Eskola barneratzailea, euskara barne?

2003-11-01
Eskola barneratzaileak gizarte barneratzailea lortzen lagundu beharko luke, bigarren honek lehenengoa lagundu beharko lukeen bezala. Horretarako, gizarte barneratzailea herri proiektu gisa ongi zehaztuta izatea ezinbesteko baldintza litzateke.
 
 
"Guztientzako eskola" biltzarra ospatu berri da Donostian. Bertan, "eskola barneratzailea" maiz aipatu da. Baina, zer eskola mota da hori?

Eskola barneratzaileak hezkuntzarako eskubide berdintasunean oinarrituz, ikasle guztien ikaste prozesua era aktiboan eta parte hartzailean antolatu behar dela esan nahi badu, legeak eta bitartekoak beharko dira eskola mota hori sustatzeko. Baina, orokorrean, hartzen ari diren instituzio neurriak norabide horretan al doaz?

Alemanian, Frantzian, Italian eta abarretan gastu publikoa murrizteko hartu diren erabakiek eragin zuzena izango dute eskolan, kalterako eragina, zoritxarrez. Eta Espainian, aurrekoen ildo beretik, Kalitate Legea da ezartzen ari dena.

Kalitate Legeak pedagogia atzerakoia indartuz, ikasleak hautatzen eta sailkatzen ditu, eta behar handiena dutenak baztertzen ditu. Nola egin liteke eskola barneratzailea legedia baztertzailea denean?

Oro har, Euskal Herritik kanpo hartzen diren neurriek asko baldintzatzen dute gure jarduera. Jakina da Martin Ugalde kultur parkearen kontra egindako erasoak, era batean edo bestean, euskalgintza osoa baldintzatzen duela; eta baita ere Parisko eta Madrilgo gobernuek ezartzen dituzten legeek Euskal Herriko hezkuntza baldintzatzen dutela.

Hala eta guztiz, askotan erakutsi du Herri honek iniziatiba eta irudimena badituela, baita lanerako prestutasuna ere. Legeek asko laguntzen ez badute ere, gure eskola guztiena izateko lanean aritu gara. Zentzu horretan, sentsibilitatea erakutsi da, kontzientziazioa handitzen ari da, eta behar bereziak dituztenei laguntzeko ahalegin handiak egiten ari dira. Baina, Herri honek, Herri gisa, zehazturik al du etorkizunari begira bere eskola barneratzaileak nolakoa izan behar duen?

Guk, barneratzea errazteko, hizkuntza gaitasunak paper garrantzitsua jokatzen duela uste dugu. Gaur egun, Euskal Herriko ikasle guztiek frantsesa edo gaztelania ongi dakitela bukatzen dute derrigorrezko hezkuntza. Gutxiengo euskara maila, ordea, euskaraz ikasten dutenek soilik lortzen dute.

Hizkuntzen arteko desoreka handia da. Normalizazioa lortu nahi bada, eta ikasleak eskubideetan berdinak izatea nahi badugu, ez al du eskolako hizkuntzak euskara izan behar?