Euskal Herriak bizi behar badu, euskal hezkuntza eta komunikabideak ezinbestean behar ditu.

2003-03-01
Informazioaren kontrolari adierazpen askatasunarekin erantzun, iritzi ezberdinak azaldu, kontrastatu, kritikotasuna landu eta ikerketa lana garatu
 
 
Otsailaren 20ko ordu txikitan, modu bortitzean etxeetan sartu, bulegoak arakatu, prezintatu eta inkomunikazio egoeran jarri zituzten Euskaldunon Egunkariarekin zerikusia duten edo izan duten hamar kide esanguratsu. Euskal munduan izua eta amorrua sortu da, herritarren erantzuna bat-batekoa, irmoa eta zabala izan delarik.

Euskarazko egunkari bakarra itxiz, euskalgintza osoari eragitearekin batera, lurrikara honek euskal hezkuntza ere ukitu du. Xabier Oleaga hartu, Donostiako Ikastolen Elkarteko egoitzara eraman eta handik bost ordenagailu, ikastoletako langileen informazioa, artxibategi historikoko hainbat txosten... eraman zituzten.

Egunkaria ixtearekin gure ikastetxeetan erabiltzen zen informazio iturri garrantzitsu bat kendu digute, haur eta gaztetxoentzat bideratzen zen Xingola desagertarazi dute... Beste behin ere, adierazpen askatasuna urratua geratu da.

Horren guztiaren aurrean zer egin?

Guk geure lana egiten jarraitu behar dugu. Erasotzaileei aurre egin behar diegu, beraiek botatakoa berriro jaso, baina horretara soilik mugatu gabe. Euskarak eta Euskal Kulturak munduan leku bat izan behar dutela eta Euskaldunok gizarte orori egin diezaiokegun ekarpenik ederrena hori dela uste dugunok, oinarri sendoak jarri behar ditugu aurrerago joateko.

Euskal Hezkuntzak mundu hobea egiten laguntzeko bere balioak garatu behar ditu. Geure eskoletako hezkuntza proiektuetan ezarri ditugun asmoak, ametsak, utopiak... gauzatzen joan behar dugu.

Dirua eta boterea, boterea eta dirua balio nagusitzat hartzen dituztenei Giza Eskubideak aurkeztuko dizkiegu eta horien unibertsalizazioa exijitu: heziketa, osasuna, lana, etxebizitza, informazioa, parte-hartzea...

Uniformizazioaren aurrean, kulturaniztasunaren unibertsalizazioa bultzatu behar dugu. Mundua kolore bakar batez margotu nahi dutenei kolore aberastasuna jarri behar diegu parean. Informazioaren kontrolari adierazpen askatasunarekin erantzun, iritzi ezberdinak azaldu, kontrastatu, kritikotasuna landu eta ikerketa lana garatu.

Baina hori guztia aurrera eraman al dezagu gure eguneroko lanean? Dena ez bada, ia dena. Gizartea etengabe aldatzen ari den honetan, hezkuntza munduan gabiltzanon artean eztabaida sustatu behar dugu eta horretarako talde lana izango litzateke bitartekorik egokiena.

Euskarari eta Euskal Hezkuntzari halako eraso bortitza egin zaion honetan burua argi edukitzea eta lanerako prestutasuna agertzea ona litzateke.

Hori guztia gure heziketa lanean lantzen joan gaitezke elkarbizitza zainduz, elkarlana bideratuz eta elkartasuna balio gisa indartuz.