Kultura eta hizkuntza aniztasuna eskolan

2003-03-01
 
 
Euskal Herrian unibertsitate, kolektibo nahiz banakako bat edo beste ere gai hau ikertzen ari da. Bakoitza bere aldetik dabil, puntu bati edo besteri garrantzi gehiago emanaz eta berau buru-belarri aztertuz.

Bestalde, hor ditugu, nola aurre egin jakin ez eta beraien esperientziaz edota intuizioz baliaturik, egunero, ahal duten erara, kezka honi aurre egiten ari diren irakasleak ere.

Beraz, kezka hor dagoela jakinik, denok helburu bera izanik -haur etorkinak ahalik eta lasterren euskalduntzea eta euskal gizartean ahal den hobekien integratzea-, bakoitza gai zabal honen arlo bat aztertzen ari dela jakinik, eta egunero kezka horrekin bizi diren irakasleen bizipenak izanik zergatik ez sortu Euskal Herrian gai honen inguruan ari garenon topagune bat?

Atal honetan argitaratu ahal izango diren ideia, ikerketa nahiz bizipen guztien artean, seguru, bateren bat baliagarri izango zaigula gure kezkari aurre egiteko. Bakoitzak bere aldetik ikertzen jarrai beza -milaka atal baititugu gai honen inguruan euskaldunok oraindik aztertzeke-, baina horien berri ematea oso baliagarri izango litzateke kezka hau egunero bizi duten guztiei laguntzeko.

Beraz, atal honetan, gai honen inguruan diharduen irakurle ororen parte-hartzea oso eskertua izango da, esaera zaharrak dioen bezala, zenbat buru, hainbat aburu baitaude, eta ideia, ikuspuntu... ezberdinak entzuteak, ez baitio inori kalterik egiten, alderantziz baizik.



Sail honen helburu nagusia

Sail berri honetan leku izango duen proiektuaren helburua d kultura eta hizkuntza aniztasuna eskolan gaiaren inguruan dihardutenen euskal topagune bat sortzea , bakoitzak gai honen inguruan dituen uste, esperientzia, arazo, bizipen, konponbide eta abarrekin irakurle oro aberasteko.



Sailaren egituraketa

Sail hau hiru ataletan banatuko da:

1. Munduan zehar : Kultura eta hizkuntza aniztasuna eskolan gai nagusi legez hartuta, atal honetan zera bilduko da: gai horren inguruan munduan zehar dauden proiektuak (EOLE, EVLANG...), kezka konkretuei ematen zaizkien erantzunak, honen inguruan munduko txokoren batean hitzaldi interesgarririk izan bada bertan esandakoa, irakurleek eskatutako gaiei buruzko artikuluak edo esperientziak...



2. Zer dugu euskaldunok esateko?

Atal honek bi zati izango lituzke: bata, gai hau Euskal Herrian buru-belarri ikertzen ari direnen txokoa, eta bestea, edozein irakurlerena.

a) Euskal ikertzaileen hitzak : atal honetan Euskal Herrian gai hau ikertzen ari diren banakakoek zein taldeek duten ikuspuntua, kezka jakin batzuei beraiek emango lioketen irtenbidea, orain arte egin dituzten ikerlanen ondorioak... azaldu ahalko dituzte.

b) Irakurlearen txokoa : txoko honetan edozein irakurlek har dezake parte. Atal honen helburu nagusia irakurleek gai honen inguruan eguneroko bizitzan dituzten kezkak argitaratzea da, horrela, denon artean, hala-hola konpondu ahal baditugu, konpontzeko. Beraz, nahi duen orok du aukera bere esperientziaren berri emateko, egunerokoan ikasle etorkinekin lanean ari direnek aurkitzen dituzten oztopoak komentatzeko, aurreko alean irakurle batek aipatu duen kezkari konponbidea emateko...



3. Hitzaldiak : azken atal honetan gai honetan interesatuta daudenentzat, bai Euskal Herrian bai munduan zehar egingo diren hitzaldien eta jardunaldien berri emango da. Irakurleon laguntza eskertuko da! Hau da, gai honen inguruan ospatuko den jardunaldiren baten berri baldin badakizu, horren berri ematea eskertuko da, denontzat onuragarri izango baita.

Munduan zehar egiten ari diren esperientziak eta hemen Euskal Herrikoak tartekatuz argitaratuko dira, eta irakuleen txokoa eta hitzaldiei buruzko informazioa beti mantentzea da asmoa.



Zure ekarpenak ongietorriak izango dira eta horretarako, helbide honetara jo dezakezu:

itziaramayo@msm.com