Euskal Herriak Bere Eskola herri ekimenak urrats berri bat eman du

2003-03-01
 
 
Euskal Herriak Bere Eskola herri ekimenak antolatutako Mintegi Nazionalean 200 lagun inguru bildu ziren urtarrilaren amaieran Zarautzen."Urrats berriak emateko garaia" lelopean ospatu zen mintegia, eta leloak zioena egi bihurtu zen. Ikasleak, irakasleak, gurasoak, herritarrak, ikastetxe batekoak zein bestekoak, Haur Hezkuntzakoak zein unibertsitatekoak, guztiak bildu ziren lan egiteko gogoz. Antolatzaileen esanetan mintegia arrakastatsua izan zen, partaidetza aldetik aurreikuspen guztiak gainditu zituztelako, eta eduki aldetik aberatsa izan zelako.

Antolatzaileek mintegia mugarritzat hartzen dute hainbat zentzutan: batetik Euskal Herriak Bere Eskola ekimenaren antolaketa eta abian jartzea ziurtatu zituelako; bestetik kanpotik begira zeuden askoren sinesgarritasuna handitzea lortu zuelako; hirugarrenik, aurrera begira burutzeko ekimenak zehaztu zirelako; eta azkenik, irakaskuntzako eragile guztiak elkartu zirelako.

Euskal hezkuntza sistemak dituen erronkei buruz aritu ziren bost lan taldetan banaturik. Horietako bakoitzean bi txosten aurkeztu ziren (bata teorikoa eta bestea praktikoa) eta hainbat adibide eman ere bai.

Euskal eskolak euskal curriculuma izeneko lan taldean bildu zen jende gehien, eta txostenak aurkezteaz eta horien inguruan eztabaidatzeaz gain, aurrera begirako zenbait ekintza zehaztu ziren: erosotasunari, ohiturari eta utzikeriari aurre egitea eta curriculumaren afera mahai gainean jartzea, jazarpen legalari aurre egitea (errebalida, Humanitateen dekretua eta abar) eta euskal curriculumaren aldeko atxikimendu kanpaina indartsua antolatzea.

Euskal unibertsitatea langai zuten taldean Euskal Herriak unibertsitate propioa izateko eskubidea aldarrikatu zen, eta horren haritik, Euskal Herriak Bere Eskolak euskal unibertsitatearen aldeko kanpaina bultzatzea erabaki zen. Kanpaina hori Euskal Herriak Euskal Unibertsitatea ekimenarekin batera eramango da aurrera, zeina azken hilabeteetan unibertsitateko hainbat eragilek sortu duten ekimena den. Kanpaina unibertsitatean zein herrietan egingo da eta ekintzen artean sinadura bilketa, euskal unibertsitatearen aldeko egunak, propaganda eta abar aipatu ziren.

Lanbide eskola euskaraz izeneko taldean Lanbide Heziketa euskalduntzeak duen garrantzia eskualdez eskualde gizarteratzeko beharra azpimarratu zen. Zentzu horretan, "ageriko kasuetan" (esaterako, ikasleriaren gehiengoa euskalduna den nekazal eskoletan) herri borroka indatsua antolatzea proposatu zen. Eta "ezkutuko kasuetan" (ikasle euskaldunak ikastetxe ezberdinetan barreiatuta dauden kasuetan) eskaria identifikatu, euskaldundu beharreko moduluak zehaztu eta euskaraz eskain daitezen aldarrikatu behar dela gaineratu zen.

Haur eskolak ere aztergai izan ziren beste lan talde batean. Kasu honetan, herriz herri haur eskola hezitzaile, euskaldun eta herritarraren aldeko apustua egingo du Euskal Herriak Bere Eskolak. Era berean, Euskal Herri osoa oinarritzat hartuz, hurrengo hilabeteetan ekimen nazionalak egitea aurreikusi zen.

Eskolak euskaldundu behar du lan taldean oraindik ere derrigorrezko hezkuntzan euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzen aritu beharra salatu zen. Eskolak euskalduntzea bermatu behar duela garbi adierazi zen, eta zentzu horretan herriz herri egiteko hainbat ekimen zehaztu ziren: eskolak euskaldundu ez dituen herritarrak biltzea eta antolatzea, hitzarmena bultzatzea, euskalduntzen duten ikastetxeen aldeko kanpaina bultzatzea, euskara erabiltzeko konpromisoak bultzatzea, etorkinek euskalduntzeko duen eskubidearen alde egitea... Era berean, derrigorrezko hezkuntzan euskaraz ikasteko eskubidea urratzen den kasuetan hori aldatzeko neurriak hartuko direla gaineratu zuten.