Hezkuntza Komunitate Dialogikoak. Partaidetasuna eta eraldakuntza oinarri dituen ametsa
Ikastetxe batzuk konturatu dira horretaz, eta horrexegatik hartu dute eraldatzeko erabakia. Ez daude guztiz gustura ikastetxearen azterketa sakonetik ondorioztatzen den argazkiarekin, ezta horrek duen esanahi teorikoarekin ere. Egoera berri bat sortu nahi dute, ikastolako kide guztiak subjektuak diren egoera berri bat amesten dute eta lortu nahi duten horri Hezkuntza Komunitate Dialogikoa deitu diote.
Amets horren kanpoko eragileekin egon gara Hezkuntza Komunitate Dialogikoa kontzeptuaren azpian dagoen guztia ezagutzeko eta egiten ari direnaren berri jasotzeko. Izan ere, amets hori egi bihurtzen ari dira.
Hezkuntza Komunitate Dialogikoaren aldez aurretiko eredurik ez dago. Hezkuntza Komunitate Dialogikoa amets bat da, lortu nahi duten gauza bat, prozesu bat, abentura berri honetan murgilduta dauden ikastolek daukaten iparra. Eginkizun daukaten zerbait da, era berean ikastola bakoitzak bere historian egin duena eta egun egiten ari dena barnebiltzen dituena. Aldez aurretik existitzen den eredu baten aplikazioa ez den arren, Pedagogia Kritikoaren pentsalari nagusien ideiak izaera ematen dioten prozesua da, zeinean Freireren dialogoa edo J. Habermasen ekintza komunikatiboa bitartekotzat eta helburutzat hartzen den.
Eta nola ulertzen dute dialogoa? Gizakien arteko topaketa bat bezala, zeinean guztion artean, norberak dakarren jakituria eta esperientziatik abiatuz, ezagutza berri bat eraikitzen den. Izan ere, hezkuntza ezagutza sozialki eraikitzen da, guztiok taldean besteekiko sortzen dugu, ez da hor dagoen zerbait edo eliteek sortzen duen produktua soilik. Ezagutza horrek helburu bat dauka; kasu honetan, hezkuntza jarduera ahalik eta hobeen eta sakonen ulertzea, horrela soilik ahalbidetu ahal baitugu eraldakuntza. Ez da ezagutza sortzeagatik sortzen; helburua zerbait eraldatzea da, eta kasu honetan, ikastetxea.
Nondik eta zergatik sortzen da Hezkuntza Komunitate Dialogikoa?
Hezkuntza Komunitate Dialogikoa ikastoletako kide ezberdinek, kanpoko eragileek metodologikoki lagunduta, hausnarketa prozesuan ekoiztutako kontzeptua da. Gizarte eta hezkuntza egoeraren azterketatik sortzen da. Nola hezten dugu elkar? Nola funtzionatzen dute gure ikastetxeek? Zer paper jokatzen du partaidetako bakoitzak hezkuntza eginkizunean? Zergatik? Zer-nolako gizartean bizi gara? Zer-nolako munduan? Eta konturatu ziren globalizatzen ari den munduan bizi garela, globalizazioa hementxe bertan daukagula eta horrek mailaketa sozialak, berdintasun kulturala, pentsamendu bakarra eta abar dakartzala. Freire eta Habermasek zioten bezala, horrek hezkuntza kontzeptu bat, zientzia kontzeptu bat eta gizartea ulertzeko modu bat nagusitzea ekarri du. Hezkuntza eta heziketa modu eta pentsaera horiek, gu konturatu ez arren, badute esanahi jakin bat:dagoen gizarte egoera birsortzera, erreprodukziora bideratzen gaitu, eta ez eraldakuntzara. Horren aurrean hezkuntzak zer esanik baduela pentsatzen dute prozesu honetan dabiltzanek, eta horren aurrean zerbait egin dezaketela uste dute. Horrela bada, Hezkuntza Komunitate Dialogikoa jarri dute martxan. Beste modu batera esanda, dialogoaren bitartez eraldatu nahi dute gizartea, eta dialogoa denen arteko ikerkuntza kritikoa da, zeinak kezkatzen gaituzten gaiei buruz ezagutza lortzera bideratzen gaituen.
Prozesu honen kanpoko eragileak EHUko hiru irakasle dira: Idoia Fernandez, Maite Arandia eta Pilar Ruiz de Gauna. Pedagogia Kritikoaren oinarriak bereganatuta eta aintzineratuz, berrehundik gora partaide izan dituen prozesu jakin hau, tokian tokikoa, gauzatu dute. Ikastetxe bakoitzaren ikerkuntzatik, aldi berean, sortzen ziren kezkak, ideiak, aurrerabideak... eta ezagutza praktikoak kontrastatuz, problematizatuz eta teorizatuz Hezkuntza Komunitate Dialogikoa kontzeptua bera erdietsi zen. Prozesuan sortutakoa sistematizatzen eta jasotzen joan dira, baita horri buruzko zenbait lan argitaratzeraino ere. Pedagogia Kritikoaren argipean antzeko esperientziak egon badaude munduan zehar, baina bakoitzak sortzen den testuingurua beti bakarra eta errepikaezina den neurrian bere berezitasunak ditu. Beraz, prozesua gauza berria dela esan daiteke.
Duela lau urte aipatu irakasleak Euskal Herriko bost ikastolekin harremanetan jarri ziren: Gasteizko Armentia ikastola, La Puebla de Labarkako Assa ikastola, Zarauzko Salbatore Mitxelean ikastola, Lazkaoko San Benito ikastola eta Urretxuko Urretxu-Zumarraga ikastola. Beren prestakuntza beharren diagnostiko bat egin zuten eta hezkuntza komunitateko ordezkari guztiek hartu zuten parte: ikasleak, irakasleak, langile ez irakasleak, gurasoak eta zuzendaritza taldeak. Denen artean aurkitu zituzten beharretatik ikastola bakoitzak bat lehenetsi zuen (araudiak, espazioa, zuzendaritza taldearen funtzionamendua...) hura lantzen hasteko asmoarekin. Horrela, ikastola bakoitzak bereziki sentitzen zuen gai bat hausnarketa gaitzat hartu zuen, hura sakonki ezagutzeko ikerkuntza-prestakuntza prozesu kualitatiboa abiatu zuelarik.
Horrela, ikastetxean eztabaida taldea osatu zuten ikasleen, gurasoen, irakasleen, langile ez irakasleen eta zuzendaritza taldearen ordezkariekin. Lehentasuna eman zioten beharrari objektua deitu zioten eta eztabaida taldean objektu haren inguruan hasi ziren hitz egiten: definizioa, zein helburu lortu nahi zuten objektuarekin, nola landuko zuten, zenbat denboran... Ikerkuntza diseinu oso bat, ikastetxeko partaideak beraiek ikerlari bihurtzen zirelarik. Ikastetxe bakoitzean prozesuarekiko ardura berezia hartu zutenak bideratzaileak deiturikoak dira (ikerkuntza-prestakuntza prozesua aintzinatzeko pertsonak).
Ikastolaz ikastolako prozesu espezifiko hauek garatzen zihoazen bitartean, bideratzaileak (normalean zuzendaria eta ikastolako beste norbait) beste ikastoletako bideratzaileekin eta EHUko kanpoko eragileekin biltzen ziren. Talde horretan ikastolan egiten zuten lanaren gogoeta eta kontrastea egiten zuten eta horrek ikastolako taldea bideratzeko balio zien. Dena dela, ez dago aldez aurretik finkatutako plan eta urrats zehazturik, gauzak egin bitartean (praktikan) ezagutza sortzen joaten dira (teoria) eta orduan erabakitzen dute hurrengo pausoak zein izango diren. Hori da erabiltzen duten estrategia, objektu bat aukeratu eta horren inguruan ezagutza sortzen joatea kontraesanak gainditu ahal izateko eta koherentzia irabazi ahal izateko.
Era berean, talde orokor honek helburu komun bat du: Hezkuntza Komunitate Dialogikoa eraikitzen joatea, beti ere ikastola bakoitzeko kasuarekiko koherentzian. Ikusten denez, gogoetaekintza espiralean doan planteamendua dugu hau, Carr eta Kemmisen ikerkuntza-ekintza kritikoaren planteamendutik hurbila.
Freireren iturria
Arestian esan bezala, Freireren ikuspegian eta esanetan oinarritzen dira. Hark zioen pertsona guztiek berezkoa dutela jakin-mina, gizaki guztiok ikastera behartuta gaudela, gure izaerarekin bat datorren zerbait dela. Baina jakin-min hori xaloa da, ordea, eta mundua aldatu ahal izateko jakin-min horrek epistemologikoa bihurtu behar du.
Zertan datza aldaketa hori? Munduan zergatik eta zertarako gauden jakin gabe egotetik jakitera igarotzea. Horrela, munduaren irakurketa egiten dugu, horren aurrean kokatzen gara eta geure buruari mundu honetan zer eginkizun daukagun galdetzen diogu.
Edonola ere, konturatze hori, esnatze hori, ez zaigu besterik gabe sortzen, hori eragozten duten ideologia nagusiak baitaude. Horregatik, jakin-min xalotik epistemologikorako urratsa emateko zorroztasun metodikoa behar dela dio Freirek, hots, metodo bat.
Gizakien arteko "elkar ezagutze" bat behar da lehenengo eta behin, eta ondoren arau batzuen arabera funtzionatu behar da eraldakuntza bideratuko duen ezagutza sortzeko. Hortik bideratzearen garrantzia, hau da, prestakuntza-ikerkuntza prozesuaren ardura hartzen dutenen hezkuntza lana. Izan ere, ezagutza horrek sistematizatua, kontrastatua, problematizatua eta ekintzarekin lotua izan behar du. Horregatik, dialogoaren bidez gauzatzen diren gogoeta guztiak sistematizatu eta jaso egiten dira, horrek bermatzen duelako gogoeta hori mantentzea eta denboran zehar komunikatu ahal izatea. Beste modu batera esanda, zerbaitetaz hitz egiten badugu eta hori jasotzen ez badugu edo horrekin ezer egiten ez badugu, hamabost egun beranduago hitz egindako horren zatitxo batekin baino ez gara gelditzen. Talde hausnarketa guztiak kanpo oharren bitartez jasotzen dira, gerora "berreraikuntza" deituriko tresna batean interpretatzen direlarik. Berreraikuntzak prozesuaren memoria bizia dira, guztion topaleku, ispilu eta aurrerabideen harrobia.
Metodo dialogikoa
Hezkuntza komunitateko partaideek egiten dituzten bileretan, eta oro har, ikerkuntza-prestakuntza prozesu osoan, metodo dialogikoa da ardatza, hots, dialogoa. Eta horixe da Hezkuntza Komunitate Dialogikoen berezitasuna. Dialogoa Freirek ulertzen zuen moduan ulertzen dute; hau da, solasaldia eta dialogoa ezberdindu egiten dituzte. Dialogoa ez da berriketa edo elkarrizketa kolokiala, dialogoa helburua eta bitartekoa da; helburua da eraldakuntza soziala sustatzen delako, eta bitartekoa da eraldakuntza partaideen arteko komunikazioaren bidez lortzen delako
Metodo dialogikoak hainbat printzipio ditu, bideratzaileek eta partaideek beraiek etengabe gauzatu eta bermatu behar dituztenak:
1- Horizontaltasuna : ohiko funtzionamenduan (gizartean, ikastetxean) bertikaltasun handia dago, nahiz eta parte-hartzaileak garela esan. Horizontaltasunak esan nahi du eragindako guztien ahotsak bertaratu behar direla prozesuetan; ezin dira ahotsak ordezkatu, bertaratu baizik. Bakoitzak ikasteko duen potentzialtasuna eta ezagutza sortzeko duen potentzialtasuna aitortu behar dira, aurreiritziak alde batera utziz. Guztiok daukagu gure praktikak eta esperientziak emandako jakituria eta hori izango da ezagutza berriaren osagai. Printzipio honen bitartez parte-hartzaileak partaide bihurtu behar ditugu, ekintza eta gogoetaren subjektu (ez objektu).
2- Entzute aktiboa : bestearen tokian jartzea esan nahi du, besteak nondik hitz egiten duen interpretatzen ikasi behar dugu ondo ulertu ahal izateko. Eta berarekin batera, planteatzen dituen kezketatik hausnarketan lagundu.
3- Informazioa-komunikazioa bereiztea : ikastetxetako prozesu komunikatibo asko ez dira prozesu komunikatiboak, informatiboak baizik. Informazioan hartzailea pasiboa da, eta nahi badu, leku zehatz batera joan eta bere iritzia emateko aukera dauka. Komunikazioak, ordea, egoerak eta espazioak sortzen ditu denek hitz egin dezaten.
4 - Argudioen erabilpena : oso garrantzitsua da egiazkoa dena eraikitzeko. Prozesu dialogiko eta komunikatiboetan garrantzitsuena ez da nork esaten duen edo esaten duenak zenbateko boterea duen, baizik eta zein den argudiorik argiena. Eta argudioa horizontaltasunean oinarritzen da.
5- Jarrera zabala eta ardurakidetasuna : inor ez doa parte hartzera parte hartzeagatik, denak daukate ardura eta konpromisoa, eta hori aintzat hartu behar da. Inor ez doa zer kontatzen dioten entzutera, baizik eta engaiamenduzko partaide gisa.
6- Galdegaiaren erabilera : oso garrantzitsua da galdegaiaren erabilera. Oso ohituta gaude aldez aurretik oso mugatuta dauden erantzunak jasotzeko galderak entzuten: ados zaude honekin bai ala ez? Zer egingo dugu, hau ala hori? Galdera batzuk galdu egin dira; esate baterako, zergatik eta zertarako egiten diren gauzak. Hori ez da planteatu ere egiten; proiektuak egin eta egin, baina zertarako diren galdetu ere egin gabe. Jendea aktibismoz jota dago, baina paradoxikoki, aktibismo horrek ez die poztasun handirik ematen, lana baizik, itolarria. Helburu motzetatik haratago zer lortzeko egiten dugun lan galdetu ondoren, diskurtsoa amaituta gelditzen da. Horregatik, galderaren erabilera oso garrantzitsua da; ezagutza sortzeko galderak egin behar dira.
7- Teoria eta praktikaren arteko uztarketa : izaera kritikoko ikerkuntza-prestakuntza prozesuetan teoria eta praktika dialektikoki lotuta daude, eta elkarren eraginean eraikitzen dira etengabe. Jarduerari buruzko gogoetatik sortzen da teoria, eta teoria hori guztien artean eraiki eta sistematizatu behar da, segituan jarduerari berriro ere zentzua eta norabidea emateko.
Ideia hau oso osorik bereganatzen dute Teoria Kritikoak eta Pedagogia Kritikoak, zeren gizaki guztiok, edozein garelarik, auto-hausnarketarako ahalmena dugula ezagutu eta bizitza sozialean giza arrazoiak jokatu beharreko papera sustatzeko ardura azaltzen baitute. Honi jarraiki egun indarrean dagoen ezagutza zientifikoaren banaketa soziala (zientzilari adituek, ikerkuntzaren altxorra beren eskuetan dutelarik teoria produzitzen duten bitartean hezkuntza praktikatzaileei hura aplikatzea baino ez zaiela gelditzen) zalantzan jartzen dute eta alternatiba gauzatu.
8- Abiapuntua, beraz, jarduera da : hori oso garrantzitsua da. Ekintza bera da parte-hartzea bultzatzen duena. Larritasunik edo premiarik sentitzen ez bada, inor ez da mugitzen. Kasu honetan, ekintzatik abiatuta, ekintzak berak sortzen ditu zalantzak, gogoetak, galderak...
Ikastolen hausnarketa
Prozesu honetan murgildutako ikastoletako bideratzaileek euren hausnarketa aurkeztu zuten iazko uztailean Donostiako Ibaetako campusean egin zen Hezkuntzarako Erakundeen Antolakuntzaren Inguruko VII. Unibertsitate Arteko Biltzarrean. Hona hemen euren gogoeta.
Esperientzia baten sorrera
Gure prestakuntza beharrak antzemateko formazio plan orokor baten beharrak eta prestakuntza autogestionatua egiteko aspaldiko desioak bultzata, zenbait ikastola bertako kolektiboak dinamizatzeko prozesu batean sartu ginen. Ikastetxeko hezkuntza proiektuaren eraikuntzan kolektibo horiek guztiek inplikatzea eta parte hartzea bilatzen genuen. Hasierako planteamendu horrek, ikusiko dugun bezala, beste bide batzuk hartuko ditu, eta gaur egun Hezkuntza Komunitate Dialogikoak izena ematen diogun makroprozesu hori sortzea ekarri du.
Hasieran, betiere oinarria ikastetxeen demokratizazioa eta ikastolako benetako beharrei erantzungo dien prestakuntzaren eraikuntza izanik, beharrak antzemateko esperientzia zehatz batekin hasi ginen. Antzemate hori ikerkuntza planteamendu kualitatibo batetik egin zen eta oinarrian hiru erreferentzia teoriko zituen: Freireren teoria soziala, teoria kritikoa eta Carr eta Kemmisen ikerketa-ekintza kritikoa prozesuak.
Beharrak antzemateko horrelako prozesu bat ez da hezkuntza komunitateko eragile guztien informazioa hartzea, hori baino gehiago baizik. Taldean egindako lan bat finkatzea esan nahi du, eta inplikatutako hezkuntza eragileek euren praktika pertsonalaren, profesionalaren eta instituzionalen inguruko analisien komunikazio irekia eta kontrasteak dira talde horren ardatz. Lan egiteko modu horrek heziketa lana ulertzea eta ikastolan gorputza nola hartzen duen ezagutzea ekarri du.
Memento honetan badakigu hezkuntza eragile bakoitzaren errealitatea abiapuntutzat hartzeak bere egitekoa eta kokapena indartu eta bultzatu egiten dituela. Izan ere, norbera murgilduta dagoen errealitateari buruzko hausnarketa eta interpretazioa egitea eskatzen baitu. Eta nolatan sortzen da hori? Gure ustez, hezkuntzaz hitz egiten hasten garelako. Esperientzia horrek bere barruan harrapatzen ditu eragileak, errealitatean parte hartzen dutela sentitzen dutelako, aintzat hartzen direla konturatzen direlako, beraien pentsamenduekin lagundu egiten dutela ohartzen direlako eta errekonozituak sentitzen direlako.
Abiatutako prozesua bukatutzat eman zitekeen beharrak antzeman ondoren, baina ez zen hala izan. Jarraitu egin genuen lantzen ari ginen metodoak errealitatea hobeto ezagutzen lagundu zigulako eta gure ekarpenak baliagarri ikusten genituelako. Horrek beste prozesu batera eraman gintuen: birpentsatzera eta ondorioen arabera jokatzera. Gure ustez, memento honetan erakartzen gaituena zera da: ikastolako taldeen barruan sortzen den egoera eta erlazio dialogikoa. Zeren testuinguru horretan, garenaren, gure ikastolan daukagunaren eta izan nahi dugunaren inguruko iritziak eman dira eta ezagutza areagotu dugu. Horrek ikastolako bizitzari bizi eta eraiki dugun guztia ematen jarraitzera bultzatzen gaitu, eta baita proiektu honekin segitzera ere. Izan ere, azken finean, prozesu honi zentzua ematen diona azken helburua da, hots, Hezkuntza Komunitate Dialogikoaren eraikuntza. Baina zein da lantzen ari garen Hezkuntza Komunitate Dialogikoaren ideia?
Hezkuntza Komunitate Dialogikoa bere hezkuntza zeregina gidatzen duen asmo bat eta balio batzuk partekatzen dituen komunitate bat da; hezkuntza eragile guztien arteko batasunean, koordinazioan, dialogoan eta elkartasunean oinarritzen da; proiektu kultural komun bat eraikitzen eta lantzen du; ekintza programen eta antolatutako egituren arabera eratzen da; lan egiteko modu arduratsuan eta dialogikoan oinarritzen da. Etengabe ikasten duen komunitatea da eta hausnarketa prozesu kritikoen bitartez egiten du hori. Horrek komunitate bezala duen zentzuan zentratzen eta argitzen laguntzen dio, eta baita hezkuntza arloan jokatu behar duen paperaren inguruan ere. Hezkuntza Komunitate Dialogiko batek ideia bat dauka ardatz bezala: eraldakuntza soziala, eta hori gauzatzeko egiten dute lan eragile guztiek.
Nola ari gara gerturatzen oraindik ere ametsa den Hezkuntza Komunitate Dialogiko horretara? Bizitzen ari garen prozesu honetan hiru etapa esanguratsu ikusi ditugu, eta horiek argi dezakete jarraitzen ari garen prozesua.
1- Hezkuntza eragileen gaitasuna onartzea
Esperientzia honen hasieratik oso garbi eduki dugu ikastolako kolektibo guztiek hartu behar dutela parte. Zeren pertsona guztiak hezkuntza eragile baitira eta bakoitzak modu ezberdin eta osagarrian laguntzen baitio ikastolako proiektu kulturalari.
Horregatik, beharrak antzematen hasi ginenean, eragile guztiok hasi ginen hausnarketan: nola ikusten genuen ikastola bere hezkuntza dimentsioan, bakoitzak nola ikusten zuen bere burua eragile bezala, nola ikusten zituen besteak eta egoera hori nolakoa izatea gustatu litzaiokeen. Norberak bere burua eta besteak ikusteko prozesu honek eta bere nahien irudikatzeak pertsonak non dauden eta kolektibo bezala prestakuntza planari erantzuteko zein behar dituzten "konturatzera" bultzatzen ditu.
2- Parte hartzea dialogoan oinarrituta
Dialogikoki lan egiteak eta hezkuntza komunitate dialogikoaren baitan lan egiteak esan nahi du ikastola dialogoan, horizontaltasunean eta demokrazioan oinarritzen dela eta lelo bat egi bihurtzen duela: isilik dagoenak ahotsa izan dezala eta hitz eginarazi diezaiela. Beraz, dialogoa gure esperientziaren gakoa eta oinarria da.
Dialogoa besteei entzutea, interpretatzea, gai bati berriz heltzea, zerbaiten inguruko ezagutza eraikitzea... eta eraldatzea da. Pertsonen arteko topagunea da, non egiten denetik abiatuta ezagutza eraikitzen den. Horrek guztiak errealitatearen irakurketa kritiko bat egitera eraman gaitu: ikastolak zer ginen, orain zer garen eta norantz goazen.
Eztabaida taldeetako bideratzaileak saiatu dira prozesuak dialogikoak izan zitezen bermatzen eta helburu zehatzen inguruko ezagutza modu kolektiboan eraikitzen.
3- Kultura parte-hartzailearekin berriz topatzea
Hezkuntza Komunitate Dialogikoa eraikitzea beste hezkuntza kultura ezberdin bat bultzatzea da. Ikastolan arlo sozialari, kulturalari eta gizatiarrari lehentasuna ematea esan nahi du, horrek sorreran zuten konpromiso sozialerako izaera eta ekintza askatasuna ematen dielarik. Ikastolen nortasun kulturalarekin topatzen gara berriz.
Hausnarketa prozesuak hezkuntza zentro bezala daukagun zentzua eta ematen ari garen erantzuna aztertzea ekarri digu. Ondorioz, ikastolaren sorreran genituen oinarrizko balioekin topatu gara berriz. Balio horien kontzientzia hartu dugu, baina talde txikitan, eta oraindik ikastola osora zabaldu gabe dago. Bide hori egiteke dago. Badakigu gure lehen lana ikastolako gainontzeko kideengana zabaltzea dela, eta horrela, poliki-poliki instituzioen osotasunean ezartzen joan. Zeregin horri zabalkuntza eta instituzionalizazioa deitu diogu.
Badakigu zabalkuntza horrek ez duela informazio hutsa izan behar; eredu, modu eta kontzeptuak alderatu, partekatu eta zabaldu behar dira. Lan egiteko kultur eredu ezberdinak ezartzen -instituzionalizatzen- lagundu behar dute, gure kasuan jatorri dialogikoa duen eredua. Horretarako, benetako egoera komunikatiboak sortu behar ditugu. Zentzu horretan, badakigu horrek bi gauza eskatzen dituela: alde batetik, taldean erabiltzen ari garen mekanismoak ikastola osoan ezartzea; eta bestetik talde horretan daudenek prozesuaren kontzientzia hartzea beste taldeetan bultzatu ahal izateko. Komunikazioak erakutsiko digu zer eta nola egin zabalkuntza. Beste modu batera, lehen urratsa proiektua partekatzea da, eta bigarrena instituzioen dinamikan eragina izatea Hezkuntza Komunitate Dialogikoaren oinarrizko printzipioek funtziona dezaten.
Urretxu-Zumarraga ikastolako esperientzia
Urretxuko ikastola duela lau ikasturte murgildu zen Hezkuntza Komunitate Dialogikoen proiektuan. Ikastolen Elkartetik jaso zuten haren berri; ikastolaren prestakuntza beharrak detektatzeko modu berri bat bezala planteatu zitzaien eta proiektuan sartzeko erabakia hartu zuten.
Horrela, lehenengo ikasturtean prestakuntza beharren antzematea egin zuten. Gurasoak, irakasleak, langile ez irakasleak eta zuzendaritza taldeko kideak elkartu ziren eta ikasleek kontrol taldea osatu zuten. Denek esandakoa bildu ondoren, ikastolaren beharrak zein ziren ikusi zuten.
Bigarren ikasturtetik aurrera behar horietako bati heldu zioten: barne araudiaren lanketa edo berrikusketa. Eta horrekin hiru ikasturte pasa dituzte.
Gurasoak, irakasleak, langile ez irakasleak, ikasleak eta zuzendaritza taldeko kideak elkartu eta hainbat bilera egin dituzte hiru ikasturte hauetan zehar. Bilera horietako zuzeneko protagonista izan direnekin mintzatu gara beren esperientziaren berri jakiteko.
Mertxe Serna
Zuzendaritzako taldeko kidea
Zuzendaritza taldeko kide bezala, zein da zure funtzioa bileretan?
Nik bileretan hitz egiten den guztia jaso eta idazten dut, baina ez ohiko moduan. Aktak jasotzen ohituta gaude, hau da, laburpenak, eta gure kasuan esaten den guztia idatzi eta interpretatzen da. Alde batetik atzean gelditu dena edo esandako hitzekin adierazi nahi izan dena ateratzen eta idazten da. Eta bestetik erantzunak normalean arrazoituak izaten dira, hau da, norbaitek zerbait esaten badu, hori zergatik esan duen galdetzen zaio.
Zer aldaketa nabaritu duzu zuk lan egiteko modu berri honekin?
Niretzat gauza berria izan da. Bileretan denek hitz egiten dute eta bukaeran egiten diren balorazioak oso onak izaten dira.
Bestalde, zuzendaritzaren ikuspegitik, beste zenbait gai lantzeko modu bat ekarri digu. Irakasleengana, gurasoengana, langile ez irakasleengana eta ikasleengana goazenean, jada beste ikuspegi batekin goaz.
Estilo aldaketa ekarri du. Lehenagotik ere badakigu denok garela ikastetxeko partaide: gurasoak, ikasleak, irakasleak, langile ez irakasleak... Baina nolabait hierarkizatuta dagoen zerbait da. Eredu honetan hori saihesten saiatzen gara. Norbaitek beste batek baino ardura gehiago izan dezake, baina erabakiak denon artean hartzen saiatzen gara. Gero eta gehiagotan galdetzen dugu: "zuk zer uste duzu? Zuk zer pentsatzen duzu?".
Datozen lau urteetako plan estrategikoa modu honetan landu nahi dugu: gurasoekin, irakasleekin, ikasleekin... erabaki nahi dugu nolako ikastola nahi dugun.
Orain arteko bilerak talde txikitan egin dituzue. Ikasleen bilerak, gurasoen batzarrak, klaustroak eta abar metodologia horrekin egingo diren unea iritsiko al da?
Kopuruak asko mugatzen du. Adibidez, klaustroan 80 irakasle inguru biltzen gara eta zaila da denak hizketan jartzea. Gainera, bilera handi horiek normalean informatibo hutsak izaten dira. Orduan, horiek bere horretan matentzen ditugu, informatzeko, talde txikiagoetan biltzen gara gauzak egiteko, eta horietan saiatzen gara estilo berria zabaltzen.
Horrek, ohitura bilakatzen den heinean, islarik eduki al lezake eguneroko lanean?
Hala beharko luke. Aurten gure praktika pedagogikoaren inguruko hausnarketa egiteko asmoa dugu: nola ematen ditugun eskolak, nola sentitzen garen, ikasleek nola ikusten gaituzten... Eta hor ikasleen iritzia funtsezkoa da. Izan ere, beraiek dira gure jarduera nagusia eta garrantzitsua da haiek gu nola ikusten gaituzten jakitea, zer esana badutela jakitea, irakaslea edukien transmisore hutsa ez dela jakitea, guztien arteko elkarreragina dagoela jakitea... Hori litzateke idealena. Zertara iritsiko garen? Ez dakigu, baina buruan hori darabilgu.
Amaia Arrospide
Ikaslea
Nola hartu duzue parte ikasleok Hezkuntza Komunitate Dialogikoetako bilera hauetan?
DBHko eta Batxilergoko ikasleok hartu dugu parte, maila bakoitzetik pare bat ikaslek.
Lehenengo aldia izan da horrelako bilera batzuetan parte hartu dugula. Zuzendariak gaia planteatzen du eta ondoren bakoitzak pentsatzen duena esaten du, mementoan ateratzen zaiona, aurretik prestatuta eraman gabe. Ikuspegi desberdinak ateratzen dira eta denak errespetatzen dira.
Metodologia ona iruditzen al zaizue?
Bai, ikasleok gure iritzia emateko aukera ematen digulako. Dena dela, hasieran zaila egiten da lotsa sentitzen duzulako edo edozer gauza esateko beldur zarelako, baina denborarekin hori gainditu egiten da eta konfiantza sortzen da.
Sistema hori gelara ere zabaldu beharko litzatekeela uste al duzue?
Bai. Guk normalean gelako lagunei bilera horietan hitz egiten dugunaren berri ematen diegu, baina gehiago zabaldu beharko litzatekeela uste dut. Izan ere, ni gelako beste ikasleen ordezkari bezala joaten naiz, baina haiek eta nik iritzi desberdina eduki dezakegu. Haiena ezagutzea ere garrantzitsua iruditzen zait.
Tutoretza orduetan sistema hori erabiltzeko proposamena egin genuen, baina oraindik ez gara hasi.
Jesus Mari Kerejeta
Gurasoa
Guraso bezala, nola bizi izan dituzu orain arteko bilerak?
Guraso asko ez gara hezkuntza gaietan adituak eta kosta egiten zaigu horrelako bileretara joatea. Nik uste dut horrelako bilerak modu serioagoan, jende intelektualarekin egin daitezkeela, baina guk egindako bileretatik ateratako adina gauza ez lirateke aterako agian. Hau da, helburua ez zen jende adituarekin biltzea, gurekin baizik. Izan ere, zuzendariak gure iritzia jakin nahi zuen, hori zen eta da garrantzitsuena beretzat.
Egiten diren bileretan zuzendariaren koordinazio lana edo gidaritza funtsezkoa iruditu zaizkit, horrek egin baitu bilerak beste modu batekoak izatea.
Eta zer daukate, bada, desberdina bilera hauek?
Zuzendariak galderak ekartzen ditu, berak galdetu egiten du eta guk erantzun, baina asko pentsatu gabe, burura etortzen zaiguna esanez. Dena modu naturalean egiten da, lasai, eta hori garrantzitsua da, alegia, bakoitzak pentsatzen duena lasai esatea. Bestela, "zer esango ote dut?" pentsatuz egon ohi gara, eta kasu hauetan ez da horrelakorik gertatzen.
Modu horretan, gauza askotaz hitz egiten da eta hor garrantzitsua da zuzendariak daukan dinamizazio gaitasuna eta gauzak bideratzeko daukan abilezia. Pertsona batek esandako guztia idatzita biltzen du. Askotan badirudi ezertaz ez dugula hitz egin, baina irakurri ondoren konturatzen gara ez dela hala izaten, gauza asko ateratzen direla.
Eta beste berrikuntza bat ikasleekin, irakasleekin eta zuzendaritzako kideekin elkartzearena da, orain arte ez baikenituen elkarrekin bilerak egiten.
Gema Lasa
Irakaslea
Nola hartu duzu parte Hezkuntza Komunitate Dialogikoen proiektuan?
Nik irakasleen ordezkari bezala hainbat bileretan parte hartu dut gurasoekin, ikasleekin, ez irakasleekin eta zuzendaritzako kideekin batera. 15 inguru elkartzen gara eta orain arte barne araudiaz hitz egiten jardun dugu.
Zer da bilera horietan eta aurretik egin ohi zenituzten bileren artean topatu duzun alderik nabarmena?
Aldaketa metologian eta sortzen den giroan sumatu dut. Lehenengo egunetik hasita biribilean eseri ginen eta arduradunak gaia azaltzearekin batera nola lan egingo genuen azaldu zigun. Argi eta garbi utzi zigun hasieratik guztion hitza entzun nahi zela. Guztiok nahitaez gure iritzia azaldu beharra izaten dugu eta horretarako arduraduna edo moderatzailea zuzenean zuzentzen da guztiongana, "zer pentsatzen duzu horretaz?" eta antzeko galderak eginez. Orduan, zerbait esan beharrean aurkitzen zara.
Eta hori ez al da gogorra egiten?
Ez, inolaz ere ez. Zeren sortzen den giroa lasaia baita eta horrek erraztu egiten baitu. Bestalde, denon arteko berdinatasunean oinarraitzen gara eta hori oso garrantzitsua da. Beste zenbait lekutan karguak edo adinak pisua eduki dezakete, baina hemen mundu guztiaren hitza entzuten da, eta alde horretatik, pertsonalki baloratuago senti zaitezke. Memento batzuetan zerbait esateko beldur baldin bazara, gaindituarazi egiten dizu. "Nire hitza kontuan hartzen da" pentsatzen duzu eta horrek hitz egitea errazten du. Denok maila berekoak gara eta denen iritziek garrantzi bera dute.
Lasaitasunez hitz egitea asko baloratzen da. Askotan, irakasle izan arren, klaustroetan partaidetza eskasa izaten da eta ez dute denek hitz egiten; batzuetan besteek esan dutenarekin identifikatuta sentitzen zarelako eta beste ezer esan beharrik ez duzulako sentitzen, eta beste batzuetan ausartzen ez zarelako. Bilera hauetan ez da halakorik gertatzen. Eta gainera, gauza interesgarriak entzuten dira, normalean hitz egingo ez luketenek esaten dutena ere interesgarria izaten delarik.
Nola eraman liteke hori eguneroko lanera?
Bakoitzak saiatu beharko luke beste leku eta mementotan giro hori lortzen. Oraindik ikastola osoan orokortu ez bada ere, zenbait unetan hasi da zabaltzen. Esate baterako, joan den astean bilera bat egin genuen eta sistema edo metodologia hori erabili genuen. Hasieran pixka bat kosta zitzaigun, baina ordu eta erdi inguru pasa ondoren gauza pila bat atera ziren. Bukaeran denok balorazio ona egin genuen eta sentsazio onarekin gelditu ginen.