Kronika

2003-11-01
 
 
"Etorkinak", "atzerritarrak", "hizkuntza ereduak", "dimisioa", denak nahastu dira urriko azken egunetan. UGT sindikatuak etorkinen integrazioa bultzatzeko orientazio gisa Hezkuntza Sailak EAEko ikastetxeetan zabaldutako idatzi bat kritikatu du, euskal autonomia erkidegokoa ez beste hezkuntza sistematik etorritako ikasleak "etorkin" izendatzen zituelako. Anjeles Iztueta Hezkuntza sailburuak berehala erantzun du zera esanez: "migrazio fluxuak beti izan dira, kontzeptu demografiko eta estatistiko bat da hori, eta Eusko Jaurlaritza proposatzen ari den etorkinentzako harrera politika eta hezkuntza sistema hor kokatzen dira".
PPk eta PSOEk zentsura mozio bana aurkeztu dute Iztuetaren jarrera gogor kritikatuz. Espainiako Hizkuntza Akademiak, bestalde, "etorkin" hitzaren erabilpena zuzena dela adierazi du, eta beste hainbat komunitate autonomotan eta liburuetan ere "etorkin" deitzen zaie beste lurralde eta komunitateetatik etorritakoei.



Seaskaren eskaerek bete gabe jarraitzen dute
Protestak eginez hasi zuten urria Seaskako irakasleek eta gurasoek eta oraindik ere hala jarraitzen dute. 93. irakasle postua hitzeman zitzaien arren, oraindik ez diete eman eta euren aldarrikapenarekin sendo segitzen dute: 93. lanpostua eta euskarazko irakaskuntzarentzako legezko koadroa eskatzen dituzte.
Iazko udan Akademia Ikuskaritzarekin 93 lanpostu hitzartu zituzten ahoz, baina ez zuen hitza bete. Azken protestaldian 250 lagun bildu ziren Baionan, Donapaleun, Donibane Lohitzunen eta Uztaritzen, "Hitza hitz, emandako hitza errespetatu" eta "Kasu, ikastola kexu" zioten pankarten atzean.
Parisen biltzekoak ziren Frantziako Hezkuntzarekin, baina hitzordua atzeratu egin da eta azaroaren 12an elkartuko dira. Seaskako arduradunek aditzera eman dutenez, elkarrekin aterabide bat atzemateko erabili nahi dute bilkura hori, hots, ez dute Paristik esku hutsik itzuli nahi.
Akademia Ikuskaritzako suprefetak azaldu izan die "estatuaren maila gorenean ez dagoela murgiltze eredua arriskuan ezartzeko borondate politikorik", baina Seaskako arduradunek zalantzak dituzte. Izan ere, euren gutxieneko eskakizunei ez erantzutea eraso bat bezala hartzen dute.
Akademia Ikuskaritzarekin biltzeaz gain, Bordeleko Errektoretzan ere bilduak dira. Han bigarren mailarako falta ziren orduak ematea eta irakasleen formazioa bideratzea onartu zien errektoreak. Lehen mailako eskaria, ordea, bere horretan gelditu zen.
Gauzak horrela, 93. lanpostua onartu arte eta murgiltze ereduari behar adinako bermea eman arte presioa mantenduko dutela adierazi dute Seaskako arduradunek.
Nafarroan, bestalde, hezkuntzako sindikatuek egin beharko dute presioa. Izan ere, UPNko parlamentariek Ganberan euren iritzia ematea eragotzi die. Sindikatuok hizkuntzen inguruko dekretuaren gainean duten kezka adierazi nahi zuten, Europar Batasuneko hizkuntzei ateak irekin baitizkie, baina euskararen garapena moztuz.



Irunberri, Biana, Lodosa eta Tuterako ikastolak egoera larrian dira
Nafarroako eremu ez euskaldunean dauden lau ikastolak ekonomikoki egoera larrian daude, oraindik ez baitute aurten dagokien diru laguntzarik jaso Nafarroako Gobernutik.
Pasa den martxoan onartu zen Nafarroako Parlamentuan ikastola horientzako diru laguntzen legea. Horrela, ikastola guztiek legeztatzeak eskatzen dituen gutxieneko baldintzak bete bitartean, orain arte bezala kobratzea erabaki zen.
Praktikan, ordea, Hizkuntza Politikarako Zuzendaritzak ez du hala jokatu. Diru laguntzak eskuratu ahal izateko ohikoak baino agiri eta dokumentu gehiago eskatu dizkie ikastolei, hala nola, ikastetxeko instalazioen planoak, ikastetxeko arduradunak sinatutako asteko irakaslanaren orria, nominen fotokopia konpultsatuak, familia liburuko inskripzioaren fotokopia konpultsatuak, zentroko curriculumak, ikasleen eskola liburuetako 6. eta 7. orrialdeak eta abar. Neurrigabeko eskakizunak dira, orain arte ez baitzaio inongo itunpeko ikastetxeri eskatu horrelakorik. Paper guztiak emanda ere, azaroan aurtengo diru laguntzen %75 baino ez luketela kobratuko adierazi dute ikastoletako arduradunek. Nolanahi ere, oraindik ez dute zentimorik ikusi.
Aralar alderdi politikoak Luis Campoy Hezkuntza kontseilariaren agerraldian eskatu du Parlamentuan, "egoera ez euskalduneko ikastolen egoera larriaren berri" eman dezan. IUk ikastola horiek jasaten duten jazarpena salatu du eta hori "jasanezina" dela nabarmendu du.
Guztira 500 ikasle eta 60 irakasle dabiltza Irunberri, Biana, Lodosa eta Tuterako ikastoletan, eta euren etorkizuna kolokan jartzen du egoera honek.
Nafarroako Gobernua ezezik, badirudi eguraldia ere kontra dutela ikastolok. Izan ere, Irunberriko ikastolak antolatu du aurtengo Nafarroa Oinez, eta bertan behera gelditu zen eguraldi txarraren eraginez. Hori dela eta, Euskal Herri osoari egin diote dei eraikin berria egiteko diru laguntza eman dezan. Oraindik ere garaiz laguntza hori eman nahi duena.



"Urte sabatikoa" aukeran izango dute datorren ikasturtetik aurrera EAEko irakaskuntza publikoko funtzionarioek. Eusko Jaurlaritzak eta EILAS, ELA eta LAB sindikatuek irailaren 25ean lortu zuten akordioa eta abenduan argitaratuko da. Beraz, 2004-2005 ikasturtean ezarriko da martxan.
Akordioaren arabera, formula hau aukeratzen duen irakasleek bost urtetan soldataren %84 kobratuko dute; lau urtetan egingo dute lan eta bosgarrena libre hartuko dute. Hala ere, aktibo mantenduko dira eta gainontzekoek dituzten eskubide sozial eta laboralak ez dituzte galduko.
Hiru sindikatuek adierazi dutenez, "banaketa partzialeko urtebeteko lan baimen" honek lan poltsa irekiko du, langileria gaztetuko du eta sare publikoko irakasleen osasunari on egingo dio. Jubilatzeko gertu dauden irakasleei ere aukera emango zaie, eta eskaera egin dutenei atzera egiteko aukera emango zaie arrazoi justifikatuak baldin badituzte. Dena dela, formula hau funtzionarioentzat soilik izanen da, langile laboralak eta interinoak kanpoan uzten dituelarik.
Neurri "berritzailea" dela adierazi dute sindikatuek, eta gainontzeko lekuetan interes handiz hartu dutela. Horrelako neurriak hezkuntzan ez ezik, beste sektoreetara ere zabaldu beharko liratekeela uste dute, lan banaketa ekarriko lukeelako.
Behin abenduan akordioa argitaratu ostean, urtarriletik maiatza bitartean interesa duten irakasle funtzionarioek izena emateko aukera izango dute eta datorren ikasturtetik aurrera hasiko dira lizentzia berriarekin.