HEGOA ikastetxea, Donosita: Eskultorea naiz

2003-11-01
"Eskultorea naiz", horixe esanez bukatu zuten iazko ikasturtea Donostiako Intxaurrondo Hegoa ikastetxeko haurrek. Zazpi astean zehar aurrera eraman zuten proiektua izan zen horren erantzule.
 
 
Ikastetxeko hiru irakaslek "Nola landu ingurumena Haur Hezkuntzan" izeneko ikastaroa egin zuten CEIDAn eta horren ondotik bi ideia zituzten buruan: alde batetik, eguneroko bizitzan sortzen diren hondakinez ohartarazi nahi zituzten ikasleak; eta bestetik, zenbait hondakin mota berrerabiliz eskulturak eginarazi nahi zizkieten. Horrela, ideia bi horiek garatzeko prestatu zuten proiektu hau.

Intxaurrondo Hegoa ikastetxean 182 ikasle dabiltza, Haur Hezkuntzatik hasi eta Lehen Hezkuntzako 2. mailaraino. Iaz, ordea, 1. mailaraino zeuden eta guztiek hartu zuten parte proiektuan: 2, 3, 4, 5 eta 6 urtekoek. Noski, adin bakoitzaren berezitasunak kontuan hartu zituzten ekintzak planteatzeko garaian.



Denak lanean

Ingurumena, hondakinak, berrerabilpena, birziklatzea... elementu horiek eskulturaren edo artearen bitartez lantzea egokia zela ikusi zuten irakasleek. Izan ere, haurrei ondo pasatzeko eta gozatzeko aukera emateaz gain, hainbat alderdi lantzeko parada ematen du. Eta halaxe egiaztatu dute egindako ekintzen bitartez.

Lehendabiziko lana hondakinak existitzen direla jabearaztea izan zen, askok ez baitzekiten etxean hondakinak pilatzen direnik, eta are gutxiago horiekin zer egiten den. Horrela, gelan materiala biltzeari ekin zioten, "gure eskolan gurasoen partaidetza oso handia izaten denez, material mota mugatu egin genuen, bestela izugarri pilatuko baitzen" argitu digu Isabel Garmendia irakasleak. "Tetra-brik ontziak, komuneko paperen tutuak, plastikozko botilak eta kartoizko kaxak ekartzeko esan genien, ez bestelakorik". Etxetik eramandako hondakinentzako txoko bat antolatu zuten eta material horrekin jolasten eta esperimentatzen aritu ziren: materiala puskatu gabe eta puskatuta, banaka eta taldeka, material batekin eta bat baino gehiagorekin... Ondoren, hondakinekin bakoitzak eskultura bana egin zuen. "Materiala manipulatzen jarraitzen zuten bitartean bakoitzak eskultura bat egin beharko zuela esan genien eta zer egingo zuten pentsatzen joateko" azaldu digu Jon Cambronero irakasleak. "Astebete eman zitzaien pentsatzeko: zer egin, zer neurritakoa, zer materialez, nola lotu piezak elkarrekin, zer izenburu jarri, banaka edo norbaitekin egingo zuten... Oso motibatuta eta ilusio handiz aritu ziren, gero erakusketa bat antolatu behar baikenuen".

"Materialaren eraldaketa: hondakinetik eskulturara" izenburua jarri genion erakusketari" dio Lolik. "Kontu handiz prestatu zuten dena, eskultura bakoitzari bere txartela jarriz, eskultura egiteko jarraitu zituzten pausoak horma irudian jarriz, eskultura jartzeko tokia bilatuz eta gurasoei erakusketa ikustera etortzeko gonbidapenak idatziz".

Beste ekintzetako bat antzerkia izan zen. 4 eta 5 urteko haurrek antzerkia prestatu zuten 3 urteko haurrentzat. "Ipuin baten bidez zaborren gaia landu genuen eta beraiek lurrera zaborrik ez dutela botatzen adierazi zuten. Euren anai-arreba txikiek, ordea, batzuetan botatzen omen dute, txikiak direlako. Orduan, txikiei irakasteko, antzerki bat egitea proposatu nien eta oso gustura onartu zuten ideia" azaldu digu Isabelek.



Kaleko eskulturak

Aldi berean, gelatik at ere ibili ziren eskulturak ikusiz. "Intxaurrondo auzoan eskultura asko daude, baina askotan ez gara ohartzen hor daudenik ere" dio Jonek. "Haurrei ere gauza bera gertatzen zaie. Ez zekiten eskulturarik zegoenik ere". Horregatik, aurkikuntza bat izan zen eurentzat auzoko eskulturak ikustera joatea, behatzea, ukitzea, auzoko planoan kokatzea, fitxak osatzea, egileak ezagutzea, argazkiak ateratzea, zer materialez eginak dauden ohartzea... Irteeran bertan zein aurretik eta ondoren landu zituzten horiek denak.

Auzotik atera eta Txillida-lekura ere joan ziren egun batean. Bertan haurrei bideratutako ekintzak egin ohi dituzte, baina inoiz ez ziren hain haur txikiekin jardun. "Ez ginen haur guztiekin joan, 5 eta 6 urtekoekin baino ez, eta oso esperientzia polita izan zen, haurrak oso gustura ibili ziren" baieztatu digu Isabelek. "Ordubete luzeegia izango zela komentatu ziguten, baina azkenean ordu eta erdi egon ginen, eta planifikatuta genituen ekintza guztiak egin gabe gelditu ginen, gainera!". Haurrentzat izugarria izan omen zen eskultura handien inguruan ibiltzea, ukitzea eta soinuak entzutea.



Nola bukatu?

Prozesua bukatzeko nolabait eskulturekin zer egin erabaki behar zuten, eta ez zela gauza erraza izan diote hiru irakasleek. "Batzuek oso bereak egin zituzten eskulturak eta ez zituzten bota nahi. Horregatik, etxera eraman zituzten. Beste lan batzuen materiala birziklatzeko ontzietara bota genuen eta beste batzuekin denda bat antolatu zuten eta elkarri saltzen aritu ziren". Gurasoek ere komentatzen omen dute orain etxean ezer ezin dela bota, denak balio omen du.

Dudarik gabe, haurrak buru-belarri aritu dira materiala biltzen eta material horrekin esperimentatzen, ikasten eta gozatzen. Hala dio 3 urteko haurrekin aritu zen Loli Goienetxe irakasleak. "Lasaitasuna nabaritzen zitzaien haurrei. Saioak egin ahala, isiltasun eta lasaitasun gehiago nabaritzen zen, besteen lanekiko errespetu handiagoa, eta materiala hobeto zaintzen dute".

Era berean, eskulturari, ingurumenari, berrerabilpenari eta birziklatzeari buruzko gauzak ikasteaz gain, beste hainbat elementu ere landu dituztela azpimarratu digu Jonek. "Neurketak egin zituzten materialekin, eta pisua, formak, neurriak eta abar ikusi eta manipulatu ere bai. Matematikako, plastikako eta hizkuntzako elementu ugari landu genituen".

Isabelek dioenez haurrek zuzenean bizitako eta esperimentatutako prozesu bat izan da. "Material ezezagunekin kontaktuan jarri dira eta sorpresa izan da zenbait materialekin gauzak egin daitezkeela ikustea. Eta horrez gain, gozatu egin dute". •