Guztientzako eskola<br />Eskola barneratzailea
Jardunaldiotan aurkeztu diren ponentzia guztiak web orri honetan eskura ditzakezue: www. hezkuntza.net.
Artikulu honetan Euskal Herriko zenbait esperientzia jaso nahi izan ditugu, eskolak haur bakoitzaren beharrei erantzuna aurkitzeaz arduratzen direnen eskutik.
aniztasunaren komunitate
Ikasgelan sartuta, gure begiek erraz detektatzen dute"arazoa duen" haurra,"eskolan zailtasunak dituen" haurra,"laguntza behar duen" haurra. Geure begitan haurra da"arazoa" duena,"zailtasuna", "laguntza premia"duena. Zer den engainagarria begia, izatez"arazoa" eskolan baitago, ez haurrarengan: eskolak du haur guztiei erantzuteko"ahalmen urritasuna", irakasleak du bere haur bakoitzaren araberako eskola antolatzeko"zailtasuna", irakasleak du beste irakasle baten"laguntza premia". Begirada aldaketa hori eskatzen du eskola barneratzaileak; hesiak eskolan daudela ikustea, ez haurrarengan. Sarri gurasoak ez dira eroso sentitzen, beti mesede eske ari diren inpresioa dute,euren haurrarentzat espreski neurri bereziak eskatzen ari direla iruditzen zaie,"gehiegi eskatzen ari direla eta barkatzeko", alegia. Ahazten zaiguna da, eskolak berez duen ardura horixe dela, ikasle guztiei erantzutea.
Ikasgela barruan horma asko daude, ordea, aniztasunari mugak jartzen dizkiotenak: testu liburuekiko morrontza, denei modu berean irakatsi eta modu berean ebaluatzeko joera, errealitatea puskatan egitea ikasgai zurrunetan, irakasleak bere ardura laguntzailearen bizkar uztea... Baina mugarik handiena geure baitan daukaguna da, ezberdintasuna ulertzeko dugun modua da hesirik handiena: ezberdintasunak ikastaldearentzat frenu gisa ikusten dira, martxa oztopatzaile, arazo sortzaile gisa. Aldiz, ikerketek frogatzen dute eskolan emaitza hobeak lortzen dituztela ahalmen ezberdinetako haurrez osatutako ikastaldeek, mailaren arabera osatutako taldeek baino; eta emaitzatan hobekuntza hori jasotzen dute bai eskolan zailtasun gehien dituztenek, eta baita eskolan arrakasta gehien dutenek ere.
Aniztasunari erantzuteko gakoa, ikasleari egokitutako eskola etengabe birsortzea da, ikasleari prefabrikatutako eskola horretara egokitzeko exijitu beharrean. Eskolaren etengabeko moldaketa horrek irakasle guztien elkarlana eskatzen du,eskolak komunitate gisa funtzionatzea, irakasle bakoitza bere gelan isolatuta egon gabe. Zorionez, Euskal Herriko eskolek urte asko daramate ahalmen ezberdineko haurrei ate zabalik eta komunitate gisa funtzionatzen. Datozen orriotan esperientzia horietako batzuk bildu ditugu. Elkarrizketatan etengabe errepikatu dizkiguten esaldiak hauexek izan dira: "haurraren araberakoa da hori dena, ez dago orokortzerik. Kasua ikusi behar da". Haurrarengandik abiatze hori zeinen argi duten "ezberdinak direnekin" lan egiten dutenek, eta zeinen erraz ahantz dakiekeen irakasle arruntei, gelan haur bakoitza dela ezberdina ikusten ez dutenean.
Adimen urritasuna
Zegamako Aitxuri herri eskola
ALUSTIZA, Mila. Psikomotrista eta tutorea 3. mailan
OTAEGI, Inma. Hezkuntza Bereziko hezitzailea eta ikasketa burua
Txikitasunaren abantailak ondo ezagutzen dituzte Inmak eta Milak. Zegama bezalako herri txiki batek kalea ikasteko leku bihurtzeko aukera eman die. Aitxuri eskola txikia izateak, berriz (85 haur eta 11 irakasle ditu), ikasle bakoitzaren jarraipena egiteko eta irakasle guztiak inplikatzeko ahalmena du berekin. Psikomotrizitatea dute hainbat arazoren ukendu. Haur eta Lehen Hezkuntzako talde guztiek astean bi orduko psikomotrizitate saioa dute Milak gidatuta, tutoreek kanpoko behatzailearen lana egin artean.
Biziaz ikasi
Inma eta Milari ikasle batekin izandako esperientziak eman dizkie ezberdintasunari erantzuteko klabeak. Ikasle horrek 9 urte zituenean, gelakideen curriculuma alde batera utzi eta prozedurazko helburuetan zentratu behar izan zuten. Sentimenduak adieraztea, komunikazioa, autonomia, gauza berriei aurre egiten jakitea, iniziatiba hartzea eta gisako prozedurak izan zituzten langai. Inma eta Milarentzat psikomotrizitatea izan zen erlaxazioa, komunikazioa eta sentimenduen adierazpena lantzeko errezeta. Baina, psikomotrizitatean egindako lorpen txiki bakoitza eguneroko errealitatera eraman behar zuten gero eta irakasle guztien inplikazioa eskatzen zuen horrek. Ikasgai bakoitzak ikasle horri zer esperientzia, zer prozedura lantzeko balio ziezaiokeen aztertu zuten; berdin egin zuten zentroko gainerako eremuekin ere.
Ikaslearen eguneroko bizitza eskolaz gain herrian eta etxean gauzatzen denez, esparru horietan autonomo izateko errekurtsoak landu zituzten. Irakasleak herriko denda eta zerbitzuekin harremanetan jarri eta erosketak egiten irakasten zioten haurrari, edo patxadaz egoten zuku bat hartu bitartean. Gurasoekin, berriz, jolasen bidez harremana lantzeari eman zioten garrantzia.
Denen inplikazioa
Irakasle talde osoaren inplikazioa dute Aitxurin. Inma astero biltzen da tutore bakoitzarekin, eta ikasgelan landu beharrekoa egokitu egiten dute ikaslearen ezaugarrietara, irudiekin errefortzua eskainiz edo bestelako bitartekoen bidez. Arreta hori ez dute jartzen urritasun jakin bat duten ikasleengan soilik; berdin egiten dute, esaterako, irakurtzen ikastea besteei baino gehiaxeago kostatzen ari zaion ikaslearekin ere. Jarraipena egiteko tarteka ikasgelara sartzen da Inma eta, beharrak eskatzen duenean, ikaslea bakarka ere hartzen du.
Irakasle klaustroan nork bere ikasle taldea nola doan azaltzen du eta arazoak bideratzen dira.Hartara, gainerako irakasleek badakite nola lagundu eguneroko bizitzan, eta beste ikastalde baten tutore izaten direnerako ere jada ezagutzen dute talde horren bilakaera.
Gurasoak
Haurrak behar bereziak dituenean, gurasoen ohiko erreakzioa errealitate hori ukatzea omen da; "etxean ederki egiten du, bada!" esaldia behin baino gehiagotan entzuna diete gurasoei.
Etxean lantzeko gauzarik garrantzitsuetako bat, eguneroko ardura txikiez gain, gurasoekiko harremana da. Haurrarekin jolasteko aholkatzen diete gurasoei. Haur Hezkuntzan dauden artean gurasoek jolasaren garrantzia onartzen dute; baina, behin haurra batuketak eta irakurketa lantzen hasten denean, guraso askoren kezka eduki akademikoetara pasatzen da, eta jolasaren bidez lantzen diren alorrak jada ez zaizkie hain garrantzitsuak iruditzen.
Beste ikasleak
Ikaskideek kontziente izan behar dute nork bere zailtasunak dituela eta denok garela ezberdinak. Horri buruz asko hitz egiten diete tutoreek ikasleei, txikitatik. Kontziente ez badira, arriskua baitago "zer mantso irakurtzen duzun!" bezalakoak botatzeko, sortzen duten minaz jabetu gabe.
Ikasgela barruan lan kooperatiboek berebiziko pisua hartzen dute. Zailtasunak dituenari protagonismoa ematea garrantzitsua da, bai bere autoestimuarentzat eta baita ikaskideak aberasteko ere. Asko da ikaskideek talde lanetik jasotzen dutena eta kontziente dira, halako balorazioak egiten baituzte: "zenbat ikasi dugun. Gainera denok gainditu dugu azterketa".
Autismoa
GAUTENA
GONZALEZ, Marijo.
GAUTENAko Hezkuntza Zerbitzuko arduraduna
GAUTENA Gipuzkoako elkartea da, gurasoek sortu zutena orain 25 urte, autismo izaerako gorabeherak dituzten pertsonen beharrei erantzuteko. Hasierako garaietan hezkuntza zentro bereziak ireki arren, GAUTENAk beti izan du argi zentro berezietatik atera egin behar zirela haurrak eta eredu barneratzailerantz jo. Jada badira 20 urte eskola arrunten barruan ikasgelak ireki zituztela arreta handia eskatzen duten ikasleei erantzuteko. Egun, Gipuzkoan 64 ikasle daude halako gelatan. Badira beste bederatzi ikasle, denbora gehiena ikasgela arruntean ematen dutenak eta une puntualetan doazenak gela berezira.
"Gela egonkorrak"
Autismo izaerako gorabeherak dituen ikasleentzat dira, printzipioz, gela egonkorrak, eta arreta handia behar duten ikasleei erantzuteko sortuak dira. Oso gela txikiak dira. Batez beste bost ikasle izaten dituzte, eta horiekin lau profesionalek jarduten dute: irakasleak, hezitzaileak, eta bi horiek tarte librea dutenetan txanda hartzen dieten beste bi zaintzailek. Beraz, ikasle bakoitzari ematen zaion arreta oso indibidualizatua da. Ikasle bakoitzak bere neurrira egindako programa indibiduala izaten du, eta programa horretan esku hartzen dute ikasle horrekin harremanetan dauden hezitzaile guztiek (irakasleek, aisialdiko begiraleek, psikologoek, gurasoek...).
Baina zentro arruntak dituen onurak ere bere egin nahi ditu ikasgela egonkorrak. Horregatik, ikasgela egonkorreko haur bakoitzak bere erreferentzia ikasgela arrunta du, eta astean ordu batzuetan bertara joaten da. Alderantzizko integrazioa ere egiten dute; alegia, batzuetan erreferentzia taldea dela gela egonkorrera etortzen dena. Ateak zabal-zabalik dituzte, beraz, gela egonkorrek.
Erreferentzia ikasgela
Erreferentzia ikasgelan helburu nagusia trebetasun sozialak lantzea izaten da: talde handi baten barruan egoten ikastea edo irakasleari ez ezik ikaskideei ere laguntza eskatzen ikastea, esaterako. Alor soziala lantzeko ikasgai egokienak zein diren aztertzen dute, kasu bakoitza kontuan izanda. Marijok dionez, "nahiz eta askotan soinketa bezalako ikasgaiak egokienak iruditzen zaizkigun harremanak lantzeko, praktikan ikasleak ez dira eroso sentitzen horietan, oso ikasgai libreak direlako. Soinketan taldeko jolasak egiten dira eta ikasleok ez dituzte arauak ulertzen. Gusturago egon ohi dira ikasgai egituratuagoetan". Izatez, jolas ordua omen da askotan eskolan dagoen unerik ez-integratzaileena, haur bakoitzak bere gustuko jolasera egiten duelako hanka, eta jolas horien arauak ulertzen ez dituztenak taldetxoetatik kanpora gelditzen direlako.
Haur batzuk bakarrik joaten dira erreferentzia ikasgelara, euren lan egokitua daramatela. Halakoetan gakoa izaten da ikasle horrek bere lana ahalik eta modu autonomoenean egitea. Gehiengoa, berriz, gela egonkorreko laguntzailearekin joaten da erreferentzia ikasgelara. Irakasle arruntak haur hori ere kontuan har dezan saiatzen dira; beretzat fotokopia bat gehiago egin dezala (nahiz agian ez duen azalpena jarraituko), edo ikasle hori ere lan talde batean sar dezala (nahiz agian ez duen ulertuko zein den egitekoa). Gainerako ikasleek ere ikus dezaten partaide bat gehiago dela.
Alderantzizko integrazioa
Alderantzizko integrazioa ikasgela egonkorrean edo jolastokian egiten dute, eta une horiek ikasle guztientzat erakargarriak izaten saiatzen dira. Jolasak dira, jakina, "guztien gustuko platera". Merkatuko mahai jolas ia guztiak egokitu dituzte, Marijok dionez, "jarri arte ez baikara ohartzen joko arautuak noraino diren konplexuak! Oka xume batean ere, jakin behar duzu txanda errespetatzen, dadoa irakurtzen, laukiak kontatzen, lauki bakoitzeko marrazkia interpretatzen...". Gaitasun sozialak lantzeko jolasek duten garrantzia nabarmena da, besteekiko komunikazioan jartzen baikaituzte, arau jakin batzuren baitan.
Alderantzizko integrazioaren helburua da gelakideek ikastea nola komunikatu daitezkeen autismo izaerako gorabeherak dituen lagun horrekin, eta gainera jabe daitezela ikaskide hori gauza asko egiteko gai dela, ziur aski beregandik espero ez zituzten gauza asko egiteko gai dela, hain zuzen. Aurreiritzien aldaketa hori nabaritu izan du Marijok, ikasleek esperientziaren hasieran eta bukaeran egiten dituzten inkestatan. Hasieran ikaskideek halako aurreiritziak izan ohi dituzte: "ulertzen ez den hizkuntza bat mintzatzen dute" edo "ez dute hitz egiten". Ikasgelan harremanetan jartzen direnean hasten dira, benetan, ikasle hori nor den ezagutzen.
Entzumen urritasuna
Gasteizko Samaniego ikastetxea
IBARRARAN, Irantzu. Zeinu hizkuntzako irakaslea.
BARRON, Ana. Zeinu hizkuntzako irakaslea
Itziar MUGARZA. Zeinu hizkuntzako irakaslea
MARTINEZ DE ITURRARAN, Bea. Logopeda
Gasteizko Samaniego ikastetxean 318 gaztetxok B eta D ereduetan ikasten dute. Etorkin askok jotzen du bertara. Ikastetxearen beste nortasun ezaugarria entzumen urritasuna duten ikasleei ematen dieten erantzuna da. Argazkiko profesional taldeak 13 eta 17 urte bitarteko lau ikaslerekin egiten du lan. Ikasleok gela arruntean ahalik eta gehien egon daitezen saiatzen dira; beti ez da posible izaten, ordea, ikaskideen martxa jarraitzea. Hargatik gela arrunteko eta gela bereziko jarduna txandatzen dute.
Hesiak gaindituz
Entzumen urritasuna duten ikasleak bakarrik joaten dira defenda daitezkeen ikasgaietara, alegia, laguntzailerik gabe. Beste ikasgai batzuetan zeinu mintzairako irakaslea izaten dute alboan, azalpenak itzultzeko. Ikasle talde osoarekin, berriz, ikaskideokin nola komunikatu behar duten lantzen dute. Horman zintzilikaturik dute bai alfabeto daktilologikoa eta baita jarraitu beharreko komunikazio pauten zerrenda ere. Tutoretzako denbora zati bat zeinu mintzaira ikasteari eta entzumen urritasuna dutenen mundua ezagutzeari eskaintzen diote. Irakasleekin ere lantzen dute hori guztia, eta ikasturtean zehar hitzaldiak antolatzen dituzte entzumen urritasuna duten pertsonek euren esperientzia konta dezaten.
Asko dira, ordea, eskolako dinamikan aurki daitezkeen hesiak. Irakasleek diktaketak egiteko duten ohitura da bata, edo jolas orduen zein suteen abisua emateko txirrina erabiltzea. Bestetik, eskolak filmak ikusteko programa batean parte hartzen du, baina azpitituludun filmik ez dute eskaintzen. Antzerkietara edo hitzaldietara joaten direnean ere hesiok agertzen dira.
Lanketa berezia
Gela berezian gehien kostatzen zaizkien ikasgaiak sakontzen dituzte, baita komunikazio gaitasuna landu ere. Ikasle batzuek etxetik dakarte zeinu mintzaira; beste batzuk ikastetxean ikasi dute, eta bada ahozko hizkuntzan mintzatzen denik ere. Motibazioak garrantzia izugarria du beste hizkuntza bat ikasterakoan. Ikasle bat, esaterako, gorren komunitatean bizi da eta ez du ezer jakin nahi entzuleen munduaz; zaila da berekin entzumena, intonazioa edota ezpain irakurketa lantzea. Ahozko hizkuntza darabilen ikasleari, berriz, ez zaio interesatzen zeinu hizkuntza ikasterik.
Logopedak intonazioa lantzen laguntzen die ordenagailu programa berezi baten bidez. Beste aparailu batek, berriz, mikrofonotik sartutako soinua anplifikatu egiten du entzungailuetan, eta ikasle bakoitzak egokien entzun dezakeen frekuentzia zein den aurkitzen du. Hala, gero hitzok egokiago ahozkatuko dituela espero dute. Teknologia berriek , ordea, milioiak balio dituzte, eta formazio izugarria eskatzen dute. Aparailuok erabiltzen ikasteko, esaterako, irakasleak Balkanetatik ekarri behar dira. Beak Donostiako irakasle bati eskatu behar izan dio oinarrizko nozioak irakasteko, eta bere kasa ari da aparailuak eskaintzen dituen aukerak ikasten, izugarri irakurriz eta praktikan frogatuz.
Hezkuntza Sailetik baliabideak oso pixkanaka iristen direla diote. Faltan sumatzen dute, esaterako, entzumen urritasuna duen helduaren irudia: heldu horrek irakatsiko lieke ikasleei zeinu mintzaira, eta erreferente garrantzitsua izango litzateke ikasleontzat. Profil honetako irakasleak jada sartu omen dituzte Espainaiar estatuko hainbat ikastetxetan. Euskadin entzumen urritasuna duen heldu asko dago egoki prestatua, irakasgintza formazioa jaso duena. Baina, oraindik gure ikastetxeetan irakasle horiek falta dira.
Autoestimua
Haurren autoestimuan eragin zuzena izaten du gurasoekin duten komunikazioak. Haurrak txikiak direnean, familian sortutako zeinu gutxi batzurekin komunika omen daitezke. Baina, behin adin batetik aurrera elkarrizketa sakonagoak behar dituzte, eta funtsezkoa omen da gurasoek zeinu hizkuntza ikastea. Bestela haurra isolatuta senti daiteke etxean, eta horrek autoestimua hondoratzen du.
Entzumen urritasuna
Zaldibiko Lardizabal eskola
HERNANDEZ, Blanca. ARANSGIko aditua.
GAZTAÑAGA, Karmele. Lardizabal herri eskolako zuzendaria
ARRUABARRENA, Nekane. Tutorea
Nortasun handikoa, jakin-min bizikoa, irakurzalea... halaxe deskribatzen digute esperientzia honetako subjektua. Ahozko komunikazioan halako gaitasuna du, non irakasleei askotan ahaztu egiten zaien entzuteko zailtasunak dituenik, eta hori "traba" ere bada, jarraitu beharreko komunikazio pautak ahaztu egiten baitzaizkie askotan. Esperientzia honek ikastalde osoari asko eman dio, kalitatezko espresioa lantzea ekarri baitu.
Hasierako urratsak
Eskolan hasi zenean gorreria sakona zuen haurrak. Bere gurasoak hasiak ziren keinu hizkuntza ikasten. Oso neska bizia, argia, jakin-min handikoa zen txikitatik, gurasoekiko komunikazioa ri esker. Informazio asko emateaz arduratu dira beti etxean, eta gaur egun ere ikaskideek baino gehiago jarraitzen omen ditu aktualitateko albisteak, etxean jakin-mina auspotu diotelako beti.
Karmelek, zuzendariak, gogoan ditu eskolako klaustroak izan zituen bilerak, nola komunikatu aztertzeko; irakasle denek izango baitzuten harremana haurrarekin. Keinu hizkuntza behar zuten ikasgelako lanerako, eta beste pertsona bat ekarri zuten egun erdiz lagun zezan. Irakasle hura talde osoarentzat zen, ez espreski entzumen urritasuna zuen haurrarentzat. Blancak badu esperientzia lan horretan, eta bere hitzetan, "ikasgelako dinamika asko aldatzen da, baina aldaketa hori ikaskide guztien hoberako izaten da. Nik beste eskola batean jarduten dut irakasleak esana zeinu hizkuntzarekin erreforzatzen, eta euskarri bisual hori laguntza handia da beste haur batentzat ere, etorkina denarentzat eta hainbat gauza ulertzekozailtasunak dituenarentzat".
Norabide aldaketa
3 urterekin inplantea egin zioten ikasleari, eta harrez gero asko aldatu da haurraren egoera eta baita eskolaren antolaketa ere. Egun Blancarekin entzuten "ikasten" ari da, soinuaren diskriminazioa egiten ikasten ari da. Soinuen diskriminazioan aurreratu ahala, urrats handiak ematen ditu ahoskatze jardunean. Ikasgelan dinamika arrunta jarraitzen du, eta ordu gutxitan izaten du irakasle bat alboan. Ikasgela U forman antolatzen dute, denak aurpegiz-aurpegi egon daitezen. Irakasleak oso kontuan izan behar ditu ondo ahoskatzea eta keinu bidezko espresioa, mesedegarri delarik ikaskide guztientzat. Gainerako ikasleek ere espresio pauta horiek jarraitu behar dituzte, nahiz sarritan gogorarazi egin behar izaten zaien.
Nortasuna langai
Inplantearekin asko aldatzen da egoera pertsonala, eta Blancak dionez, "askori geratzen zaio jada ez dela gorra sentitzen". Horrek beste "arazo" batzuk dakartza. Ikasle honen kasuan, keinu hizkuntzaren aurka erreakzionatu zuen; irakasleek komunikazioa keinu bidez erreforzatzea "itsusi" iruditzen zitzaion. Nahiz ahozko komunikazioan oso ondo moldatu, keinu hizkuntza jakiteak badu bere garrantzia; esaterako, entzumen urritasuna duten beste pertsonekin komunikatu ahal izateko. Harreman horiek behar ditu, gainera, erreferente bezala bere buruaren irudia finkatzeko. Eskolan bere antzeko egoera bizi dutenen erreferentzia falta baitzaio, eta hori gabe berea kasu bakarra dela sentitzeko arriskua du. Hargatik, ARANSGIk antolatzen dituen bazkarietan edo txangoetan parte hartzen du.
Bere mugak zein diren jabetzen eta onartzen laguntzea ere bada Blancaren lana, ikasgelaz kanpo komunikazioa lantzen duten bitartean. Eguneroko bizitzan lagunekin eta bere buruarekin dituen gatazka txikiak gainditzeari garrantzia handia ematen diote. Zoragarria omen da haurrak duen ikasnahia; baina batzuetan bere mugak onartzen jakin behar du. Euskaraz bikain moldatzen da, eta inor baino irakurzaleagoa da. Gaztelanian egin dituen aurrerapausoek harrituta ditu denak. Ingelesa ikasteko amorratzen dago, baina irakasleek baretu behar izan dute, pauso bakoitza bere garaian eman behar baita.
Urritasun fisikoa
Legazpiko Haztegi ikastola
PEREZ DE ARENAZA, Maria Jesus. Koordinatzailea.
SEGUROLA, Arantxa. Tutorea
MAIZ, Koldo. Teknologiako irakaslea.
MENDINUETA, Itsaso. Irakasle laguntzailea
Komunikatzeko tresnak sortzea da Haztegiko profesional talde honen jardun amaigabea. Izan ere, esperientzia honetako subjektuak ez du ahoz hitz egiten, nahiz ulermena eta adimena oso garatuak izan. Bestetik gorputzaren mugimendua kontrolatzeko zailtasunak ditu. Ikasleari hitza ematea da Haztegikoen borroka.
Komunikazio beharrei erantzunez
Haurrak 2 urte zituen ikastolara etorri zenean eta berehala sartu zen gela arruntean, laguntzailearekin. Lehen helburua eskolan gustura sentitzea izan zen, bai haurra eta baita bere gelakideak ere. 3 urte zituenerako beste behar bat ere sortu zen: haurrak zer egin nahi zuen aukeratu ahal izatea. Horretarako, laguntzaileak argazkitan erakusten zion ekintza bakoitza, eta haurrak begiradarekin seinalatzen zuen egin nahi zuen hura. Gerora, irakaslearen azalpenak ulertzen zituen edo ez jakitea izan zen kezka; irakasleak azaldutakoaz galderak egin beharko zizkion, eta haurrak erantzuna emateko modua aurkitu behar zuten. SPC sistemara jo zuten: ikasgaiari buruzko kontzeptu klabe bakoitzak bere irudia zuen, gainean hitza idatzirik zuela. Hala, irakasleak egindako galderen erantzuna aukera zezakeen irudiotan, begiradaren bidez.
Adinean aurrera egin ahala, maila pertsonaleko komunikazioan gauza konplexuagoak adierazteko tresna behar zuen haurrak. Taula bat eraiki zuten, irudi txikitan adieraziz eguneroko bizitzan beharko zituen aditz, izen, adjetibo eta abarrak. Laguntzaileak hatzarekin banaka seinalatzen zizkion aukerak, eta haurrak "a" esanez adierazten zuen aukera horri "bai" esaten ziola.
Egungo tresnak
Ikasgaiak lantzeko ordenagailua tresna garrantzitsua du, "eskaneatze automatikoa"ri esker. Eskaneatze automatikoarekin kurtsoreak banaka seinalatzen ditu pantailako aukerak, eta haurrak nahi duen hura seinalatzen duenean, okotzarekin klikatzen du "konmutadorea" (xagu berezi bat da). Beraz, haurra bera bakarrik gai da ordenagailua erabiltzeko. Sistema horren bidez ariketa piloa egin ditzake; esaterako, kontzeptuak lotzea edo erantzun zuzena hautatzea.
Komunikazio pertsonalerako erabiltzen duen sistema, berriz, "Minspeak" izenekoa da. Taula batean 32 irudi ditu eta irudiak binaka konbinatuz 1.000 esaldi edo hitz esan ditzake (bere aitaren ahotsa sartu diote aparailuari). Makinak banaka-banaka seinalatzen ditu irudiak, eta haurrak nahi duena hautatzeko okotzarekin klikatzen du konmutadorea.
Informatika ikasgaiak funtzio bat du
Informatika ikasgaiari zentzua eta erabilgarritasuna eman diote Haztegi ikastolan: ikasleei Power Point programa erabiltzen irakasten diete, eurek sor dezaten haur horrentzako materiala. Ikasleek, beste ikasgaietan lantzen ari diren gaiak Power Pointean azaltzen dituzte, irudiz eta soinuz baliatuta. Horrela, batetik ikasleek izugarri sakontzen dute beste ikas arloetan, eta Power Point menperatzera iristen dira. Bestetik, urritasun fisikoa duen haurra DBH 1 eta 2ra iristen denerako, jada ikasgaien materiala prestatua izango du. Material hori, gainera, ikasle guztien mesedetan egina da, edozein liburu baino dinamikoagoa eta erakargarriagoa baita.
Etorkizuna zuri-beltzean
Ikasgai edo arlo guztiak egokitzea posible dela frogatu dute euren esperientziaz, eta horrek aurrera begira ziurtasuna eta lanerako gogoa ematen die. Bestetik, informatikako aurrerapenei esker, laster haurrak ikastolan landutakoa etxeko ordenagailuan jarraitu ahal izango duela ikusten dute.
Denbora da, ordea, euren etsaia: programak euskaratu edo eurek sortu behar izaten baitituzte. Garestiak dira, gainera, teknologia aparailu berriak. Amorru gehien sortzen diena, berriz, zera da: posible dela teknologia aurrerapen asko eta asko egoera horietara egokitzea, eta aldiz, ez dela halakorik egiten. Haserre daude, ikusiz, hizkuntza bitartekoak nola arraio ez dauden garatuagoak.
Seaska
Irakasle arruntaren ardura eta gurasoen borroka
ARROSAGARAI, Ladix. Seaskako Integrazio Batzordeko gurasoa.
COLINA, Amaia. Seaskako Aholkulari Pedagogikoa
Ladixek orain 6 urte Seaskara jo zuen bere bi nahiei erantzuteko sistema asmatzerik ba ote zen galdezka: adimen urritasuna zuen haurra euskaraz eskolatzea zen nahi bat, eta bestea gela arruntaren barruan izatea.
Amaia Aholkulari Pedagogikoa da. Irakasleei laguntzen die ikasgela barruan haur bakoitzaren neurriko heziketa prestatzen.
Elebitasuna eta gela arrunta amets
Behar bereziak dituzten 12 haurrek euskaraz ikasten dute egun Seaskako ikastoletan, ikasgela arrunten barruan. Ladixek ez zuen halakorik irudikatu orain 6 urte: "Frantses estatuan zegoen aukera bakarra gela berezi batzuena zen; bertan adin eta ahalmen urritasun ezberdinetako haurrak egoten ziren, eta gela ikastetxe arruntean integratuta egon ohi zen. Gure haurrarentzat banakako eskolatzea nahi genuen, baina ikasgela arrunt bateko partaide izanda, ez gela berezi batean".
Bigarren hesia euskaraz eskolatu nahi izatea zen: "Erotzat hartu ninduten. Zentro berezietako psikologo, logopeda eta psikometristen diskurtso ofiziala da adimen urritasuna dutenak ezin direla elebidun izan. Nahi hori dugun gurasoei leporatzen digute ez dugula onartzen gure haurraren urritasuna. Eta ez da hori kasua, badakigu gure haurra nolakoa den; den bezala onartzea baita baldintza zure haurraren alde borrokatu ahal izateko". Hiru familia baino ez ziren hasiera hartan haurra euskaraz eskolatu nahi zutenak, eta "aditu" denek ezinezkoa zela esaten zieten. A zer lasaitua hartu zutena Hegoaldean euren begiz ikusi zutenean elebitasuna posible zela.
Seaskako Integrazio Batzordea
Integrazio Batzordea 1999an sortu zen, eta bere lan ildo garrantzitsuenak hiru dira: bata familiei sostengu morala ematea da.Beste lan ildoa Seaska mailan gogoeta bultzatzea da, gai horri buruzko koadro filosofiko edo politiko bat finkatzeke baitzegoen Seaskan. Egun, koadro hori zehaztu berritan,errealitatean nola aplikatu ari dira lantzen.
Lan ildorik astunena eta larriena, berriz, hezitzaile bereziak ordaintzeko dirua biltzea da. Frantses estatuak AVS izeneko postuak sortu ditu ("Auxiliaire de Vie Scolaire" edo "Eskola Bizitzarako Laguntzailea"). Baina eskatu adina postu ez ditu ematen Estatuak, eta hutsune hori Integrazio Batzordeak bete behar izaten du, hezitzaileak bere diruz ordainduz. Bestetik, AVS posturako ez da formazio berezirik eskatzen; irakasleari laguntzeko figura da, batez ere motrizitate arazoei erantzuteko pentsatua. Hegoaldeko esperientziak ikusita, hezitzaile bereziaren figura da bilatzen dutena Integrazio Batzordean, motrizitate beharrei soilik erantzun beharrean, adimen mailan ere haurrarengan zentratutako lanketa egin dezan.
Irakasle arruntaren ardura
"Irakaslea da haurraren benetako arduraduna", hori argi du Amaiak. "Hezitzaileak, aholkulari pedagogikoak eta abarrak irakasleari bere ardura betetzen laguntzen diogunak gara. Baina, azken ardura irakaslearena da". Amaiak irakasle bakoitzari laguntzen dio ikasgelaren barruan haurraren neurrira egindako proiektua diseinatzen. Beldurra izaten da irakasleen ohiko erreakzioa halako erronka berri baten aurrean, bere buruarengan ziurtasunik eza, bakardade sentsazioa. Funtsezkoa da irakasle talde osoa inplikatzea, erabakiak eta irudipenak norekin kontrastatu eduki ahal izateko. Amaiak dioenez, "ikastola batean haur bat onartzen delarik, irakasle talde osoak onartu du, denak daude inplikatuta. Eta bihar haur horrek beste irakasle bat izango duenez, irakasle guztiek izan behar dute bere urratsen berri".
Haurraren beharrei ikasgela barruan erantzutea da oinarria, nahiz kasuak eskatzen duenean ikasgelatik irten. Irakasleak, ikusita zer talde duen eta haur horrek zer lanketa eskatzen duen, zehaztu egiten du zer behar izango dituen proiektua aurrera ateratzeko. Kasu gehienetan AVS edo hezitzaile bat behar izaten dute. Irakaslearen hasierako beldurrek amaieran zapore gozoa izan ohi dute, Amaiak dioenez; halako esperientzia batek asko ematen du-eta.