Teknologia berriak: Ikasleen segurtasuna Interneten: eskolaren erronka berriak

2003-03-01
 
 
Sarrera

Internet biztanleriaren sektore guztiek, zahar nahiz gazte, gero eta gehiago erabiltzen duten komunikabidea da. Nua web orriaren arabera, Espainiako estatuan 7.380.000 erabiltzaile ditu Internetek, eta 513.000.000 mundu osoan. Erabiltzaile horiek bilioi bat web orri baino gehiagotarako sarbidea dute, 30.000 berriketa gela baino gehiagotan sar daitezke eta 30.000 foro baino gehiagotan har dezakete parte. Zalantzarik gabe esan dezakegu Internet oso tresna onuragarria dela eta bertara konektatzen diren pertsona gehienek oso esperientzia baikorrak izaten dituztela. Sarearen bidez erraz, merke eta egunaren edozein ordutan dugu eskura informazio ia mugagabea, baita aisiarako aukera ugari ere. Hori gutxi balitz, Internet komunikazioaren, merkataritzaren eta hiritarrak administrazioarekin dituen harremanen izaera aldatzen ari da. Eta bide horretatik aukera berriak ari dira sortzen gure bizitzaren eremu guztietan.

Alabaina, beste hainbat ekintzak bezalaxe (bidaiatzeak, sukaldean aritzeak edo kirolak adibidez) Internetek hainbat arrisku dakartza berekin, batez ere adin txikikoen kasuan. Arrisku horiek puztea alarmista litzateke, baina, aldi berean, inozoa izatea litzateke horiek ukatzea edo ez ikusiarena egitea. Gure herrialdean ez dira ezagutu esplotazio, gehiegikeria, iruzur edo Interneten erabilera txarren mendeko izan diren adin txikikoen kasu asko. Alabaina, beste herrialde batzuetan, Interneten erabilera egonkorragoa denetan, izandako esperientziaren arabera, hori gertatu egin liteke.

NetValue-k aditzera emandakoari jarraiki, 2002ko martxoan 16 urte baino gutxiagoko adin txikikoen %7k nabigatzen zuen Interneten. Pertsona batzuek adin txikikoak heldu txikiak bailiran ikusten dituzte eta uste dute horiek baldintzarik gabeko sarbidea izan behar dutela helduen mundura. Haatik, jende gehienak onartzen du haurrek denbora eta espazio jakin bat behar izaten dituztela segurtasunez garatzeko eta errespetatu egin behar direla horien esperientzia eza eta ahultasuna, Interneten nahiz horretatik kanpo.

Ezin da ukatu Internetek ezin konta ahala onura eta abantaila ezin hobeak eskaintzen dizkiola gizarteari, baita adin txikikoei ere. Ezinbestekoa da, gainera, horretaz ohartzea eta horri buruz hitz egitea. Baina nahitaezkoa da, halaber, horrek dakartzan arriskuak kontuan izatea. Lan honetan sareak adin txikikoentzat izan ditzakeen arriskuei buruz eta eskoletan arrisku horiei heltzeko moduari buruz baino ez dut jardungo.



Internetek izan ditzakeen arriskuak

Honakoak dira adin txikikoek sarean izan ditzaketen arrisku nagusiak:



a) Edukien inguruko arriskuak : potentzialki kaltegarriak izan daitezkeen arriskuak, besteak beste:

- legez kontrakoak (adibidez, haur pornografia edo terrorismoaren apologia);

- kaltegarriak (esate baterako helduentzako pornografia, arrazaren araberako iritziak, sektei edo indarkeriari buruzko informazioa);

- gezurrezkoak (Interneten batzuetan egiazkotzat jotzen den informazio faltsua agertzen da).



b) Adin txikikoek sarearen bidez ezagutu dituzten eta batere edo oso asmo onak ez dituzten pertsonekin kontaktatzeko eta horiekin harremanak izateko arriskua dago. Adibidez, Internet ingurune ideala da pederastentzat, nerabeak erakartzeko gero eta sofistikatuagoak diren gizarte ingeniaritzako teknikak garatzeko interesa dutenentzat. Arriskua bera adin txikikoek ezezagunekin zuzeneko komunikazioa izatean eta beren buruei edo beste pertsona batzuei buruzko gauza gehiegi azaltzean (batez ere beren helbidea edo telefono zenbakia esatean) datza. The Face of the Web izeneko lanaren arabera, elkarrizketatutako Europako 10.000 nerabeetatik %40k onartu du mezuak trukatzen dituela Internet bidez ezagututako norbaitekin. Horietatik %22 aurrez aurre ezagutzera iritsi da eta berriketa taldeetan parte hartu duten nesken %25 kezkatuta edo izututa sentitu da uneren batean.

Identitate galeraren inguruko arazoari dagokionez, haurrak eta nerabeak bereziki egoera ahulean daude. Egindako kalkuluen arabera, haurrei eskainitako orrien %90ek datu pertsonalak eskatzen ditu (gutxienez izen osoa, helbidea eta adina)1. Informazio hori abiapuntutzat hartuta, enpresek beren banakako nahiz familiako interesen profila sor dezakete. Hainbat teknika erabiltzen dituzte beren datuak eskatzeko: pertsonaia bizidun erakargarriak, opariak, jokoak lortzeko edo programak jaisteko aukera eta abar. Adin txikikoak nekez hasiko dira pentsatzen informazio pertsonala emateak ekar ditzakeen ondorioei buruz, eta are gutxiago opariak eta dibertimendua hitzematen dizkietenean.



c) Merkataritza elektronikoaren inguruko arriskua : adin txikikoak dira Interneten diharduten enpresa batzuen xede. Horien sineskortasunaz baliatzen dira, merkataritzako teknika gehiegizkoak erabiliz. Internet ez da diseinatu informazio pribatua babesteko, nahiz eta hori errespetatzea funtsezko giza balioetako bat izan. Haurrak eta nerabeak egoera bereziki arriskutsuan daude: egindako kalkuluen arabera, haurrei eskainitako orrien %90ek datu pertsonalak eskatzen ditu (gutxienez izen osoa, helbidea eta adina). Informazio hori abiapuntutzat hartuta, enpresek beren banakako nahiz familiako interesen profila sor dezakete. Tekniketako batzuk oso sofistikatuak dira, ZapMe! enpresak erabilitakoa adibidez: ikastetxe batzuei doan eskaini zizkieten ordenagailuak, eta Interneterako sarbidea ikasleen datu pertsonalak biltzen zituen eta merkataritza publizitatea ikustera behartzen zituen programa jakin bat erabiltzeko betebeharraren truke2.



d) Lege alderdiekin zerikusia duen arriskua : adin txikikoak Internetek izan ditzakeen arriskuen biktima izateaz gain, sarean egindako ekintzen, beste pertsona batzuei kalteak eragin diezazkieketen ekintzen, arduradun ere izan daitezke. Ondorengo adibideak ditugu gogoan:

- Norbait balizko arriskuan jartzea bere datu pertsonalak kaleratuz edoezagutaraziz.

- Norbait mintzea edo esandakoa norbaiti ez gustatzea.

- Delituren bat egin eta lege erantzukizunen bat izatea.

Web orri, berriketa gela edo foroen bidez mehatxuak eginez edo jazarriz arazoak sortu dituzten adin txikikoen hainbat kasu salatu dira. Horrezaz gain, marrazkiak, musika edo testuak bana, kopia edo argitara ditzakete, baimenik gabe hartuz copyrightak web orrietatik. Horrenbestez, ezinbestekoa da haur eta nerabeak heztea, on line daudenean egiten dutenak gainerakoengan eragina izan dezakeela eta ondorioak izan ditzakeela ohar daitezen.



Eskolaren zeregina Interneteko arriskuen aurrean

Begi-bistakoa da arrisku horren aurrean eskolak zeregin aktiboa izan behar duela, ikasleak babesteko eta sarea segurtasunez erabiltzen dela bermatzeko. Irakasle taldeak hainbat ekintza gauza ditzake batera. Honakoak ditugu egin ditzakeen horien artean:



a) Interneten inguruko interesa adierazi eta maiz eta modu irekian eztabaidatu ikasleek sarean egiten dutenari eta horretatik lortzen dutenari buruz.

SAFE proiektu europarraren testuinguruan -proiektu horretan Fundació Catalana per a la Recerca erakundeak hartzen du parte eta Europako Batzordearen laguntza lortzen du Interneteko Ekintza Planaren bidez-, inkesta egin zitzaien 2001ean Europar Batasuneko hamar herrialde baino gehiagotako irakasleei. Azterlan horretatik abiatuta ondorioztatu zen irakasleak nahikoa sentsibilizatuta daudela gai honen inguruan. Kezkatzeko arrazoien erdia baino gehiago (pedofiloen ekintza, pornografia eta indarkeriarako sarbidea, nahi ez den posta elektronikoa jasotzea, birusak eta abar) esperientzia errealetan dago oinarrituta.



b) Interneteko segurtasunaren gaia curriculumean txertatu eta sarea erabiltzearen inguruko balioak testuinguru zabalago batean kokatu.

Curriculumak helburu izan behar du ikaslearen ongizatea ahalbidetzea, garapen moral, espiritual, sozial, kultural, fisiko eta mentalari dagokionez. Horrenbestez, nahitaezkoa da curriculum horrek bizimodu osasungarria izateak eta beren osasuna eta besterena zaintzeak duen garrantziaz ohartaraztea. Bide horretatik, Internet segurtasunez erabiltzea gai garrantzitsua da eta curriculum programan hartu beharko litzateke barne. Ikasleei irakatsi beharko litzaieke sarean nabigatzen duten bitartean izan ditzaketen arriskuak ezagutzen, kontrolatzen eta horien aurrean jarduten.



c) Eskoletan sarea arduraz erabiltzen irakatsi eta, horretarako, material didaktiko egokiak erabili.

Aipatutako SAFE proiektua eskolek doan erabiltzeko material didaktiko batzuk ari da prestatzen. Horiek doan eta hainbat hizkuntzatan (katalanez eta gaztelaniaz ere bai) lortu ahal izango dira sarean 2002. urtearen erdialdetik aurrera. Hori aurrerapauso handia izan liteke jakintzagai hori irakaskuntzan barne hartzeko bidean.



d) Iragazteko eta monitorizatzeko programak erabili.

Interneteko edukiak iragaztea -gai hori oso eztabaidagarria da- neurri osagarria eta interesgarria izan liteke ikasleak Internetek izan ditzakeen arriskuetatik babesteko. "Osagarria" eta landugabea, ez baitago %100eko eraginkortasuna duen iragazteko programarik (benetan eraginkorra izan daitekeena irakasleek beren ikasleekin egindako hezkuntza zeregina da). Baina aldi berean "interesgarria", ikasleekin eskolan emandako denbora emankorragoa izatea ahalbide dezakeelako.



e) Internet segurtasunez erabiltzeko eskola politika (IEP), ikasleak izan ditzaketen arriskuetatik babestea ahalbidetuko duena, prestatu, ezarri eta berrikusi.

Ondorengo orrialdeetan tresna honi eskainiko diot arreta eta horren inguruko zenbait argibide eskainiko ditut, Europako SAFE proiektuaren esparruan egindako lanetik abiatuta.



Internet segurtasunez erabiltzeko eskola politika (IEP)

Edozein IEPren helburua Internet ikastetxeetan segurtasunez eta arduraz erabiltzen dela bermatzea da, betiere ikasleak sareak izan ditzakeen arriskuetatik babestea xedetzat hartuta. IEPak printzipio orokor batzuk izan ditzake zutabe. Erresuma Batuko Kent National Grid for Learning izenekoari jarraiki, honakoak izango lirateke funtsean printzipio horiek:

- Interneten hezkuntza erabilerak gidatutakoa izan behar du.

- Ezinbestekoa da ikastetxean teknologia berriak erabiltzeak dakartzan arriskuak ebaluatzea.

- Interneten erabileraren inguruko erantzukizuna inplikatutako guztiena da.

- Nahitaezkoa da erabilera hori arautzea.



Ondoren IEP baten edukia prestatzeko lagungarri izan litezkeen estrategia batzuk proposatuko ditut. Gaur egun ez dago segurtasunaren inguruko estandar unibertsalik eta, hori dela eta, IEP batek hainbat fokatze izan ditzake. Nik proposatutako estrategiak Britainia Handiko hainbat eskolatako IEPetan oinarritutakoak dira. Ikusi ahal izango dugunez, sarbidea mugatzea, erantzukizuna garatzea eta ikasleak hezkuntza jardueretara bideratzea dituzte oinarri.

Ez dut eredu jakin bat aurkeztuko. Aitzitik, ideia eta iradokizun batzuk eskainiko ditut, orientazio gisara edo. Ikastetxeek beren sormena landu beharko dute eta beraiek definitu beharko dituzte beren errealitatera -beren ideia, premia, baliabide, ikasleen adin tarte, ingurune eta abarretara- ondoen egokitzen diren estrategiak.

IEPa errealista ez ezik adostutakoa izatea ere komenigarria litzateke. Irakasleak Internetek dakartzan arriskuen jakinaren gainean egon litezke, baina agian aukera gutxi izan dituzte horri buruz sakon mintzatzeko. Horri begira, eskola segurtasunaren inguruko politika bat adostea egokiera ona izan daiteke gai horri buruz eztabaidatzeko. Gainera, irakasleek berek landutako politika eraginkorragoa eta ezartzen errazagoa izango da, inposatutako politika batekin alderatuta. Horrezaz gain, garrantzitsua izango da zuzendaritza organoen laguntza ere izatea, arrakasta ziurtatzeko. Bestalde, mesedegarria izango da inplikatutako gainerako eragileek ere -guraso elkarteak eta ikasleen ordezkariek- parte hartzea.

IEP bat prestatzeko prozesuak ondorengo urratsak ditu: 1) prestatzea, 2) ezartzea eta 3) ebaluatzea. Prozesu hori ziklikoa da, behin eta berriz errepikatzen da, IEPari denborak aurrera egin ahala eusteko eta hori hobetzeko.

Ondorengoak dira, besteak beste, IEPak izan ditzakeen segurtasunaren inguruko estrategia edo neurriak:



Zergatik da garrantzitsua Internet erabiltzea?

- Honakoa da Internet eskolan erabiltzearen helburua: hezkuntza maila igotzea, ikasleen arrakasta sustatzea, langileen lanbide lanari laguntza eskaintzea eta informazioaren kudeaketa eta ikastetxearen administrazio kudeaketa hobetzea.

- Internet bizitza modernoaren funtsezko zatia da, hezkuntzari, lanari eta gizarte elkarreraginari dagokienez. Eskolak Interneterako kalitateko sarbidea eskaini behar die ikasleei ikasteko beren esperientziaren zati gisa.



Internet erabiltzeak nola lagun diezaguke ikaskuntza hobetzen?

- Ikastetxeko Interneterako sarbidea berariaz egongo da ikasleek erabiltzeko diseinatuta eta beren adinaren arabera egokia izango den iragazteko sistema izango du.

- Ikasleei erabiltzeko arau batzuk irakatsiko zaizkie, zer dagoen baimenduta eta zer ez den egin behar jakin dezaten. Internet erabiltzeko helburu garbiak eskainiko dizkiegu.

- Internet arduraz erabiltzeko arau batzuk idatziko ditugu. Horiek hainbat aldaera izango dituzte, Lehen Hezkuntzako edo Bigarren Hezkuntzako ikasleen edo langileen (horien artean ditugu irakasleak) arabera.



Nola ikas dezakete ikasleek Interneteko edukiak ebaluatzen?

- Irakasleei prestakuntza eskainiko diegu sareko materialak ebaluatzeko moduari eta ikasleei jarrera kritikoak garatzen lagunduko dieten metodoei buruz.

- Ikasleei informazio iturria aipatzen eta copyright-a errespetatzen irakatsiko diegu, beren lanak egiteko Interneten bilatutako informazioa erabiltzen dutenean.

- Ikastetxeak ziurtatuko du irakasle eta ikasleek erabilitako eta Interneten aurkitutako materialak copyright-aren legeria betetzen duela.

- Ikasleek deseroso sentiarazten dituzten materialak aurkituz gero, horren berri eman beharko dute eta web helbidea dagokion irakasleari eman beharko diote.



Nola erabiliko da posta elektronikoa?

- Ikasleek eskola sistemak onartutako posta elektronikoko helbideak bakarrik erabili ahal izango dituzte.

- Lehen Hezkuntzan gela edo talde osorako komunak izango diren helbideak erabiliko dira.

- Ikasleek irakasleei jakinarazi beharko diote mezu iraingarriak jasoz gero.

- Ikasleek ez dute beren edo besteren informazio pertsonalik -helbidea eta telefonoa adibidez- emango. Ez dute posta elektroniko bidez inorekin hitzordurik adostuko.

- Ezingo dira erabili ikastetxekoak ez diren posta kontu pertsonalak.



Nola erabiliko dira web orriak?

- Honakoak dira web orrietan sartu ahal izango diren harremanetarako datu bakarrak: ikastetxeko posta helbidea, posta elektronikoko helbidea edo telefono zenbakia. Ez da argitaratuko irakasle eta ikasleei buruzko informazio pertsonalik.

- Web orri batean argitaratuko diren argazkiak kontu handiz hautatuko dira eta horietan ezingo dira haurrak identifikatu.

- Ez dira erabiliko ikasleen izen osoak, batez ere argazkiekin batera agertzen direnean.

- Beharrezkoa izango da gurasoen idatzizko baimena ikasleen argazkiak ikastetxeko web orrian erakutsi ahal izateko.



Seguruak al dira berriketa gelak eta foroak?

- Ikasleek ezingo dute sartu berriketa gela publikoetan edo arautu gabekoetan.

- Ikasleek behar bezala araututako hezkuntzako berriketa gelak bakarrik erabili ahal izango dituzte. Horiek erabiltzerakoan beti izango dute gainbegiratzaileren bat eta irakasleak beti gogoraraziko die segurtasun neurriak hartzeak duen garrantzia.

- Ez dute foroetan parte hartuko, berariazko hezkuntza arrazoiren bat denean ez bada.

- Berriketa edo foro zerbitzuren bat erabili baino lehen, irakasleak izan ditzakeen arriskuak aztertuko ditu.



Nola baimenduko da Interneterako sarbidea?

- Ikastetxeak Internetera sartzen diren irakasle eta ikasle guztien erregistroa egingo du. Erregistroa etengabe eguneratuko da eta bertan idatziko da edozein gorabehera (adibidez, irakasleren bat joaten denean edo ikasleren bati sarbidea ukatzen zaionean).

- Lehen Hezkuntzan Interneterako sarbidea heldu baten erakustaldian oinarritutakoa izango da. Noiz edo noiz, ikasleei zuzenean sartzen utziko zaie (beti gainbegiratuz) aurrez baimendutako web orrietara.

- Gurasoei jakinaraziko zaie ikasleak Interneten sartu direla gainbegiratzen zituzten bitartean.

- Bigarren Hezkuntzan, berriz, ikasleek banaka eskatuko dute Interneterako sarbidea, ikastetxeak prestatutako Internet Arduraz Erabiltzeko Arauak onartu ondoren.

- Gurasoei behar bezala sinatutako baimena eskatuko zaie, beren seme-alabek Internet ikastetxean erabili ahal izateko.



IEParen beste neurri batzuek ondorengo gaiak lan ditzakete:

- Iragazkiak erabiltzea: iragazkiak erabiltzea baimentzen den edo ez, zein kasutan eta zein ezaugarrirekin.

- Berariazko neurriak: Lehen Hezkuntza versus Bigarren Hezkuntza.

- Sektore jakin batzuk -gurasoak eta administrazioko langileak- inplikatzea IEPa prestatzeko eta ezartzeko lanetan.

- Erreklamazioak egiteko eta zigortzeko prozesua.



Hemen Internet ikastetxean erabiltzeak ikasleei ekar diezazkiekeen arriskuei buruz hitz egin dut, baina esan beharrik ez da helduentzat ere izan ditzakeela arriskuak (adibidez, datu pertsonalen pribatutasunari dagokionez), baita ikastetxearentzat ere (adibidez, birus edo eraso informatikoak). Alderdi horiek ere barne har daitezke IEPan.



Ondorioak

Internetek izan ditzakeen arriskuei dagokienez, guztion ardura da adin txikikoak babestea sarea modu atsegin eta baikorrean erabil dezaten. Gizarteko sektoreek aukera izango dute Internet segurtasunez erabiltzen laguntzeko, baita sarean erantzukizunaren kultura sortzeko lan egiteko ere. Irakasleek ikastetxeetatik egindako lana oso garrantzitsua da, baina gogoan izan behar dugu arazoa ez dela ikastetxeena bakarrik: zenbait inkestaren arabera, ikasleen %60-80k ikastetxetik kanpo erabiltzen du Internet.

Nolanahi ere den, ikastetxean heziketa eta prebentzioa izango dira beti babeserako tresnarik onenak. Izan ere, ez dago irakasleen orientazioa eta gainbegiratzea ordezkatuko dituenik. Ezin da irtenbide teknologikoen esku bakarrik utzi, adibidez sarerako sarbidea mugatzeko iragazkien esku. Aitzitik, Internet segurtasunez erabiltzeko eskola politika batean bildutako hainbat neurri hartu behar dira.



Agiri honetan ikastetxe bateko segurtasun politikak izan dezakeen edukiari buruzko orientabide batzuk bildu ditut. Ikastetxeek beren estrategia landu beharko lukete, errealitateari jarraiki eta ikastetxearen baloreekin bat etorriz. Gainera, nahitaezkoa da politika hori adostutakoa izatea. Politika erabakitzerakoan zenbat eta gehiago esku hartu irakasle, guraso, zuzendari eta ikasleek, orduan eta eraginkorragoa izango da.

Horren guztiaren oinarrian dago Internet guztiontzat seguruago eta onuragarriago bihurtzen laguntzeko xedea. •



Bibliografia eta webgrafia

- JENNINGS, C.; FENA, L.: La centésima ventana. Guía para proteger la seguridad y la privacidad en la era de Internet, Deustu, Bilbo, 2000.

- MARIN PEIDRO, L.: Los contenidos ilícitos y nocivos en Internet, Retevisión fundazioa, Madril, 2000.

- SAN MILLÁN, Amelia: Cómo proteger a sus hijos en el ciberespacio, Espasa Calpe, Madril, 2000.

- CENTER FOR MEDIA EDUCATION: Educators need to stay vigilant about protecting the online privacy of students [on line], 2000. http://www.cme.org/children/privacy/amy comments.html [Kontsulta: 2001eko apirilaren 10ean].

- MONTGOMERY, K.C.: Web of deception: Threats to children from online. Washington, DC: The Center for Media Education [on line], 1996. http://www.cme.org/children/marketing/deception.pdf [Kontsulta: 2001eko azaroaren 10ean]

- WILLIAMS, N.: Are we Failing our Children? An assessment of Internet Safety Initiatives [on line], 2001. http://www.children-int.org/publicat/singapore.html> [Kontsulta: 2001eko martxoaren 5ean]

- [On line]. http://www.safety.ngfl. org.uk [Kontsulta: 2001eko apirilaren 6an]

- [On line]. http://www.kented.org. uk/ngfl/policy.html [Kontsulta: 2001eko azaroaren 8an]

- [On line]. http://dotsafe.eun.org [Kontsulta: 2002ko urtarrilaren 10ean]