik aipatzen da asistentzialtasuna 0-3 urte bitarteko zerbitzuez ari garenean eta ez hortik aurrerako adinez ari garenean? Nire ustez, aipatu akatsa eragiten duten hiru arrazoi daude, gutxienez. Jarraian irakur daitezke arrazoi bakoitzaren funtsa eta bakoitzari emandako hezkuntza erantzuna:
1. Hasteko, hezigarria dena alderdi akademikoarekin edo betiko hezkuntzarekin nahasten da (betidanik ezagutu ditugun eskola diziplinekin). Kasu horretan hezkuntza esatean matematika, irakurketa eta idazketa, margotzea, puzleak egitea eta abar ulertzen da. Bien bitartean, gorputz zainketa, elikadura eta haurra garbitzea bezalako lanak asistentzialtasunaren kontzeptuaren baitan bilduta geratuko lirateke. Eta hori ez da zuzena. Adin hauetan, esfinterren kontrola, batera bazkaltzen ikastea, garbitzea eta abar bezalako proposamenak intentzionaltasunez eta kontzienteki garatuz gero, haurrak heziketa jasoko du. Haurrek bizitzako jarduera orotan heziketa jasotzeko eskubidea dute eta eskubidea betetzeko eskatzen dute; gainera, eguneko edozein unetan haurrak hezitzeko titulazio edo prestakuntza egokia duten profesionalak izan behar dira heziketa horren arduradunak.
2. Bigarrenik, gogoan hartu behar da ordutegi eta egutegi zabalen eskutik asistentzialtasunari garrantzi handiagoa ematen zaiola (eskolak hiru urtetik aurrera eskaintzen duen ereduarekin alderatuta). Ez da kasualitate hutsa Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako zenbait zentrotan 7:30etik 9:00etara luzatzen den zerbitzu bat eskaintzea; zentro horiek haurtzaindegiak dira (haurtzaindegi izena jasotzen dute, ez baitago maistrarik eta ez baitago eskolaren antolakuntza arautuaren baitan sartuta). Haurrek ez dakite hezigarria dena eta ez dena bereizten; eguneko, asteko edo urteko edozein une izan daiteke hezigarria, baldin eta heziketa hori profesional egokiek antolatzen badute, material egokiak erabiltzen badira eta ratio egokiak eskaintzen badira. Haur bati eta bere familiari arreta eskaintzea, aukera eta baliabide anitzak eskaintzea, harremanak garatzea eta adiskidetasuna lantzea ez dira ordutegien edo urtaroen mende dauden ezaugarriak, ezta gutxiago ere; haurrei heziketa jasotzeko eskaintzen zaien aukera bat bezala ulertu behar da. Aitak eta amak lan egiteko eskubidea dute eta seme-alabak eduki ondoren gauzak erraztea edo malgutzea komeni da. Eta Haur Eskolaren erantzukizuna izan beharko luke bere antolakuntza malgutu eta familia baldintzak eta laneko baldintzak bateragarri egitea; horrekin ez dut esan nahi neska-mutilek hezkuntza erakundean denbora gehiegi igaro behar dutenik, beren gurasoekin egoteko eskubidea ere bai baitute. Kasu horretan eskolak ez du funtzio asistentziala garatzen; eskolak betetzen duen funtzioa soziala da. Hezkuntza esparruan alderdi soziala azpimarratzeaz gain, asistentzialtasunaren alderdi ahulak baztertu behar dira.
3. Eta nahiz eta zientzia mailan aurrerapen garrantzitsuak egin, indarrean dagoen hirugarren ideiak azpimarratzen duenez adin horretako haurrek amarekin egon beharko lukete (izan ere, ustez, amarekin bezain ondo ez da beste inon egongo). Jendartean oso hedatuta dagoen ideia, psikologia mota eta politika mota batek indartu duena, honakoa da: haur horien amak, zoritxarrez, etxetik kanpora lan egiten badu, konponbide egokiena da haurra aipatutako zentroetan sartzea bertan, "zorigaiztoko" haurrei arreta eta afektua eskaintzeko, horixe baita, hain zuzen, garrantzitsuena. Bestalde, hainbat ikerketen arabera baieztatuta geratu da haurrak hezkuntza zentroetara bidaltzea abantailatsua izan daitekeela (alderdi sozialak eta afektibitate mailakoak biltzen dituen testuingurua), heziketa eta familiaren maitasuna elkarren artean bateragarriak egiten direlarik. Horrez gain, Haur Eskolak eraginkortasun handikoak dira familien gizarteratzea lortzeko eta ezinbesteko laguntza dira gure seme-alabak hezitzeko orduan. Gainera, kontuan hartu behar da familia testuinguru guztiak ez direla egokiak izaten haurren garapena lortzeko (zoritxarrez, ez da oraindik lortu haurren aurkako tratu txar fisikoak eta psikologikoak desagerraraztea). Hezkuntza zentroek testuinguru orekatua eta segurua eta garapen harmoniatsua lortzeko behar diren estimuluak eskaintzen dizkiete.
Estereotipo sozial horiek guztiak baztertzeko ordua iritsi da; adin goiztiarretik hezkuntza zientzia izatea lortu behar da eta haurren gaitasun guztiak garatzea lortu behar da proiektu pedagogikoen laguntzarekin.
Eredu asistentzialaren arrisku handiena da nonahiko eredua dela, haurrak txikiak direnean zenbait familiari eta gizarteari erantzun azkarra ematen diona. Politikariek ere ez diote garrantzi handiegirik ematen gai honi, ez duelako eraginik hauteskundeei begira. Eta egoera horren atzean haurren eskubideen aurreko begirunerik eza nabarmena da; zenbat eta txikiagoak izan haurrak orduan eta nabarmenagoa geratzen da bere etimologiaren esanahia (infans= hitz egiten ez duena). Jesús Palacios-ek dioen bezala, "egindako ikerketek baieztatu dutenez, hezkuntza-maila baxuen duten familien kasuan, sarriagotan onartzen dituzte laguntzazko aukerak, baina kultura gehiago eta diru-sarrera altuagoak dituzten familien kasuan, aitzitik, hezkuntza aukerei ematen zaie garrantzi handiagoa". Eta aipatu diskriminazioa saihesteko modu bakarra da (lege eta dekretu egokiak emanez) laguntza zentrorik edo hezkuntza laguntza zentrorik ez edukitzea (horretarako instalazioak, langileen titulazioak, bitarteko materialak, ratioak, eta abar aztertuko direlarik).
Beharren ikuspegi politiko batetik eskubideen ikuspegi politiko batera igarotzea ezinbestekoa da. Eskubidea kontzeptuaren definizioaren arabera "gizakiak bere bizitzako helburuak lortzeko duen gaitasun naturala edo berezkoan" eta "legeak haurren alde zehazten duen gauza oro egiteko edo eskatzeko gaitasunean" gauzatzen da eskubidea. Haurrek ez dute inoren karitatea eta eskuzabaltasuna eskatzen; gizarteak eskubideak dituzten subjektutzat hartzea lortu nahi dute. Eta eskubide horien artean, jaiotzen direnetik hezkuntza jasotzeko duten eskubidea errespetatzeko eskatzen dute. Haurrek hezkuntza jasotzeko duten eskubidea aitortzea demokrazian egin beharreko zerbait da.
"Kontuan hartu -esan zuen Malaguzzi-k-, azken berrogei urteetan haurren inguruan serioski egindako ikerlan guztien ondorioz bereziki nabarmendu direla haurrek berez duten indarra eta ahalmenak eta ez hainbeste haurren alderdi ahulak eta mugak. Hala ere, ikerketen ondorioz haurrekin erlazionatutako hainbat alderdi garrantzitsu azpimarratzea lortu bada ere, gobernu nazionalek eta nazioarteko aginte zentroek ez dituzte ekonomia, politika eta lege mailako jarraibideak aldatu. Hortaz, haurren eskubideak eta interesak lehentasunen eskalaren amaieran uzten dira Lurreko edozein herrialdetako finantzaketa eta esku-hartzea aztertzean". Nafarroako Gobernua, Hezkuntza Sailaren bitartez, oraindik garaiz dago 0-3 ontziaren noranzkoa zuzentzeko -beste hainbat Erkidegotan jada egin duten bezala-, hartara, "Kalitatearen" Legearekin Prestige ontziarekin gertatukoa ez errepikatzeko, hau da, lehen haurtzaroko urak poluitu eta hiltzea saihesteko. •