ADARRA Pedagogi Erakundea:

2003-11-01
Euskal irakaskuntzan urte batzuk daramatzan edonork ezagutuko du Adarra Pedagogi Erakundea. 70eko hamarkadaren amaieran sortu zen eta 80ko hamarkadan izan zuen loraldia. Pedagogi berrikuntzaren inguruko hausnarketak eta lanak eskola elkarte osoari luzatzen zizkion Adarrak eta bere ahotsa Euskal Herriko eskola guztietan entzuten zen. Erreferentzia garrantzitsua bilakatu zen, eta horren lekuko dira udako jardunaldiak eta argitalpenak.

90eko hamarkadan bere presentzia publikoa apaldu egin bazen ere, lanean jarraitu zuen, eta aurten 25 urte bete ditu. Hausnarketa bat egin ondoren, oraindik bere lekua eta zeregina badituen erakundea dela erabaki zuten bazkideek eta bultzatzaileek, eta Adarrak aurrera jarraitu du. Begoña Lasa lehendakariak eta Trini Rubio idazkariak halaxe erakutsi digute.
 
 
Adarra Pedagogi Erakundeak 2003. urtean ospatu du bere 25. urteurrena. Erakunde horren sorrera trantsizio garaian kokatzen da, beraz. Nolako giroa bizi zen une haietan hezkuntzaren alorrean?

Bi garai bereizi beharko genituzke: Francoren diktaduraren garaia eta haren heriotzaren ondorengoa. Lehenengo etapan hainbat taldek ziharduen lanean, proposamenak eta alternatibak prestatzen, baina isilpean eta ezkutuan. Franco hil ondoren kaleratu ziren aurretik egosten ari ziren ideiak eta taldeak.

Zentzu horretan, Euskal Herrian irakaskuntzako profesionalek osatutako zenbait talde zeuden, eta batez ere bi hutsune bete nahian zebiltzan: sindikaturik eza eta maila politikoan sortzen ari zen eskola publikoaren alternatibarekin koherentea zen lerro edo ideia pedagogikorik eza. Talde horiek, hausnarketak eta eztabaidak egiteaz gain, irakasleentzako hainbat ekintza, ikastaro eta jardunaldi antolatzen zituzten. Euskal Herriko talderik esanguratsuetako bat Gordailu izan zen, besteak beste, irakasleentzako udako jardunaldiak antolatzen zituena.

Bizkaian Asociación de Maestros Católicos izeneko erakunde bat zegoen. Gu bertako bazkide egin ginen eta irakasle ikasketak bukatzen ari ziren edo bukatu berriak zituen beste asko ere bai. Erakunde horretaz baliatu ginen gure artean elkartzeko eta gure kezka pedagogikoez hitz egiteko. Ez zitzaigun gustatzen orduko eskola, aldatu egin nahi genuen, eta horretarako bildu beharra geneukan. Horrela, talde horrek babesa eman zigun eta han sortu ziren irakasleen lehen aldarrikapenak, bai pedagogikoak eta bai sindikalak. Hortik sortu zen STEE-EILAS sindikatua eta hark hartu zuen gai sindikalen ardura. Une hartan arlo pedagogikoko militantzia eta arlo sindikalekoa oso lotuta zeuden eta ideologikoki gure erakundea oso pluralista izan da beti. Elkartean gelditu ginenon ardurak pedagogiari lotuagoak zeudenez, arlo hori lantzen jarraitu genuen.

Horrela, 1973an antolatu genituen lehen jardunaldiak Bilboko apezpikutzan eta poliziak zapuztu egin zituen. 1974an, 75ean eta 76an Bilboko Errekalde auzoko ikastetxe publiko batean egin genituen eta 300-400 irakasle artean bildu ginen bertan.

Gipuzkoako Lizentziatuen Kolegioak ere berrikuntza pedagogikoa bultzatu zuen eta erreferentzia bilakatu zen Batxilergoko irakasleentzat. Araban Freineten inguruko talde bat zegoen eta hura bihurtu zen berrikuntzaren lehen plataforma. Nafarroaren kasuan bi mugimendu esanguratsu zeuden: Asociación Católica de Maestros (Bizkaikoaren antzeko eboluzioa izan zuena) eta Freinet taldea.



Talde horien artean harremanik ba al zegoen?

Nahiz eta ikuspegi desberdina izan, talde guztiek hainbat puntu zituzten komunean eta euren planteamenduen arteko gerturatze bat sortu zen. Horrela, 1977an denek elkarrekin antolatutako lehen jardunaldiak egin ziren Leioan eta hainbat helburu planteatu ziren. Lehendabizi, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako maila guztietako irakasleen topagune bat bideratzea, esperientzia metodologikoak eta didaktikoak trukatzeko; bigarrenik, euskal eskolaren helburuekin bat zetorren ildo pedagogikoan sakontzea; eta hirugarrenik, irakasleen artean zegoen kezka zabaltzea, hezkuntza sistema sakonean aldatzeko gai izango zen mugimendu pedagogiko baten oinarriak jarri ahal izateko.

Jardunaldi haietan talde pedagogiko bat sortzeko beharra ikusi zen eta hortik eratu zen Adarra. Orduan, 1977an erabaki zen Adarra sortzea eta 1978an estatutuak erregistroan entregatu ziren, nahiz eta asko kostatu. Izan ere, Euskal Herri osorako estatutuak zituen eta Madrilen onartu behar ziren. Han geldituta egon ziren, baina azkenean lortu genuen.



Zergatik ezarri zitzaion Adarra izena?

Euskaldunek antzina batak besteari deitzeko erabiltzen zuten komunikazio tresna adarra zenez eta guk ere elkarri deitu nahi genionez eta bildu nahi genuenez, hortik sortu zen. Ideia eta izena, biak gustatu zitzaizkigun.



Zein zen sorrerako helburu nagusia?

Elkartzea, esperientziak trukatzea eta eskola aldatzea. Batez ere azken hori: eskola aldatzea. Garai hartako eskolak orduko beharrei ez ziela erantzuten ikusten genuen eta aldatu egin nahi genuen. Orduko pedagogia tradizionala alde batera utzi eta haurrarengan zentratutako eskola nahi genuen. Antolaketa ere aldatu nahi genuen, aurrerapausoak baino atzerapausoak baitzekartzan. Eskolak ez zion gizarteari erantzuten.



Zein aldaketa aldarrikatzen zenituzten zehazki?

Lehenengo eta behin "hezi" egin nahi genuen, eta ez "irakatsi soilik". Gure dokumentuetan "heziketa" hitza agertzen da, hau da, guretzat eskola irakastea eta eduki batzuk ematea baino zerbait gehiago zen.

Haurrarengan, bere psikologian, interesetan, ingurunean eta errespetuan zentratutako eskola nahi genuen. Haurrak bere nortasuna garatzea zen garrantzitsuena, eta irakasleok laguntza eman behar genion. Haurrak ekintzen antolaketan eta bitartekoen sozializazioan parte hartzearen aldekoak ginen, bere autogestioa ahalik eta gehien garatu ahal izateko.

Desberdintasun guztiak (sexua, gaitasunak, klase soziala, arraza, ideologia...) alde batera uztea eta hezkidetza bultzatzea aldarrikatzen genuen. Zentzu horretan, gela "bereziak" kentzea, eskola doakoa izatea eta ideologikoki plurala izatea eskatzen genuen.

Dena dela, gure ezaugarri bat zera izan da: aldaketak bilatzea, baina beti alternatibak eta proposamenak bilatuz, ez kritikatuz soilik. Kritikan soilik gelditu gabe bideak bilatuz jardun gara beti: aldaketak zein printzipiori jarraitu behar zion eta zein esperientziatan oinarritu behar genuen proposatuz.



Orain, urte hauek guztiak pasatuta, helburu haiek bete direla uste al duzue?

Gauza asko aldatu dira, ikaragarri. Adibidez, garai hartan guraso elkarteak ez ziren existitzen. Are gehiago, gelako gurasoak biltzea debekatua zegoen. Guri ikastetxeko zuzendariak berak debekatu zigun. Pentsa gauzak zenbat aldatu diren! Baina gizartea ere aldatu egin da eta berrikuntza pedagogikorako mugimenduek ere aldatu egin behar dutela iruditzen zaigu. Uste dugu Adarraren nahiz pedagogi berrikuntzarako estatu espainiarreko beste mugimendu batzuen sorrerak gizarte jakin bati erantzuten ziola: gizarte industrialari. Gaur egun bestelako gizarte batean bizi gara, informazioaren gizartean, eta pedagogi berrikuntzarako mugimenduek aldatu egin behar dute.

Eskolako gauzak asko aldatu dira, baina gizartea ere aldatu egin da eta badirudi gizartea beti atzetik doala. Garai hartan uste genuen egoera politikoaren eraginez zihoala eskola atzetik, baina badirudi eskolaren patua beti aldaketa sozialen atzetik joatea dela.



Adarraren udako jardunaldiek arrakasta itzela izan zuten. Zergatik? Zer eskaini zuten?

Kontuan izan behar dugu garai hartan jardunaldi haiek zirela zeuden bakarrak; gauza berriak ikastera joan zintezkeen leku bakarra zen, hausnartzera eta eztabaidatzera joan zintezkeen toki bakarra, hezkuntzarekin lotutako gaiak lantzen ziren leku bakarra. Mota guztietako ikastaroak zeuden, hasi eskolaren funtzioari edo paperari buruzko hausnarketetatik eta saskigintzara arte. Alde batetik, edukia lantzen zen: Euskal Herriko historia, zeramika, irrati lantegia, psikomotrizitatea, matematika, filosofia... Eta bestetik, eduki horiek irakasteko metodologia eta didaktika: nola irakatsi gai horiek, gela nola antolatu talde txikitan, nola irakatsi irakurtzen...

Irakasleen etengabeko prestakuntza pedagogiako mugimenduen eskuetan zegoen. Abuztuko azken astean egiten ziren jardunaldiak, ikasturtea hasi aurretik eta Euskal Herriko hiriburuetan nahiz herrietan txandakatuz antolatzen ziren. Hasieran, 1977an, 1.000 lagun bildu ginen Leioan, eta 1980an Donostian egin ziren jardunaldietan 3.000. Hurrengo urteetan kopurua jaisten joan zen eta beste jardunaldi mota batzuk antolatzen hasi ginen.



Zer dela eta utzi zenioten udako jardunaldiak antolatzeari 80ko hamarkadaren bukaeran?

Jardunaldietara etortzen zen jende kopurua gutxituz joan zen, baina horrek ez gintuen kezkatzen, logikoki beste eskaintza batzuk sortu zirelako baitzen.

Pixkanaka-pixkanaka gauzak aldatuz joan ziren, ordea: Eusko Jaurlaritza sortu zen, hezkuntza eskuduntzak lortu zituen, errekurtsoen zentroak sortu ziren, irakasleen zentroak ere bai... Logikoki, instituzioak prestakuntza beren gain hartzen hasi ziren. Izan ere, irakasleen etengabeko prestakuntzak ez du zertan irakasleen erantzukizuna izan, instituzioena da erantzukizun hori. Modu horretan, eskaintza instituzionala handituz zihoan neurrian, gurea txikituz joan zen. Zeren, ez baitzuen zentzurik biek eskaintza bertsuak egiten jarraitzeak. Guk ideiak ematen eta eskaerak egiten genituen, baina eskaintza gutxituz joan ginen, nahiz eta Iraprest eta Garatu deialdietan ikastaroak eman. Horrekin batera eztabaidetan eta hausnarketetan zentratu ginen, hots, instituzioek egiten ez zituzten gauzetan. Aldaketa horrek, noski, gure presentzia publikoa ere gutxitu egin zuen. Administrazioak bere egitekoa bete ahala, gure ahotsa gutxiago entzun da eta barruko lanari garrantzi gehiago eman diogu kanpokoari baino.



Adarraren presentzia publikoa gutxitzeak eraginik izan al zuen bazkideen kopuruan?

Bai, baina ez horrek bakarrik. Zenbait gairen inguruan jarrera jakin bat hartu izanak ere bai, eta oro har, gizarteko mugimenduen beherakadak ere bai. 750 bazkide izatera iritsi ginen, eta gaur egun 300 gara.

Hasieran ibilbidea Bizkaian hasi eta Euskal Herri osora zabaldu bazen, denborarekin berriro Bizkaira mugatu da. Oraindik ere lau lurraldeetan ditugu bazkideak, baina besteetan Bizkaian baino askoz gutxiago.

Berrikuntza pedagogikorako mugimendu guztiei gertatu zaien bezala, garai batean denok gauza guztietan izena emanda geunden, eta gaur egun, aldiz, gurea bezalako erakunde bateko bazkide izatea eta parte hartzea gainbeheran dago. Dena dela, 30-40 laguneko nukleoa biltzen gara, eta ez da gutxi.



Zer eskaintzen du gaur egun Adarrak? Zentzurik ba al du?

Orain dela urtebete egin genuen hausnarketa hori, hau da, kolektibo bezala ea zentzurik ba ote genuen edota elkartu gintuzten zioek jada ez zeukaten zentzurik. Berrikuntza pedagogikoko espazioak beste elkarte edo instituzio batzuek ez ote zituzten betetzen eta gu egitekorik gabe ote geunden hausnartu genuen. Azkenean, ondorio bat atera genuen: zentzua ikusten geniola modu libre batean (inolako baldintzarik gabe) elkartzeko, hausnartzeko, kontrastatzeko, analizatzeko, gaitzesteko, proposamenak egiteko... leku bat izateari. Gure artean eztabaidatu ondoren, benetan horrelako leku bat izateko beharra eta gogoa bagenituela ikusi genuen.

Beste modu batera esanda, gaur egun administrazioak ikastaroak eta hausnarketarako guneak eskaintzen ditu, baina guk leku baten beharra sumatzen dugu nolabait libreago hausnar dezagun. Eta horregatik ondorioztatu dugu Adarrak zentzua izaten jarraitzen duela. Hori ikusirik, Adarraren ekintzak birplanteatu egin ditugu. Oraingo hezkuntza helburuak zein diren eta gizarte honetan zeri erantzun behar diogun planteatu dugu, eta mundu guztiaren ahoak betetzen dituzten hainbat hezkuntza printzipio ahoa betetzetik praktikan egia bihurtzen ahalegindu behar dugula ikusi dugu. Inork ez du ukatzen heziketa behar dela, heziketak kultur aniztasunean oinarritu behar duela, ulerkorra izan behar duela, desberdintasunak gainditu behar dituela... Gai horiek guztiak printzipioen deklarazio hutsean gelditzen dira eta hori behin eta berriz nabarmendu behar dugula ikusten dugu.



Planteamendu berri horretatik abiatuta, zer daukazue orain esku artean?

Erakundearen antolaketa berriztatu dugu eta orain aurrerapausoak emateko formak eta formulak bilatzen ari gara. Esate baterako, Adarrako lan taldeak aldatu egin dira, nahiz eta historiko batzuek jarraitu (Haur Hezkuntza, irakasleak ijitoekin...). Matematika, hizkuntza, teknologia, zehar lerroak, natura eta ikasgai desberdinen inguruko lan taldeak desagertu egin dira eta beste berri batzuk sortu: desberdintasunak gaindituz, etorkinak eskolan... Beste elkarte batzuekin batera ere egiten dugu lan.

Barne hausnarketa eta hezkuntza elkarte osoari bideratutako hausnarketa konbinatuko ditugu kezka sortzen diguten gaien inguruan, besteak beste: nola landu kanpotik datorren ikaslearen harrera, nola landu ikasle ijitoen eskolatzea, nola landu 0-3 zikloa benetan hezitzailea izan dadin... Kanpoan horren guztiaren inguruko hausnarketa egiteko aukerarik ez dugu topatzen, eta horixe da Adarrak eskaintzen duena.

Ikasturte honetan landuko ditugun gaiak hauek izango dira: eskola eta ingurunea, eskolako jolaslekuak eta hezkuntza eta immigrazioa. Eta gai horien inguruan deialdiak zabaltzeko asmoa daukagu. Ekintza horiek bultzatzearekin batera, beste lan mota batzuk ere egiten ditugu eta harremanak ditugu eta bildu egiten gara Berrikuntzarako Mugimenduen Federazioarekin, ijitoen elkarteekin, eta zenbait unibertsitaterekin eta giza erakunderekin.



Nola ikusten duzue irakasleen mugimendua gaur egun?

Hor gai larri bat dago. Irakasleon batez besteko adina 47 urtekoa da eta hori gure sektorean soilik gertatzen da. Jende gaztea ere badago, baina oso gutxi. Ondorioz, Adarran orain dela 25 urte hasi zen jende bera gaude gaur egun. Horrek arazo bat ekarriko du: denok batera jubilatuko garela, hots, bat-batean jende asko jubilatuko dela.

Gainera, irakaskuntzan sartzen diren gazte gehienak egoera ez egonkorrean daude eta Musika, Ingelesa, Heziketa Fisikoa eta horrelako ikasgaietan. Klaustroetan jende gazte gutxi dago eta gazteak sartzea beharrezkoa da; hori da gure erronka. Guk Asociación de Maestros Católicos erakundeko irakasleak "zaharrak" ikusten genituen eta agian gu ere hala ikusiko gaituzte oraingo gazteek. Bada, kontraste hori ikusteko gogoz gaude eta txanda emateko prest.



Nola definituko zenukete 70eko hamarkadaren amaierako irakaslea eta gaur egungoa?

Garai hartan ilusio handia zegoen eta inplikazioa handia zen eskoletan. Ez zen lana soilik, gehiago baizik. Euskararen alde borrokatzen zenean, edo irakurketa-idazketa beste metodologia batekin egitearen alde edo musika irakastearen alde egiten zenean, ez zen lana eta kito, banoa. Irakasle ikuspuntutik ez ezik, pertsona ginen neurrian ere inplikatzen ginen; ez profesional izateagatik soilik, inplikazioa handiagoa zen. Hori zen ezaugarrietako bat.

Garaia ere halakoa zen. Inplikazioaz gain, militantzia zegoen. Batzuek militantzia politikoa zuten, beste batzuek sindikala eta beste batzuek pedagogikoa. Beste modu bateko militantzia zen, baina militantzia zen.

Eta idealak zeuden. Idealak funtsezkoak ziren. Gezurra da idealak ez direla existitzen, ideologiak ez direla existitzen eta dena berdina dela. Idealak onak direla pentsatzen jarraitzen dugu, idealak eduki egin behar direla, ideologiak existitzen direla eta dena ez dela berdina. Ez da gauza bera modu batera edo bestera lan egitea, ez eskolarentzat, ez irakasle taldearentzat eta ez ikasleentzat. Ez dira emaitza berak ateratzen.

Garai hartako faktore politikoa ere oso garrantzitsua izan zen. Denok diktaduraren aurka bilduta geunden, aldatu behar zen helburu komun eta bakarra zen. Bakoitzak bere lekutik aldatzen zuen, eta guk eskolatik eta alderdi pedagogikotik.

Desberdintasunak gainditu nahi baldin badira, ez da gauza bera era batera edo bestera lan egitea. Ez du denak balio. Ideologien nahasketa hori eta inplikazio hori da azken finean aurrera ateratzen dena. Eta gaur egun ere badago, baina ez orduan bezain orokortua edo zabaldua.



Adarra sortu zenean 70eko Hezkuntzako Lege Orokorra zegoen indarrean. Ondotik etorri ziren LOGSE eta LODE. Nola bizi izan ditu Adarrak aldaketa horiek?

Adarra oso inplikatuta egon da aldaketa horietan. 70eko legea eginda zegoen, baina estutzen aritu ginen, etengabe gauzak planteatzen. Esate baterako, "programas renovados" direlakoetan Adarrako jende asko jardun zen.



Zer izan ziren "programas renovados" horiek?

Hezkuntza programak eta orain curriculum deitzen diren horiek 80ko hamarkadara egokitzeko saiakerak izan ziren. 70eko legea bere garaian iraultzailea izan zela uste zen, baina ez zen izan eta egokitu beharra zegoen. Horrela, zikloak aldatzen hasi ziren eta, gero, OHOko 2. etapa. Planteamendu berriak sortu ziren eta hor Adarra inplikatu zen.

Gero aldaketa orokorragoa planteatu zen eta hori guztia egituratzeko sortu zen LOGSE. Maila curricularrean, hizkuntzen arloan eta abar betidanik egin izan ziren aldarrikapenak bildu zituen LOGSEk. Horrek ez du esan nahi gero praktikan ezarri zirenik, baina jaso, jaso ziren.



Nola baliosten duzue LOGSEren ezarpena?

Oso kasu gutxitan eraman da praktikara metodologia. Haur eta Lehen Hezkuntzan zenbait gauza egin dira, baina Bigarren Hezkuntzan oso gutxi. Aldaketek eskatzen zuten inbertsiorik ez zen egin, edo behar zena baino gutxiago, eta horrek mugatu zuen bere ezarpena.



Zer iritzi duzue Kalitate Legeari buruz?

Inongo planteamendurik gabeko legea da. Adarran aztertu genuen eta ez dauka ez planteamendurik, ez irizpiderik, ez inongo oinarririk. Atzerapauso handia da alderdi guztietan, eta gainera, ez dauka inolako oinarririk esaten dutena esateko edo proposatu nahi dutenerako. Gure iritzia argi geratu zen Euskadiko Eskola Kontseiluaren bileretan eta txostenean parte hartu genuenean.



Zer uste duzue, praktikan aurrera eramango dela edo orain artekoari eusteko aukera egongo dela?

Hori ez da inoiz jakiten. Guk praktikara eramango ez duten esperantza daukagu. Aldaketa praktikoak oso mantso joaten dira eskolan; lehendabizi legeak eta araudiak aldatzen dira eta eguneroko praktika gehiago kostatzen da.

Beste kasu batzuetan oztopoa izaten da legea aldatu ondoren eskolari hainbeste kostatzea. Ea oraingoan alderantziz izaten den eta hoberako den. Ea eskolak aldaketa horiei erresistentzia erakusten dien. Gainera, EAEn Eusko Jaurlaritza legearen aurka agertu da eta, beraz, gutxieneko araudiak bete ditzan espero dugu.



Kalitate Legeak planteatzen duen gauzetako bat ibilbideena eta ikasleen sailkapenarena da. Zer iritzi duzue horren inguruan?

Legea praktikara ez eramatea espero dugula esaten dugunean, kontziente gara gure komunitatean jada badaudela ibilbideak, nahiz eta ezkutuan izan. Ez zaie horrela deitzen, baina bere garaian gizarte osoaren euskalduntzea errazteko sortu ziren hizkuntza ereduak gaur egun kasu askotan bereizketa sozialerako faktore bilakatzen dira, ez baitute helburua lortzen. Zentzu horretan, A, B eta D ereduen ordez behingoz komunitate osoa euskalduntzeko balioko duen eredu komun bat aldarrikatzen dugu. Bestela, zenbait ikasle, bere maila sozialaren eta jatorriaren arabera, zentro edo eredu konkretu batzuetan pilatzen dira eta horrek bereizketari bide ematen dio. Ikasle etorkin asko A ereduan pilatzen ari da, eta ez da ez eredu bakarra ez ikasle horientzako eredua.

LOGSEren kasuan, erabat ezartzera iritsi ez zenez, birplanteaketa bat egiteak zentzurik ez zuela aipatu dugu, nahiz eta PPkoek hori egin. Ereduen kasuan, ostera, alderantzizkoa gertatzen da. Emaitzak badaude eta bada garaia aldaketak egiteko.

Ereduek berrikuspen bat behar dute. Helburua biztanleria guztia euskalduntzea da, eta hori ez dela lortzen ikusi da. Ondotik, zenbait hausnarketa egin da, baina prozesua mantso doa. Gainera, ereduak beste interes batzuen ikur bihurtzen dira eta ez heziketakoak, hain justu. Horrek dena gelditu egiten du. Gai honek asko kezkatzen gaitu.