HERNANDEZ, Pedro:

2003-03-01
Tenerifen jaiotako gizon honek ibilbide luze bezain aberatsa egin du hezkuntzan: La Lagunako Unibertsitatean Psikologia Ebolutiboan eta Hezkuntzan katedraduna, leku bereko Hezkuntzaren Zientzien Institutuko zuzendaria, psikologo klinikoa, Psikologian doktorea, Lehen Hezkuntzako irakaslea, Kanarietako Eskola Kontseiluko lehendakaria, psikoterapeuta, ikerlaria eta idazlea.

Bere lanen artean garapen pertsonalaren eta balioen garapenaren inguruko hainbat proba edo test nabarmentzen dira, eta baita pentsatzen eta idazten erakustera bideratutako zenbait liburu. Argitaratu duen azken liburua Adimenaren moldeak izenekoa da. Adimen emozionala eta moldeak abiapuntutzat hartuta, balioak eta egungo hezkuntzaren osasuna izan ditugu hizpide.
 
 
Zer da adimen emozionala?

Norberaren emozioak besteen emozioetatik bereizteko, emozioak bideratzeko edo emozio gehiago biltzeko gaitasuna da adimen emozionala. Esaten baldin badugu adimena modu abstraktuan zenbakiak eta hitzak maneiatzea eta zenbakiekin, hitzekin eta objektuekin arrazoitzea dela, adimen emozionalaren kasuan emozioak modu egokian maneiatzea eta arrazoitzea da.



Zenbateko eragina edo garrantzia du adimen emozionalak eguneroko bizitzan?

Handia, emozioak beti gurekin baitauzkagu edozein harremanetan: eskolan, lagunekin, bikotearekin, lanean... Gertatzen dena da hitzen edo zenbakien adimena ikustea errazagoa dela adimen emozionala ikustea baino. Konplexuagoa da, baina horrek ez du esan nahi garrantzi gutxiago duenik.

Emozioak beti tartean dauden, eta horregatik, nolakoak diren ezagutzea eta bideratzen jakitea funtsezkoa da, ez ongi egoteko soilik, baita eraginkorragoa izateko ere.

Noski, zenbait jendek izugarrizko gaitasuna du zenbakiak lotzeko eta erlazionatzeko eta hitzak lotzeko eta esaldiak egiteko. Beste batzuk edo horiek beraiek, ordea, baldarrak izan daitezke emozioak igartzeko, bideratzeko eta irtenbide egoki bat emateko.



Zer dira moldeak?

Moldeak ohiko jarrerak dira eta molde horien bitartez fokatzen eta interpretatzen dugu errealitatea. Egoera zehatzen aurrean daukagun ikuspegia eta jokatzeko erak dira. Egoeren aurrean gure kamera propioa daukagu eta horrekin errealitatea interpretatu eta manipula dezakegu: gauzak positibo edo negatibo ikus ditzakegu, beldurtuta edo ausart egon gaitezke... Horietako jarrera bakoitza molde bat da. Adimenaren moldeak liburuan hogeita hamar molde sailkatu ditut, guretzat garrantzitsuak direnak modu konkretu batean sentitzeko garaian edo eraginkorrak izateko garaian.



Zer erlazio dago moldeen eta adimen emozionalaren artean?

Adimen emozionala kontzeptu generikoa edo abstraktua da eta moldea, berriz, adimen horren fokatze edo estrategia konkretua. Moldeak identifikatzen ditugun heinean eta beraiengan eragiten dugun ahala, adimen emozionalean eragiten ari gara. Beraz, garrantzitsuena moldeak ezagutzea eta zehaztea da beraiengan eragin ahal izateko.



Emango al dizkiguzu zenbait molderen adibideak?

Bata aurrerapen higuingarria izan liteke. Molde honekin gertatuko dena aurretik irudikatzen dugu, zerbait izugarria, arriskutsua eta arazo asko duena bezala. Errealitatea horrela fokaten duen jendeari antsietatea, beldurra, tristura... sortzen zaio.

Beste molde bat inflazioa-etsipena da. Kasu honetan zerbait gehiegi puztea da, hots, gauzak zoragarriak eta izugarriak direla ustea, edozein egoeratan ezohiko gauzak gertatuko direla ustea. Eta gero, gauzak diren bezala ikusitakoan, etsipena dator. Molde hori bizi duen jende ugari dago eta etengabeko depresioak jota gelditzen dira, etengabeko ase ezintasunean.

Beste molde bat ebaluazio selektibo negatiboa da, hau da, gauza guztiei "baina" ateratzeko joera. Adibidez, "arrosa gustatzen zait, baina arantzak ditu" esatea. "Baina" horrekin euren burua etengabe zigortzen dute, zentsuratu egiten dute, urdaila txikitzen zaie eta autoestimua jaisten zaie. Beste batzuek, aldiz, zentzu negatibo horri buelta emateko gaitasuna dute, eta "arantzak izan arren gustatzen zait" esaten dute.

Ezinezkoarekiko imantazioa da beste molde bat. Gertatzea ezinezkoa den ideia bati lotuta egotean sortzen da. Eta ideia hori alde batera utzi ezinean aurkitzean, sufrimendua eta mina mantendu egiten ditu.

Egoera horiek guztiek emozioetan dute eragina, eta horregatik diot molde horiek ezagutzea funtsezkoa dela, horien bitartez eragiten baita emozio horietan.



Nondik edo nola sortzen zaizkigu molde horiek?

Nik uste dut denok dauzkagula molde guztiak, batzuk maila handiagoan eta beste batzuk txikiagoan, batzuk oso garatuak eta beste batzuk ez.

Hasieran moldeak berez dauzkagu, baina ingurunearekin dugun elkarreraginaren arabera batzuk besteak baino gehiago garatzen zaizkigu. Adibidez, gurasoek edo irakasleak "bai, bai, baina..." esaten badiote etengabe haur bati, "baina" horrekin bere garapena mozten ari dira eta horrek haurrarengan eragina eta ondorioak izango ditu.



Zein molde jotzen dituzu garrantzitsutzat haurrekin lantzeko?

Adibidez, balorazio selektibo negatiboa, inflazioa-etsipena eta aurrerapen higuingarria. Fokalizazioaren gabezia ere oso esanguratsua da. Molde horretan ez dugu ikusten daukaguna, ez dugu oraina eta hemengoa ikusten, falta dena baizik. Gaur egun, gauza asko eduki arren, gehiago nahi izaten dugu, eta ez dakigu gauza txikiekin gozatzen. Bizitzak ihes egiten digu esku artetik eta horrek atsekabea sortzen digu.

Gabezia hori ez da gauzekin soilik sortzen, baita pertsonekin ere: aldamenean daukagun pertsona baloratzen ez dakigunean eta haren alde onak ikusten ez ditugunean. Pertsona horrek nolakoa izan beharko lukeen pentsatzen egoten gara. Fokalizazioaren gabeziak etengabeko nahigabea sortzen du.

Eraginkortasunarekin zerikusia duten moldeak ere ugari dira eta kontuan hartzekoak dira. Adibidez, errendimenduarekin zerikusia duten molde asko daude. Haur askok ikasketetan esfortzuaren eta lanaren aurrerapena daukate, hots, irakurtzen edo ariketak egiten hasi baino lehen irakurketa edo matematika zerbait nekagarria, zaila, izugarria bezala ikusten dute.



Nola eragin daiteke horrelako egoera edo zailtasunen aurrean?

Eskolak abantaila bat du: komunikazioen eta interkomunikazioen leku bat izatea. Haurrei arazo bat konpontzen, idazlan bat egiten edo edozein lan egiten irakastera zoazenean, harrigarria da nola pizten den berehala alderdi sozio-afektiboa, eta analisi objektu bilakatzen da.

Arlo akademikoa edo intelektuala eta arlo sozio-afektiboa biak batera landu behar dira. Eta eskolak urrezko aukera dauka hori lantzeko.

Lanketa hori moldeen bitartez egin daiteke. Arlo sozio-afektiboa detektatzeko eta kontzientzia hartzeko balio digute moldeek. Horrela, irakasleak berehala konturatzen dira haurren keinuek portaera bat islatzen dutela.

Ez da ahaztu behar moldeak balioekin erlazionatuta daudela eta balioak eraginkortasunarekin. Moldeek edo estrategia horiek ez digute zoriontsu izateko soilik lagunduko, baita eraginkor izateko ere.



Era berean, irakasle bakoitzak bere moldeak edukiko ditu. Zer eragin eduki dezake horrek haurraren heziketan?

Irakasleak bere molde propioak ezagutzen baditu, ikasleen moldeak ezagutzen lagunduko dio. Eta alderantziz ere bai, hots, haurraren moldeek ere beregan eragingo dute. Horren onuraduna irakaslea da, horrek bere molde propioen kontzientzia hartzen lagunduko diolako.

Moldeek irakasleari askatzen laguntzen diote eta kontzientzia hartze horrek ikasleei ere askatzen lagunduko die.



Beharrezkoa ikusten al duzu moldeak lantzen jakiteko prestakuntza baten beharra?

Uste dut prestakuntza behar dela, bai. Teknologian asko ari gara aurreratzen eta horretan prestatzen ari gara. Baina ezin dugu ahaztu teknologiak alderdi gizatiarra gehiago ezagutzeko ere balio duela. Gaur egungo mundu konplexuan arlo teknologikoa menperatu eta ezin gara gelditu konplexuena den arloa menperatu gabe; hau da, arlo pertsonala, portaerak eta pertsonen arteko elkarreragina.

Gertatzen dena da arlo hori ez dela nabarmena edo hautemangarria, eta zailagoa dela. Dena dela, erronka geure buruari buruzko ezagutza handitzea da, zeren azken finean, pedagogia handi bat psikologia handi baten zati da.



Zenbait ildo pedagogikok diote haurrari bere kabuz ibiltzen utzi behar zaiola. Zer uste duzu, ez zaiola mugarik jarri behar?

Mugak beti garrantzitsuak dira gainditzeko arrakasta aukera ematen baldin bada. Mugarik ez edukitzea txarra da, egoera horretan ez dagoelako entrenamendurik, ez dagoelako gainditzerik, ez dagoelako hasierako molderik, ez dagoelako aukeratzeko molderik. Eta gizakiak zailtasunak egon arren gainditu ditzakeela konturatu behar du.

Beraz, mugak, eragozpenak, zailtasunak... garrantzitsuak dira bai ikasketetan eta bai bizitzan bertan, betiere modu mailakatuan jartzen badira. Hau da, ez dugu bat-batean goiko mailara igo behar, poliki-poliki mailaz maila baizik, bestela porroterako aukera handiagoa edukiko dugulako.

Arrakastarako aukera edo probabilitatea edukitzea oso garrantzitsua da; printzipio pedagogiko garrantzitsuena da.

Pentsa, guraso eta irakasle perfekzionistek porrotaren probabilitatea erabiltzen dute konturatu gabe: galderarik zailena egiten dute, planteamendurik konplexuena... eta erantzunik ez jakiteak porrota dakar.

Normalean ez dugu behar adina zaintzen arrakastaren aukera. Kultura guztietako gurasoek duten paradigmarik garrantzitsuena haur bati ikasten irakastea da. Adibidez, ibiltzen irakasterakoan poliki-poliki eusten diote, heldu, askatu, animatu... baina era berean, arriskuan jartzen dute, erortzeko aukera baitu, nahiz eta ez erori. Hortxe dago paradigma: nola irakatsi ibiltzen bizitzako elementu guztietan. Hori lortuko bagenu hezitzailerik onenak izango ginateke.



Balioetan heztea, horra hor beste heziketa erronka bat. Baina zein baliotan hezi?

Bi ikuspuntu maneiatzen ditugu beti: ongizate subjektibo indibiduala, hots, norberaren zoriontasuna, eta ongizate subjektibo komunitarioa, hots, ongizate soziala.

Gaur egun, zoriontasun indibidualaz asko hitz egiten dugu, eta zoriontasun kolektiboaz edo komunitarioaz gutxi.

Gaur egun indibidualismoa da nagusi. Alderdi komunitarioa oso bazterrean gelditzen ari da eta zenbait balio sozialek indarra galdu dute. Horregatik, oso garrantzitsua da autoestimua, norberaren segurtasuna... garatzea, baina baita ere besteak errespetatzea, elkartasuna, altruismoa... Gaur egun faltan botatzen diren balioak, alegia. Bi alderdiak hartu behar dira kontuan. Ebanjelioak zioen bezala, "maitatu zure burua, maitatu lagun hurkoa". Eta ahaztu egiten zaigu lagun hurkoa maitatzea lehenengo norberak bere burua maitatzea dela.



Behin zein baliotan hezi erabaki ondoren, hurrengo galdera zera da: nola?

Hori balioen arabera dago, balio mota asko baitaude: iritzizkoak, sinesmenekoak, afektiboak, ekintzazkoak... Logikoki iritzizko balioetatik hasi behar da, baina ez da nahikoa. Balio afektiboak sortu eta garatu behar dira, horiek baitira jarrerak, eta jarrerak dira zerbaiten aurka ekiteko aurretiazko adierazpenak. Beraz, balio horiek lantzea izango litzateke garrantzitsuena, eta gero ekintzara garamatzaten balioak, hots, ohiturak.

Balioetan hezteko edo balioak erakusteko maila edo prozedura desberdinak daudela uste dut. Lehenengo egoera eta errealitatea aztertu behar da, ahal bada taldean, eta horren inguruko eztabaida eginez erabaki behar da zergatik landu balio bat eta beste bat ez. Gelako edo errealitateko edozein egoera aprobetxa liteke eztabaidatzeko eta iritziak emateko. Bigarren urratsa irakaslearen, tutorearen edo hezitzailearen eginkizuna da, zeresan handia baitu balioak emozioekin lotzeko garaian. Adibidez, literaturaren aldeko balioa ez da literaturaz asko jakitea soilik, baizik eta literaturarekin gozatzea. Balio hori garrantzitsuagoa da literaturaz jakitea baino. Horrelako kasu batean, irakasleak giroa berotzeko, ikasleen emozioak dinamizatzeko eta abarrerako duen gaitasunak zeresan handia du.

Mementorik garrantzitsuena da irakasleak balio bakoitza zein egoeratan sortzen den ikustea da. Esate baterako, elkartasuna, autoestimua, errespetua... Errealitate horren analisi arrunt bat egin behar du ikusteko zein egoeratan sortzen dira balio horiek, zenbat ikaslerengan, norengan, zerk huts egiten duen... Modu horretan, helburu batzuk zehazten joan behar du, eta helburu horiek eraldatu egin beharko ditu sortzen diren egoeren baitan errealitatea hobetzen joan dadin.

Balioetan heztea oso konplexua da. Balioak beti egon dira, beti hezi izan da balioetan, baina gauza da zein baliotan.



Gaur egungo mendebaldeko gizartean ez al da balio bat nagusitu? Dirua?

Diruarekin batera indibidualismoaren, hedonismoaren eta erosotasunaren ideia dago. Nik uste dut horrek alde positibo bat baduela: jendea konturatu da dirua, plazera, nia... garrantzitsua dela, eta hori positiboa iruditzen zait. Arazoa da horri garrantzi gehiegi ematen zaiola eta salbazio bat balitz bezala ikusten dela. Beste guztia difuminatzen dute eta ez dago beste ikuspegirik.

Ongizatea lortu duen gizarte batean bizi gara eta hori positiboa da. Are gehiago, egokitzeko gaitasuna lortu da eta erlijio gaian erru, beldur eta autozigor askotatik askatu gara. Hori aurrerakada handia izan da. Baina bestetik, besteekiko ikuspegia galtzen ari gara: altruismoa, elkarbizitza, artea, intelektualitatearen gozatzea... Horiek bultzatu behar dira.



Erlijio balioen desagerpenak ez al du halako krisi bat eragin?

Bai, noski. Orokorrean ideologien eta bereziki erlijioen erorketak logikoki hutsune handiak ekarri ditu. Ondorioz, gizarteak bere balio propioak eta positiboak eraiki behar izan ditu eta aurrera egin behar izan du printzipio oso zuzenduen menpe egon gabe.

Horixe da hezitzaileen arazoa: alde batetik, ez dago pulpitorik edo ideologia erlijiosorik, eta bestetik, ideologia politiko indartsurik ere ez. Gelditzen dena kontsumoa da eta tenplu garrantzitsuena "El Corte Inglés" da. Hortxe dago desorientazioa. Bat-batean biluzik gelditu gara gai politiko eta erlijiosoetan eta horrek desorientazio handia sortzen digu. Uste dut hori ari garela bizitzen orain. Balio berriak eta propioak sortu behar dira, berpiztu egin behar dugu, baina memento honetan krisian gaude.



Berpizkunde hori ez al da kontsumoan oinarritzen ari?

Noski, asebetetze eta gogobetetze handiena erosketek eta diruak sortzen dute; erostea da denontzat garrantzitsuena, hori bihurtu da aktibitate garrantzitsuena.



Zer egin dezake eskolak horren aurrean hezitzaileak ere kontsumismo horren barruan baldin badaude?

Bai, kontsumismo horren zati gara, eta gainera, ez dugu zertan negatibo bezala ikusi behar. Lehen "hau gaizki dago eta hori ondo" esaten genuen, eta orain gakoa da nola koordinatu.

Konplexua da, eta batez ere arrazoi bategatik: publizitate sare baten menpe gaudelako, botere ekonomiko izugarri baten pean. Denok sare horretan sartuta gaude eta harrapatuta gelditzea dute helburu. Oso zaila da sare horretatik ateratzea alternatibak eskaintzen ez diren bitartean. Horixe da, hain zuzen ere, eskolak egin behar duena; alternatibak eskaini, hori orekatu beste modu bateko balioak eskainiz. Nola? Hasteko, horretaz hausnartuz, baina baita beste balio batzuk eskainiz eta jendeak horrekin gozatzea lortuz.



Gaur egun irakasleen mugimendua, grina, ilusioa... pixka bat itzalduta dagoela antzematen da. Nola ikusten duzu zuk?

Nik uste dut gizartearen produktu direla. Nik ez nuke krisi hitza erabiliko, ez nintzateke ezkorra izango. Baina uste dut desorientazio eta berpizkunde garaian gaudela, berreraikitze garaian: ezer ez da egonkorra, norberak bere unibertso edo espazio propioa eraiki behar du.

Orokorrean irakasleek beste arazo bat daukate: proiektu falta. Irakasleak lehen proiektu bat zuen, berak leku bat zuen proiektuan eta bazekien zerbait egiten ari zela, hots, haurraren nortasunean, etorkizunean eta gizartearen aldaketan eragiten ari zela. Orain, aldiz, gizarte aldaketaren eta nortasun aldaketaren proiektua ez denez sinesgarria, irakaslea instituzio batean bihurtzen da eta bere zeregina gutxi gorabehera ohikoak diren egitekoak burutzea da. Horrekin bizitzak eduki dezakeen zapore eta esanahi guztia kentzen zaio. Horregatik, irakasle bati gerta dakiokeen gauzarik okerrena hezitzailearen proiektua galtzea da, hots, eragiten ari den pertsonaren, eragile sozialaren proiektua. Izan ere, hori da irakasle baten gauzarik politena eta horrek dakarkio aberastasuna eta gustura sentitzea. Ama bati bere seme-alabak aurrera ateratzeko proiektua kentzen badiozu eta bere funtzioa ohiko gauza batean bilakatzen bada, hil egiten duzu.



Nork sortuko ditu aldaketa ekarriko luketen proiektu horiek?

Aldaketak gabeziak eta poztasunik eza daudenean sortzen dira, eta hori eskola barruan zein kanpoan egon liteke. Nik uste dut, irakasleei ez ezik, gizarte osoari falta zaizkiola proiektuak. Agian Euskal Herriko kasuan oraindik gizarte aldaketa egiteko proiektua duen jendea egon liteke, baina beste lekuetan, gizarte proiektu esanguratsurik ez dagoen lekuetan, ez dago proiekturik, ihes egite bat dago eta ez dakigu nora joan.



Zein mezu luzatuko zenieke Euskal Herriko irakasleei?

Mundu osoan berreraikuntza prozesu batean gaude, berpizkundean. Nahiz eta mota askotako arazoak topatu, Euskal Herrian eszena hobean zaudete aldaketa proiektu hori berreraikitzeko. Nik uste dut Euskal Herrian bizi den egoerari etekina atera beharko litzaiokeela hezkuntza berri eta desberdin baten aitzindari izateko.