Kronika

2003-03-01
 
 
Aisialdian euskararen erabilera sustatzeko hitzarmena sinatu dute Ikastolen Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzak. Euskal Herri osoko 14 ikastolen hartuko dute parte proiektu berri honetan eta 2003 eta 2004. urteetan garatuko da. Hasieran Arabako eta Bizkaiko seina ikastola, Gipuzkoako lau, Iparraldeko bi eta Nafarroako bat izango dira ekimena abian jarriko dutenak, baina esperientzia ondo ateratzen baldin bada, eskola sare osora zabalduko dutela iragarri dute bultzatzaileek.
Proiektuaren helburua da gazteen artean euskararen erabilera bultzatzea eta horretarako hezkuntza alorrean eta udaletan euskara sustatzeko dauden plangintzak lotu nahi dira. Ikastetxeetan ikasitakoa aisialdian erabiltzeko aukera eman nahi zaie gaztetxoei.
Proiektuak 440.590 euroko aurrekontua du. Eusko Jaurlaritzak %60 bere gain hartu du eta Ikastolen Elkarteak %40.


Eskolak euskaldundu egin behar duela eskatu dute berriro
Eskolak euskaldundu behar du leloarekin elkarreratzeak egin ziren otsailaren 14an Baionan, Gasteizen eta Iruñean. Erakunde ugari izan ziren elkarreratzeko deia egin zutenak: ELA, LAB, Ikasle Abertzaleak, Sortzen-Ikasbatuaz, Euskal Herriak Bere Eskola, Euskal Herrian Euskaraz, Seaska, AEK eta IKA.
Baionan bildutakoek adierazi zuten "Euskal Herria hiru administraziotan zatitua egon arren, hiruretan euskaldun osoak sortzeko gai den bakarra D eredua dela". Baionako Suprefeturaren aurrean elkartu ziren "euskaldunduko duen hezkuntza sistema baten alde egiteko" eskatzeko. Horrela, "eskola euskalduna eraikitzeko borondatea" eskatu zuten.
Gasteizko elkarreratzearen amaieran ELA sindikatuko kide Ruben Espino mintzatu zen eta adierazi zuen "hezkuntzak ez duela bermatzen pertsona guztiek beren herriko hizkuntza jakiteko eskubidea". Zentzu horretan, eskola bukatutakoan milaka ikaslek euskara ez dakitela salatu zuen. Halaber, azken 20 urteotan euskararen ezagutzak ez duela aurrera egin adierazi zuen, eta ondorioz euskararen iraupena ez dagoela ziurtatuta.
LAB sindikatuko Belen Zabalak gaineratu zuen euskara Europako hizkuntza zaharrena dela eta euskara jakitea eskubidea dela.
Iruñeko elkarreratzeari dagokionez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailaren aurrean hasi zuten. Bukatu, ostera, errepidearen beste aldean bukatu zuten, Foruzaingoak bidali egin baitzituen.
Sortzen-Ikasbatuaz erakundeko kide Kristina de Andresek azpimarratu zuen gaur egun Euskal Herriko eskolek ez dutela bermatzen euskaraz jakitea. Nafarroako Gobernuari hizkuntza normalizazioa lortzeko "plan serio bat" eskatu zion. Euskal Herriak Bere Eskola herri ekimenaren izenean Nestor Esteban mintzatu zen eta azaldu zuen "ereduen politika gainditu eta euskalduntzea bermatuko duen eskolaren aldeko apustua" egiten dutela.
Eskaera horiek guztiak agiri batean bildurik Hezkuntza eta Kultura Saileko erregistoran aurkeztu zituzten.


Iruñerriko D ereduko ikastetxeak elkartu egin dira
Iruñerriko D ereduko 14 ikastetxe Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendaritzakideen Elkartean (NIZE) bildu dira. Sortu berri den elkartearen xedea da ikastetxe gehiago biltzea bertan. Nafarroako D ereduko ikastetxe publiko guztiei egin die bertan parte hartzeko deia.
Nahiz eta elkartearen helburuak guztien artean zehazten joango diren, hiru ildo nagusi adostuta dituzte. Lehenengoa hezkuntza eskaintza hobetzea eta baliabide teknikoak gaurkotzea eta zabaltzea kalitatea hobetzeko asmoz. Bigarrena erakundea zuzendaritza taldeetako kideen ordezkari izatea, administrazioaren eta beste erakundeen aurrean, partaideen iritziak, interesak eta egitasmoak bideratze aldera. Eta hirugarren ildoa Nafarroako euskararen irakaskuntza bultzatzea da.
Elkartea sortzeko arrazoia garbia izan da: D ereduko ikastetxeetako zuzendaritza taldeko kideek elkartzeko beharra n abaritu zutela besteen iritziak ezagutzeko eta erabaki bateratuak hartzeko hainbat gairen inguruan. Esate baterako, ordutegiei buruzko dekretuak edo ingelesaren irakaskuntza goiztiarraren ezarpenak kezka sortu zuen ikastetxe hauetan eta gainontzeko kideekin elkartzeko premia nabaritu zuten.
Nahiz eta elkartea legalki orain sortu, 1999-2000 ikasturtean egin zituzten lehen urratsak eta bertako kideek positibotzat jo dute orain arteko esperientzia. Besteak beste, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Saileko arduradunekin bilerak egin dituztenean aintzat hartu dituztela adierazi dute, eta pozik daudela.
NIZEren beste ekimen bat aurrematrikulazio kanpaina elkarrekin prestatu izana da. Euskarazko eskola publikoaren aldeko kanpaina egin zuten.
Elkartearen hurrengo bilera martxoaren 19an izanen da eta kide berriak gehituko direla iragarri dute, atxikimendu ugari jaso baitituzte dagoeneko.
Bestalde, Ikasle Abertzaleak erakundeak hizkuntza eskubideen eguna ospatu zuen otsailaren 26an. Hizkuntza eskubideen bortxaketak herrialde guztietan gertatzen direla salatzeko manifestazioak, kontzentrazioak, parodiak eta bestelako aldarrikapenak egin ziren Euskal Herriko hainbat herri eta hiriburutan.



Azken urteotan ahalegin handia egiten ari da Seaskak ahalmen urriko haurren integrazioa lortze aldera . Oraingoan, laugarren aldiz, Seaskako Integrazio Batzordeak kanpaina berri bat jarri du abian. Kanpaina horren barruan, ekitaldi nagusia martxoaren 8an izanen da. Integrazioaren sei orenak izena jarri diote eta Euskal Irratietan eginen dute.
Horrez gain, diru laguntzak emateko hiru aukera jarri dituzte: partaide izanez eta diru laguntza zuzena emanez, elkarte eta enpresa moduan diru laguntza emanez, eta ekimen bereziak antolatuz eta bertako dirua Integrazio Batzordeari emanez.
Seaskak ahalmen urriko haurrak integratzeari ekin ziotenetik haur kopurua haziz joan da, eta dagoeneko hamar dira ikastoletan integratuta dauden ahalmen urriko haurrak.
Hazkunde horrek aurrekontuaren igotzea ere ekarri du. Iazko aurrekontua 18.000 eurokoa zen, eta aurtengoa 30.000 eurokoa. Seaskan dauden hamar haurretatik bik baino ez dute Frantziazko Hezkuntzaren laguntza jasotzen, eta horrek, kostuak izugarri igotzen ditu. Dena dela, Seaskak haur horiek eskolatzen eta integratzen jarraitzeko erabaki irmoa hartua du. Izan ere, bera da euskaraz eskolatzeko aukera bakarra eskaintzen duena. Zentzu horretan, azken lau urtetan frogatu dute zailtasunak dituzten haurrak bigarren hizkuntzan heztea posible dela, eta ikasleentzat ez ezik, gurasoentzat, irakasleentzat, eskolarentzat eta, oro har, gizartearentzat onugarria da hori.